Breadcrumb

Eduki publikatzailea

San Mames, Euskal Herriko Unibertsitatearen talentuaren erakusleiho

Lehen aldiz egin da era horretako ekitaldi bateratua hiru campusetako gradu eta graduondoko ikasleekin
San Mamesen ospatutako Gradu eta Graduondoko Amaierako Ekitaldia

San Mamesen ospatutako Gradu eta Graduondoko Amaierako Ekitaldia mugarri izan zen Euskal Herriko Unibertsitatearentzat, eta azken urteetako eragin handieneko ekimen instituzionaletako bat bihurtu zen. Lehen aldiz, hiru campusetako gradu eta graduondoko ikasketak amaitzen ari diren ikasleak ekitaldi bakarrean bildu zituen, ikasleriak aspaldidanik egindako eskaera bati erantzunez eta euskal unibertsitate publikoarekiko pertenentzia-sentimendua indartuz, haien ibilbide akademikoko une garrantzitsuenetako batean bizipen partekatu baten bidez. 

San Mames aukeratzea ez zen kasualitatea izan. Helburua zen unibertsitate-komunitate osoa ordezkatuko zuen dimentsio handiko ekitaldi ireki eta inklusiboa egitea, Euskal Herriko Unibertsitatearen indarra, aniztasuna eta talentua gizarteari erakusteko. Ekitaldiak omenaldia egin zien bai ikasketak amaitzen zituzten ikasleei, bai erakundearen ondarea eta arrakasta ordezkatzen dituztenei ere. Horren adierazgarri izan ziren ikasle ohien parte-hartzea aurkezle eta artista gisa, eta EHUalumni Sarien lehen edizioaren banaketa. 

Era berean, ekitaldiak unibertsitatearen nortasun instituzionala sendotzen lagundu zuen, sinbologia berritu baten bidez. Txapelak eta jakintza-arlo bakoitzaren koloreak dituzten bandak, Ehunenekoak ereserkiarekin batera, Euskal Herriko Unibertsitatearen nortasun bisual eta sinbolikoaren elementu bereizgarri berriak bihurtu dira, tradizio akademikoa eta euskal kulturatik datorkigun identitatea uztartuz. Proposamenak harrera bikaina izan zuen ekitaldian parte hartu zuten ia 3.500 ikasleen artean.

Ekimenak, gainera, oihartzun mediatiko eta sozial aparta izan zuen. Prentsan, irratian, telebistan, zuzeneko emanaldietan eta sare sozialetan izandako zabalkunde zabalari esker, Euskal Herriko Unibertsitatearen irudi moderno, kohesionatu eta irekia zabaldu zen; haren geletan prestatutako talentua balioan jarri zen, eta unibertsitate publikoaren prestigioa sendotu zen ezagutzaren, berrikuntzaren eta gizarte-kohesioaren eragile gisa. Ekitaldia egiteko aukera Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko Pertenentzia Sentimenduaren Kontratu Programaren berariazko gehigarribati esker izan zen. Helburu jakineko finantzaketa horren bidez, atxikimendu-sentimendua indartzera bideratutako jarduketak finantzatu ziren, eta Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu zuen San Mames estadioaren alokairuaren kostu osoa. 

Azken batean, Gradu eta Graduondoko Amaierako Ekitaldiak bete-betean lortu zituen sortu zeneko helburuak: unibertsitatearekiko pertenentzia-sentimendua indartzea, ikasleriaren eskaera bati erantzutea, bai ikasketak amaitzen dituztenak bai erakundearen arrakasta eta ondarea ordezkatzen dutenak aitortzea, eta Euskal Herriko Unibertsitatea bikaintasunaren, talentuaren eta etorkizunaren erreferentziazko unibertsitate publiko gisa gizarteratzea. Aldi berean, tamaina honetako lehen ekitaldi orok bezala, hobetu daitezkeen alderdiak ere agerian utzi zituen. Horregatik, unibertsitateak hausnarketa eta ebaluazio aldi bati ekingo dio, etorkizuneko edizioetarako formaturik egokiena zehazteko eta ospakizun hau Euskal Herriko Unibertsitatearen tradizio propio gisa sendotzeko.