Eduki publikatzailea

Kontziliazio neurri berriak TEKAZELen ordutegiak malgututa

Besteak beste, zaintzagatiko sartu-irtenak malgutu dira, eta ez da beharrezkoa izango bazkaltzeko etenean egiten diren sartu-irtenak fitxatzea

Lehenengo argitaratze data: 2025/05/13

Fitxatzeko unean makinaren aurrean

Teknikarien eta kudeaketa eta administrazio zerbitzuetako langileen bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzea erraztuko duten zenbait hobekuntza ekarri ditu apirilaren 2az geroztik indarrean dagoen araudiak. Lanaldi, lanorduen kontrol, opor eta baimenei buruzko 2025eko zirkularrean jaso du gerentziak neurri sorta; dagozkion arau guztiei tresna bakar baten bidez erantzutearekin batera, era bateratuan interpretatu eta unibertsitatearen urtean urteko ekitaldi eta helburuak lortzeko lagungarri izango da.  

Batetik, lanera sartzean edo lanetik irtetean, bi orduko malgutasuna dute langileek mugikortasun arazoak dituen edo gaixorik dagoen senide baten zaintza dagokien kasuetan. Eta 14 urte azpiko seme-alabak dituztenek 30 minutu gehiago hartu ditzakete sartzerakoan, edo ordu erdi aurreratu irteera. Bestetik, jadanik ez da beharrezkoa bazkaltzeko etenean egiten diren sartu-irtenak fitxatzea; horrelakoetan, 30 minutu kenduko dira lanaldi zatitua aurreikusita dagoen egunetan, bazkaltzeko etenaldi gisa. Orain, gainera, administrazioak ezarritako epe baten zain egon beharrik izan gabe, aukera dago lanaldi-modalitatea aldatzeko urteko edozein unetan. Beraz, langileen kontziliazioa eta enplegu publikoaren eraginkortasuna eta kalitatea, biak, ahalbidetuko ditu TEKAZELen ordutegien malgutzeak.  

Hobekuntza gehiago  

TEKAZELen lan baldintzetan beste hainbat hobekuntza nabarmen egin dira; besteak beste, azken LEPa esleitu ondoren, campusetik lekualdatutako langileentzat urruneko lana egiteko aukera, ordu-poltsen baimen osoa ordu-tarteetan hartzeko aukera edo zentroak udan ixtea mugatzea, ikastetxeak berak hala eskatzen badu eta zentro horretako kolektibo guztiek babesa ematen badiote.