Altzako ahozko historien proiektuari buruz

Dinamizazio komunitarioa Altza auzoan ahozko historien bitartez

Proiektu honek ez du aldez aurretik ezarritako helburu finkorik, ideia da auzoan zehar topatzen dugun jende eta kolektiboekin eraikitzen joatea, eta auzotar izan gabe ere, beren bizi eta lan esperientziak eskaini nahi dituzten pertsonekin batera egitea.

  • Proiektuaren ikertzaile nagusia: Ainhoa Ezeiza (Hezkuntza eta Kirol Fakultatea, UPV/EHU)
  • Ahozko historien ikertzaile-koordinatzailea: Javier Encina (UNILCO-espacio nómada)

Denok ditugu gure bizitzari buruzko oroitzapenak, eta horietako asko auzoarekin lotuta egoten dira. Gure proposamena da oroitzapen horiek ez izatea memoria hutsa, baizik eta, areago, baliagarriak izatea auzoko bizitza eraikitzen segitzeko.

Orainaz eta etorkizunaz hitz egiteaz gain, iraganean bilatu nahi dira oraina eta geroa kolektiboki eraikitzen lagunduko diguten moduak, eguneroko espazio eta denborak dinamizatzeko eta nahi dugun bizitza bizitzeko. Auzoko bizikidetzak, funtsean, esan nahi du gure inguruan dagoen jendearekiko indiferente ez izatea eta komunitateko kide aktiboak izatea.

Horretarako, auzoko pertsona eta kolektiboekin elkartzen ari gara, hainbat elkarrizketa egin ditugu, eta eguneroko bizitzako harreman-moduak hobeto ulertzeko, auzoko espazio desberdinetan gabiltza gara, une desberdinetan.

Gure ideia da bai banakako, bai taldekako elkarrizketak egitea, eta eraikitze prozesu kolektiboan nahi duten auzotar guztien ahotsak jasotzen saiatuko gara, auzoko historiari buruzko tailerrak antolatuko ditugu, edo argazkiak eta bestelako material adierazgarriak biltzeko topaketa txikiak...

Hau da, auzoari buruzko material batzuk eraikitzea, geure historiaren eraikitze kolektiboaren fruitu eta prozesu osoa kolektiboki eraikiz, eta sortutako materialak, era berean, baliagarriak izatea elkarteetan eta hezkuntza-guneetan, eguneroko espazio eta denboretan, auzoaren iraganari, orainari eta geroari buruzko eztabaida berriak eragiteko, etnia, adin, genero, klase sozial eta lan-kultura desberdinetako jendearen artean bizikidetza dinamizatzeko lagungarri gisa.

Sortzen ari garen materialak auzoko edozein pertsonarentzat eskuragarriak eta maneiagarriak dira, horregatik askotariko adierazpideak erabiliko dira eta Creative Commons lizentziapean egongo dira (hau da, jende guztiak doan eta aske erabili ahal izateko moduan).

Auzora egindako hurbilpenaren ostean, bertako jendearekin topatu eta gizarte-erakundeekin elkartzen hasita, aukera eta sentsibilitatearen bidez egoki ikusi dugu lehen lan-lerroa hezkuntza-prozesuekin lotutakoa izatea. Ideia horrekin, pentsatu dugu xumeenetik hastea, alegia, elkarrizketetan eta bestelako materialetan azaldutako hainbat gai hartu eta marrazkiak eta fitxak sortzea. Horrekin espero dugu jende gehiago animatzea parte hartzera, historiaren zenbait alderdiren ezagutza sustatzea, eraikitze kolektibo eta elkarren arteko laguntza-modu bizikidetzazkoak sortzea, auzoko ikastetxeetan lanean hasteko materiala prestatzea eta horrela, orain arte topatzeko aukerarik izan ez dugun jendearengana iristea.

