IKASTAROA: Hizkuntzen irakaskuntza testuinguru kulturanitzetan

Aniztasunean
Iturria: Pure Diversity, Mirta Toledo (1993) - Wikimedia

Ikastaro hau Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren PREST GARA 2017/18 Programaren barruan emango dugu. Hezkuntza arautuko irakasleek parte har dezakete eta irakasle.net webgunearen bidez soilik eman daiteke izena.

1. Helburuak

  • Ikastaroaren helburuak finkatzeko, prest_gara deialdiko helburu nagusiak berrikusi dira, proposamen lerrokatua eta berritzailea egiteko:
  • Trebatzea hizkuntzetan espezialista diren irakasleak baliabide eta lan egiteko modu berrietan, ahozkotasunaren dimentsio anitzak nabarmenduta.
  • Irakasleekin partekatzea ikas-irakas prozesuen inguruan egin diren azken ikerketen ondorioak eta horiek ikasgelako lanean nola eragiten duten, modu praktikoan.
  • Irakasleak hizkuntza eta kultura aniztasuna asertibitatez, egokitasunez eta aberastasunez kudeatzen trebatzea, gizarte-testuinguru gero eta anitzagoetan eta konplexuagoetan planteatzen diren etengabeko erronkei modu etikoan erantzuteko.
  • Irakasleak desazkundea, ekitatea, justizia soziala eta elkartasuna bizitzeko gaitasunetan prestatzea.
  • Hizkuntzen arteko bizikidetza ziurtatzea.
  • Ikasgelako kideen arteko bizikidetza sustatzea, dibertsitatea aberasgarri gisa ulertuta (eta ez oztopo edo arazo gisa).
  • Unibertsitateak eta gainontzeko eragileak (hezitzaileak, irakasleak, gizarte langileak, familiak, auzokideak...) elkarlanean prestakuntza ekintzak sustatzea.

2. Edukiak

  • Kultura eta kulturak: estereotipoak, aurreiritziak, folkloreak... kulturen inguruan dugun ikuspegia zabaltzea. Kultura instituzionala, masa kultura eta kultura herrikoiak.
  • Hizkuntzaren didaktikaren oinarriak: ikuspegi normatiboa, komunikatiboa, partehartzailea.
  • Identitatea vs. identifikazioak. Disentsuan aurkitzeko moduak. Hizkuntzaren jabe-gabetzea.
  • Ahozkotasunean oinarritutako komunikazioaren garrantzia. Ahozko komunikazioak eta idatzizko komunikazioak.
  • Kultura aniztasuna ikasleekin eta ikasleengandik lan egiten denean: testuinguru eleanitzetan lan egiteko modu irekiak.
  • Ahozko historiak eta istorioak ikasgelako / ikastetxeko hizkuntza eta kultura baliabide gisa. Pentsatze, sentitze eta egiteen transferentziak.

3. Metodologia eta ebaluazioa

Metodologia
Bi saio egingo dira aurrez aurre (8 ordu), ikastaroa aurkezteko eta funts teoriko-praktikoak aurkezteko; gainerako orduak on-line izango dira eta bertan materialak, adibideak, bideoak, eztabaida-guneak, etab. eskainiko dira. Azken 3 orduak amaierako txostena osatzera eskainiko dio partaide bakoitzak, bere kabuz.

Ikuspegi dialektikoan oinarrituko gara ikastaroan zehar, eta hortaz, elkartzen garenokin eta garenongandik lan egingo dugu. Esperientzia pertsonala eta norberaren ikastetxeko egoera zehatza (edo aurretik ezagututakoak) izango dira abiapuntu, ikastaroko partaideen artean eztabaidatu, hausnartu eta aukera berrietara zabaltzeko. Ikastaroa praktikoa da eguneroko bizitzako egoerei lotuta dagoelako, baina aldi berean, egunerokotasuna kritikoki aztertuko da ikuspegi teorikoen laguntzaz.

