ISM2021 Nazioarteko Topaketa Birtuala, abuztuak 4-5

Jakintzen solasaldia hezkuntza eta komunitate dinamizazioaren inguruan

Lehenengo argitaratze data: 2021/07/26

KONEKTATZEKO: https://tinyurl.com/encuentroism

 

2014an Ilusionista Sozialen Mintegia eratu zenetik, urtero-urtero antolatu ditugu jardunaldiak, topaketak eta ikastaroak (2020. urtean izan ezik). Ohitura on hori berreskuratuko dugu aurten, abuztuaren 4 eta 5ean.

Azken bi urteetan, proiektu interesgarriak ezagutu ditugu eta informalki ideiak trukatzen aritu gara. Topaketa birtual hau baliatu nahi dugu proiektu horietan eta beste zenbaitetan dabiltzan pertsonak harremanetan jarri eta esperientziak trukatzeko, elkarrekin eta elkarrengandik ikasten jarraitzeko.

Saio digitalak antolatzeak zurruntasun edo egitura pixka bat izatea eskatzen digu. Guretzat, politena litzateke jan-edanaren inguruan elkartu, berriketa ederra egin eta orduak bizikidetzan ematea, baina digitalki egiteari esker, munduko leku desberdinetan gauden pertsonak elkartzeko aukera izango dugu. Egongo dira aurrez aurrekotasunerako aukerak aurrerago ere!

Bi gai nagusi jorratuko ditugu: hezkuntza eta dinamizazio komunitarioa. Bi kasuetan, uneotan garatzen ari diren esperientzietatik abiatuko gara, bertan parte hartzen duten ahotik entzunda.

ISM2021 DATAK, ORDUA ETA SAIOAK

Saioak 18:00etatik 21:00etara izango dira (UTC+2) (Mexiko: 11:00. Argentina: 13:00. Kanariar Uharteak: 17:00).

  • Abuztuak 4, asteazkena.

Haur eta gazteekin hezkuntza-eremuan lan egiten dugunean, zalantza handiak sortzen zaizkigu askatasuna, kultura, jakintzak, harremanak, bizikidetza, sormena eta aisia nola elkarlotu planteatzen dugunean, kultur inbaditzaile izan gabe. Teorian, gauzak nahiko argi ditugu: antiautoritarismoa, elkarren arteko laguntza, elkar zaintza (zaintza horizontalak), konfiantzazko harremanak, eguneroko bizitzaren autogestio kolektiboa, autoestimu pertsonala/taldearena/kolektiboa... Baina egunerokotasunean, oztopo ugari gainditu behar ditugu: burokratikoak, finantzei lotutakoak, presio soziala, gure geure aurreiritziak eta mugak, hezkuntzak berez ezartzen dituen botere-harremanak... Egoeren konplexutasuna kontuan hartuta, saiatuko gara gure kontraesanei nola egiten diegun aurre argitzen eta sakontzen.

Saio honetan, hasierako aurkezpenaren ostean, aurkezpen hauek izango ditugu:

Fanzine ZERO en una escuela de educación infantil. Aitziber Arruabarrena (Gasteiz, Euskal Herria)

Esperientzia hau, Gradu Amaierako Lan gisa garatu da, Gasteizko Ramon Bajo eskola publikoan. Auzo honetan, autogestioari lotutako auzo-mugimendu indartsuak daude eta eskolan ere, kulturartekotasuna lantzeko eta bazterkeria gainditzeko hainbat ekimen gauzatu dira. Proiektu honetan, gurasoen, haurren eta eskolako langileen partehartzea sustatu da arte alternatiboaren laguntzaz, fanzine digital eta paperezko bat eratzeko.

Entretejer con la palabra colectiva. Sinaí Rivera Martínez (Mexiko Hiria).

Aurkezpen honetan, hainbat esperientzia elkarlotuko dira: haur hezkuntzako eskoletako maistrekin egindako formazio-lana, emakumeen josketa kolektiboaren garrantzia, eskola iraultzeko egindako hainbat esperientzia... bai Mexiko Hirian eta bai inguruko beste hainbat lekutan. Mujeres y la Sexta mugimenduko hainbat ekimenen berri ere argituko dira, besteak beste, "El mal llamado tren maya" ipuin kolektiboaren sorkuntza prozesuaz hainbat zertzelada emango dizkigu Sinaík.

