Hezkuntza: Eskola, Hizkuntza eta Gizartea Doktorego Programa

Doktorego programaren bi ikasle

Egungo testuinguruan gero eta beharrezkoagoa egiten da programa honek bere baitan hartzen dituen eremuetan ikertzea. Doktorego honen helburua da arreta hezkuntzaren errealitatea hobeto ezagutzean, esku-hartzeen praktiketan eta lanerako prestakuntzan jartzea.

"Eskola" eremuan, agertzen ari diren joerek eta lerroek adierazten dute errendimendu akademikoarekin eta ikastetxeak eta sistemak hobetzeko programen diseinu eta ebaluazioarekin zerikusia duten faktoreak eta teknika berrien eragina aztertu behar direla, hezkuntzaren kalitateaz eta irakasleen prestakuntzaz gainera.

"Hizkuntza" eremuan, komunikazio hizkuntza gisa nazioartean ingelesa gero eta gehiago erabiltzen dela ikusita eta immigrazioaren fenomenoa eta hizkuntza minorizatuen erabilera kontuan hartuta, eleaniztasunean espezializatutako ikertzaileak prestatu behar dira hezkuntzarekin lotutako testuinguruetan eta beste eremu sozial batzuetan.

"Gizartea" eremuari dagokionez, esku-hartze sozio-hezitzaileen eremu ezberdinetan (kulturartekoa, hezkuntza inklusioa, familia, haurtzaroa, etorkinak etab.) dauden beharrek eskatzen dute eragile, erakunde eta profesionalen prestakuntza kontuan hartuz gogoeta prozesu bat egitea, hezkuntzako ikerkuntzak lagunduta.

Doktorego Programa honetan ikuspegi zabal batetik heldu nahi zaio hezkuntzaren ikerkuntzari.

KUALIFIKAZIO-MAILA
Titulu honek Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) 4. maila du aitorturik; maila hori Kualifikazioen Europako Esparruko (EQF) 8. mailaren parekoa da, urtarrilaren 23ko 22/2015 Errege Dekretuak jasotzen duenez (BOE 2015/02/07).