Unibertsitateen G9 Taldearen VII. Doktorego Jardunaldiak

Unibertsitateen G9 Taldearen VII. Doktorego Jardunaldiak

Unibertsitateen G9 Taldearen VII. Doktorego Jardunaldiak antolatu ditu Errioxako Unibertsitateak, Logroñon, apirilaren 10etik 12ra.

Jardunaldi horiekin doktorea izatearen balioa azpimarratu nahi da gizartean, oro har, eta enpresarien artean, bereziki. Jardunaldi horien bidez, bidea erraztu nahi zaie doktoregaiek elkar ezagutu eta beren ikerlanaren fruitua zabal dezaten. Horretaz gain, unibertsitateko ikerketa karreraren alternatiba profesionalak aurkezteko aukera bada, eta berrikuntzaren ekarle gisa enpresentzat duten garrantzia nabarmendu nahi da, bestalde.

Jardunaldietara, gehienez, G-9ko unibertsitate bakoitzeko 10 doktoregai joango dira, hau da, bost jakintza arlo direnez, 2 pertsona izango dira jakintza arlo bakoitzeko: Arteak eta Giza Zientziak, Zientziak, Osasun Zientziak, Gizarte eta Lege Zientziak eta Ingeniaritza eta Arkitektura. Jardunaldiak Logroñon izango dira, Errioxako Unbertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultatean.

Errioxako Unibertsitateak ordainduko ditu G-9ko unibertsitateetako doktoregaien ostatua eta  mantenua, baita kasuan kasuko sariak ere.

Taldeko gainerako unibertsitateek ordainduko dituzte jardunaldietara beren ordezkari legez doazen doktoregaien bidai gastuak, baita posterren inprimatzea ere.

Interesatuek online bidez bete behar dute izena emateko inprimakia, otsailaren 26a baino lehen, agiri hauek erantsita:

  • Aurkeztuko den komunikazioaren laburpena (gehienez: 300 hitz)
  • CV laburtua (gehienez: 300 hitz)
  • Posterra (PDFa)

UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolak jakintza adar bakoitzeko doktoregaiak aukeratuko ditu legezko epean eta eran aurkeztutako eskarien artetik.