 

ORAIN ARTE EGINDAKO ELKARRIZKETAK ETA BILDUTAKO MATERIALAK

Sozializazio-espazio informaletan izandako ehunka bat-bateko elkarrizketez eta auzoan zehar egindako transeptuez gain, hainbat elkarrizketa eta material modu sistematikoan bildu ditugu. Gure lehen kezka izan da proiektua hasi aurretik egindako lanak baliatzea eta aitzatestea, oso lan onak egin direlako, bai ikuspegi historikotik, bai kulturaren ikuspegitik, bai ikuspegi komunitariotik abiatutakoak.

Horrela, esan daiteke bost iturrirekin egiten ari garela lan:

  • Bat-bateko topaketetan, eguneroko espazio eta denboretan eta auzoan egindako transeptuetan jasotako informazio ez sistematikoa, modu sistematikoan jasotako informazioa eta testuingurua interpretatzen eta lehen mailako soziabilitatea eta bizikidetza lantzen laguntzen digutenak (iturri informalak). Landa-egunerokoaren bidez jasotzen ari gara.
  • Elkarrizketak: 2020ko maiatzeko dataz, 27 elkarrizketa egin ditugu ahozko historiak tresnaren jarraibideak kontuan hartuta, ISMko mintegikideek 2017-2020 tartean eginak. Altzako Historia Mintegiak (AHM) egindako 26 elkarrizketa ere landu dira, Lekukoak proiektuan egindakoak. Ahotsak proiektuan ere, Altzako 19 herritarren elkarrizketak dituzte jasoak.
  • Bestelako material autobiografikoak: altzatarrek idatzitako 24 dokumentu autobiografiko aztertu dira, eta Uztai Belar elkarteak bildutako 8 emakumeren kontakizunak ere jaso dira.
  • Argazkiak, bideoak eta bestelako ikus-entzunezko materialak: zenbait herritarrek eskaini dizkiguten materialez gain, AHM eta altza.info webguneetako argazki eta bideoak baliatu ditugu (Creative Commons Aitortu-Ez Komertziala-CC BY-NC 3.0 lizentziapean)
  • Iturri bibliografikoak: askotariko iturriak erabili baditugu ere, bereziki azpimarratu nahi dugu Altzako Historia Mintegiaren (AHM) dokumentazio-lanari esker eskuratu dugun material baliotsua, baita Donostiako historian urte luzez aritutako pertsona batek Altzari buruz helarazitako dokumentazioa ere (mapak, kronikak...).

Horrez gain, proiektu honetan hezkuntza-lerroa garrantzitsua denez, proiektu honetarako dokumentazioa biltzeaz gain, beste leku batzuetan antzerako hezkuntza-proiektuak gauzatzeko bide bat erakutsi nahi genuke, eskola-eremurako batik bat. Askotan, eskoletako materialetan oso presentzia txikia du eskola bera txertatuta dagoen komunitatea, eta erakutsi nahi dugu oso baliotsuak direla ingurune natural eta sozialaren ekarpenak haur eta gazteen hezkuntza prozesuetan.

 
PARTE HARTU NAHI DUZU? BEGIRA NOLA!

Proiektu hau bizirik dago eta jendearekin eta jendearengandik abiatuz lan egiten dugu.

Horregatik, modu askotara har dezakezu parte, zeuk erabakitzen duzunaren arabera, edo duzun denboraren arabera... Ez da beharrezkoa auzoko kontuetan "aditu" izatea, ezta zure familia osoa "betidanik" auzoan bizi izana ere, edo adin jakin bat edukitzea. Auzoko jende guztiak du zer esana, ze bere eguneroko bizitza eginez ari da auzoa eraikitzen eta bizitzen.

