Hezkuntza berrikuntzarako proiektuen deialdia HPB/PIE i3lab (2026-2027)
- 1. Deialdiaren justifikazioa
- 2. Deialdiaren helburuak
- 3. HPB/PIE i3lab berrikuntza proiektu motak
- 4. HPB/PIE i3lab berrikuntza taldeek eta haien proposamenek bete beharreko baldintzak
- 5. Eskaerak izapidetzea
- 6. Ebaluazio prozesua eta ebazpena
- 7. Proiektuen garapena eta jarraipena
- 8. Publizitatea
- 9. Baldintza ekonomikoak eta finantzaketa baldintzak
- 10. Laguntzak jasoko dituzten taldeen konpromisoak
- 11. HBP/PIE i3lab proiektuen alderdi etikoak
- 12. Dirulaguntza itzultzeko arrazoiak
- 13. Proiektuen ziurtapena eta zabalkundea
- Azken xedapena
1. Deialdiaren justifikazioa
i3 hezkuntza ereduaren baitan, hainbat erakunde programa garatu dira EHUn, metodologia aktiboak eta berritzaileak sustatzeko, hezkuntza berrikuntzako oinarrizko taldeei eta talde aurreratuei laguntzeko, irakasleen irakaskuntza garatzeko, irakaslana ebaluatzeko eta ikastegiak nahiz tituluak akreditatzeko. Hori horrela, kudeaketa tresnak eta laguntza eta orientazio materialak sortu dira, eta ahalegin handia egin da elkarlanean eraikitzeko.
Gradu eta Eraldaketa Digitaleko Errektoreordetzak, Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuaren (SAE-HELAZ) bidez, dei egiten die EHUko irakasle-ikertzaileei era aktiboan parte hartzera i3 hezkuntza ereduaren garapenean. Bide honetan urratsak egiten jarraitzen dugu, HBP/PIE i3lab Berrikuntza Proiektuen zazpigarren deialdiaren bidez. Helburua da irakasle taldeak aktibatzea, jasangarritasun arloko desafioak tituluetan txertatzeko lanak lidera ditzaten, ikerketan oinarritutako irakaskuntza-ikaskuntza estrategia aktibo eta kooperatiboen bidez, egungo munduan etikoki eta eraginkorki aritzeko behar diren gaitasun konplexuak garatze aldera.
2. Deialdiaren helburuak
Deialdi honen helburuak dira:
- Bultzada ematea i3 berrikuntza egitasmoak eta ibilbideak EHUren tituluetan txertatzeari.
- Irakasle taldeek berrikuntzarako duten gaitasuna indartzea, martxan jartzeko tituluetan egoki eta modu koherentean integratutako proiektu berriak.
- Sinergiak sortzea irakasle taldeen artean, ikastegien tituluen barnean, ikastegien artean edo unibertsitateen artean, helburua izanik ibilbide egokiak sortzea gaitasun konplexuak garatzeko eta GJHekiko konpromisoak betetzeko.
- Erronka sozial garrantzitsuetara bideratutako diziplinarteko GRAL/MALak sustatzea.
- i3 hezkuntza berrikuntzaren emaitzak zabaltzea, irakaskuntzaren ikuspegi akademiko batetik (SoTL).
3. HPB/PIE i3lab berrikuntza proiektu motak
Proiektuen proposamenak egin behar dira tituluaren ikuspegi global batetik, halako moldez, non ibilbide bat sortuko den denborarekin, GJHak eta zeharkako gaitasunen garapena barne hartuko dituena, orain arte erabilitakoak bezalako metodologia aktiboen bitartez: Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza, Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza, Ikaskuntza-Zerbitzua (S-L), Erronketan Oinarritutako Ikaskuntza (Challenge Based Education-CBE), Ikerketan Oinarritutako Ikaskuntza (Research Based Learning-RBL) eta Kasuen Metodologia.
Kontua da puntualki eta era bakartuan egiten den irakaskuntza berrikuntza gainditzea eta berrikuntza estrategiko bat sortzea, helburu zehatz eta adostuekin, bideragarria izango dena, ekintzei nahiz erabili beharreko baliabideei dagokienez, koordinatua eta denboran mailakatua, ikasleen ikaskuntza hobekuntza ebaluatzeko modua emango duena, epe ertain eta luzera.
