PRESENTZIALTASUNERA ITZULERA URRIAN

Presentzialtasunera itzulera urrian

Ikasle hori:

Pasa den ostiralean, irailaren 24an, bilera telematiko bat egin genuen Hezkuntza sailburuak, Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak eta Deustuko eta Arrasateko errektoreek. Bertan, sailburuak jakinarazi zigun unibertsitateko jarduera akademikoaren erabateko presentzialtasuna berreskuratzeko erabakia hartu zuela. Ondoren, berreskuratze hori urriaren lehen hamabostaldian egitea adostu genuen. Pandemiaren bilakaera positiboari eta txertaketa unibertsitateko kideei hedatzeari esker lortu da hori.

Bilera amaitutakoan, erabaki honen berri eman zitzaien zentroetako eta sailetako zuzendaritzei, bai eta Gobernu Kontseiluko kide guztiei ere. Era berean, osasun prebentzioko sistema aldatzeko beharrezko bilerak egiten hasi gara, funtsean dokumentu hauetan ezarritakoa: "2021-2022 Ikasturtea: Irakaskuntza eta Ikaskuntza Planifikatzeko Orientabideak" eta "UPV/EHUko ikastegiek 2021/2022 ikasturterako hartu beharreko neurriak". Orain, helburua segurtasun baldintza onenei eustea izango da, baina egoera berri honetara egokituta.

UPV/EHUk, bere antolaketan eta plangintzan oinarrituta, ikasleen presentzia osoa berreskuratuko du, modu koordinatuan eta zentro eta zerbitzuen berezitasunetara egokituta, eta betiere oraindik beharrezkoak diren segurtasun eta higiene neurriak mantenduz. Horregatik, eta ikastetxe bakoitzaren kasuistika desberdina dela eta, zuzenean eragiten dizun presentzialtasunera itzultzea nolakoa izango den adieraziko dizu zure zentroak.

Gai horien berri eman behar nizula uste nuen, zuzenean eragiten baitute zure ikasketetan eta gure aurrean sortzen den eszenatoki berrian. Eta, aldi berean, aukera hau baliatu nahi dut UPV/EHUko ikasleoi eskerrak emateko 18 hilabete hauetan izan duzuen jokabidea eredugarria izan baita, kasu gehienetan.

Espero dut laster berreskuratuko dugula normaltasuna, ez bakarrik irakaskuntzan, baita gure campusetako bizitza sozial eta kulturalean ere.

Berriz ere eskerrak emanez, agur bero bat.

  Eva Ferreira García
UPV/EHUko errektorea

Welcome Presentation February 2021