Eduki publikatzailea

VIII. Kapitulua. Doktoregoko ikasleen mugikortasuna

Doktorego Ikasketen Gestiorako Arautegia

34. artikulua. Ezarpen eremua.

Arautegi honetan zehaztutako mugikortasunak bakarrik eragiten dio doktorego aurreko ikerketarako egonaldia doktoregoko matrikulari ez dagokion erakunde batean egiten den egoerari, eta helburua tesiaren faseetakoren bat garatzea denean.

Arautegi hau ezarriko zaie egonaldia UPV/EHUk kanpo egin nahi duten bertako doktoregaiei, zein beste unibertsitate batean matrikulatuta egonik egonaldia UPV/EHUn egin nahi dutenei.

Ez dira honen bidez arautuko nazioarteko mugikortasun programa baten barruan egindako egonaldiak, horiek beren arautegien arabera gobernatuko baitira.

35. artikulua. Kanpora doazen doktoregaiak.

Bi motatako egonaldiak daude: nazioarteko aipamena lortzeko nahitaezkoak direnak; tesiko zuzendariarekin ados jarrita doktoregaiak borondatez egiten dituenak.

Egonaldi horiek aparte jasoko dira horretarako sortuko den aplikazioan, baina, edozelan ere, jardueren agiri pertsonalizatuan ere sartu ahal izango dira.

Tesiko zuzendariak eta doktoregaiak agiri batean zehaztu beharko dituzte egonaldiaren datak, helburuak eta beste erakundean doktoregaiari helburuok lortzen lagunduko dion pertsona. Agiri hori biek sinatu behar dute.

Doktoregaiak doktorego aurreko kontratua badauka sinatuta unibertsitatearekin, baimena eskatu beharko du.

Egonaldia bat baldin badator Graduondoko Batzordeak onartutako ereduarekin, nahikoa izango da doktoregoko programako arduradunak sinatzea, beste izapiderik egin gabe. Ereduarekin bat ez badator, doktorego programako arduradunak egiaztatu beharko du edukia bat datorrela ereduarekin, eta gero sinatuko da aplikazioan grabatzeko.

36. artikulua.- Doktoregai bisitariak.

UPV/EHUra nazioarteko mugikortasun programetatik aparte datozen doktoregaiek honako agiriak aurkeztu behar dituzte onarpen gutunarekin batera (onarpen gutunaren eredua Graduondoko Batzordeak onartzen du):

  1. Jatorrizko unibertsitateko matrikularen egiaztagiria.
  2. Doktorego programaren onarpena, egonaldiaren arduradunak eta ikastegi hartzaileak eskatua.
  3. Konfidentzialtasun agiria, baldin eta ikertaldeak edo programak eskatzen badu.
  4. Istripuetarako aseguru poliza; gutxien dela, “ehu ikasle” polizaren babesa izan behar du.
  5. Erantzukizun zibileko asegurua.

Ikertaldeko arduradunak edo doktorego programako arduradunak konpromisoa hartuko du doktoregai bisitariari laneko arriskuen prebentzioari buruzko informazioa emateko: gai horren arloan doktoregaiak jakin beharrekoa guztiari buruzko dokumentazioa emango dio. Bestalde, doktoregaiak jarraibide horiek betetzeko konpromisoa hartu behar du. Biek sinatu beharko dute konpromiso horiek biltzen dituen agiria.

Doktoregaia hartuko duen zentroko arduradunak onarpen agiria sinatuko du doktoregai bisitariarekin batera. Agiria bat badator ereduarekin, beste izapiderik gabe sinatu ahal izango dute; ez badator bat, arduradunak egiaztatu egin beharko du edukia bat datorrela ereduan zehaztutakoarekin eta sinatu ahalko dute.

Zentroak GAUR aplikazioan grabatuko ditu doktoregai bisitariaren datuak, egonaldia noiztik noiz artekoa den eta adierazitako agiri guztiak, eta unibertsitateko txartela emango dio doktoregaiari.