Convocatoria-ERASMUS-PAS-PDI-2020-2021

Irakaskuntza eta/edo prestakuntza helburua duen ERASMUS mugikortasun-programa (2020-2021 ikasturtea)

AZP eta IRI

Erabakia, 2020ko ekainaren 11koa, Koordinazio eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordearena, UPV/EHUko Irakasle-Ikertzaileek (IRI) eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileek (AZP) Erasmus+ mugikortasun programan parte hartzeko oinarriak onartzeko dena

Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordearen deialdi honek ezartzen ditu laguntzak esleitzeko prozedura eta Erasmus+ programaren barruan irakaskuntza eta/edo prestakuntza helburu duen mugikortasuna egiteko dauden baldintzak, kontuan hartuta Europar Batzordeak Hezkuntza Nazioartekotzeko Zerbitzu Espainiarraren bidez (SEPIE) emandako jarraibideak.

Kreditua egon badagoela kontuan izanda, eman dizkidaten eskumenak erabiliz, honako hau

ERABAKI DUT:

Lehenengoa: UPV/EHUko irakasle‑ikertzaileei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei zuzendutako Erasmus+ mugikortasun deialdiaren oinarriak onartu eta argitara ematea.

Bigarrena: Azkenean eskainiko den plaza kopurua izango da SEPIEren behin betiko onespenaren araberakoa.

Hirugarrena: Erabaki honek administrazio bidea agortzen du eta kontra egiteko honako bide hauek erabil daitezke, baina inola ere ez aldi berean:

  • Lehenengo eta behin, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke erabakia eman duen organoari berari hilabeteko epean, jakinarazpena jasotzeko epearen hurrengo egunetik kontatzen hasita.Administrazioarekiko errekurtso hori jarriz gero, eta errekurtsoa jarri eta hilabeteko epean erabaki adierazirik eman ezean, errekurtsoa ezetsitzat jo beharko da. Horrela gertatuz gero, auzibidera jotzeko aukera egongo da, b) letran azaltzen den legez.Presuntziozko ezespena gertatuz gero, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzeko epea sei hilabetekoa izango da, presuntziozko ezespena gertatu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita (29/1998 Legea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioarena, 46. artikulua).

  • Zuzenean, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke administrazio auzietako epaitegietan. Horretarako, bi hilabeteko epea dago, erabaki hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita (29/1998 Legea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioarena, 8.3 eta 46. artikuluak).

OINARRIAK:

1.- Deialdiaren xedea

1.- Irakaskuntza helburu duen mugikortasuna (IRIentzat)

Deialdi honen helburua da laguntza ekonomikoak ematea Universidad del PaísVasco/Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle‑ikertzaileei, irakaskuntza eman dezaten Erasmus+ programari atxikitako goi mailako hezkuntzako erakundeetan 2020/2021 ikasturtean zehar.

Ekintza hau bat dator 1987. urteaz geroztik irakasleen mugikortasunerako aurrera eramaten den deialdiarekin, zeinaren helburu nagusia den irakaskuntza ematea Europako beste unibertsitate batean. Alde biek Erasmus hitzarmen bat sinatzen dute horretarako eta, irakaskuntza emateaz gain, beste jarduera batzuk ere egin ahal dira.

Egonaldian emango den irakaskuntza izan behar da helburuko erakundearen gradu edo graduondoko titulu ofizial bat lortzera bideratutako ikasketa programa batekoa, eta hala jaso beharko da irakaskuntzarako mugikortasun akordioan (MobilityAgreement), erakunde biek adostu beharko dutena aldez aurretik.

Ekintza honek helburu hauek ditu:

  • Garapen profesional eta pertsonalerako aukerak eskaintzea UPV/EHUko IRIei.
  • Hizkuntza trebetasuna hobetzea hirugarren hizkuntza batean.
  • Mugikortasun programetan parte hartzerik ez duten ikasleei aukera ematea beste herrialde batzuetako irakasleen jakintzaz aberasteko.
  • Irakaskuntzako metodologien gaineko esperientzien trukea sustatzea.
  • Eskaintzen dituzten ikastaroen hedapena eta edukiera zabaltzera eta aberastera bultzatzea unibertsitateak.

