DIFUSION_TRANSFERENCIA

Zabaltzea eta emaitzak bidaltzea

Hasierako garaietatik, 1989-1990tik, Lactikerrek lotura zuzena mantentzen du ekoizpen sektorearekin (enpresa, ekoizle, lanbide-elkarte, administrazio erakunde, instituzio eta Jatorri Izendapen bezalako egiaztapen erakundeekin). Sektoreko elkarte eta erakunde profesionalek behin baino gehiagotan aitortu dute elikagaien kalitatea hobetzeko taldeak gauzatu duen ikerkuntza jarduera. Idiazabal Gaztaren Jatorrizko Izendapenaren Kontseilu Erregulatzaileak gaztaren kalitatea hobetzeko elkarlanerako lankidetza handia du Lactikerrekin, eta urteroko kanpainan ekoiztutako gazta komertzialen kalitate kontrolak burutzeko kontratuak dituzte UPV/EHUko Analisi Sentsorialen laborategiarekin (LASEHU). Azken urteotan, LASEHU-k elkarlanean dihardu Euskal Herrian garrantzia duten beste sektore batzuei (hala nola, Arabako Errioxako ardoenari eta Txakolinarenari) lotutako ekoizle-elkarteekin eta nekazaritzako elikagaien enpresekin. Haragi-kalitatearen inguruko ikerketa-lerroan, Lactikerreko zenbait ikerlari etengabeko harremanetan dago ekoizle eta enpresekin, bere interes eta eskariak jasotzeko. Zaldikia ikertzeak interes berezia piztu du, baita ezezagunagoa den haragi honi balioa emateko ahaleginak ere.

Emaitzen transferentzia erakunde eta elkarte desberdinek (hainbat lanbide-elkartek, gobernu erakundek, egiaztapen agentzia edo erakundek, edo lanbide heziketakoek) antolatutako urteroko heziketa jardunaldietan egiten da, Lactikerren kideen parte-hartzearen bitartez. Kasu hauetan, Lactikerrek sektoreak mahaigaineratutako arazoak jasotzen ditu, ondoren laborategian ikertzeko ahalbidea zehazteko helburuarekin. Lactikerreko kideek parte hartzen dute burututako ikerketaren hedapena eta emaitzen transferentzia helburu duten Jardunaldi Zientifiko Teknikoetan eta Sektore Topaketetan ere. Bestalde, gazta eta abeltzaintza sektoreko profesionalei zuzendutako aldizkari espezializatuetan kolaboratzen du, profesional hauek praktikan era errazean jar ditzaketen emaitza nagusiak deskribatuz.

Irudia