Ikuspegi dialektikoan oinarritzeak esan nahi du ez dagoela ondo/gaizkirik, baizik eta egiten dugunaren justifikazioa landuko dugula, espiralean, gure praktiketan oinarrituz aurrera egiteko moduak, aldatu beharreko kontuak atzemanez eta egiten denari zentzu berriak emanez. Ez dugu uste klaseak egun batetik bestera eraldatu daitezkeenik, eta ez dugu uste testuingurutik kanpo dagoen inork esan dezakeenik zer egin behar den, ez baitako metodologia perfekturik. Baina funtsezko deritzogu orain egiten diren jarduera eta jarduera-mota batzuk baztertu eta ikuspegi berriak iristea ikasgelara, bai hizkuntz gaitasunaren onerako eta bai, batez ere, ikasgelako bizikidetza hobetzeko.

Ikastaroan zehar, sentitu, pentsatu eta ekitea elkarlotzeko enfokeari helduko zaio. Horregatik uste dugu ikastaroak hainbat dinamika abiatu behar dituela espazio indibidualak, taldekakoak eta kolektiboak izateko eztabaidatzeko eta elkarrekin eraikitzeko, ez soilik dinamizatzaileok proposatzen duguna, partaideek eskaintzen dituzten jakintzak aintzat hartuta ere lan egingo dugu, pentsatze, sentitze eta ekiteak tranferitzeko eta nork bere testuinguruak aberastuak izateko eraikitako jakintza guztiekin.

Lan egiteko modua hauxe izango da:

  1. Asteko lehen egunean, tutoreok aste horretan erabiltzeko materialak eskainiko ditugu (bideoak, idatzizko testuak edota audioak, hirurak konbinatuz ahal den guztietan) eta material horietatik abiatuko da aste horretako debatea.
  2. Partaideen zeregin nagusia material horiek arakatu eta asteroko foroan parte hartzea izango da, gutxienez bi ekarpen eginez: nork bere bizipenak, hausnarketak, ideiak partekatzeko mezu bat, eta gainerako partaideek idatzitakoa kontuan hartzen duen mezu bat, hartara ikuspegi berriak elkarrekin eraikitzeko, partaide guztion esperientziak aberasgarri izan daitezen.
  3. Astero, tutoreon orientazioak eta erantzunak aztertuko dituzte, partaideen ekarpenen balorazio kritikoak izango baitira, edo esperientzia gehigarriak, ideia osagarriak...
  4. Ikastaroaren azken 3 orduak nork bere memoria idazteko erabiliko dira. Memoria horretan, ikastaroan zehar interesgarrienak iruditu zaizkion ideiak modu kritikoan bilduz eta norbere praktikarekin erlazionatuz. Tutoreok txosten pertsonalizatua idatziko dute, partaide bakoitzaren memorian eta ikastaroan zehar izandako ekarpenetan oinarrituta, ebaluazio gisa.

Ahal den neurrian, ikastaroko partaideek praktikan jarriko dute euren ikasleekin ikastaroan landutakoa, baina garrantzitsua da zentzuz egitea; alegia, zenbaitetan hobe da hurrengo ikasturtera itxarotea berrikuntzak aplikatzeko, ikasgelako lana eraldatu behar bada, bestela ikasleen eragozpenak edo erresistentziak topatzeko arriskuan egongo dira eta ondorioz, eraldaketak egitera desmotibatuko. Horregatik, tentuz jokatuko da eta ikuspegi orokorra eraldatzeari lehentasuna emango zaio, praktika puntualak klaseatzearen aurrean.

Ikastaro osoan zehar, laguntzarako bideak zabalduko dira, bai foroan, bai posta elektronikoz, bai skype bidez eta bai telefonoz (ahoz eta watxapez), ikastaroko zalantzak argitzeko eta orientazio pertsonalak emanez.