Era berean, elkarren arteko truke harreman batean, UPV/EHUk beste erakundeko irakasleak hartzeko aukera du, gure unibertsitatean irakaskuntza eman dezaten, ikasketa planak eta irakaskuntza metodoak pixkanaka harmonizatzen joan ahal izateko, Europako goi mailako hezkuntza erakundeen arteko erlazio handiago baten bidez, Europako Unibertsitate Eremua sortzen laguntzeko.

1.2.- Irakaskuntza helburu duen mugikortasuna (AZPkoentzat, eta salbuespen moduan IRIentzat)

Langileen prestakuntzaren helburu zabalaren barruan kokatzen den deialdi honen xedea da langileak egonaldi labur bat egin dezala erakunde bazkidean. Egonaldi hori hainbat modutan dei daiteke: zerbitzu betekizun laburra, profesionalen behaketa, ikasketa bisitaldia, etab.

Era berean, Erasmus Gutuna daukaten Europako hainbat unibertsitatek nazioarteko asteak antolatzen dituzte (ErasmusStaffWeeks), Europako unibertsitateetako AZPko langileek beren esperientziak partekatzeko aukera izan dezaten.

Mugikortasuna bi motatakoa izan daiteke: goi mailako hezkuntzako beste erakunde bazkide batera joateko mugikortasuna edo enpresa baterako joateko mugikortasuna.Kasu batean zein bestean UPV/EHUk aukeratzen ditu Erasmus+ beka jasoko duten pertsonak.Parte hartzaileek ez dute izango inolako lan harremanik harrera erakundearekin.

Hauek dira ekintza honen helburu zehatzak:

  • Lan bizitza osoan ikasten jarraitzeko aukera eskaintzea UPV/EHUko langileei.  
  • Hizkuntza trebetasuna hobetzea hirugarren hizkuntza batean.
  • Unibertsitatea osatzen duten kidego guztien nazioartekotzea sustatzea, Europako Unibertsitate Eremuaren barruan.
  • Jardunbide egokien behaketa erraztea, erakunde bazkideen lan moduei eta lan inguruneei dagokienez.
  • Onuradunaren lanpostuak eskatzen dituen gaitasunak hobetzea.
  • Unibertsitate bazkideekiko harremanak sendotzea.

Modalitate honen barruan ez dago sartuta biltzarretara joatea.

 

2.- Parte hartzeko baldintzak.

2.1.- AZPkoek eta IRIek bete beharreko baldintzak.

1.-Eskatzaileak programan parte hartzen duen herrialdeko nazionalitatea izan behar du, edo beste herrialde batekoa. Azken kasu horretan, eskatzaileak egiaztatu beharko baduela Espainian bizitzeko baimena mugikortasuna egingo duen aldirako.

2.-Eskatzaileak zerbitzu harremana izan behar du UPV/EHUrekin edo erakunde horri atxikitako zentro batekin, dela funtzionario moduan dela lan kontratudun moduan, eta zerbitzu aktiboan egon behar da, bai eskaera egiten duenean bai mugikortasuna egiten duenean.

3.-Interesatuak halako kasuetarako eskatu ohi den lekualdatze lizentzia kudeatu beharko du, eta ontzat eman beharko diote.

4.-Atzerriko hizkuntza [1] baten jakite maila egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du interesatuak (gutxienez B1).

5.-Jatorriko eta helburuko erakundeek onespena eman beharko dioteinteresatuak egonaldia egin aurretik aurkeztu beharko duen lan plan edo irakaskuntza programari (MobilityAgreement - I. eranskina) .

6.-Irakaskuntza helburu duen irakasleen Erasmus+ mugikortasunaren oinarria dira parte hartzen duten erakundeek sinatu beharreko aldebiko hitzarmenak.Unibertsitate biek ez badute sinatu hitzarmenik mugikortasuna EGIN AURRETIK, ezingo da egin.Prestakuntzarako modalitateen kasuan ez da beharrekoa halako hitzarmenik egotea.

7.-Helburuko unibertsitatearen eta UPV/EHUren artean ezin da egon 5.000 km baino gehiago.

[1] CRUEren Egiaztatze Batzordeak eta ACLES elkarteak ontzat emandako ziurtagiriak onartuko dira, bai eta UPV/EHUko irakasleek hizkuntza ez-ofizialetan irakasteko gaitasuna egiaztatzen duen agiria ere

2.2.- Helburuko erakundeak bete beharreko baldintzak.