La fotografía como recurso en las clases de Lengua y Literatura: otras historias por y para contar. Virginia Noelí Barré (Rosario, Argentina).

"Kale argazkia" deritzonaren bitartez, kanon/kontrakanon aurkaritza gainditu nahirik, esperientzia hau gauzatu da derrigorrezko bigarren hezkuntzaren 1. mailako ikasleekin. Narratiben kontura sortzen diren borroka dualistak gainditu eta normalean lantzen ez diren gaiak jorratu dituzte, artearen laguntzaz, ikasleei hitza emanez eta sormenaren dibergentziak ematen duen askatasuna baliaturik.

Lau aurkezpenen ostean, hezkuntzaren alderdi zehatzen inguruko solasa zabalduko dugu, esperientzien laguntzaz, eta nahi duenak hartu ahal izango du hitza, esperientziak gehiago sakontzeko, ideiak trukatzeko edo sortutako oztopoen aurrean izandako bizipenak eta hausnarketak sustatzeko.

Extensión e invasión cultural ¿Se puede debatir en la universidad? Ainhoa Ezeiza (Gasteiz, Euskal Herria).

Paulo Freireren jaiotzaren 100. urteurrena dela eta, bere obrari buruzko hiztegi batean parte hartzera gonbidatu gaituzte, "Extensionismo e invasión cultural" eta "Comunicación" sarrerak idazteko. Hori dela eta, Freireren lana berrikusteaz gain, arreta bereziz landu genuen honako artikulua: ¿Extensión o comunicación? La concientización en el medio rural. Lan honetan azaltzen diren hausnarketak eta printzipioak lagungarri gisa erabili ditugu Lehen Hezkuntzako graduko 1. mailako ikasleekin jabegabetzeari lotuta egindako lana aztertzeko, gai sortzaileak erabiliz kolonizazio kulturala murrizteko.

Moderatzailea: Ainhoa Ezeiza

 

  • Abuztuak 5, osteguna.

Saio honetan, dinamizazio komunitarioan jarriko dugu arreta nagusia, eta hezkuntza eraikitze kolektiboarekin egongo da nagusiki loturik. Komunitatean lan egiten dugunean, posizio etiko argia izan behar dugu, jendea gure helburuetarako erabilia izan ez dadin. Jendearekin eta jendearengandik lan egin behar dugu, jendea subjektu gisa onartuz eta banakako subjektutik subjektu kolektiborantz joz, eguneroko bizitzaren autogestio kolektiboa dinamizatuz. Esperientzietatik abiatuko gara, konplexutasunez eta konplexutasunetik lan egiteko moduen inguruan solasteko.

Saioaren hasieran, aurkezpen orokorraren ostean, aurkezpen hauek izango ditugu:

La construcción colectiva del conocimiento comunitario a través de las historias orales para la creación de materiales didácticos digitales. Nahia Delgado de Frutos (Donostia, Euskal Herria).

Proiektu honetan, ahozko historiak bildu dira Donostiako Altza auzoan komunitatea dinamizatzen laguntzeko, eta historia horietatik abiatuz hainbat ikas-material sortu dira, Altzako ikastetxeetan erabiltzeko. Ahozko historiak zer diren jakiteko, webgune honetara jo dezakezu: https://historiasorales.org/

Participación con niñxs en contexto de migración ("primera/ segunda generación"): Construyendo espacios comunes en la infancia. Stephan Moore (Berlin, Alemania).

"Kinderclub Bellermannstr." proiektuan, 6 eta 13 urte arteko haurrekin batera espazio bat eraiki nahi da kolektiboki, Berlingo Gesundbrunnen auzoan. Bertan, gentrifikazio eta espazioen pribatizazio prozesuak estatuaren burokraziarekin aliatu dira, eta haurren erresistentzia funtsezkoa da, kaleen okupazioari eutsiz. Hala ere, gero eta debeku eta muga handiagoak daude, haurrak zokoratzeko, nagusiki migratzailez osatutako auzo honetan. Proiektuan, haurren arteko harremanak dinamizatzen dira, espazio hau aniztasunez eraikitzeko, eta, era berean, matxismoaz, genero-rolez, arrazakeriaz, bortizkeria fisikoaz, jazarpenaz, kontsumismoaz, ingurumenaz... hausnarketa sustatzeko.

