Eduki publikatzailea

Urretxindorra programa: konektatu, partekatu eta eraldatu

Lehenengo argitaratze data: 2026/09/30

Zer da Urretxindorra?

Urretxindorra mentoria sozialeko programa bat da, Gipuzkoako SOS Arrazakeriak sustatua. Hamar urte baino gehiago daramatza konfiantzazko loturak sortzen unibertsitateko gazteen (mentoreak) eta jatorri migratzailea duten familietako 10-14 urteko haur eta nerabeen artean.

Programak asteroko topaketak sustatzen ditu aisialdirako espazioan, denbora, esperientziak eta jarduerak partekatzeko. Konpainia soil batetik haratago, errespetuan, elkarrekiko ikaskuntzan eta konfiantza-loturetan oinarritutako bide bateratu bat eraiki nahi da, adingabeen ongizate psikosoziala hobetzen eta gure gizartea eraldatzen laguntzeko. Parte-hartzaile bakoitzak bere historia duelako eta familiaren jatorriak ez duelako inor definitzen.

EHUk, Garapen Jasangarrirako eta Konpromiso Sozialerako Zuzendaritzaren bitartez, aktiboki laguntzen du programa honetan.

Zer esan nahi du mentore izateak?

EHUko ikasle gisa, Urretxindorran parte hartzeak esan nahi du ikasturtean zehar astean arratsalde bat (2-3 ordu) ematea nerabezaro-aurreko bati (10-14 urte) bere aisialdi-ingurunean laguntzen.

Kontua da lotura afektibo seguru bat izatea, entzutea, partekatzea eta zaintzea. Ez duzu aditu bat izan behar: SOS Arrazakeria arduratzen da mentoria sozialean trebatzeaz eta prozesu osoan zehar etengabeko jarraipena eta laguntza egiteaz.

Zer ekarpen egin dezakezu eta zer ikas dezakezu?

  • Ematen duzuna:

    • Zure denbora, presentzia, entzute aktiboa eta laguntza.

    • Partekatzeko interesak, zaletasunak eta esperientziak.

    • Errespetuan, jakin-minean eta konpromisoan oinarritutako jarrera irekia.

  • Eramaten duzuna (ikaskuntzak):

    • Aurreiritziak eta estereotipoak zalantzan jartzeko aukera.

    • Enpatiatik erlazionatzen eta zeure begiradaren eragina antzematen ikastea.

    • Askotariko errealitateetara hurbiltzea, etiketak alde batera utzita.

Zer eskatuko diegu parte-hartzaileei?

  • Konpromisoa: Loturaren jarraipena zaintzea eta akordioak ikasturte amaierara arte betetzea.

  • Entzutea eta enpatia: epaitu gabe entzutea, beste pertsonaren denborak errespetatuz.

  • Erantzukizuna eta errespetua: Adingabea ahotsarekin, nahiekin eta erabakitzeko gaitasunarekin dagoen norbait dela onartzea, erakundearekin komunikazio arduratsua mantenduz.

  • Malgutasuna eta berrikusteko gaitasuna: Egoeretara egokitzeko eta munduari begiratzeko dituzun moduei buruz hausnartzeko prest egotea.

Bat egin 13. edizioarekin! (2026-2027 ikasturtea)

EHUko ikaslea bazara (batez ere Gipuzkoako Campusean) eta boluntariotza eraldatzaileko esperientzia bizi nahi baduzu, pausua ematera animatzen zaitugu.

Bide hau partekatzera animatzen zara?