Bekak Fundación ONCE-CRUE. Desgaitasunak dituzten ikasleentzako praktikak
Deialdiaren oinarriak
“FUNDACIÓN ONCE-CRUE PRAKTIKA-BEKA" PROGRAMA DEIALDIA PRAKTIKA ORDAINDUAK ENPRESATAN DESGAITASUNA DUTEN IKASLEENTZAT – X EDIZIOA
2025/2026 Deialdia
UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO / EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA (EHU)
1. DEIALDIAREN XEDEA
ONCE-CRUE Fundazioaren beken deialdia egiten da. Xedea da kanpoko praktika akademikoen garapena ahalbidetzea desgaitasuna duten ikasleei, beren enplegagarritasuna eta lanbide-etorkizuna garatuz honela.
EHUko graduetan edo master ofizialetan edo berezko graduondoko ikasketetan (EHUko Hezkuntza Premia Bereziak dituzten Ikasleen Arretarako Aukera Berdintasuneko Araudiaren 2. artikuluaren arabera) matrikulatuta dauden eta %33ko edo hortik gorako desgaitasuna legez aitortuta duten ikasleek praktikak egiteko 4 plaza eskaintzen dira.
Programa Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatzen da, FSE+ 2021-2027 Inklusio Programaren esparruan.
2. PARTE HARTZEKO BALDINTZAK
- %33ko edo gehiagoko desgaitasun bat aitortua izatea.
- EHUko graduetan edo master ofizialetan edo berezko graduondoko ikasketetan (EHUko Hezkuntza Premia Bereziak dituzten Ikasleen Arretarako Aukera Berdintasuneko Araudiaren 2. artikuluaren arabera) matrikulatuta egotea eta praktikek dirauten artean titulua ez eskatzea.
- Unibertsitate titulua lortzeko beharrezkoak diren kredituen % 50a gainditua izatea gutxienez izen-ematea egitea epea amaitzerakoan. Masterreko ikasleen kasuan, ez da beharrezkoa uneko kredituak gainditu direla frogatzea.
- EHUko Kanpoko Praktika Akademikoen Arautegia eta eskola/fakultate bakoitzak kanpoko praktika akademikoen arloan ezarritako baldintzak (I. eranskina zerbitzura beteta bidali) bete beharko dira.
3. EPEA ETA IZEN-EMATEA
Eskaria egiteko epea 2025eko abenduaren 10 arte zabalik egongo da.
Eskaria Fundación ONCE erakundearen webgunean irekitako plataformaren bidez egingo da: http://becas.fundaciononce.es
Ikasleak ikastetxeko praktiken arduradunari eskatu beharko dio I. eranskina bete eta sinatzeko. Ikasleak discap@ehu.eus helbidera bidali beharko du eskaria egiteko epea bukatu baino lehen.
4. IRAUNALDIA
Praktikek 3 hilabete jarraian iraunen dute gutxienez, eta harrera-enpresak eskaturik, sei hilabetera luza daitezke, 2026ko otsailaren 1etik abuztuaren 31ra arte. Praktikaldia hileko lehen lanegunean hasiko da beti.
Ordutegia astean gehienez 30 ordukoa izango da eta enpresaren eta bekadunaren artean adostuko da.
Praktikak enpresa handi, ETE, mikroenpresa, gizarte ekonomiaren enpresa, hirugarren sektoreko entitate eta bestelako erakunde publiko edo pribatutan egin daitezke.
5. PRAKTIKAK ESLEITZEA
EHUak bekak esleituko ditu hautagaien artean, ondoko irizpideak aintzat hartuz:
- EHUko Kanpoko Praktika Akademikoen Arautegia eta eskola/fakultate bakoitzak kanpoko praktika akademikoen arloan ezarritako baldintzak betetzea
- Unibertsitate ikasketetako batez besteko nota
- Desgaitasun maila
- Azken ikasturteko ikasleei emango zaie lehentasuna, eta antzeko laguntza ekonomikoen programen beste deialdi batzuetan (hau barne) poltsarik edo laguntza ekonomikorik jaso ez dutenei edo praktika akademikorik izan ez dutenei.