Graduen koordinatzaileek, ikastegien Kalitate Batzordeek edo, hala badagokio, Titulazio Batzordeek, zeregin garrantzitsua dute testuinguru honetan titulu bakoitzean ezartzen diren helburuak definitzeko orduan. Helburu horiek bete egin behar dira hainbat konpromiso mailarekin, deialdira aurkeztutako proiektuetan planteatutako inplikazio motaren eta irismenaren arabera. Hori dela eta, proiektu guztiek izan behar dute ikastegiko Kalitate Batzordearen oniritzia.
Aipatu den tituluaren ikuspegi globalak, azken batean, koordinazioa sustatu nahi du ikastegietako eta tituluetako berrikuntza taldeen artean. Deialdi honen helburua da curriculum ibilbideak bultzatzea titulu bakoitzean, egoki irizten diren proiektu guztiak gauzatzeko era koordinatu batean ibilbide horietan.
Ondoren, hainbat prototipo aurkezten dira, praktikan aritzeko modu zehatzak ikusarazten laguntzeko (1. taula).
1. prototipoa: EREIN |
|
| HELBURUA | i3 hezkuntza berrikuntzarako proiektu hauen xedea da GJH batekin edo gehiagorekin zerikusia duten gaiak edo erronkak txertatzea curriculumean, metodologia berritzaileak, aktiboak eta eraldatzaileak erabilita, titulu baten (gradua edo masterra) irakasgai batean gutxienez. |
| INPLEMENTAZIO EREMUA |
|
| IRAKASKUNTZA METODOLOGIAK | Irakaskuntza metodologiek aldaketak eragin behar dituzte gure ikasleen pentsatzeko eta sentitzeko moduan, eta zeharkako gaitasun baten edo gehiagoren garapena eragin. EREIN proiektuetarako gomendatutako irakaskuntza metodologien artean, nabarmentzekoak dira:
|
| BEREZITASUNAK | EREIN proiektuak izan daitezke eta izan behar dute etorkizuneko curriculum ibilbideen abiapuntua. |
| LEHENTASUN IRIZPIDEAK | Lehentasuna izango dute irakasgaiaren irakaskuntza talde guztietan gauzatuko diren proposamenek. Beraz, hezkuntza berrikuntza jasoko da irakasgaiaren irakaskuntza gidan. |
2. prototipoa: ERNATU |
|
| HELBURUA | i3 hezkuntza berrikuntzarako proiektu hauen xedea da GJH batekin edo gehiagorekin zerikusia duten gaiak edo erronkak txertatzea curriculumean, metodologia berritzaileak, aktiboak eta eraldatzaileak erabilita, titulu baten (gradua edo masterra) bi irakasgaitan gutxienez. |
| INPLEMENTAZIO EREMUA |
|
| IRAKASKUNTZA METODOLOGIAK | Irakaskuntza metodologiek aldaketak eragin behar dituzte gure ikasleen pentsatzeko eta sentitzeko moduan, eta zeharkako gaitasun baten edo gehiagoren garapena eragin. ERNATU proiektuetarako gomendatzen diren irakaskuntza metodologien artean, nabarmentzekoak dira:
|
| BEREZITASUNAK | ERNATU proiektuetan, zorrotz koordinatu behar dira proiektuan parte hartzen duten irakasgaiak, ekintzak inplementatzeko orduan. |
| LEHENTASUN IRIZPIDEAK | Lehentasuna izango dute irakasgaien irakaskuntza talde guztietan gauzatuko diren proposamenek. Beraz, hezkuntza berrikuntza jasoko da irakasgaien irakaskuntza gidetan. |
3. prototipoa: LORATU |
|
| HELBURUA | i3 hezkuntza berrikuntzarako proiektu hauen xedea da GJH batekin edo gehiagorekin zerikusia duten gaiak edo erronkak txertatzea curriculumean, metodologia berritzaileak, aktiboak eta eraldatzaileak erabilita, titulu baten (gradua edo masterra) ibilbide bereizgarri eta mailakatu bat osatzen duten hiru irakasgaitan gutxienez. |
