Eduki publikatzailea

Sentitu, zaindu, lagundu. Berbiziko boluntario egin zaitez!

Lehenengo argitaratze data: 2026/11/10

Berbizi programa jartzen da martxan Gipuzkoan, helburu argi batekin: zaintza komunitarioa eta indarkeria matxisten aurreko erantzun kolektiboa indartzea, emakume boluntarioen sare bat sortuz. Programak emakumeen bizitza, autonomia eta ongizatea erdigunean jarriko ditu, eta, aldi berean, laguntzeko sare komunitarioak indartuko ditu.

Berbizi emakume boluntarioen sare sozial eta komunitario indartsu bat ehuntzeko asmoz sortzen da. Prestakuntzaren eta elkarrekiko laguntzaren bidez, laguntza-prozesu askotarikoak, berritzaileak eta iraunkorrak bultzatzen ditu sare horrek, bizitza eta zainketak erdigunean jarriz. Helburua da indarkeria matxistei aurre egiten dieten emakumeei laguntzeko tokiko gaitasunak indartzea, erantzun komunitarioa indartuz eta kolektiboki gizarte bidezkoago, seguruago eta bizigarriago baterantz aurrera eginez, non emakumeen ongizatea eta duintasuna lehentasun partekatua izango diren.

Berbizik emakumeen egunerokotasunean ezberdintasuna eragin dezaketen laguntza-prozesuak eskaintzen ditu: besteak beste, ardurapeko pertsonak zaintzeko laguntza, hizkuntza eskuratzeko eta ulertzeko laguntza, loturak eta sareak sendotzeko laguntza soziala eta komunitarioa, eta laguntza emozionala.

Gustatuko litzaizuke proiektu hau babestea eta proiektu honen parte izatea?

Berbizi proiektuak boluntarioak bilatzen ditu indarkeria matxistek eragindako kalteberatasun-, isolamendu- eta bakardade-egoeretan dauden emakumeei eta haien seme-alabei laguntzeko. Loturak sortzea, sare komunitarioak sendotzea eta berreskuratze- eta gizarteratze-prozesuak bultzatzea da Berbiziren helburua, eta hau profesionalekin koordinatuta egitea da asmoa.

Boluntarioak ekintza hauek egingo ditu:

  • Alfabetatze laguntza testuinguru informaletan. 
  • Pertsonari bere inguruneko baliabideak ezagutzen laguntzea eta honen aisialdi denboran parte hartzea. 
  • Kontziliaziorako laguntza eskaintzea.
  • Pertsona komunitatean integratzen laguntzea.

Halaber, talde bat osatuko duten pertsonak behar ditu, haurrak aisialdiko eta denbora libreko testuinguruetan artatzeko.

Ez da beharrezkoa aldez aurretik esperientzia izatea, errespetutik eta konfidentzialtasunetik laguntzeko konpromisoa eta gogoa bakarrik. Programaren dedikazioa astean behin izango da, gutxi gorabehera.

Boluntariotzak eragin nabarmena du emakumeengan eta haien familiengan, baita boluntarioengan ere, eta elkarrekiko ikaskuntza eta hazkunde pertsonala sortzen ditu. 18 urtetik gorako emakumea bazara eta hurbiltasunetik eta zaintzatik lagundu nahi baduzu, parte hartzera animatzen zaitugu.

Kontaktua: berbizi@berbizi.org ; +34 688 88 13 69 (Whatsapp)