Ebaluazioa

Ebaluazioa bera eztabaidagai garrantzitsu bat izango da: nola ebaluatu aniztasunean lan egiten denean? Aldez aurretik finkatutako ebaluazio-adierazleen ikuspegia gainditu egin nahi dugu eta ebaluazioaren ikuspegi etikoa landuko da ikastaroan, errespetuzkoa, norberak kolektiboari egin dion ekarpena kontuan hartuta eta kolektiboak berak eraikitako jakintzen transferentziaren ikuspegitik.

Horrek eskatzen du dinamizatzaileon aldetik sentsibilitate handiz jokatzea eta sortzen diren aukerak probestea, ikasitakoak azaleratzeko eta balioesteko. Lan egiteko modu honek unean uneko eta lekuan lekuko ebaluazioa lantzen du eta amaierako dokumentazioaren bitartez hausnartuko dira prozesuan zehar gertatutako ikaskuntzak.

Ikastaroak sorraraz dezakeen praktikaren inguruko gogoeta eta hobekuntza balioesteko, ebaluazio adierazleak proposatuko dira eta horien arabera, bai materialak, bai jarduerak bai prozesu osoa balioetsiko dira.

Bi zeregin mota egin behar dira ikastaroko partaidetza eta aprobetxamendua ebaluatzeko:

  1. Asteroko lana: astez aste, gutxienez bi mezu esanguratsu idaztea aste horri dagokion foroan, eskainiko diren materialak eta norberaren esperientziak eta kezkak abiapuntu harturik.
  2. Amaierako lana: memoria bat idatziko du partaide bakoitzak, bere ingurune soziolinguistikoa eta ikasgelako errealitatea kontuan hartuz, norberaren ikastetxean ikastaroan ikasitakoa nola baliatuko lukeen argituko duen txostena. Praktikara eraman diren elementuak ere jasoko dira txosten horretan.

Ikastaroa gainditzeko, dakizuen bezala, lan bat entregatu behar da ikastaroaren amaierarako, ikastaroan zehar idatzitakoa osatuz eta txosten formatua emanez. Bost orduko lana izatea espero da.

Lanak hiru zati izatea proposatuko dugu:

  • IKASTAROAN JASOTAKO HAINBAT IDEIA ESANGURATSU, partaideei esanguratsu egin zaizkienak: ideia teorikoak, praktikoak, hausnarketak, esperientziak... bai gugandik, materialetatik eta bai taldekideengandik hartutakoak. Horretarako, ikastaroan zehar hainbat bilduma prestatuko ditugu, astez asteko ideia nagusiak bilduz edota landutako gaiak antolatuz eta material osagarriak iradokiz.
  • NORBERAREN IRAKATS-JARDUNEAN ALDATU/HOBETU NAHI LITUZKEEN ALDERDIAK: atal hau norberaren irakats-praktikaren deskribapen batekin batera joan behar da, aldaketak edo hobekuntzak zertan dautzan hobeto uler ditzagun.
  • PARTAIDEAK ZEHAZKI ZER ALDATUKO DUEN BERE IRAKATS-PRAKTIKAN eta azken zalantzak/galderak: aurtengo ikasturtean edo datorren ikasturtean, zer da ikastarotik hartutako ideietan oinarriturik egingo dituzun aldaketak? Eta zer da aldatu nahi zenukeena baina oraindik ez duzuna argi zer egin edo nola? Atal hau osatzeko, ikastaroan zehar landutako kontzeptuen artetik norberarentzat garrantzitsuenak zertxobait sakondu behar ditu partaideak, bere egoerara egokitzeko eta aurkeztutako aldaketek funts teoriko-praktikoa hobeto uler dadin.

4. Lekua eta datak

Ikastaroa online izango da, ilusionismosocial.org webgunean. 2018ko otsailaren 1ean hasiko da eta martxoaren 2an amaituko dugu. Lagungarri gisa, otsailaren 1 eta 2an bi saio egingo ditugu aurrez aurre, 17:30etatik 20:30etara, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean (Donostia, Oñati plaza 3, z.g., 20018).