Irakaskuntza helburu duen mugikortasuna (IRI) bakarrik egin ahal izango da Erasmus Unibertsitate Gutuna daukan goi mailako hezkuntzako erakunde edo unibertsitate batera joateko, betiere erakunde horrek IRIaktrukatzeko hitzarmen bat badauka sinatuta eta indarrean 2020/2021 ikasturterako eskatzailea atxikita dagoen UPV/EHUko ikastegiarekin.

Prestakuntza helburu duen mugikortasuna (AZP eta IRI) bakarrik egin ahal izango da Erasmus Unibertsitate Gutuna daukan goi mailako hezkuntzako erakunde edo unibertsitate batera joateko, edo horretarako aurkeztuko diren enpresetako batera.

Ezingo dituzte eskatu deialdi honek araututako laguntzak egoera hauetakoren batean dauden pertsonak:

  • Epai irmoz kondenatuta daudenak dirulaguntza edo laguntza publikorik jaso ezin izatera.
  • Dirulaguntzaren bat itzultzera behartuta egonik, diru guztia itzuli ez dutenak.
  • Erabaki irmoaz zigortuta daudenak dirulaguntzarik jaso ezin izatera, legearen arabera.
  • 2019/2020ko deialdian halako laguntza eskuratu eta, COVID‑19a dela eta, mugikortasuna atzeratu dutenak.

Bi modalitateetan eskaerarekin batera zinpeko adierazpen bat aurkeztuko dute eskatzaileek, beraiek sinatua, agertuz aurreko paragrafoan adierazitako ezein egoeratan ez daudela.

 

3.- Aurreikusitako jarduerak.

Mugikortasuna 2020ko irailaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitartean egingo da.

Egonaldiak, oro har, bost (5) egun lanegunekoak izango dira. Bi egun eta bi hilabete arteko egonaldiak egiteko eskaerak onartzen dira, nahiz eta finantzatuko den gehieneko iraupena bost eskola edo prestakuntza egun osokoa izan.Bost egun baino gutxiagoko egonaldiak salbuespena izan behar dira.

Irakaskuntzarako mugikortasunean astean gutxienez zortzi eskola ordu eman behako dira (egonaldia aste bat baino laburragoa denean baita ere), harrera ikastegiaren titulu bat eskuratzera zuzendutako ikasketa planeko irakasgaietan.

UPV/EHUko langile ahalik eta gehienek har dezaten parte ekintza honetan, interesatuek mugikortasun bakarra egin ahal izango dute 2020/2021 ikasturtean, eta mugikortasuna lehen aldiz eskatzen dutenek lehentasuna izango dute.

 

4.- Finantzaketa.

4.1.- Europako finantzaketa.

Langileek Europako dirulaguntza bat jasoko dute beste herrialdera joateko bidaia gastuak eta egonaldiko mantenu gastuak ordaintzen laguntzeko, SEPIEk ezarritako irizpideei jarraituz.Laguntza bi motatakoa da:

  1. Bidaia gastuetarako laguntza, distantziaren araberakoa dena
  2. Mantenu gastuetarako laguntza, egonaldiaren iraupenaren eta eskatzailea joango den herrialdearen araberakoa dena

a) Bidaia gastuetarako laguntza kopuru jakin bat da, kalkulatzen dena lan lekuaren eta kasuan kasuko jarduera egingo den lekuaren arteko distantziaren arabera, EACEAk denen esku jarritako tresna informatiko bat 

Distantzia Zenbatekoa (parte hartzaileko)
10 eta 99 km bitartean 20€
100 eta 499 km bitartean 180€
500 eta 1999 km bitartean 275€
2000 eta 2999 km bitartean 360€
3000 eta 3999 km bitartean 530€
4000 eta 5000 km bitartean 820€

 

b) Mantenu gastuetarako laguntza EBk ematen duen laguntza indibiduala da, helburuko herrialdearen eta egonaldiaren iraupen egiaztatuaren araberakoa (gehienez bost egun).

Oharra: jardueren aurreko eguna eta jardueren biharamuna finantzatuko dira, baldin eta horren premia arrazoitzen eta dokumentuz egiaztatzen bada: igandean bidaiatzea astelehen goizean lan egin beharragatik / larunbatean bidaiatzea ostiralera arte lan egin beharragatik).