Andanzas, ayuda mutua y construcción colectiva en la EDCO, Espacio de Educación Común: Investigación y creación comunitaria. Emiliano Urteaga eta Emilia Negrete (Mexiko Hiria).

Askotariko esperientziak garatu dituzte UACM Mexiko Hiriko Unibertsitate Autonomoan, lehenik LaTICfm laborategian eta berriki EDCO ikerketa eta sortze gunean, besteak beste Lomas de Zaragozako ahozko historiekin egindako dinamizazio komunitarioa, osasun eta jakintzen ehuntzeari lotuta Ixcali jatetxe komunitarioan egindako lana, eta beste hainbat. Aurkezpen honetan, prozesu hauen inguruko hausnarketa eskainiko digute.

San Diego, haciendo memoria al andar. Un barrio con memoria. San Diego auzoko bizilagunak (Sevilla, Andaluzia).

Sevillako San Diego auzoaren memoria kolektiboa aitzakia gisa hartuta, gertaera historikoak idealizatu gabe, proiektu honetan, auzokideen arteko harremanak sustatu nahi izan dira, autoestimu indibidual, taldekakoa eta kolektiboa landuz, sortzen ari diren kontraesanak eztabaidatuz eta auzoa biziberritzeko bide berriak topatuz, eraikitze kolektiboaren bitartez. Prozesu honetan sortutako bizipenak eta hausnarketak partekatuko dizkigute bertako bi bizilagunek. Proiektu honetan bildutako ikus-entzunezkoak eta bestelako materialak webgune honetan daude ikusgai: https://archive.org/details/san-diego-memorias-de-la-periferia-urbana-sevilla-espana

Moderatzailea: Javier Encina

 

DINAMIKA

Topaketa birtualak egitura hauxe izango du:

  • Proiektu bakoitzeko kideek aurkezpen labur bat egingo dute, 10-15 minutu ingurukoa.
  • Proiektuaren inguruan ideia, zalantza, kezka edo zirikatzeko galderaren bat proposatuko dute, hizketa abiatzeko.
  • Saioan parte hartzen duen edonork hitz egin ahal izango du (edo txat bidez idatzi), saioa amaitu arte. Txandak moderatzaileak antolatuko ditu.

Egun bakoitzean bloke bat egingo dugu. Aurkezleak eta izenburuak izan bezain laster, hemen argitaratuko ditugu. Horrez gain, proiektu bakoitzaren inguruko testu labur bat ere gehituko dugu, orientabide gisa.

HIZKUNTZA

Saioak gaztelaniaz izango dira.

TRESNA DIGITALA

Topaketa online izango da, sarbide librean eta doan. Nahi duzun denboran edo tartean har dezakezu parte.

Euskal Herriko Unibertsitateak instalaturik duen Blackboard Collaborate plataforma erabiliko dugu. Bere abantaila nagusia da ez dela beharrezkoa eposta bidezko identifikaziorik eta ez dela ezer instalatu behar. Estekan sartuta nahikoa da saioan sartzeko. "Defektuz" mikroa eta kamera itzalita izango duzu saioan sartzean, eta klikatzen ez baduzu, ez da aktibatuko.

Horrez gain, saioa grabatzeko aukera ematen du. Hala ere, soilik aurkezpenak grabatuko ditugu (hizlariak baimena ematen badu), horrela libreki hitz egin ahal izango dugu, grabazioaren beldurrik izan gabe!

Hau da topaketan sartzeko esteka (eguna iritsi arte ez da eskuragarri egongo): https://bit.ly/3kUyLIc

EGIAZTAGIRIAK

Soilik gai edo proiektu bat aurkezten duten pertsonek jasoko dute egiaztagiria. Ez da bertaratze agiririk emango.

HARREMANETARAKO

Gai bat proposatu nahi baduzu, informazio gehiago behar baduzu edo edozein zalantza argitzeko, idatzi eposta honetara: ainhoa.ezeiza@ehu.eus