| INPLEMENTAZIO EREMUA |
|
| IRAKASKUNTZA METODOLOGIAK | Irakaskuntza metodologiek aldaketak eragin behar dituzte gure ikasleen pentsatzeko eta sentitzeko moduan, eta zeharkako gaitasun baten edo gehiagoren garapena eragin. LORATU proiektuetarako gomendatzen diren irakaskuntza metodologien artean, nabarmentzekoak dira:
|
| BEREZITASUNAK |
|
| LEHENTASUN IRIZPIDEAK | Lehentasuna izango dute irakasgaien irakaskuntza talde guztietan gauzatuko diren proposamenek. Beraz, hezkuntza berrikuntza jasoko da irakasgaien irakaskuntza gidetan. |
4. prototipoa: UZTATU |
|
| HELBURUA | i3 hezkuntza berrikuntzarako proiektu hauen xedea da GJH batekin edo gehiagorekin zerikusia duten gaiak edo erronkak txertatzea curriculumean, metodologia berritzaileak, aktiboak eta eraldatzaileak erabilita, bi tituluren (gradua edo masterra) bi irakasgaitan gutxienez. Tituluak eskaintzen dira:
|
| INPLEMENTAZIO EREMUA |
|
| IRAKASKUNTZA METODOLOGIAK | Irakaskuntza metodologiek aldaketak eragin behar dituzte gure ikasleen pentsatzeko eta sentitzeko moduan, eta zeharkako gaitasun baten edo gehiagoren garapena eragin. UZTATU proiektuen kasuan, gainera, aukera eman behar dute planteatutako erronkekin lan egiteko eta horiei batera erantzuteko. Horregatik, gomendatutako irakaskuntza metodologien artean, nabarmentzekoak dira:
|
| BEREZITASUNAK | UZTATU proiektuek diziplinarteko edo diziplinaz gaindiko ikuspegia bermatu behar dute planteatutako erronken inguruan, ikuspegi hori izanik proiektu mota honen bereizgarrietako bat. Ondorioz, zorrotz koordinatu behar dira hezkuntza berrikuntzan inplikatutako irakasgaiak eta, oro har, tituluak. Horregatik, UZTATU proiektuek bermatu behar dute:
|
| LEHENTASUN IRIZPIDEAK | Lehentasuna izango dute:
|
5. prototipoa: ONDU |
|
| HELBURUA | Diziplinarteko edo diziplinaz gaindiko i3 hezkuntza berrikuntzarako proiektu hauen xedea da i3 hezkuntza berrikuntzarako proiektuak instituzionalizatzea eta sendotzea, GJH batekin edo gehiagorekin zerikusia duten erronkak txertatuta curriculumean, metodologia berritzaileak, aktiboak eta eraldatzaileak erabilita, bi tituluren (gradua edo masterra) bi irakasgaitan gutxienez. Tituluak eskaintzen dira:
|
| INPLEMENTAZIO EREMUA |
|
| IRAKASKUNTZA METODOLOGIAK | Irakaskuntza metodologiek aldaketak eragin behar dituzte gure ikasleen pentsatzeko eta sentitzeko moduan, eta zeharkako gaitasun baten edo gehiagoren garapena eragin. ONDU proiektuen kasuan, gainera, aukera eman behar dute planteatutako erronkekin lan egiteko eta horiei batera erantzuteko. Horregatik, gomendatutako irakaskuntza metodologien artean, nabarmentzekoak dira:
|
| BEREZITASUNAK |
|
| LEHENTASUN IRIZPIDEAK | Lehentasuna izango dute:
|
GRALak EHUko Ikasleen Biltzarrera aurkeztu ahal izango dira: «Gure lanek mundua aldatzeko balio dute».
4. HPB/PIE i3lab berrikuntza taldeek eta haien proposamenek bete beharreko baldintzak
Baldintza hauek bete beharko dituzte:
- Taldekideak izango dira hezkuntza berrikuntzarako proiektua txertatuko den irakasgai edo GRAL/MAL baten irakasleak gutxienez. Pertsona horiek eratuko dute proiektuaren talde eragilea eta aurkeztuko dute eskaera.