Helburuko herrialdeak Laguntzen diru kopurua eguneko
Danimarka, Erresuma Batua, Finlandia, Irlanda, Islandia, Liechtenstein, Luxenburgo, Norvegia eta Suedia 120€
Alemania, Austria, Belgika, Frantzia, Grezia, Herbehereak, Italia, Malta, Portugal, Txipre 105€
Bulgaria, Errumania, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Hungaria, Ipar Mazedonia, Kroazia, Letonia, Lituania, Polonia, Serbia, Txekiako errepublika eta Turkia 90€

SEPIEkdirulaguntza gehigarriak emateko prozedura bat jarriko du desgaitasuna duten langileentzat. Laguntza horiek orokorrak baino handiagoak izan ahalko dira.

4.2.- Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetzaren laguntza osagarria

UPV/EHUk laguntza osagarri bat emango du, eta laguntza hori erabili ahal izango da SEPIEk emandako laguntzaren zenbatekoa gainditzen denean, helmugako erakundera joateko eta handik itzultzeko garraioa ordaintzeko laguntza osatzeko, betiere garraioaren zenbatekoa, hori justifikatzen duten arrazoiak direla eta, EBk emandako gehieneko zenbatekoa baino handiagoa bada.Kasu horretan, nahitaezkoa izango da garraio publikoko gastuen egiaztagiriak aurkeztea ostatutik unibertsitatera eta aireportura, bai eta autobusetako edo taxietako beste gastu txiki justifikatu batzuk ere.Bidaia proposatutako ekintzaren daten barruan egin beharko da.Ez bada egiten data horien barruan, ez da finantzatuko. Ibilgailu pribatuen alokairua ez da aurkez daitekeen gastua.

4.3.- Bidaia eta ostatua kontratatzea

Covid‑19ak eragindako ezohiko egoera dela eta, bidaiaren kontratazioak (txartela erostea) eta ostatuarenak baliogabetze aseguru bat izan beharko dute, eta pandemia egoera gainditzen denean erostea gomendatzen da.

Onartutako laguntza ordaindu ahal izateko, onuradunek gastuen jatorrizko egiaztagiri indibidualak aurkeztuko dituzte (ez dira onartuko beste pertsona batzuk agertzen diren fakturak), egindako jarduerari eta deialdi honetan ezarritako helburuan duen eraginari buruzko txostenarekin batera, mugikortasuna amaitu eta hurrengo 30 egunetan.

Laguntza emateko baldintzak betetzen ez badira, diru kopurua itzuli egin beharko da, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin bat etorriz (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko araubide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena).

Laguntza esleitu zaion pertsonak ezin badu egin eskatutako mugikortasuna, idatzi bat aurkeztu beharko dio errektoreordeari, laguntzari uko egiteko arrazoiak azaltzeko. Halakoetan, esleitutako diru kopurua erabiliko da aukeratu ez diren eta interesgarriak diren eskaeretarako.

 

5.-Norakoak

Deialdi honen 2. eranskinean agertzen dira UPV/EHUrekin irakaskuntzarako mugikortasun hitzarmena eta prestakuntzarako mugikortasun hitzarmena duten erakundeak, hitzarmena sinatzen duen unibertsitateko ikastegia, eta plaza bakoitzean bete beharreko baldintzak.

Suitzako unibertsitateak ez dira aipatzen deialdi honetan, Suitzak ez baitu hartzen parte Erasmus+ programan.UPV/EHUk hitzarmenak ditu sinatuta Suitzarekin, baina ez du Erasmus+ funtsik herrialde horretako unibertsitateetara joateko mugikortasunak finantzatzeko.

Erresuma Batuak Erasmus+ 2014-2020 programan parte hartzen jarraitzen du, programa 2020ko abenduaren 31n itxi arte; beraz, abenduaren 31 baino lehen egindako mugikortasunak Erasmus+ programaren barruan sartuko dira.2021eko urtarrilaren 1etik aurrera Erresuma Batura egingo diren mugikortasunei dagokienez, Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko etorkizuneko harremana negoziatzeko prozesu orokorraren emaitzak ezagutu arte, ezin da ezer zehaztu.

Irakaskuntzarako modalitatean, UPV/EHUko irakasle‑ikertzaileek 2. eranskinean agertzen ez den lekuren bat aukeratzen badute, Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetzak hitzarmen bat eskatuko du, irakasleak edo AZPko langileak bere ikastegiko koordinatzaileari aurkeztutako eskaeran oinarrituta, eta zuzenean jakinaraziko dio interesatuari mugikortasuna onartu zaion ala ez.Errektoreordetzak ez du bermatzen helburuko unibertsitateak hitzarmen hori onartuko duenik, ezta epe egokian erantzungo duenik ere.

