Boluntariotzaren azoka

UPV/EHUk, euskal gizartean erroturiko unibertsitatea da, munduari irekita dagoena, eta erreferentzia eredua izan nahi luke gizarte konpromisoaren eremuan. Horiek horrela, UPV/EHUren Plan Estrategikoa 2018-2021-en helburuetako bat da ikasleen artean unibertsitate balioak, lankidetza, berdintasuna, pentsamendu kritikoa, sormena eta gizarte konpromisoa bultzatzea, herritar gisa prestakuntza integrala jaso dezaten. Azpimarratzekoa da, helburu hori erdiesteko proposatutako ekintzen artetik, elkartasuna eta lankidetza bezalako unibertsitate balioak ikusgarri egin eta sustatzeko jarduerak antolatzea.

Unibertsitatearen esparruan boluntariotza sustatzeko ideia jasotzen da Ikasleen I. Partaidetza Planean (2012ko uztailaren 19an onetsi zen). Plan horrek proposatzen du, besteak beste, Campusean ekitaldiak antolatzea, ikasleei ezagutzera emateko boluntariotzarekin eta kooperazioarekin lotutako hainbat partaidetza modu.

Boluntariotza Azokak, 2015az geroztik antolatzen ari denak, gizarte erakundeen eta unibertsitateko kideen arteko topagune bat izan nahi du, UPV/EHUko ikasleak zein langileak arlo horretan sentsibilizatzeko ez ezik, informatu eta parte hartzera animatzeko ere.

Helburuak honako hauek dira:

  • Gizarte erakundeek gure inguruan egiten duten lana ikusgarri egitea eta ezagutaraztea.
  • Boluntariotza solidarioari lotutako balioak hedatzea (konpromisoa, gizarte erantzukizuna, solidaritatea…).
  • Boluntarioek egindako lana aitortzen laguntzea.
  • Gizarte partaidetza sustatzea unibertsitateko kideen artean.