Eduki publikatzailea

Arduraldi osoko irakasleen ordezkapenak lanaldi osora egingo dira

Errektoretza taldea sindikatuen ordezkaritzarekin adosten ari da lan hitzarmenean egin beharreko aldaketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/05/13

Irakasle batzuk solasaldian

LOSUk ezarritako ordezkoaren irudiaren garapen adostua egiten ari da lehentasunez Errektoretza taldea, orain arte egin den interpretazioa irauliz eta arduraldi osoko ordezkoen aukera gauzatzeko. Horretarako, Lan hitzarmenean moldaketa egin beharra dago eta harrera ona izan du negoziazio mahaira eramandako proposamenak. LOSU legeak jasotzen duen ordezko irakasle irudiaren (80.1 artikulua) beste interpretazio bat egin da eta, beti ere legeari egokituta, ordezkoen irudiaren garapen osoa egin da bere zereginak eta ordainak zehaztuz.

LOSUk zehazten duenez, irakaskuntza lanak dira ordezkoaren egiteko nagusi. Baina, irakaskuntzari lotutako kudeaketa eta ikerketa lanak zehaztuz eta gehituz lortu da arduraldi osoko lanaldia duen ordezkoaren irudia lantzea, haren arduraldiko ordainsari osoak jaso ditzan. Horrekin batera, negoziazio mahaiari egindako proposamenak ahalbidetzen du arduraldi partzialeko bi ordezkapenak osoko ordezkapen baten bidez egitea. 

Halaber, proposatutako akordioak aurrez irekitako bidea barne biltzen du ere; hau da, iraupen luzeko ordezkapenak irakasle laguntzaile doktore plazen bidez bete ahal izatea. Sindikatuen ekarpenekin azken dokumentua idaztea, eta maiatzeko gobernu kontseiluan berrestea dira akordioaren edukiak hurrengo ikasturteari begira martxan jartzeko geratzen den bidea.

Irakasle-ikertzaileen errektoreorde Efren Areskurrinagak adierazi duenez, “talde gisa lanean hasi garenetik lehentasunezkoa izan da ordezkoen egoera hobetzea, eta lortu dugu modua azken bi urteetan bizitako egoera bidegabearekin amaitzeko. Ordezkoen lan baldintzak duintzeko bidean gaude eta laster errealitate izango da”. Proposamena, dagoeneko, aurkeztu zaio Eusko Jaurlaritzari, “beharrezkoa ez bada ere, egokia iritzi diogu elkarrekin lan egitea arazoa konpontzeko”, gehitu du Areskurrinagak.