- Gainera, taldeak kolaboratzaileak izan ahalko ditu (irakasgaietako ikasleak, TEKAZEL langileak, kanpoko profesionalak, beste unibertsitate batzuetako edo beste hezkuntza etapa batzuetako irakasleak, baita proiektuarekin lotura zuzena ez duten irakasgaietako gure unibertsitateko irakasleak ere). Eskaera inprimakian, zehatz-mehatz jasoko da pertsona horiek proiektuari eginiko ekarpena.
- Taldearen koordinatzaileak irakasle kontratatua izan beharko du, EHUrekiko lotura bermatzeko, proiektuaren iraupena baino txikiagoa izango ez den denboraz. Gainera, pertsona hori DOCENTIAZ programan parte hartutakoa izango da, 60 puntuko edo hortik gorako ebaluazioarekin. Arduradun gisa arituko da, eta Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuarekiko solaskide gisa. Salbuespen modura, proiektu batek bi koordinatzaile eduki ahal izango ditu, proiektua behar bezala garatzeko beharra justifikatzen bada.
- Ahal dela, taldeek gizon eta emakume kopuru bera izango dute. Hori ezin denean, baldintza ez betetzeko arrazoia azaldu beharko da.
- Taldekide batek ezin izango du parte hartu deialdi honen (2026-2027) eskaera batean baino gehiagotan. Salbuespen gisa, hori egin ahal izango dute beren kargu akademikoagatik proiektu batean baino gehiagotan parte hartzeko eskatzen zaienean. Kasu horietan, pertsona horiek bi proiektutan aritu ahal izango dira gehien jota, deialdi beraren barruan.
Eskaera guztiek ezaugarri hauek izango dituzte:
- Deialdi honetara aurkeztuko diren proiektu guztiek ekarpen bat egin beharko diote gure unibertsitatearen hezkuntza berrikuntzari, eta bat egingo dute EHUren 2022-2025 Plan Estrategikoarekin, haren helburuetako baten garapenari, zehazki.
- Proiektu hauen helburuak, azken batean, ikasleen ikaskuntzan ondorio positiboak eta egiaztagarriak eragitea izan behar du. Zehazki, proposatu behar dute curriculumean txeratzea GJH bat edo gehiago, zeharkako gaitasunak garatzeko modua emango duten metodologia berritzaileen bidez.
- Deialdira aurkeztutako proposamenek honako hauek aurkeztu beharko dituzte: berrikuntza xedearen definizioa eta haren aplikazio eremua, exekuzio plan bat, eta inplementazioaren emaitzak bildu eta aztertzeko mekanismoaren deskribapena.
- Proiektu guztiek bat egingo dute SoTL ikuspegiarekin, eta horrek esan nahi du ikerketa eta esperimentazio kontrastatuan oinarritutako irakaskuntza bultzatuko dutela. Hau da, abiapuntu hartuko dute bibliografia zientifikoak arlo honetan eginiko ekarpenak: ebidentzia enpirikoa sortzea, emaitzen bilketa sistematizatzea eta emaitza horiek ingurune akademikoetan zabaltzea (aztergai den diziplina/tematikaren irakaskuntzaren arloan garrantzitsuak diren batzar eta jardunaldi zientifikoak, edo aldizkari garrantzitsuetan argitaratzea, parekoek berrikusiak izan ondoren).
5. Eskaerak izapidetzea
Proiektuaren koordinatzailea arduratuko da eskaera aurkezteaz, eta bere ikastegiko Kalitate Batzordearen oniritzia beharko du.
Eskaera egingo da deialdi honen 1. ERANSKINEKO eredua erabilita, eta eskatzen diren datu guztiak emango dira.
2024-2025 deialdiko LORATU eta ONDU proiektuak luzatzeko eskaeran erabiliko da deialdi honen 2. ERANSKINEKO eredua, eta eskatzen diren datu guztiak emango dira.