Irakaskuntzarako modalitatean, UPV/EHUko irakasle‑ikertzaileek 2. eranskinean jasotako lekuren bat aukeratzen badute, baina ez atxikita dauden ikastegiari dagokiona, Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetzak hitzarmena sinatuta duen ikastegiari galdetuko dio onartzen duen ala ez beste ikastegi bati atxikitako irakasleak baliatzea hitzarmena.Hitzarmena sinatuta duen ikastegiak askatasunez erabaki ahal izango du bere hitzarmena ikastegiari atxikita ez dagoen irakasle batek baliatu dezakeen ala ez.

Irakaskuntzarako modalitatean, unibertsitate biek ez badute sinatu hitzarmenik mugikortasuna EGIN AURRETIK, ezingo da egin.

Prestakuntzarako mugikortasunetarako ez da behar hitzarmenik.

Gainera, http://stafmobility.eu/ webgunean ematen dira argitara Europako unibertsitateek administrazio eta zerbitzuetako langileei eskaintzen dizkieten StaffWeeks delakoak.

Oharra: Bi pertsona bakarrik joan ahal izango dira leku berera data beretan.

 

6.-Eskaerak

Eskaerak indibidualak izango dira.Pertsona bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu ahal izango du.

Eskaera egiteko webgune hauetan argitaratuta dagoen eredua erabili beharko da:

IIP: http://www.ehu.eus/eu/web/nazioarteko-harremanak/deialdiak-irakasleak

AZP: http://www.ehu.eus/eu/web/nazioarteko-harremanak/deialdiak-azp

Ondo bete gabekoeskaerak ez dira hartuko kontuan akatsak zuzentzeko aldiaren ondoren.

Eskaerarekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

  1. Helburuko erakundeak ontzat emandako behin‑behineko lan programa (MobilityAgreement). Agiri horrek egiaztatzen du helburuko unibertsitateak onartu egiten duela mugikortasuna. Dokumentua behar bezala bete beharko da, eta informazioa eman beharko da eskatzen den eremu guztietan. Onartuko da dokumentu sinatuaren irudi eskaneatua.

    • Mobility Agreement for teaching delakoan aurrera eramango den PRESTAKUNTZA PROGRAMA sartuko da

    • Mobility Agreement for training delakoan egingo diren prestakuntza JARDUERAK sartuko dira. Ez da emango dirulaguntzarik ikerketa jardueretarako.

  2. Interesatuak lan egiten duen saileko zuzendariak (IRI) edo zerbitzuko buruak (AZP) idatzitako aldeko txostena.

  3. Ikastegi bateko AZP eta IRIen kasuan: ikastegiko Nazioarteko Harremanetarako koordinatzaileak idatzitako aldeko txostena.

  4. Atzerriko hizkuntza baten jakite maila egiaztatzen duen agiria (gutxienez B1).

  5. Deialdia irekitzen den egunean UPV/EHUn lan egindako egunak jasotzen dituen ziurtagiria.

 

7.- Eskaerak aurkezteko epea eta era

Deialdia EHUTAULA webgunean argitaratzen den egunean hasiko da eskaerak aurkezteko epea eta 2020ko ekainaren25ean amaituko da, egun hori barne.

Eskaera eta dokumentazio gehigarria Erregistro Orokorreko edozein bulegotan aurkeztuko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/15 Legearen 16.4 artikuluan jasotako edozein bitarteko eta bide erabilita, honako honen izenean:

IIP/AZPkoen mugikortasunerako Erasmus+ deialdia
Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetza
Ignacio Mª Barriola zentroa
Elhuyar plaza, 1
20018 Donostia

Eskaerak 39/2015 Legeko 66. artikuluak adierazten dituen baldintza guztiak betetzen ez baditu, eta, hala dagokionean, 39/2015 Legeko 67. artikuluak adierazitakoak edo aplikagarri den legeria espezifikoan eskatutako beste batzuk, interesatuari errekerimendua egingo zaio hamar eguneko epean falta zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko dokumentuak eramateko, eta adieraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela, horretarako ebazpena eman ondoren, urriaren 1eko 39/2015 Legeko 68. artikuluan jasotako moduan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

 

8.- Eskaerak baloratzeko batzordea

Honako hauek osatuko dute eskaerak baloratzeko: Nazioarteko Mugikortasuneko zuzendariak, Nazioarteko Harremanetako Zerbitzuko buruak eta teknikari batek. Teknikari hori batzordeko idazkaria izango da eta hitza izango du, baina ez botorik.

