Informazio orokorra GLOBAL TRAINING 2021

Informazio orokorra GLOBAL TRAINING 2021

2021ko GLOBAL TRAINING programaren edukia eta ezaugarriak

1. Planteamendua

Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia (SPRI), Basque Trade & Investment eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasuna eta Ingurumen Sailak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan (beste erakunde kudeatzaile batzuen artean), Europan zein mundu osoan sortzen ari diren errealitate berriei eta etorkizuneko erronkei irtenbide eraginkorrak eman nahian, atzerrian praktikak egiteko "Global Training" izeneko beka-programa jarri du martxan. Programa horren bidez, EAEko gazteak atzerrira irten daitezen bultzatu nahi da, beren ezaugarri akademikoekin eta profesionalekin lotutako jarduerak eta proiektuak egin ditzaten atzerriko enpresetan/erakundeetan (6 hilabete), aldez aurretik planifikatutako prestakuntza praktikoko plan baten barruan.

 

2. Global Training programaren helburuak

  • Gazteen nazioartekotzea bultzatzea, jarduera profesional batekin zuzenean lotutako praktikak eginez atzerrian.
  • Kohesio ekonomikoa eta soziala bultzatzea, eragile desberdinen arteko lankidetzaren bidez, eta gaztearen zein enpresa hartzailearen onura bilatzea.
  • Nazioarteko ikasketa praktikoaren zeregina indartzea, herritartasuna, ezagutza, kultur arteko elkarrizketa eta beste herri eta kultura batzuetara irekitzea bultzatzen dituelako.

 

3. Partehartzaileak

«Global Training» bekak eskuratzeko interesa dutenek honako baldintza hauek bete eta egiaztatu beharko dituzte:

  1. Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, eskabideak aurkezteko epea irekitzen den unea baino gutxienez 12 hilabete lehenagotik edo elkarren segidako 5 urtez aurreko 10 urteetan.
  2. Unibertsitateko graduko titulazioa edo goi-mailako Lanbide Heziketako titulazioa edukitzea. Unibertsitate pribatuetan eta/edo atzerrian lortutako tituluak onartuko dira, betiere, eskaeraren epea bukatzean dagokion agintaritzak homologatu baditu.
  3. Praktikak egingo diren enpresak edo erakundeak eskatzen duen profilera egokitzea.
  4. 2021eko urtarrilaren 1ean, 31 urte bete gabe izatea.
  5. Ingeles-maila ona izatea. B2 maila hartuko da erreferentziatzat unibertsitate-irakaskuntza ofizialetako graduko titulazioen kasuan, eta, aldiz, B1 maila goi-mailako Lanbide Heziketako titulazioen kasuan. Ingeles-maila egiaztatzeko, ezagutza-maila neurtuko duen ahozko eta idatzizko proba bat egingo da, hautagaiak bere ingeles-maila bermatzen duen egiaztagiri homologaturik ez baldin badu.
  6. Beka normaltasunez garatzea eragozten duen gaixotasunik edo muga fisiko edo psikikorik ez izatea; edo beka onartzeko orduan ez izatea eguneroko bizitzako jarduerak mugatzen dituen patologiarik.
  7. Unibertsitate-tituludunentzako antzeko prestakuntza helburua duen beste edozein laguntza jaso ez izana, baldin eta, laguntza horren bidez, nazioarteko erakunde edo enpresetan 6 hilabetez edo epe luzeagoz praktikak egin badira atzerrian. Bereziki, beka hauetaz baliatzea ez da bateragarria honako beka hauen onuradun izatearekin: Global Training bekak, ICEX bekak, beste autonomia-erkidego batzuenak, merkataritza- ganberenak, EBko Merkataritza Sustatzeko Erakundeenak edo antzeko beste erakunde batzuenak.
  8. Salbuespen gisa, 2020an COVID 19aren pandemiagatik bekak bertan behera geratu eta gero, edizio honetan berriz aurkeztu ahal izango dira 2019an Global Training beka bat lortutako onuradunak, hurrengo kasu hauetako batean baldin badaude:
    1. Beka bertan behera geratu zen helmugako herrialdera irten urretik edo atzerrian 3 hilabete (egonaldiaren % 50, programaren aurrekontuaren kargura) egon baino lehen.
    2. Atzerrian 3 hilabete baino gehiago eta 4,5 hilabete baino gutxiago (egonaldiaren % 75, programaren aurrekontuaren kargura) egon eta gero, beka ematen duen erakundeak, Basque Trade & Investment-ekin (Nazioartekotze Euskal Agentzia) ados jarrita, hautagaiak bekari probetxua ateratzeko arrazoi objektiboak daudela erabakitzea, deialdi honetara berriz aurkezteko salbuespena justifikatuz.
    3. Edonola ere, deialdi honetara berriz aurkezteko aukerak ez dio hautagaiari, inolaz ere, plaza ziurtatuko. Horrela, hautaketa-prozesuan berriz parte hartu eta eskatutako baldintza guztiak bete beharko ditu.
  9. Ezin izango dira berriz aurkeztu, aurreko atalean deskribatutako baldintzak betetzen badituzte ere, 2019ko Global Training programaren beken entitate arduradunen bati oraindik dirua itzuli behar dioten hautagaiak.
  10. Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea.
  11. Oinarri hauen bitartez araututako beketarako aukerarik ez dute izango eskabidea egiten duten pertsona hauek: bekak edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalen bat dutenek, edo horretarako legezko debekurik dutenek, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.
  12. Ezin izango dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehazten diren inguruabarretako batean dauden pertsonak.
     