5. Astez asteko gaiak

*Oharra: ondorengo kronograma orientaziozkoa baino ez da. Gerta liteke aldaketaren bat egotea ikastaroan zehar, partaideen behar eta kezkei egokiago erantzuteko.

1. astea: Kultura eta kulturak

2018ko otsailaren 1etik 9rarte bitarteko asteak

Kultura eta kulturak: Zer da, baina, kultura? Zergatik nahasten ditugu kultura, folklorea eta hizkuntza? Zer esan nahi du ikasgelan "kulturak" lantzea? Kultura desberdinen arteko harreman-erak.
Azpigaiak: Estereotipoak, aurreiritziak, folkloreak... kulturen inguruan dugun ikuspegia zabaltzea. Kultura instituzionala, masa kultura eta kultura herrikoiak

2. astea: Hizkuntzaren didaktikaren oinarriak

2018ko otsailaren 10etik 16ra bitarteko astea

Hizkuntzaren didaktikaren oinarriak: Zein eredutan oinarritzen duzu zure lana?

Ikuspegi normatiboa, komunikatiboa, partehartzailea. Zergatik utzi behar diogu ikuspegi estrukturalistatik lan egiteari? Paradigma aldaketarako argumentuak. Hizkuntza "didaktizatze-aren" arriskuak eta galerak. Nola egin dezaket lan ikasleekin eta ikasleengandik? (eta ez "ikasle-entzat" edo "ikasleengatik"). Nola ulertzen da ebaluazioa ikuspegi dialektikoan?

Azpigaiak: Hizkuntzaren didaktikaren oinarriak: ikuspegi normatiboa, komunikatiboa, partehartzailea. Ikuspegi dialektikoa eta ilusionismo soziala. Ebaluazioa, beharrak eta asebetetzaileak, eta konplexutasuna.

3. astea: Ahozkotasunean oinarritutako komunikazioa

2018ko otsailaren 19tik 23ra bitarteko astea

Ahozkotasunean oinarritutako komunikazioa lantzearen garrantzia: Orokorrean eskolan hizkuntza idatzizkotasunetik lantzen da, bai lehen hizkuntzak eta bai bigarrenak eta zer esanik ez atzerriko hizkuntzak. Pentsa daiteke hizkuntza bat ikasteko idatzizkotasunak laguntzen duela, idatziz ikasten dena gero ahoz esatea errazagoa delako. Baina ez da gauza bera ahozkoa eta ahozkotasuna.
Zergatik abiatu behar dugu ahozkotasunetik hizkuntzak ikasteko? Ahozkotasuna ez da "ahotik esaten denaren" baliokidea. Pentsatzeak, sentitzeak eta egiteak bateratzeko moduak.
Azpigaiak: Ahozkotasunaren dimentsioaniztasuna. Ahozko komunikazioak eta idatzizko komunikazioak. Diziplinartekotasunetik diziplinen ikuspegia gainditzera.

4. astea: Testuinguru eleanitzetan lanean

2018ko otsailaren 26tik martxoaren 2rako astea

Testuinguru eleanitzetan lanean: Zer aldatu beharko genuke gure irakas-jardueretatik?

Nola egin dezakegu lan ikasgelan eta ikastetxean, dibertsitatea errespetatuz eta bizikidetza eraikiz? Nola landu dezakegu elkarren arteko laguntza, elkarrekin ikasteko? Zer egin dezaket neure ikasgelan/ikastetxean, ditudan baldintzak kontuan harturik?

Azpigaiak: Kultura aniztasuna ikasleekin eta ikasleengandik lan egiten denean: testuinguru eleanitzetan lan egiteko modu irekiak. Identitatea vs. identifikazioak. Egiturak malgutzeko erak. Ahozko historiak. Jabe-gabetzea.