Eduki publikatzailea

100 laguneko bilkuran lehen balantzea partekatu dute zuzendariek gobernu taldearekin batera

Plan Estrategikoa diseinatzeko prozesuari ekingo diote irailean

Lehenengo argitaratze data: 2025/07/23

Talde zabal baten bilera

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektoretza taldea eta bere baitako zuzendari guztiak nahiz gerenteordeak talde bilera zabal batean elkartu dira lehenengoz Bizkaia Aretoan pasa den uztailaren 15ean. Agintaldiko lehen seihilekoa eta 24/25 ikasturtea amaitzearekin batera, bertaratutako ia 100 kideetako bakoitzak hartu du hitza bere balantzea eta erronka nagusiak partekatzeko.  

Batzar-eredu horrek jarraipena izango du, urtero egin nahi baita, ezarritako helburuen betetze-maila ezagutzeaz eta partekatzeaz gainera, taldeko kideen kezkak partekatzeko eta elkarrekin soluziobideak jartzeko ere baliagarri direla iritzita. Errektoretza taldeak entzute-biran oinarrituta ekin zion bidearen eta filosofia horri jarraitu nahi dio talde bilera orokorrak eginez. 

Joxerra Bengoetxea errektoreak azpimarratu zuenez, “era honetako topaketek talde sentimendua indartzeko balio dute eta bide horretan oso lagungarri dira elkarlana sustatzeko”. Hala, funtzionamendurako dekalogoa aurkeztu zuen Bengoetxeak. Gardentasuna,  zintzotasuna eta elkarzaintzaren garrantzia azpimarratzen dira dekalogoa, besteak beste. 

Plan estrategikoa 

Errektoretzaren organigrama osoa osatzen duten kideek bertatik bertara elkar ezagutzeko aukera izan dute. Zuzendaritzaka bereizita, errektoreordetza bakoitzaren egoera eta asmoen mapa osoa irudikatzeko hitzordua izan da. Bat egin du denboran gobernu taldea egiten ari den unibertsitatearen premien diagnosiarekin. Era berean, Plan Estrategiko berria diseinatzeko prozesuari ekingo diote irailean eta horretarako entzute-bira egingo da hiru campusetan.