Aintzat harturik Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14 e) artikulua eta EHUko idazkari nagusiaren 2024ko irailaren 11ko Erabakia, zeinaren bidez argitaratzen baita EHUn bitarteko elektronikoekin funtzionatzeko eta jarduteko arautegia, eskaera aurkeztuko da EHUren erregistro elektronikoan, Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzua SAE/HELAZ hautatuta eskaeraren “Hartzailea” eremuan, Gradu eta Eraldaketa Digitalerako Errektoreordetzaren barruan. Horretarako erabiliko da EHUko langilearen ziurtagiri elektronikoa, Izenperen Erabiltzaile Ziurtagiri Digitala, NAN elektronikoa edo Diruaren eta Zerga Zigiluaren Fabrika Nazionalaren ziurtagiria (FNMT-CERES).
Gainera, eskaera aurkeztu ahal izango da ere sektore publikoko beste edozein erakunderen erregistro elektronikoan edo, ezohiko kasuetan, erregistro gaietan laguntzeko EHUren bulegoetan, aurrez aurre. Erregistro gaietan laguntzeko EHUren bulegoetan aurkeztutako eskaerak eta dokumentuak digitalizatu egingo dira, administrazio espediente elektronikoan sartzeko, eta jatorrizkoak interesdunari itzuliko zaizkio, interesduna funtzionarioaren aurrean identifikatu eta horrela jarduteko berariazko adostasuna adierazi ondoren, guztia bat etorririk EHUko idazkari nagusiaren 2024ko irailaren 11ko Erabakia, zeinaren bidez onartzen baitira gai hauei buruzko jarraibideak: erregistro gaietan laguntzeko bulegoak; eskaerak, idatziak edo bestelako komunikazioak funtzionario publiko gaituaren bidez aurkeztea EHUn; eta funtzionario publiko gaituen erregistroa.
EPEAK:
Eskaerak aurkezteko, 30 egun natural izango dira, deialdi hau argitaratzen denetik (2026ko otsailaren 18 azken eguna).
Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gehienez hamar egun natural igaro aurretik, Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak eskaeren zerrenda argitaratuko du (behar bezala eginiko eskaerak eta eskaera osagabeak), bere webgunean eta campusetako errektoreordetzen iragarki elektronikoen tauletan (ehutaula), zehatz-mehatz adierazita zer datu falta diren zerrenda osagabeetan (otsailak 28).
Eskatzaileek hamar egun natural izango dituzte, zerrenda argitaratzen den egunetik, dokumentazioa osatzeko (martxoak 10). Falta den dokumentazioa aurkezten ez bada, atzera botako da eskaera.
6. Ebaluazio prozesua eta ebazpena
Epaimahaia arduratuko da onartutako eskaerak ebaluatzeaz, eta mahai hori osatuko dute HBP/PIE i3lab proiektuen Ebaluatzaileen Poltsako pertsonek. Epaimahaiaren osaera izango da ebaluatu beharreko proiektu kopuruaren eta haien diziplina izaeraren araberakoa. Epaimahaiaren eginkizunak izango dira:
- Proiektu bakoitza ebaluatzea (parekoen ebaluazioa).
- Balorazio txosten bat egitea, Gradu eta Eraldaketa Digitalerako errektoreordeak kontuan hartuko duena laguntza ekonomikoak jasoko dituzten proiektuak hautatzean.
Titulu baten inguruko proposamen bat baino gehiago badago, haien egokitasunaz galdetu ahal izango zaie gradu koordinatzaileei, Kalitate Batzordeei edo Titulazio Batzordeei, eta alde guztiak bildu ahal izango dira, taldeen arteko elkarguneak eta sinergiak bilatzeko, tituluan IKD i3 ibilbide bat zehazte aldera.
Laguntzak jasoko dituzten proiektuak hautatzean, kontuan izango dira:
- 1-5 irizpideetan lortutako balorazioa (2. taula).
- Aurrekontu erabilgarria.
- Proiektuaren egokitzapena tituluen testuingurura eta ikastegien beharretara.
