Marka eraberritua, garai berrietara egokituta
EHUren rebranding-aren emaitza uda honetan aurkeztuko da eta webgunearen hasiera-orrialde berriak argia ikusiko du hurrengo ikasturtea hasi eta segidan
Lehenengo argitaratze data: 2025/05/13
Maiatzaren 22ko Gobernu Kontseiluan aurkeztuko da EHUren marka eraberritzeko behin betiko proposamena. Unibertsitatearen nortasuna, esentzia eta egungo balio eta erronkak hartu ditu oinarri egindako lanak. Prozesuaren helburu nagusiak dira, batetik, irudi digitala indartuz hartzaile potentzialengana iristeko bideak erraztea; bestetik, marka posizionamendua eta irudia hobetuko dituen identifikagarritasuna garatzea; eta, azkenik, komunitatearen pertenentzia sentimendua areagotzea.
Udan egin asmo den aurkezpena abiapuntua besterik ez da izango, marka eraberrituaren inplementazioari begira. Zenbait fase aurreikusi dira komunitatearen parte diren zentro eta kide guztiek, pitinka-pitinka nortasun korporatibo berria bere egin eta erabiltzen hasteko. Aldaketa orok behar izan ohi duen denborarekin egingo da, beraz, trantsizioa. Era berean, urte amaiera alderako, euskarri korporatiboak diseinatzeko plataforma berria jarriko da guztien eskura.
Bestalde, webgunearen home berria izango dugu ikasturte berria hasi eta segidan. Pixkanaka webgune osora zabalduko den berrikuntzaren lehen mugarria izango da; eta horrek ere, identitate bisual berria izango du. Erabiltzaileen esperientzia nabarmen hobetuko du aurrerapauso horrek, eta kanpora zein barrura begira, informazioa eta edukiak hobeto antolatzeko erronka partekatuari erantzuteko balioko du.