UPV/EHUko Doktorego Eskolaren (DOKe) kalitate politika eta helburuak
Kalitate politika
Euskal Herriko Unibertsitateko Doktorego Eskolak (DOKe) uste du kalitatearen kultura ezartzea faktore estrategikoa dela lortzeko gizarteak aintzat har ditzala eskolako tituludunen gaitasunak, abileziak eta trebetasunak.
Doktorego programen kalitatea antolatu, kudeatu eta bermatzeko funtsezko helburuarekin bat etorriz, DOKek ikertzaile autonomoak prestatzera bideratutako prozedura akademikoak eta ikerketa prozedurak bultzatzen ditu, ikerlan originalen eta metodologia zientifikoaren erabilera zorrotzaren bidez ezagutza berria sortzeko gai direnak. Gizartearen aurrerapen zientifiko, teknologiko eta kulturalari laguntzeko helburuarekin, eskolak uste du kalitate kultura ezartzea funtsezko faktore estrategikoa dela.
Interes horren ondorioz, DOKeko zuzendaritza taldeak, Doktorego Eskolaren xedearekin, ikuspegiarekin eta balioekin bat etorriz, barne analisirako eta hausnarketarako dokumentu bat prestatu zuen, eskolako TEKAZELen, doktorego programen, ikasleen eta erakunde laguntzaileen ekarpenak kontuan hartuta, 2023ko ekainaren 12an onartu zuena DOKeko Kontseilu Iraunkorrak. Dokumentu horretan, eta oinarri hartuta Unibertsitatearen Plan Estrategikoa (2022‑2025), eskolaren bide orria ezartzen da, aipatutako planean zehaztutako ardatz estrategikoetan eta zeharkakoetan oinarrituta eta, era berean, unibertsitatearen ikerketa eta berrikuntza politikari lotuta, gure ikasleen karrera optimizatuz, hala ikerketaren alorrean nola alor profesionalean.
Aldian behin berrikusten den estrategia horren kudeaketan, Doktorego Eskolak garrantzia ematen die bere helburuari, antolaketa eta gobernantza ereduei, kudeaketa etikoari eta erabakiak hartzeko malgutasunari eta arintasunari, ingurumen eta gizarte erronkak integratuz bere garapenean.
Bat etorrita UPV/EHUren xedearekin, ikuspegiarekin eta balioekin, Unibertsitatearen Plan Estrategikoarekin (2022-2025), Graduondoko Ikasketen II. Plan Estrategikoarekin (2023-2026), Ingurumena eta Osasuna Kudeatzeko I. Planarekin (2019-2025), IV. Berdintasun Planarekin (2024-2028), EHUagenda 2030ekin (2019-2025) eta eskolaren arautegiarekin (2019), bai eta DOKeren hausnarketa estrategikoarekin (2023) ere, Doktorego Eskolak bere kalitate politika ezartzen du, eskolaren prestakuntza, ikerketa, eta kudeaketa jarduerak planifikatu, garatu, eta hobetzeko eta horien jarraipena egiteko erreferentzia esparru gisa, baita GJHak integratzeko jarduerak zein eskolaren ardura diren gainerako guztiak ere.
Doktorego Eskolak, kalitatearen kultura hori finkatzeko asmoz, Kalitatearen Barne Bermerako Sisteman (KBBS) ezartzen ditu emandako titulazioen kalitatea bermatzeko beharrezkoak diren prozesuak, prozedurak eta ekintzak. Kalitate Batzordeak KBBSren plangintzan eta jarraipenean parte hartzen du, zuzendaritza taldearekin batera. Eskolako Kontseilu Iraunkorrari dagokio ikastegiko kalitate politika eta helburuak onartzea, bai eta Kalitate Batzordearen eraketa, osaera eta eginkizunak onartzea ere. Kontseilu horri dagokio, era berean, titulazioei dagozkien hobekuntza ekintzak onartzea, kontuan hartuta Kalitate Batzordeak aldez aurretik egindako txostena, betiere KBBSren esparruan. Eskola barruko interes taldeetako ordezkariek osatzen dituzte organo horiek (zuzendaritza taldea, titulazioen ordezkari diren IRIak, erakunde laguntzaileak, TEKAZELak eta ikasleak), eta horrek bermatzen du guztien parte hartzea kalitate politika eta helburuak definitu, eguneratu eta onartzeko orduan.
Kalitate politika hau dator analisi eta hausnarketa prozesu batetik: prestakuntzaren garapena, ikerketa eta ezagutza transferitzeko eskaria dela‑eta DOKek, hezkuntza komunitateak eta gizarteak dituzten premiei buruzko azterketa eta hausnarketa prozesutik, hain zuzen; eta helburu hauetan oinarritzen da:
- 1. helburua. Kalitatera eta bikaintasunera bideratutako prestakuntza programak eskaini eta eskaintza horri eustea, bat etorrita irakaskuntzaren eta gizartearen eskakizunekin eta eskaerekin.
- 2. helburua. Doktorego tesiei ikusgaitasuna eta zabalkundea ematea, gure unibertsitateko doktorego ikerketari balioa emateko elementu gisa, talentua erakartzeko eta sortutako ezagutza sustatzeko.
- 3. helburua. Bikaintasuneko ikerketa zientifikoa sustatzea eta haren proiekzio nazionala eta nazioartekoa bultzatzea, eragin sozial, teknologiko eta ekonomikoa duten sektore estrategikoekin lankidetza aliantzak eginez, ezagutzaren trukea eta transferentzia bultzatu ahal izateko.
- 4. helburua. Giza baliabideen kudeaketa optimizatzea, beharrezko laguntza eta prestakuntza emanez, eta materialak eta zerbitzuak kudeatzea, eraginkortasunez eta efizientziaz erabiltzen direla bermatuz.
- 5. helburua. Ingurumen, gizarte eta gobernantza politikak aplikatzea, konpromiso soziala eta erakundeek sustatutako jasangarritasun estrategia kontuan hartuta.
- 6. helburua. Barne eta kanpo komunikaziorako mekanismo eraginkorrak ezartzea eta horiei eustea, interes taldeen aurrean kontuak ematen direla ziurtatuta.
- 7. helburua. Kalitatearen Barne Bermerako Sistemaren (KBBS) eraginkortasuna, iraupena eta etengabeko hobekuntza bermatzea, aldizkako berrikuspenaren bidez.
- 8. helburua. DOKeren nortasun instituzionala eta hura osatzen duten eragileen aitorpena indartzea.