- HBP/PIE i3lab proiektuen banaketa eta garapena EHUren ikastegietan eta tituluetan, kontuan izanik ere aurreko deialdiak.
Proiektuak ebaluatuko dira irizpide hauen arabera:
| Irizpidea | Deskribapena | Gehieneko puntuazioa |
|---|---|---|
| 1 |
Proiektuaren justifikazioa: beharra eta egokitasuna, bete nahi diren helburuak, GJHen deskribapena eta horiek txertatzeko justifikazioa, zeharkako gaitasunen deskribapena eta horiek txeratzeko justifikazioa, eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan egingo diren hobekuntzen deskribapen zehatza. ONDU prototipoaren proiektuen kasuan, aurrekoaz gain, honako hau zehaztu beharko da:
|
30 |
| 2 | Proiektuaren irismena, prototipoaren arabera: irakasgaiak, modulu/diziplinen taldeak, titulua edo tituluak (taldeak bere gain har ditzakeen irakaskuntza taldeak adierazita) eta proiektuan berrituko diren curriculumaren ECTS kredituen kopurua. | 10 |
| 3 | Proiektua garatzeko proposamena: metodologiaren egokitasuna, jada argitaratutako ebidentzian oinarrituta (literaturaren erreferentziak eman behar dira); egin beharreko ekintzen deskribapen zehatza eta horien koherentzia planteatutako helburuekin; exekuzio plana, kronograma bidez; eta egin beharreko ekintzen arduradunak. | 30 |
| 4 | Proiektuaren inplementazioaren ebaluazioren diseinua: proiekturako sortutako ebaluazio sistemaren deskribapena, proiektuaren emaitzak ebaluatzeko aukeratu diren adierazleen egokitasuna, informazioa biltzeko mekanismoa eta emaitzak aztertzeko prozedurak. | 25 |
| 5 | Taldearen ezaugarriak: aldez aurreko prestakuntza edo esperientzia, banakakoa eta taldekoa, GJH garapenean, hezkuntza berrikuntzan eta zeharkako gaitasunetan, eta kolaboratzaileen ekarpena. | 5 |
Laguntzak banatuko dira Gradu eta Eraldaketa Digitalerako errektoreordearen erabaki bidez, hiru hilabeteko epean gehien jota (maiatzak 18), kontatzen hasita eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik.
Erabakiaren kontra jarri ahal izango da berraztertzeko errekurtsoa, hilabeteko epean, aintzat hartuta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluak. Gainera, aipatu erabakiaren kontra, administrazioarekiko auzi errekurtsoa ere aurkeztu ahal izango da, bi hilabeteko epean, argitalpen egunaren biharamunetik.
7. Proiektuen garapena eta jarraipena
Komunikazioa errazte aldera, diruz lagunduko den proiektu bakoitzak bere kontaktua izango du Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuan. Era berean, beren ikastegi eta tituluetan garatzen ari diren i3 proiektuen berri emango zaie gradu koordinatzaileei, Kalitate Batzordeei eta Titulazio Batzordeei.
Diruz lagundutako proiektuak sartuko dira eGelapi i3 Sarean, eta proiektuaren koordinatzailea sartu ahal izango da sare horretara.
Proiektuak garatuko dira 1. irudiko faseen eskemari jarraituta. Jarraian azaltzen dira fase horien sekuentzia, fase bakoitza amaitzean entregatu behar den dokumentua eta entrega bakoitzean erabili beharreko prozedura:
(1) Curriculum txertaketako ekintzak diseinatzeko eta planifikatzeko fasea. Fasea amaitzeko, i3 irakaskuntza gidak edo ikaslearen gidak idatziko dira; proiektuen lehen mugarria izango dira (1M). Txosten bat idatziko da, irakaskuntza edo ikaslearen gidetan eginiko aldaketak azalduta.
2026ko uztailaren 24an entregatuko da, beranduen jota.
