«Euskarazko Doktoregoa» aipamena
2026ko otsailaren 3an argitaratu zen EHUko Doktoregoko Ikasketa Ofizialak Kudeatzeko Erregelamendua arautzen duen ebazpena. Ebazpeneko IX. kapituluak ezarri zuenez, tesia euskaraz egiten duten doktoregaiek «Euskarazko Doktoregoa» aipamena lortu ahalko dute baldintza batzuk betez gero. Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako Errektoreordetzak tramitatuko ditu aipamena eskuratzeko nahitaezko txostenak.
Tesiaren egiletza eta hizkuntza-kalitatea bermatzeko, Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako Errektoreordetzak tesia euskaraz egiteko asmoa adierazten duten doktoregaien jarraipena egingo du. Jarraipenean parte hartzea nahitaezkoa izango da «Euskarazko Doktoregoa» aipamenerako onespen-txostena lortu ahal izateko.
«Euskarazko Doktoregoa» aipamena eskuratzeak euskararen C2 maila egiaztatzetik salbuestea dakar, 47/2012 Dekretuaren arabera.
Behin-behinean, euskarazko tesia 2025-2026 ikasturtean gordailuan uzten duten doktoregaiek aukera izango dute «Euskarazko Doktoregoa» aipamena lortzeko, nahitaezko urratsak egiten badituzte,edo aurreko araudia aplikatzeko (2024ko apirilaren 25eko Ebazpena).
«Euskarazko Doktoregoa» eta «Nazioarteko Doktoregoa» aipamenak aldi berean egin nahi dituzten ikasleentzako argibideak eskuragarri daude «Nazioarteko Doktoregoa» web-orrian.
Zalantzak edo kontsultak: hizkuntza-plangintza@ehu.eus