Nazioarteko Sakontze Aipamena
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak prestakuntzaren nazioarteko profila bultzatzen du, ikasleengan hainbat gaitasun (hizkuntza, kultur eta prestakuntza gaitasunak) garatzeari begira, geroan gizarte globalaren erronkei erantzun diezaieten ahalik eta arrakasta bermerik handienaz. Erakundeek eta enpresek oso kontuan hartzen dituzte gaitasun horiek langileak hautatzerakoan.
Horregatik, unibertsitateari garrantzitsua iruditu zaio baldintza zehatz batzuk betetzen dituzten UPV/EHUko tituludunei nazioarteko profila aitortzea tituluaren gehigarri europarrean (TGE). Beraz, baldintza horiek betetzen dituzten ikasleen TGEko 6.1 atalean («Informazio osagarria») honako testu hau txertatuko da: Ikasleak Nazioarteko Sakontze Aipamena lortu du. Aipamen hori UPV/EHUk eman dio Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 7an hartutako erabakiarekin bat.
Baldintzak
UPV/EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoreordetzak Nazioarteko Sakontze Aipamena eman diezaien, ikasleek honako baldintza hauek bete beharko dituzte gradu edo masterra amaitu baino lehen eta titulu ofiziala eskatu aurretik:
- Gutxienez 15 kreditu eginda izatea atzerriko hizkuntzetan UPV/EHUko gradu batean (Practicuma eta Gradu Amaierako Lana izan ezik) edo master batean (Practicuma eta Master Amaierako Lana izan ezik), edo Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoreordetzak eskaintzen duen «Intercultural Competences» ikastaroa eginda edukitzea.
- Nazioarteko egonaldi bat egin izana, Latinoamerika, Beste Norakoak edo mugikortasun luzea Erasmus programan, graduko edo masterreko ikasketak edo praktikak egiteko, UPV/EHUko truke hitzarmen edo programa baten babesean.
- Atzerriko hizkuntza batean C1 maila edo goragokoa lortu izana, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera. Maila hori egiaztatuko da Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Batzarraren (CRUE) baliokidetza tauletan edo Goi Mailako Hezkuntzako Hizkuntza Zentroen Elkartearen (ACLES) aitorpen taulan onartutako diploma edo ziurtagirien bidez.
Prozedura
Unibertsitateak begiratuko du ea ikasleak 1. eta 2. puntuetan adierazitako baldintzak betetzen dituen.
Horretarako, jatorrizko ziurtagiria aurkeztu beharko dio bere ikastegiko mugikortasuneko koordinatzaileari, espediente akademikoa itxi aurretik. Hark begiratuko du ea ziurtagiriak balio duen CRUEren edo ACLESen taulen arabera, eta datari buruzko baldintza betetzen duen (hau da, ikasketak amaitu aurretik lortutakoa den). Ziurtagiria egokia bada, koordinatzaileak GAURen erregistratuko du..
Bete beharreko baldintza guztiak GAURen jasota daudenean, Nazioarteko Sakontze Aipamena automatikoki erregistratuko da ikaslearen TGEn.
Ohiko galderak
Mugikortasun egonaldi batean egindako kredituek balio dute 1. baldintza betetzeko?
Ez, bi baldintzak apartekoak dira. Lehen baldintza betetzeko, UPV/EHUko ikastegi batean egin behar izan dituzu atzerriko hizkuntzan egin beharreko kredituak.
Graduan 15 ECTSak (edo gehiago) egin nituen eta orain masterrean mugikortasuna egingo dut (edo alderantziz). Lor nezake aipamena ingeleseko kredituak graduan eginda eta nazioarteko egonaldia masterrean eginda (edo alderantziz)?
Ez, graduan nahiz masterrean aurkez daitekeen baldintza bakarra hizkuntzen ziurtagiriarena da. Beste bi baldintzak osorik bete behar dira aipamena eskatzen den kasuan kasuko tituluan.
Egonaldi bat egin dut atzerrian, baina ez UPV/EHUko truke hitzarmen edo programa baten barruan. Balio du?
Ez, egonaldia UPV/EHUko truke hitzarmen edo programa baten barrukoa izan behar da nahitaez.
15 ECTS baino gutxiago egin ditut atzerriko hizkuntza batean. Zelan bete nezake 1. baldintza?
Eskatzen diren 15 ECTSetara heltzeko falta dituzun kredituak egin beharko dituzu UPV/EHUn, edo bestela «Intercultural Competences» ikastaroa egin beharko duzu.
Nahikoa da «Intercultural Competences» ikastaroa egitea 1. baldintza betetzeko?
Bai, baldin eta eskoletara bazoaz, hori nahitaezkoa da eta. Dena dela, kontuan hartu plazak mugatuak direla eta lehentasuna hauek dutela: mugikortasun baterako onartuak izan diren baina oraindik egin ez duten ikasleek, eta beren ikasketetan 15 ECTS atzerriko hizkuntzan egiterik ez duten graduko edo masterreko ikasleek.
Lehen baldintza «Intercultural Competences» ikastaroa graduan eginda bete badut, berriz ere egin nezake ikastaroa masterrean?
Ez, ikastaroa behin baino ezin daiteke egin, Graduan edo Masterrean.
Hiru ECTS baino gutxiago falta ditut atzerriko hizkuntzan egin beharreko 15 ECTSen baldintza betetzeko. Joan naiteke «Intercultural Competences» ikastaroaren parte batera bakarrik, 1. baldintza betetzera heltzeko?
Ez, ikastaroa osorik egin behar da, berdin da zenbat kreditu dauzkazun eginda atzerriko hizkuntza batean UPV/EHUn.
«Intercultural Competences» ikastaroaren informazioan esaten da harengatik gehienez ere kreditu bat aitortuko dela, baina aipamenari buruzko erabakian esaten da hiru kreditu dituela. Ez al da kontraesana?
Ikastaroak hiru kreditu dauzka, 30 ordukoa delako, baina UPV/EHUko graduko ikasketen barruan aitortua izatea nahi izanez gero, ECTS kreditu bat baino ez dizute emango.
Urtean zenbat aldiz eskainiko da «Intercultural Competences» ikastaroa?
Ikasturtean behin eskainiko da hiru campusetan.
Ikasketak amaitutakoan lortu dut hizkuntzako ziurtagiria. Balio du?
Ez, hiru baldintzak graduko edo masterreko ikasketak amaitu aurretik bete behar dira, eta ziurtagiria espedientea itxi aurretik aurkeztu behar da.