(2) Inplementazio fasea. Diseinuak praktikan jartzea. Jarraipen txosten bat egingo da, ebidentziak bilduta, eta ordura arte eginiko gastuen memoria ekonomikoa (2M). Txostena egingo da eGelapi plataforman eskuragarri dagoen eredua erabilita, eta plataforma horretara igoko da. Lehen lauhilekoko irakasgaiak dituzten proiektuak entregatzeko azken eguna izango da 2027ko urtarrilaren 29a; bigarren lauhilekoko irakasgaiak dituzten proiektuena, 2027ko uztailaren 2a. Indarreko deialdian diruz lagundutako proiektu guztien koordinatzaileak egongo diren saio presentzial batean, txostenak ebaluatuko dira, parekoen ebaluazio bidez, elkarrekin identifikatzeko proiektu bakoitzaren indarguneak eta hobetu beharreko arloak.
(3) Inplementazioaren emaitzak analizatzeko fasea eta eginiko gastuen memoria ekonomikoa. Analisi hori hirugarren mugarria izango da (3M). Bi dokumentu eskatuko dira mugarri honetan:
- eGelapi plataforman eskura daitekeen eredua erabilita egingo den txosten idatzia, plataforma horretara igoko dena. Entregatzeko eguna izango da 2027ko abenduaren 17a.
- Hezkuntza berrikuntzarako proiektuaren gako nagusiak bilduko dituen poster digital bat (izenburua, proiektuaren kodea, lantaldea, helburuak, metodologia eta emaitza nagusiak). Entregatzeko eguna izango da 2027ko abenduaren 17a.
Mugarri hauek entregatzeak bi helburu ditu:
- Proiektu bakoitzaren helburuen betetze mailaren jarraipena egitea, i3 hezkuntza ereduarekin bat egiten duela ziurtatzeko.
- Sinergiak sortzea irakasle taldeen artean, ikastegien tituluen barnean, ikastegien artean eta unibertsitateen artean.
Mugarriak garaiz entregatzen ez badira, bertan behera utziko da emandako dirulaguntza eta koordinatzaileak ezin izango du hezkuntza berrikuntzarako proiekturik aurkeztu hurrengo bi deialdietan.
8. Publizitatea
Informazio saio bat egingo da, online, deialdi honen xehetasunak azaltzeko, eta haren zabalkunde egokia ziurtatuko da, bide hauek erabilita:
- Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuaren webgunean argitaratzea.
- Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Campusetako Errektoreordetzen iragarki elektronikoen tauletan (ehutaula) argitaratzea.
- Ohar bat bidaltzea ikastegi guztietara.
9. Baldintza ekonomikoak eta finantzaketa baldintzak
i3 proiektuen deialdi honen laguntzak bateraezinak izango dira helburu bera duen beste edozein laguntzarekin. Urteko aurrekontua zehaztean, kontuan hartuko da urteko Programa Kontratuari esleitutako kopurua.
Dirulaguntza eskaera behar bezala justifikatu beharko da urte natural bakoitzerako planifikatutako ekintzen kostuaren arabera. Laguntzak ez dira inolaz ere izango kopuru hauek baino handiagoak:
- EREIN proiektuak: 1.000€
- ERNATU proiektuak: 2.000€
- LORATU proiektuak: 4.000€
- UZTATU proiektuak: 4.000€
- ONDU proiektuak: 6.000€
Gastuak egingo dira deialdi honen bi urte naturalen barruan (2026 eta 2027).
Proiektu bakoitzak izango du bere organika, eta hor sartuko da emandako laguntzaren zenbatekoa. Organika hori kudeatuko du proiektuaren koordinatzailearen saileko idazkariak. Fakturek bete egin beharko dituzte EHUren kontabilitate arauak.
Emandako dirulaguntza erabiliko da gastu hauetan:
- Material suntsikorra.
- Proiekturako prestakuntza espezifikoa, prestakuntza hori UIPREk eskaintzen duenean izan ezik.
- Jarduerak eta ekimenak ikasleekin.
- Software lizentziak (programak EHUk eskaintzen dituenean izan ezik).
- Proiektua koordinatzeko bileretara joatea.
- Emaitzak aurkeztea unibertsitate irakaskuntzako kongresuetan eta ekitaldietan eta emaitzak argitaratzea.
Ez dira inolaz ere finantzatuko:
- EHUtik kanpoko pertsonen mugikortasun gastuak.