 

9.- Eskaerak baloratzeko irizpideak

Ondo betetako eskaerak baino ez dira ebaluatuko, betiere helburuko erakundeak ontzat emandako lan programa aurkeztu badute.

Eskaerak plazak baino gehiago badira, irizpide hauen arabera baloratuko dira:

  1. Lehenik eta behin, Erasmus+ programako edo aurreko Erasmus programako irakaskuntzarako edo prestakuntzarako mugikortasunetan lehen aldiz parte hartzen duten pertsonen eskaerak hartuko dira kontuan. Irakaskuntza helburu duten eskaeren kasuan, lehenetsiko dira deialdi hau argitaratzen den datan hitzarmena sinatuta duten unibertsitateetarako egin diren eskaerak.

  2. Ondoren, baloratuko dira azken bost ikasturteetan [2] Erasmus+ eta Erasmus programen barruan irakaskuntza edo prestakuntza mugikortasun gutxien egin duten pertsonen eskaerak. Irakaskuntza helburu duten eskaeren kasuan, lehentasuna izango dute deialdi hau argitaratzen den datan hitzarmena sinatuta duten unibertsitateetarako egin diren eskaerak.

  3. Berdinketa gertatuz gero, lehentasuna izango dute atzerriko hizkuntzan hizkuntza trebetasun handiena egiaztatzen duten eskaerek, eta lehentasuna izango dute lan plana idatzi den atzerriko hizkuntzei dagozkien egiaztagiriak dituztenak.

  4. Berdinketa ez bada hautsi, atzerriko bigarren hizkuntza batean maila altueneko ziurtagiria aurkezten duenak lortuko du plaza (gutxienez B1).

  5. Berdinketa ez bada hautsi, UPV/EHUn lanean egun gehien daramanak lortuko du plaza.

[2] 2015/2016 ikasturtetik aurrera..

 

10.- Erabakia

Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordeak, batzordeak lehenetsitakoa aintzat hartuta, agindua emango du onartutako mugikortasunen zerrenda Nazioarteko Harremanen webgunean argitaratzeko, bai eta erreserben zerrenda ere.

Nolanahi ere, interesatu bakoitzari jakinarazpena bidaliko zaio, eskaeran adierazitako helbide elektronikora, eta 10 egun balioduneko epea emango da mugikortasuna onartzeko edo hari uko egiteko.Hautatuak izan ez diren interesatuen erreserba zerrenda Nazioarteko Harremanen webgunean argitaratuko da, eta ukoren bat egonez gero, bide hori erabiliko da zerrendako pertsonekin harremanetan jartzeko, zerrendako ordenari jarraituz.

Plazari uko eginez gero, deialdi honetan parte hartzeari uko egingo zaio behin betiko.Uko egiteak agreements.international@ehu.eus helbidera bidaliko dira.

Behin mugikortasuna onartuta, onuradunak ez badu egiten eta ez badio esaten ezer Nazioarteko Harremanen bulegoari horretarako ezarritako datak baino hamar egun lehenago, hurrengo urtean ezingo du parte hartu mugikortasun deialdian.

 

11.- Dirulaguntza ordaintzea

Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da: lehenengo ordainketan jasoko da Europako laguntzaren % 70 eta bigarrenean, jarduera egin eta gero, kitapena.Aipatutako bi ordainketak kudeatzeko tramiteei ekiteko, beharrezkoa izango da beherago aipatzen diren dokumentuak bidaltzea helbide honetara:

AZP/IIPentzako ERASMUS+ mugikortasuna
Att. Josu Martínez
Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetza
Bibliotekaren eraikina, 2. solairua
Sarriena auzoa, z.g.
48940 Leioa (Bizkaia)

Lehen ordainketa egiteko, interesatua abiatu baino gutxienez hamabost egun lehenago, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

  1. Irakaskuntza edo prestakuntzarako mugikortasunerako dirulaguntzaren hitzarmenaren bi kopia (4. eranskineko dokumentua).