6. ONARTUEN ETA BAZTERTUEN PERTSONEN ZERRENDA
6.1. Onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrenda
Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren eskabideak aztertuko dira. Orduan, EHUko Desgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuko webgunean argitaratuko da Ikasleen eta Konpromiso Sozialerako errektoreordeak onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrenda onartzen duen ebazpena. Behin-behineko zerrendan adieraziko da nork falta duen agiriren bat, eta zein den zehazki falta duena. Zeozer falta dutenek hamar egun balioduneko epea izango dute akatsak konpontzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, zerrenda ohartaraziko da epe horretan akatsak zuzendu ezean ulertuko dela interesdunek atzera egin dutela eskarian, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).
6.2. Onartutako eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrenda
Akatsak konpontzeko epea amaitu ondoren eta eskabideak aztertuta, Ikasleen eta Konpromiso Sozialerako errektoreordeak onartutako eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrenda onartzen duen ebazpena EHUko Desgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuko webgunean argitaratuko da.
7. ERREKURTSOA
Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onartzen duen ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da, hilabeteko epean, argitaratzen denetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitakoaren arabera.
Aurrekoa gorabehera, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da bi hilabeteko epean, erabakia argitaratzen denetik hasita. Berraztertzeko errekurtsoa jartzen bada, ezin izango da administrazioarekiko auzi errekurtsorik jarri harik eta berraztertze errekurtsoaren berariazko edo isilbidezko erabakia eman arte.
8. FUNDACIÓN ONCEren ZUZKIDURA
ONCE fundazioak praktikak finantzatuko ditu eta bekari esleitutako zuzkidura hurrengo izango da:
- 1.800€ poltsa edo laguntza ekonomiko bat emateko parte hartzen duen ikasleari.
- 200€ legeak edo bere arautegiak EHUari, praktikak kudeatzen duen erakundea den heinean, aurreikusten dizkion betebehar guztiak betetzeko, gizarte segurantzari, zergei eta izaera orokorreko beste betebehar guztiei dagokienean.
Unibertsitateak bekaren onuradunei dagokien zenbatekoa ordainduko die eta laguntza ordaintzen duen entitatea den aldetik Gizarte Segurantzari kotizatzeko dagozkion betebeharrak beteko ditu. EHUk ikasketetarako beka edo laguntzari dagokion zenbatekoa ordainduko du ikasleak titular edo titularkide izan behar duen bankuko kontu korrontean.
Deialdi honetan inplikatutako erakundeek ez dute praktika hauek egokitzeko edota egiteko sortu daitezkeen gastuei aurre egiteko aurrekonturik, ondorioz, ez dituzte gastu horiek bere gain hartuko.
Praktiketako laguntza ekonomikoa bateragarria izan daiteke ikasleak enpresatik edo beste edozein erakunde edo erakundetatik lor dezakeen beste laguntza batekin eta desgaitasunagatiko kotizazio gabeko pentsioarekin, legez ezarritako baldintzetan.
Bekaren iraunaldia beteko ez balitz, ikaslearen zein enpresaren erabakiaren ondorioz, aurrerapen handiz abisatu beharko da eta ikasleak egindako praktika egunei dagokien laguntza jasoko du. Uko egitea praktikak hasi eta lehenengo 8 egunetan gertatzen bada, ez da ekarpen ekonomikorik jasoko.
9. PROGRAMAREN KUDEAKETA ETA EXEKUZIOA
Bekak soberan geratuko balira unibertsitateren batean, programa jarraitzeko batzordeak esleituko ditu itxarote-zerrenda duten unibertsitateen artean, banaketa orokorrean aplikaturiko irizpide berberei jarraituz.
EHUaren partaidetza izango duen programaren baldintza orokorren laburpen bat baino ez dira oinarri hauek. Gatazka, desadostasun, zalantza edo erreklamaziorik balego bere exekuzioan edo interpretazioan, lehenak gailenduko dira.
Oinarri hauek sinatzen dituen errektoreordetzak behar diren neurriak hartzen ahalko ditu deialdia behar bezala garatuko dela bermatzeko, eta eskumena izango du oinarri hauetan aipatzen ez diren salbuespenezko egoerak aztertu eta baloratzeko.
10. OINARRIAK ONARTZEA
Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek onartzea. Ikasle onuradunak oinarri hauetan ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, bekadun izateari utziko dio automatikoki.
Asier Blas Mendoza
Ikasleen eta Konpromiso Sozialerako errektoreordea
Vicerrector de Estudiantes y Compromiso Social