- Material inbentariagarria edo funts bibliografikoak (beste bide batzuetatik bideratuko dira).
10. Laguntzak jasoko dituzten taldeen konpromisoak
Proiektuaren koordinatzailea arduratuko da lantaldearen funtzionamendu egokiaz. Hala, proiektuan zehar izan daitezkeen taldekideen altak eta bajak eGelapi bidez eskatuko dira, dagokion eskaera eranskina igota.
Gainera, koordinatzailea (edo haren ordez arituko den taldekidea) arduratuko da jarraipena egiteaz eta proiektuaren garapenaren berri emateaz, eskatuko zaion moduan. Halaber, taldearen koordinatzailea arduratuko da ere kontabilitateaz.
Proiektu onuradunek Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuari (SAE/HELAZ) eta dagokion errektoreordetzari (deialdiari lotutako erakunde gisa) buruzko berariazko aipamena egin beharko dute komunikazio- eta hedapen-ekintza guztietan, argitalpenetan, material inprimatuetan, digitaletan, ikus-entzunezkoetan eta diruz lagundutako proiektuarekin lotutako beste edozein euskarritan.
11. HBP/PIE i3lab proiektuen alderdi etikoak
Hezkuntza berrikuntzarako jarduera batek, printzipioz, ez du Etika Batzorde baten ebaluaziorik behar. Dena dela, SoTL filosofiaren barruan, irakasleak ikerketa ikuspegi bat eman behar dio jarduera honi, kongresuetara eramanez edo emaitzak argitaratuta, beste irakasle batzuei helarazteko jardueran lortutako ezagutzak eta onurak. Kasu honetan, ikerketarako erabiliko dira irakaslanari lorturiko prozesu eta egoeretan ikasleei buruz loturiko datuak, zabaldu eta argitaratu nahi direlako. Beraz, irakasleak ikasleen baimena lortu behar du ezinbestean, haien datuak ikerketan erabiltzeko. Zer urrats egin behar diren jakiteko, ikus esteka hau: Alderdi etikoak HBP/PIE I3lab proiektuetan
12. Dirulaguntza itzultzeko arrazoiak
Dirulaguntza emateko baldintzak bete ez direla egiaztatzen bada, jasotako kopuruak itzuli beharko zaizkio nahitaez EHUko Zerbitzu Nagusiari.
13. Proiektuen ziurtapena eta zabalkundea
Ziurtapena. i3 proiektuetan aritu eta programaren baldintzak bete dituen EHUko irakasle bakoitzari bertaratu izanaren ziurtagiria emango zaio, Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak mugarri bakoitzean entregatutako txostenak baloratu ondoren. EHUko irakasleak ez diren taldekideek (hots, kolaboratzaileek) dagokion proiektuaren koordinatzaileen akreditazioa jasoko dute.
Proiektuen emaitzen zabalkundea. Behin mugarri guztiak aurkeztuta, Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak aztertuko du unibertsitateko kideentzat interesgarriak izan daitezkeen proiektuen emaitzak zabaltzeko aukera, egoki iritzitako baliabideen bitartez.
Gradu eta Eraldaketa Digitalerako Errektoreordetzak dirulaguntza jaso duen taldeari eskatu ahal izango dio prestakuntza, sentsibilizazio edo zabalkunde saioetara joateko. Gainera, EHUk proiektuak eta haien emaitzak erabili ahal izango ditu bere ekintzetan, sentsibilizazio kanpainetan eta urteko jardueren memorian.
Azken xedapena
Deialdi hau arautzen du EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeak; bereziki VI. idazpuruak: EAEko administrazio publikoko laguntza eta dirulaguntzen araubidea.
Hala nahi izanez garo, interesdunek inpugnatu ahal izango dituzte deialdia eta haren oinarriak, bai eta erator litezkeen administrazio ekinbide guztiak ere, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeak eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzio Ordenari buruzko Legeak ezarritako epean eta moduan.
Leioa, 2026ko urtarrilaren 19a
Gradu eta Eraldaketa Digitalerako errektoreordea
Urtza Garay Ruiz