Marka atarian eskuragarri daude jada lehen euskarri berriak
Eduardo Chillidari omenaldi sentitua egiteko baliatu du EHUk marka eraberrituaren aurkezpena eta ‘Ehunenekoak’ abestia estreinatu du
Lehenengo argitaratze data: 2025/07/23
Unibertsitatearen ikur bilakatu den Eduardo Chillidaren lana errespetatuz, haren lanaren eta unibertsitatearen orainaren eta etorkizunaren arteko lotura berritu du EHUk. Ekainaren 30ean aurkeztu du marka eraberritua — logotipoa eta nortasun korporatiboa— Chillida-Lekun izandako ekitaldian. Hala, izenean bi hizkuntzak mantenduta, Chillidaren ikurrak EHU siglak bakarrik eramango ditu aurrerantzean, eta uniberdea izango da kolore korporatiboa, paleta kromatiko berriaren ardatz izango dena.
EHUren etorkizuneko ereserki izateko asmoz sortutako pieza ere aurkeztu du ekitaldi berean EHUren errektore Joxerramon Bengoetxeak: ‘Ehunenekoak’ abestia. Musika Luca Fanelli musikari eta EHUko matematika irakasleak konposatu du; hitzak Jone Uria bertsolari eta Matematika irakasleak jarri dizkio; ekitaldian Leire Berasaluze abeslari, EHUko irakasle eta Gipuzkoako Campuseko idazkari akademikoak jarri dio ahotsa lehenengoz.
Markaren zaintza denon esku
Gaurtik aurrera marka atarian eskuratu daitezke abestiaren partitura eta letrak ez ezik, logotipo nagusiaren bertsio guztiak, sinadura digitala eta aurkezpenetarako PPT txantiloia. Zentzu horretan, Komunikazio Bulegoa lanean ari da ataria eduki berriz hornitzeko; besteak beste, zentro, sail, katedra eta existitzen diren logotipo guztien bertsioak prest izango dira irailean zehar. Bitartean, marka-gida berria eta rebranding-aren azalpen bideoa ere eskuragarri daude bertan.
Bestalde, lehiaketara laster aterako den lizitazio berriak jasoko du lote espezifiko bat Grafika plataforma berritzeko proiektuarekin. Plataforma egungo premietara egokituko da, identitate bisual berritua eta euskarri aukera berriak txertatuko zaizkio, nagusiki alor digitalari lotutako diseinuetarako. Proiektuaren helburua da komunitateko kide guztiek erabateko autonomia izatea beharrezko euskarriak sortzeko, markaren zaintza bermatzearekin batera.