Hondakinen kudeaketa

Hondakinen eta kutsatutako lurzoruen uztailaren 28ko 22/2011 legearen arabera, hondakin gisa definitzen da edozein gai edo objektu, jabeak baztertu edo baztertzeko asmoa edo beharra duena. Hortaz, hondakinak ditugu ezertarako balio ez duten gaiak, objektuak, elementuak eta beste, zokoratu edo baztertzeko direnak.

Aipatutako 22/2011 legeak, hondakinei buruzko Europar Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/CE zuzentaraua espainiar araubide juridikora dakarrenak, azaltzen du hondakinen prebentzio eta gestiorako politikak eta legeria garatzeko ardura eta eskumena duten administrazioek honako hierarkia hau (hurrenkera honetan) aplikatu behar duten hondakinei dagokienez:

  1. Prebentzioa eta minimizazioa.
  2. Berrerabilera.
  3. Birziklatzea.
  4. Baliaraztea.
  5. Ezabatze eta isurtzea.

Iraunkortasun arloko zuzendaritza, UPV/EHUren hondakin arriskutsuen gestioaren ardura duen unitatea baita, ezin egon daiteke hierarkia honen aplikaziotik at eta hainbat ekimen lantzen ari da hondakinen sorreraren prebentzioa, hondakin hauek osatzen dituzten gaien arriskua gutxitu eta, unibertsitatearen jarduerak sortzen dituen hondakin arriskutsuen kantitatea murriztea helburuarekin.

Hondakin arriskutsua da ondoren zerrendatzen diren ezaugarrietako bat edo batzuk dituen hondakina: lehergarria, kantzerigenoa, erregarria, korrosiboa, sukoia, infekziosoa, narritagarria, toxikoa, kaltegarria, mutagenoa eta/edo ekotoxikoa.

UPV/EHUko irakaskuntza eta ikerkuntzako tailer eta laborategietan sortzen diren hondakin arriskutsuen barruan, nabarmendu behar dira jatorri kimikoa dutenak, hondakin sanitarioak, hondakin erradioaktiboak, gailu elektriko eta elektronikoen hondakinak (GEEH) eta esperimentazio animalien hondakinak (SANDACH).