Hauek dira parte hartzeko aukera desberdinak (seguruenik modu berriak zabaltzen joango dira prozesuan zehar, jende gehiagok parte hartuz sormena kolektiboagoa denean):

  • Banakako elkarrizketa batean parte hartzea: auzoan duzun bizitza kontatzea, edo auzoari buruz dakizkizun gauzak azaltzea, zuk nahi duzun modura, zuk nahi duzunari buruz, nahi duzun bezala.
  • Kolektibo batean parte hartzen baduzu, kolektibo horren inguruko taldekako elkarrizketan parte hartzea.
  • Auzoari lotutako argazkiak, marrazkiak, artisau-lanak, abestiak, istorioak... konpartitzea.
  • Tailerretan parte hartzea: testuak erredaktatzeko tailerrak, debate-tailerrak, auzoko ahozko historien materialak sortzeko tailerrak...
  • Historiak debatitzea eta partekatzea zure eguneroko espazioetan
  • Nahi izanez gero, zuk zeuk egitea entrebistak ezagutzen duzun jendeari.
  • Elkartzeko lekuak eskaintzea, topaketak erraztea, antolatzea
  • Proiektu hau zabaltzea (ahoz aho, edo eskura dituzun teknologiak erabiliz)
  • Informazioa gune digitaletara igotzea
  • Irratsaioak, telebista saioak, muralak eraikitzea edo historiak komunikatzeko beste modu batzuk

Harremanetarako, eposta honetara idatz dezakezu: ilusionistasozialak@gmail.com edo proiektuko koordinatzailearekin harremanetan jarri zuzenean (Ainhoa Ezeiza) telefonoz edo watxap bidez: 635754847

 

PROIEKTUKO BALIABIDEAK

Proiektu hau abiatzeko ez dugu dirulaguntzarik eskatu, ezta babeslerik ere; ez dugu inolako erakunderen menpe lan egin nahi auzoan lan egiteko, proiektua elkarrekin eraiki ahal izateko, auzoko jendearekin batera erabakitzen dugun moduan.

Hauek dira uneotan ditugun baliabideak:

  • Unibertsitate publikoko irakasle-ikertzaileok ikerketarako kontratuz eskaini behar ditugun orduak (lan-sari publikoaren bidez dagoeneko ordainduta daudenak).
  • Gradu eta doktoretzako bi ikaslek ikerlanari eskaini behar dioten orduak.
  • UNILCO-espacio nómada elkarteko ikertzaile baten ordu boluntarioak, diru-saririk jasotzen ez duena.
  • Ilusionista Sozialen Kolektiboak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eskaintzen dituen webguneak.
  • Ilusionista Sozialen Mintegiak (ISM-UPV/EHU) eskaintzen dituen grabazioak egiteko materialak (grabagailuak, bideo-kamerak) eta eskaner eramangarri bat.
  • Euskal Herriko Unibertsitateko bilera eta topaketetarako lekuak.

 

PROIEKTUAREN IKAS-MATERIALGINTZA DIGITALAREN IKERKETA-ATALAREN FLUXU-DIAGRAMA

Gorago argitu dugun bezala, proiektu honek askotariko hariak ditu, modu konplexuan ehuntzen ari direnak. Horietako bat materialgintza digitalari lotutakoa da, eta atal honek ibilbide propioa du proiektuan.

Ikerketa honen zenbait atal partekatzen baditugu ere (auzora hurbildu, harremanen mapeoa, dokumentazioa bildu, elkarrizketetan parte hartu, auzoko eragileekin elkartu...), ikas-material digitalak eratzeko atala ikerketa-proiektu propio bat da.

Ikerketaren atal honetan, hainbat unitate didaktiko digital eratuko dira, horretarako beharrezkoak diren kalitate-estandarrak kontuan hartuta. Proiektu hau 2021eko urtarrilean amaitzea aurreikusten da.

  • Ikas-material didaktiko digitalei lotutako proiektuaren ikertzailea: Nahia Delgado de Frutos (doktorego ikaslea)
  • Ikas-material didaktiko digitalei lotutako proiektuaren zuzendaria: Daniel Losada Iglesias (tesi-proiektuaren zuzendaria)

Proiektu zehatz honen fluxu-diagrama honakoa da: