Breadcrumb

Eduki publikatzailea

DOKe-n zuzendaritza talde berria urtarrilaren 16ko hauteskundeen ondoren

Lehenengo argitaratze data: 2026/02/09

Eva Portillo Pérez andrea da UPV/EHUko Doktorego Eskolako (DOKe) zuzendari berria 2026ko urtarrilaren 20az geroztik; izan ere, botoen % 90 baino gehiago lortu zuen urtarrilaren 16an egindako hauteskundeetan.

Gotzone Barandika, DOKe-ko aurreko zuzendaria, 2025eko urtarrilean Joxerramon Bengoetxearen errektoretza taldean sartu ondoren etorri da aldaketa. Harrezkero, Portillo idazkari akademiko eta praktiketako zuzendariorde karguetan aritu izan da Edurne Simónen zuzendaritzapean

Eva Portillo Pérez Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakaslea eta ikertzailea da 2004az geroztik,eta 2017an hasi zen gestio akademikoko zereginetan, orduko Master eta Doktorego Eskolako (MDe) komunikazio eta praktiketako zuzendariorde karguan, Ignacio Armentiaren zuzendaritzapean.

Gero, 2019an, MDe egungo Doktorego Eskola (DOKe) bihurtu zenean, idazkari akademiko kargua hartu zuen, Gotzone Barandika zuzendari zela,  eta ardura horretan jarraitu du zuzendari kargua hartu arte. Egun, eskolak 67 doktorego programa ditu bere eskaintzan, eta urtero 4.000 doktoregai inguru hartzen ditu, eta bere zeregina eskolaren lan instituzionala sendotzera bideratua egongo da.

Jarraipena eta esperientzia zuzendaritza taldean

Eva Portillo buru duen hautagaitzak aurreko taldea berritu du eta bost ezagutza adarretako irakasle-ikertzaileen ordezkari ditu. Edurne Simónek (Osasun Zientziak), Olatz González Abrisketak (Giza Zientziak) eta Aida Vallejok (Gizarte eta Lege Zientziak) zuzendariorde lanetan jarraituko dute talde berrian; Sonia Pérez Yáñez izango da, berriz, idazkari akademiko berria, Zientzien arlokoa, hain zuzen ere. Taldean jarraitzen du, bestalde, Flor López Márquezek, eskolako administrazio buruak.

Edurne Simón Magro: Kalitatea Kudeatzeko zuzendariordea zen eta Gotzone Barandikak kargua utzi zuenean jarduneko zuzendari kargua hartu bazuen ere, berriz ere bueltatu da Kalitatea Kudeatzeko zuzendariorde kargura. Farmazia Fakultateko irakaslea da eta kalitate analitikoan aditua. 2017az geroztik, arduraren bat izan du master eta doktoregoen kalitatearen kudeaketan, eta programa guztiak egiaztatzeko prozesuaren buru izan da.

Olatz González Abrisketa: Prestakuntza eta Ikasleen zuzendariordea; antropologoa eta HEFAko irakaslea da eta 2018an hartu zuen karguan jarraitzen du. Bera lanaren helburuak izan dira doktoregaien pertenentzia sentimendua indartzea, zeharkako prestakuntzaren eskaintza sendotzea eta ikasleen ongizate emozionala bultzatzea, eta helburu horiek lehentasun bihurtu ditu DOKe-n.

Aida Vallejo Vallejo: Nazioartekotze eta Komunikazio zuzendariordea; 2024an sartu zen taldean. Harrezkero, nazioarteko mugikortasuna eta tutorekidetzak bultzatu ditu, webgunea hobetu du, eta DOKe-n newsletterra sortu du. Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakaslea da, Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate sailekoa.

Sonia Pérez Yáñez: idazkari akademiko berria, Zientzia Kimikoetan lizentziatua da (UPV/EHU, 2007), eta doktorea 2012tik. Kimika ez-organikoaren arloko irakasle agregatua da, eta 2025eko irailaz geroztik Zientzia eta Teknologia Fakultatean dihardu irakaskuntza eta ikerketa lanetan. Sonia Pérez izango da eskolako euskararen arduradun berria, doktoregoaren arloan euskararen erabilera sustatzeko sortu berri den kargua izanik hau.

Azkenik, Flor López Márquez administrazio burua: Geografia eta Historian lizentziatu da eta esperientzia handiduna zeregin honetan, hainbat hamarkadatan aritu baita zentroaren kudeaketa lanetan; beraz, funtsezkoa izan da bere lana DOKe-k azken urteotan izan dituen aldaketen ezarpenean.

Zuzendaritza talde berriak etapa berri bati ekingo dio, baina badira zenbait gai aurrerantzean ere lehentasunezkoak izango direla eskolarentzat, hala nola: nazioartekotzea, akreditazio instituzionala, ikerketa ildoak eta lantaldeak eguneratzea doktorego programen eskaintza zabalean, eta ikasleei arreta integrala ematea. Eva Portillo buru dela, ziklo berri bati emango zaio hasiera, ardatz izango duena UPV/EHUko Doktorego Eskolaren zeregina indartzea, betiere etengabeko hobekuntzaren, prozedurak sinplifikatzearen eta doktoregoaren kudeaketa akademikoa indartzearen alde lan eginda.