 4. Hautaketa egiteko irizpideak:

  • Atzerriko enpresa hartzailean egin beharreko lanerako profil profesional egokia.
  • Atzerriko enpresa hartzaileak garatzen duen jarduera-esparruan prestakuntza espezifikoa izatea.
  • Bekaduna hartuko duen herrialdeko hizkuntza edo enpresa hartzailearen lan-hizkuntza ezagutzea.
  • Programarako eta eskainitako jardueretarako motibazio-faktoreak.

 

5. Beken ezaugarriak

5.1. IRAUPENA

  • Beken gutxieneko iraupena 6 hilabetetakoa da.
  • Enpresak luzatuko ahal du bekadunaren egonaldia beste 1 eta 6 hil gehiagotan, bekadunaren eginarekin gustura bada, luzapen hori web gunean argitara emandako eskaintza bakoitzean ezarritako baldintzekin bat etorrita eginen delarik. Enpresa guztiek ez dute erabakitzen egonaldia luzatzea (kasuan kasu egingo dute). Enpresaren erabakia da luzapenaren aukeraz baliatzea.
  • Bekaren hasieran bi astetako prestakuntza saioa emango da, hautatutako pertsonei eskainiko zaie helburuko enpresara joan aurretik.

5.2. ORDUTEGIA

  • Ordutegia enpresa lankideak zehaztuko du, bertako pertsonalaren lanaldia erreferentzia hartuta, nahiz prestakuntza praktikoak astean, gehien dela, 40 ordu eta, gutxienera, 25 ordu izan.
  • Praktiketan den bekariak ez du ezelako lan harremanik izango enpresarekin eta, horregatik, ez da lan kontraturik formalizatuko alde bien artean praktika aldiak dirauen bitartean. Praktika aldia amaitu baino lehen lan harremana ezarri nahi bada, praktiketan den bekadunak uko egin beharko dio espresuki Global Training programa aplikatzeari eta berori idatziz jakinarazi beharko dio UPV/EHUri, enpresak ere ontzat eman ondoren.

5.3. BEKEN EKONOMI EKARPENA ETA ASEGURUAK

Lehenengo 6 hiletan zehar:

  • Beka bakoitzak lehenengo 6 hiletan izango duen ekonomi ekarpena 1.500 eurotakoa izango da hilean eta Euskal Gobernuaren industri sailaren eta programa hau finantzatzen duten euskal erakundeen konturakoak izango dira. Lehenengo 6 hiletan zehar, praktiketako bekariak ez du enpresaren edo erakunde anfitrioiaren ezelako ekonomi ordain gehigarririk jasoko, Global Training programak oso-osorik finantzatutako esleipena baitauka.
  • Praktiketan egingo dituen lehenengo 6 hiletan, bekariak istripu eta gaixotasunetarako aseguru poliza baten babesa izango du, bai eta aseguru mediko bat eta Euskal Herriko Unibertsitateak xede honetarako sinatuta duen erantzukizun zibilerako beste aseguru bat ere.

Luzapeneko hiletan zehar (enpresak hala erabakiko balu):

  • Luzapen aldietarako, ez euskal gobernuak ez UPV/EHUk ez dute diru kopururik jarriko eta enpresaren kargurakoak izango dira bekariarentzako ekarpen ekonomikoa egoki leritzoketen kopuruan, bai eta aseguruen ordaintzea ere. Informazio hau egon badago askotan web gunean aurkeztutako eskaintzetan. Enpresak erabaki beharrekoa delarik, luzapena bekadunaren lanaren eta enpresaren egoeraren menpe egongo da.

 

6. Bekadunaren konpromisoa

Honako konpromiso hauek hartu behar ditu praktiketako bekadunak:

  • Ahal denik eta gehien aprobetxatzea enpresak eskaintzen dituen praktiken aukerak.
  • Enpresak agindutako zereginak egitea.
  • Enpresaren erregelamenduak eta arauak errespetatzea.
  • Enpresako eta erakunde gestoreko tutoreekiko harremanak mantentzea.
  • Enpresan gertatutako eta bertako dokumentu guztiak erabateko isilekotasunean mantentzea, bertan den bitartean nola beka amaitu eta gerora ere. Honetarako, "praktiketako bekadunak" espresuki sinatuko du isilekotasunerako klausula enpresaren alde.
  • Erakunde gestoreak (UPV/EHU) eskatuko lizkiokeen eginkizunen txostenak egin eta igortzea, kasuan kasu ezarrita legokeen jarraipen prozedura aintzat hartuta.