IKT Gerenteordetzak Irakaskuntza Sareko Zerbitzuen Gida du, Gerenteordetzak ikasleei eskaintzen dizkien zerbitzu guztiak azaletik deskribatzen dituena. Horrez gain, http://www.tic.ehu.es ("Zerbitzuak" atalean) webgunean eskainitako zerbitzu guztiak kontsulta daitezke. Ikasle Kontseiluek horietako batzuk eska ditzakete, irakasle eta ikertzaileei eta AZPko langileei bakarrik zuzenduta daudela jartzen badu ere. Zerbitzu horietako edozein eskatu aurretik UPV/EHUko Ikasle Kontseiluarekin harremanetan jartzea gomendatzen dugu.
Helbide elektronikoak
Ikastegiko Ikasle Kontseilu guztiek Unibertsitateko posta kontu bat dute, eta Kontseiluko presidenteak hartuko du kontu horren ardura bere gain. Kontu elektroniko horretara sartzeko, zure Unibertsitateko kontura bezala sartu behar duzu, baina, kasu honetan, erabiltzailea ekrXXXXXXX@ehu.es motakoa izango da (X letrak zenbakiak dira). Erabiltzailea eta pasahitza ez badakizkizu, zure ikastegiko administratzailearekin hitz egin behar duzu. Presidentetza aldatuz gero ere, administratzaileari horren berri eman behar diozue. UPV/EHUko Ikasle Kontseiluko kideek Unibertsitateko helbide elektronikoa bakarrik erabiliko dute harremanetan jartzeko.
Argitu behar dugu posta helbidea ez dela ekrXXXXXXX@ehu.es, postontzi bati lotutako lau ezizen baizik (gaztelaniaz eta euskaraz). Edonork idatz dezake kontu horietara, eta, mezua ikusteko, postontzia begiratu besterik ez duzu egin behar, lehen aipatutako erabiltzailea sartuta. Begiratu gida honen VI. eranskinean ikastegietako Ikasle Kontseiluei emandako helbide elektronikoak.
Euskarazko helbide laburrak hedatzen saiatuko gara, baina Ikasle Kontseilu bakoitzak egokiena iruditzen zaiona hedatu ahal izango du.
Mezuak idatzitakoan, hartzaileek ezizen lehenetsia ikusiko dute (motza euskaraz). Ikastegiko Ikasle Kontseiluak ezizen lehenetsia aldatu nahi izanez gero, bere ikastegiko administratzailearekin jarri beharko du harremanetan.
Telefonoa eta Faxa
Oro har, Ikasle Kontseiluaren lokalak telefonoa izaten du, eta ikasleek telefono finkoetara dei dezakete bertatik. Kasu batzuetan, mugikorretara deiak egiteko funtzioa erabilgarri jartzeko aukera dago, aurrez telefonia zerbitzuari eskaera eginda. Edozein eskaera edo kontsulta egiteko, jar zaitez harremanetan Telefonia Zuzendaritzarekin, eta Ikasle Kontseiluan dituzun zerbitzuei eta, hala badagokio, zerbitzua zabaltzeko eskaera egiteko moduari buruzko informazioa eska ezazu.
Unibertsitatearen barruan deiak egin nahi izanez gero, 13 (Gipuzkoa), 14 (Bizkaia) edo 15 (Araba) aurrezenbakia markatu behar duzu, eta, ondoren, zenbakiari dagokion lau zifrako luzapena (adibidea: 2000). Mugikor korporatiboetara deitu behar izanez gero, 17 aurrezenbakia markatu behar duzu. Unibertsitatetik kanpo deitu nahi baduzu, 0 zenbakia markatu behar duzu zenbakiaren aurretik, adibidez…:
UPV/EHUko Ikasle Kontseilua Bizkaian dago eta 94 601 2449 telefono zenbakia du. Bizkaitik deitzen baduzu, 2449 bakarrik markatu behar duzu. Alabaina, beste campus batetik deitzen baduzu, 14-2449 markatu behar duzu. Bestela, 0-94 601 2449 marka dezakezu.
Gidaliburu honen VI. eranskinean aurkituko dituzu UPV/EHUko ikastegietako ikasleen kontseilu guztien telefonoak. Honez gain, VII. eranskinean, beste zenbait telefono ematen dizkizut, kontseiluaren funtzionamendurako interesgarri izanen zaizulakoan.
Ikastegiko faxa erabiltzeko, Dekanotzarekin edo Ikastegiko Zuzendaritzarekin harremanetan jartzea eta baldintzei buruzko informazioa eskatzea gomendatzen dizugu.
Posta arruntarentzako ontzia
Ikastegiak barneko postarentzako ontzi bat utziko dio Ikasle Kontseiluari, posta arrunta bertan jasotzeko. Atezainek postontzian utziko dituzte ikastegira iristen diren gutunak. Interesgarria izango litzateke Ikastegiko Ikasle Kontseilu bakoitzak posta jasotzeko eta irekitzeko arduradun bat izendatzea.
Barneko posta/Erregistroa
UPV/EHUk Unibertsitateko organo eta ikastegi desberdinen artean dokumentuak errazago bidaltzeko barneko posta zerbitzu bat du. Zerbitzu hori erabiltzeko ez da zigilurik edo posta helbide osorik behar; nahikoa da gutun-azal itxi batean hartzailea, organoa, ikastegia edo zerbitzua eta Campusa idaztea eta atezaindegian entregatzea.
Kargu akademikoren bati idatzi nahi badiozu (errektorea, errektoreordea, zuzendaria, dekanoa, saileko zuzendaria, Ikasle Kontseilua, eta abar), edozein ikastegitako idazkaritzara gerturatu eta zure eskaera erregistratzeko eska dezakezu. Modu horretan, zure idazkia jasota geldituko da, eta hartzaileak jasoko duela bermatuko duzu. Bi kopia eramatea gomendatzen dizugu; bat Erregistroan uzteko, eta bestea bidali izanaren adierazpena eman diezazuten.
Kargu akademikoren bati idatzi nahi badiozu (errektorea, errektoreordea, zuzendaria, dekanoa, saileko zuzendaria, Ikasle Kontseilua, eta abar), edozein ikastegitako idazkaritzara gerturatu eta zure eskaera erregistratzeko eska dezakezu. Modu horretan, zure idazkia jasota geldituko da, eta hartzaileak jasoko duela bermatuko duzu. Bi kopia eramatea gomendatzen dizugu; bat Erregistroan uzteko, eta bestea bidali izanaren adierazpena eman diezazuten.