Aurkeztu da segurtasunari dagozkien lanen gainkostuaren txostena
Hiru campusetako segurtasunari dagozkien lanen gainkostuaren txostena aurkeztu zaio Jaurlaritzari eta mantenu premia guztien katalogoa osatzen hasi da
Lehenengo argitaratze data: 2025/05/13
Oso egoera txarrean dauden azpiegiturak mantentzeko plan berezi bat du unibertsitateak, PPEMI 2023-2026 izenez ezaguna dena eta Kontratu Programen baitan kokatzen dena. Bertan, aldi horretan unibertsitatean egin beharreko zenbait lan jasotzen dira. Alabaina, planean jasotako zenbatekoak ez datoz bat behin lan horiek proiektu fasera pasata duten kostearekin, askoz handiagoa baita.
Lan horietako zenbait segurtasunaren ikuspuntutik halabeharrez egindako lanak dira. Horregatik, derrigor egin beharreko lan horiek txosten batean bildu ditugu eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailari aurkeztu, dakarten gain-kostea jasota. Jaurlaritzak konpromisoa hartu du urte amaieran egingo den likidazioan barne hartzeko premia larriko obra horiek 2025ean eragindako gastu gehigarriak.
Halaber, hurrengo bi urteetarako obrak planifikatu eta adosteko, PPEMI guztiaren garapen maila eta egiteko geratzen diren lanak biltzen dituen txosten gehigarria egin dugu.
Azkenik, hiru campusetako azpiegitura premia guztien katalogoa egiten ari gara. Batetik, premia bizia izan dezaketen lanak identifikatzeko, eta, bestetik, etorkizuneko 2027-2030 PPEMI plan berria lantzen hasteko.