  2. Bidaia txartelaren (hegazkinekoa edo bestelako garraiobidekoa) eta bidaia aseguruaren kopia.

Gastuen kitapena egiteko, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira egonaldia amaitzen denetik hilabeteko epearen barruan:

  1. Egonaldiaren ziurtagiria (5. eranskina), informazio hori jasotzen duen UPV/EHUren edo helburuko erakundearen formatuan. Bertan zehaztuko da zein egunetan egin den jarduera, eta ziurtagiriaren data izan beharko da egonaldiaren amaierako data bera edo ondorengoa. Ziurtagiria jatorrizkoa izan behar da, zirriborrorik eta zuzenketarik gabe, eta helburuko erakundeko harrera ataleko zuzendariak sinatu eta zigilatu behar du.

  2. Behin betiko irakaskuntza programa (1. eranskina), egonaldia hasi aurreko data izan beharko duena.

  3. Bidaia gastuen kitapena (6. eranskina), eta mugikortasuna egin izanaren ordainagiriak (hegazkineratzeko txartelak, bestelako garraiobideen jatorrizko txartelak, fakturak).

  4. EBren GALDETEGIA (EU Survey). Online bete beharko da hala egiteko gonbita jaso eta 30 egun naturaleko epearen barruan. Betetzen ez bada, Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetzak dirulaguntza bueltatzeko eskatu ahal izango du.

  5. UPV/EHUren txostena, online betetzekoa.

 

12.- Onuradunen betebeharrak

  1. Langileak 10 egun izango ditu, mugikortasuna onartu zaiola jakinarazten diotenetik, plaza onartzeko edo hari uko egiteko. Horretarako mezu elektroniko bat bidali beharko dio Idoia Ortiz de Landaluceri (agreements.international@ehu.eus).

  2. Mugikortasun ekintzetan parte hartuko duten langileek euren kabuz gestionatu beharko dute halakoetan eskatu behar izaten den lizentzia.

  3. Aldaketa guztiak, batez ere egonaldiaren datei edo programan baja emateari dagokienak, Cristina Carcedori (nazioartekoak.ordainketak@ehu.eus)​​​ eta Oscar Barberori (oscar.barbero@ehu.eus) jakinarazi beharko zaizkie lehenbailehen.

  4. Egonaldia egiteko lekua aldatzeko, Nazioarteko Harremanen bulegoaren onespena beharko da aldez aurretik. Horretarako, mezu bat bidali beharko zaio Mugikortasuneko zuzendariari  (nazioartekoak.zuzendaria@ehu.eus), eta aldaketa eskatzeko informazioa eta arrazoiak azaldu bertan.

  5. Mugikortasun programan parte hartzen duen pertsonak bidaia aseguru bat izan beharko du, istripuetarako eta COVID‑19 gaixotasunerako babesa emango diona (arreta eta garraio medikoa eta aberriratzea). Aseguruaren gastua aurkeztu ahal izango da kitapenean.

Deialdiko oinarriak eta/edo epeak ez betetzeak eragin dezake emandako laguntza ez ematea, etetea edo baliogabetzea eta jasotako diru kopurua itzuli behar izatea. Ondorio berberak eragin ditzake datuak ezkutatu, aldatu zein manipulatzeak.

Nazioarteko Harremanen bulegoak beharrezko ikusten dituen dokumentu guztiak eskatu ahal izango dizkie bai onuradunei bai helburuko unibertsitateei, mugikortasuna deialdiaren xedearen araberakoa izan dela egiaztatzeko.

 

13.- Errekurtsoak

Erabaki honek administrazio bidea agortzen du eta kontra egiteko honako bide hauek erabil daitezke, baina inola ere ez aldi berean:

  1. Lehenengo eta behin, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke erabakia eman duen organoari berari hilabeteko epean, jakinarazpena jasotzeko epearen hurrengo egunetik kontatzen hasita. Administrazioarekiko errekurtso hori jarriz gero, eta errekurtsoa jarri eta hilabeteko epean erabaki adierazirik eman ezean, errekurtsoa ezetsitzat jo beharko da. Horrela gertatuz gero, auzibidera jotzeko aukera egongo da, b) letran azaltzen den legez. Presuntziozko ezespena gertatuz gero, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzeko epea sei hilabetekoa izango da, presuntziozko ezespena gertatu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita (29/1998 Legea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioarena, 46. artikulua).

  2. Zuzenean, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke administrazio auzietako epaitegietan. Horretarako, bi hilabeteko epea dago, erabaki hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita (29/1998 Legea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioarena, 8.3 eta 46. artikuluak).

 

Leioa, 2020ko ekainaren11a

Marta Barandiaran Landin
Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea