Sare sozialak

Masterrak eta berezko graduondokoak 2024

Albisteak

1973ko martxoan desagertu ziren eta agertu gabe jarraitzen duten Coruñako hiru gazteri buruzko txostena

Lana Eusko Jaurlaritzaren eta UPV/EHUko Giza Eskubideen Katedraren artean izenpetutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan egin da

Lehenengo argitaratze data: 2018/03/24

Eusko Jaurlaritzak eta UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrak 1973ko martxoaren 24an desagertu ziren José Humberto Fouz, Jorge Juán García eta Fernando Quiroga gazteei buruz egindako txostenean, kasuaren kronologia, jarduera judizialaren deskribapena eta agintarien jardunaren inguruko azken gogoeta batzuk daude bilduta. Txostenaren bidez, erakundeen errekonozimendua agertu nahi zaie desagertuen familiei jasandako bidegabeko kalteagatik, eta eskaera egin kasuari buruzko informazioa dutenei, jakinaraz dezaten.

1973ko martxoaren 24an desagertu ziren José Humberto Fouz, Jorge Juán García eta Fernando Quiroga gazteei buruzko txostena aurkeztu da Lehendakaritzan, 45. urteurrenaren egunean. Aurkezpenean, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernández eta dokumentua idazteaz arduratu diren pertsonak (Bertha Gaztelumendi eta Jon Mirena Landa, txostenaren zuzendaria eta katedrako arduraduna, hurrenez hurren) izan dira. Txostena Eusko Jaurlaritzaren eta UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren artean izenpetutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan egin da.

Txostenaren edukia

Hasiera batean kazetarien artean gehien zabaldu zen bertsioaren arabera, Galiziako hiru gazteak Biarritzera joan ziren 1973ko martxoaren 24ko arratsaldean, eta euskal errefuxiatu batzuek polizia espainiarrak zirela pentsatu zuten. Jo, auto batean sartu, hil eta desagerrarazi egin zituzten. Ondorengo 40 urteetan, bi ikerketa judizial ireki ziren, eta itxi egin ziren biak.

Kasuaren azterketa kronologikotik ateratako ondorioetako bat zera da, ikerketa Frantzian zein Espainian “oso eskasa” izan zela, eta “interesik eza” eta kazetarien informazioen eta jardun judizialen arteko “kontrasterik eza” egon zela.

Txostenak dioenez, “desagerpena egungo kontua“ da eta delitua egiten ari da oraindik, “hiru galiziarrak non dauden jakin gabe jarraitzen baitugu". Haien faltak sufrimendua eragiten die oraindik familiei.

Egileek diotenez, dokumentuak “ezin du eman egia jakiteko eskubideak behar duen erantzuna”, baina lagungarria izan daiteke “giza eskubideen urraketei buruzko eztabaidatik kanpo eta ezkututan” egon den “hiru desagerpenen kasu hori hobeto ezagutzeko eta errekonozimendu sozial, politiko eta instituzional handiagoa agertzeko".

Jasandako bidegabeko kaltearen errekonozimendua

Aurkezpenean Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernandezek adierazi duenez, “txosten hau iragana argitzeko eskakizunaren babes esplizitua da”. Gertatutakoaren memoria kritiko eta partekatu bat lortzeko ekarpena da”. Halaber, “José Humberto, Jorge Juan eta Fernandoren familiei agertutako errekonozimendu instituzionala da. Jasandako eta ahanzturak areagotutako bidegabeko kalteagatik agertzen den errekonozimendua. Horregatik, elkartasun bizi eta hurbilaren adierazpena ere bada, desagerpenen kasuetan pairamena amaigabea dela kontuan hartuta".

Eusko Jaurlaritzaren deia

Eusko Jaurlaritzaren ustez: “Ezin diogu uko egin hiru familia horiek egia jakiteko duten eskubideari, zer gertatu zen jakiteko duten eskubideari. 45 urte joan dira. Familia horiek lasaitasun pixka bat lortzeko eta egiara hurbiltzeko modu bakarra hiru senideekin zer gertatu zen eta non dauden jakitea da. Eta hori lortzeko modu bat informazioren bat duenak jakinaraztea da”.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak honako dei hau egin nahi du: “gizatasunagatik eta familien sufrimenduarekiko enpatiagatik, José Humberto, Jorge Juan eta Fernandorekin gertatu zenari buruzko datu edo informazioren bat dutenei edozein modutara jakinaraz dezaten eskatzen diegu”.

Jakinarazi du, halaber, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak desagertuak@euskadi.eus helbide elektronikoa aktibatu duela zeregin hori errazteko. Helbide horretara, euskal kasuaren esparruan argitu gabe dauden bost desagerpenei buruzko datu edo informazio oro igorri ahal izango da (hau da, Coruñako hiru gazteen kasuari, Pertur kasuari eta Naparra kasuari buruzkoa).

Desagertuen profilak

  • José Humberto Fouz Coruñan jaio zen, 1943ko irailaren 28an. Ezkongabea zen, hogeita hamar urte zituen desagertu zenean, eta interprete-lanetan aritzen zen Irungo “Traffic SA” garraio-agentzian. Isabel arrebaren eta José Cesáreo Ramírez Ponte koinatuaren etxean bizi zen Irunen, bi urte lehenagotik. Hizkuntza-ikasketak egin zituen, eta Belgikan, Frantzian, Suitzan eta Suedian hobetu zituen. Herrialde horietan lortzen zituen lan-kontratuei esker, aldi batez hizkuntzak ikasten jarraitzeko aukera izaten zuen.
  • Fernando Quiroga Veiga: Coruñan jaio zen 1947ko apirilaren 9an, eta 26 urte zituen. Humberto Fouzen laguna zen, eta Irunen lan bat bila ziezaion eskatu zion. Ezkongabea zen, eta Irungo “Carlos Llanos” aduana-agentzian lan egiten zuen desagertu zenean. Urtebete zeraman Irunen bizitzen.
  • Jorge Juan García Carneiro Coruñan jaio zen 1949ko irailaren 4an, eta hogeita hiru urte zituen. Ezkongabea eta administraria zen. Jorge bi hilabete lehenago iritsi zen Irunera, eta “agertutako alderdiaren koinatuak emango zion” enplegu baten zain zegoen. Azken bi horiek ere José Humberto Fouz adiskidearen arrebaren etxean bizi ziren, Irunen.

 


main-albiste-gehiago

main-catedra-gehiago

main-ekitaldi-gehiago