CONVENIOS

Nazioarteko hitzarmenetarako prozedura

Transferentzia eta Nazioartekotze Errektoreordetzak atzerriko erakundeekin egiten diren hitzarmenak tramitatzen ditu, baldin eta aldeen arteko harremanak eragiten badio unibertsitate osoari edo campus bati baino gehiagori.

Gobernu Kontseiluaren funtzionamenduari buruzko Arautegi berria 2009ko apirilaren 24an argitaratu zen EHAAn (2009ko maiatzaren 26ko EHAA), eta hitzarmenen izapideak 24-29 artikuluetan daude jasota.

Bertan adierazitakoaren arabera, campusetako errektoreordetzek atzerriko erakundeekin egingo diren hitzarmenak tramitatzeko eskumena izango dute, baldin eta hitzarmenari lotutako jardunak eragiten badio kasuan kasuko campusari bakarrik.

Hau da, beraz, labur azalduta, campus bati baino gehiagori edo unibertsitate osoari eragiten dioten hitzarmenak tramitatzeko prozedura, gure jardute eremuan:

 

Hitzarmena tramitatzeko proposamena

Nazioarteko Harremanen eremuan lankidetza harremana izateko interesa dutenek, JUSTIFIKAZIO MEMORIA bat bidali behar dute, honako hauek zehaztuta:

  1. Eskatzailearen datuak: izen-abizenak, EHUko kargua, ikastegia, helbidea, telefonoa, faxa eta helbide elektronikoa.
  2. Beste aldearen datuak: erakundea edo unibertsitatea, harremanetarako pertsona, helbidea, telefonoa, faxa eta helbide elektronikoa.
  3. Lankidetza harremana justifikatzeko datuak
    • beste aldearekin harremanetan jartzeko arrazoiak
    • lankidetza harremanaren bidez lortu nahi diren helburuak
    • aldeek beren gain hartzen dituzten konpromisoak helburuak lortu ahal izateko, eta horien ondorioz betebehar ekonomikorik egonez gero, zein kredituren bidez egingo zaien aurre.
    • konpromisoak betetzeko aldeek jartzen dituzten baliabide material eta pertsonalak.

Transferentzia eta Nazioartekotze Errektoreordetza harremanetan jarriko da interesatuarekin, eta, esparru hitzarmenaren edo hitzarmen espezifikoaren ereduak (dokumentuak) erabilita, egokitu egingo ditu eskatutako kasuari.

Aldi berean, errektoreordetza harremanetan jarriko da beste aldearekin (erakundea edo unibertsitatea, zeinaren datuak interesatuak emango dituen), barne prozedura azaltzeko, txxtua jorratzeko eta tramitazioari amaiera emateko.

Truke hitzarmenei buruzko informazio zabalagoa eskuratzeko: letrado.internacional@ehu.eus 

 

Eskaera eta txostenak

Hitzarmena sinatzeko baimena eskatu baino lehenago Gobernu Kontseiluari edo Batzorde Iraunkorrari, hitzarmenaren gaiari eta edukiei buruz zerbait esaterik izan dezaketen organoen txostenak bildu behar dira.

Txostenetarako eskariak Transferentzia eta Nazioartekotze Errektoreordetzak egiten ditu. Egin beharreko txostenen kopurua hitzarmen motaren araberakoa izango da. Baina orientazio moduan, informazio hau eman dezakegu:

  1. Esparru hitzarmenak:  lankidetzaren ildo nagusiak jasotzen dituzten oinarrizko dokumentuak dira. Normalean trukeren bat egiteko izaten dira (biblioteken arteko trukeak, elkarlanean egiteko ikerketa proiektuak, ikasle trukeak, irakasle trukeak, ikertzaile trukeak, egonaldiak beste ikastegi batzuetan…). Normalean hitzarmen horietarako honako hauen txostenak behar izaten dira: Irakasleen arlokoak, Akademia Antolakuntzarenak, Ikasleen arlokoak, Gerentziarena, Lege Aholkularitzarena, Bibliotekarena eta Ikerketako Errektoreordetzarena.

  2. Hitzarmen espezifikoak: lankidetzaren ildo jakin baten xehetasunak jaso ohi dituzte, adibidez ikasleen, irakasle-ikertzaileen edo AZPkoen trukearen nondik norakoak. Arloaren arabera, batzuetan txosten gutxiago behar izaten dira.

  3. Diru laguntzetarako hitzarmenak: hauek hitzarmen ekonomikoak dira, eta haien bidez EHUri diru laguntzak ematen zaizkio, errektoreordetzaren batean eragina dutenak. 300.000 €-tik gorako laguntzak direnean, Gobernu Kontseiluaren baimena behar dute.

Txostenak 15 bat eguneko epean eman ohi dira. Txostenek batzuetan gomendatzen dute testuan punturen bat aldatzea. Kasu horretan hitzarmenaren eragilearekin eta beste aldearekin hitz egin beharko litzateke, aldaketa adosteko. Txostenak aldekoak badira, hitzarmenaren tramitazioak aurrera jarraituko du honako pauso hauekin:

Txostenak behin jasota, Transferentzia eta Nazioartekotze Errektoreordetzak espediente osoa helaraziko dio Idazkaritza Nagusiari, erabaki proposamena barne, Gobernu Kontseiluaren aztergaien zerrendan sar dezan hitzarmena. Edozelan ere, dokumentazioa Idazkaritza Nagusira bidaltzen da kontseiluaren bilera baino hamabost egun lehenago.

Gobernu Kontseiluaren bilerak hilean behin izaten dira.

Hitzarmen espezifikoen kasuan ez da izango beharrezkoa eskatzea baimena Gobernu Kontseiluari, hitzarmen espezifikoa lotuta dagoen esparru hitzarmenean jasota badago espezifikoa sinatu ahal izango dela txostenak aldekoak badira.

 

Baimena eta sinadura

Hitzarmena behin onartuta, dela Batzorde Iraunkorrean dela Gobernu Kontseiluan, Transferentzia eta Nazioartekotze Errektoreordetzak prozesua aurrera eramaten jarraituko du, hitzarmena sinatu arte. Normalean, beste aldearekin adosten da nola egin (protokolozko ekitaldia bai ala ez).

Gutxi gorabehera 2 hilabete pasatu ahal dira hitzarmen baten tramitazioa hasten denetik hitzarmena sinatu arte.

Idazkaritza Nagusiak EHUk izenpetutako hitzarmenen erregistroa dauka, eta bertan agertzen dira errektoreordetza honek tramitatutakoak.