Doktorego programetako irakasleen zerrenda eguneratzea
Doktorego Eskolaren Kontseilu Iraunkorrak 2026ko ekainaren 2an akordioa
UPV/EHUko Doktorego Ikasketa Ofizialen Gestiorako Arautegiak honako hau xedatzen du 10. artikuluaren 1. puntuan: “… Doktorego programako Batzorde Akademikoak programako irakasleen zerrenda eguneratuko du urtero, doktorego proposamenak aurkezteko arautegiari jarraituz eta, gutxienez, onarpena eskatzeko epea hasi baino hilabete lehenago”.
Gainera, artikulu beraren 4. puntuan honako hau xedatzen da: “Irakasle erretiratuek, emerituek eta lankide ohorezkoek tesiak zuzendu ahal izango dituzte, baldin eta doktorego programako beste zuzendarikide bat badute. Doktoregaiak tesia gordailuan uzten badu zuzendariak erretiroa hartu edo emeritu edo ohorezko lankide izendapena jaso eta hurrengo sei hilabeteen barruan, ez da beharrezkoa izango beste zuzendarikide bat izatea”.
Halaber, doktorego programa bakoitzari atxikita dauden irakasleak erabakigarriak dira programaren kalitatea bermatzeko orduan; eta, hori zehazteko, kontuan izan beharko dira doktoregoko titulazioen urteko jarraipen txostenetan jasota dauden adierazleak. Izan ere, adierazle horiek aukera ematen dute programaren egiazko egoera islatu eta aztertzeko, baita hobetu beharreko alderdiak identifikatzeko ere, halakorik balego. Analisiak, ordea, irudi desitxuratua ager lezake, baldin eta praktikan doktorego tesirik zuzentzen ez duten irakasleek programan jarraitzen badute.
Horregatik guztiagatik, erabaki da Batzorde Akademikoek aukera izango dutela UNIKUDEn doktorego programei atxikita dauden irakasleen baja eskatzeko, baldin eta doktorego tesien zuzendaritzarik bere gain hartu ez badute bost urtez, ondoz ondo. Hori horrela, jarduerarik egon ez dela ulertuko da, aipatu epealdian irakasleak doktorego tesirik zuzendu ez badu, edo epe horretan ikaslerik atxikita izan ez badu, dela egoera aktiboan, dela aldi baterako bajan. Horrelakoetan, UNIKUDEn baja izapidetzeko unean, Batzorde Akademikoak gai horren inguruan hartu duen erabakia erantsi beharko du.
Hala eta guztiz ere, irakasle horiek mantentzea erabaki ahal izango dute Batzorde Akademikoek, hala egitea hobe dela iradokitzen duen egoerarik bada.
Irakasleen alta eta bajak egiten direnean bezala, komeni da aurreko paragrafoan aipatutako egoerak behar bezala jasotzea programaren jarraipena egiteko urteko txostenean; zehazki 4. atalean, jarraipena egiteko adierazleei dagokienean (3. puntua: irakasleen zerrenda). Horrekin batera, egindako analisia erantsi beharko da. Era berean, 5. atalean (titulazioa hobetzeko ekintzen plana) era koherentean jaso beharko dira sortutako egoerari aurre egiteko aurreikusi diren ekintzak.
Edonola ere, erabaki honetan xedatutakoa gorabehera, Batzorde Akademikoek aukera izango dute bost urte igaro baino lehen irakaslearen baja erabakitzeko, baldin eta irakaslearen benetako jarduna kontuan hartuta egokitzat jotzen bada, edo behar bezala justifikatutako bestelako kausarik identifikatzen bada. Batzorde Akademikoek, gainera, irakasle horiek programara itzultzea erabaki ahalko dute edozein momentutan, hala egitea justifikatzen duen arrazoirik badago.
Halaber, erretiroa hartu duten irakasleen baja kudeatu beharko dute UNIKUDEn Batzorde Akademikoek, ahal dela, erretiroa gauzatu den unetik aurrerako ondorioekin.
Adierazitako guztia kontuan hartuta, erabaki hau arduraz aplikatzeko deia egiten zaie Batzorde Akademikoei; hau da, erabakiaren xedea zorrotz bete dezatela, eta doktorego programen kalitatea kudeatu eta bermatzeko soilik ezar dezatela adostutakoa, ez beste ezertarako.