edIKDit (Convocatoria 2018)

IKD Irakasle Talde Egituratuak (ikdIT/EDikd) akreditatzeko deialdi pilotua 2018

Irudia
Aurkezteko epea: 2018ko apirilaren 16ra arte
Posta elektronikoa: berrikuntza-konpromisoa.ikdit@ehu.eus

 

Deialdia

  1. Deialdiaren nondik norakoak
  2. Deialdian parte hartzeko baldintzak
  3. Eskaerak
  4. Publizitatea
  5. Ebaluazioa eta erabakia
  6. IKD irakasle talde egituratuen ikusgaitasuna
  7. Zigilua berritzea

1. Deialdiaren nondik norakoak

Azken urteotan, UPV/EHUk IKD irakaskuntza-ikaskuntza eredua (Ikaskuntza Kooperatibo eta Dinamikoa) bultzatzeko ekintzak sustatu ditu, hainbat programaren bitartez. Horietako batzuk dira:

  • Irakasleentzako tailerrak eta ikastaroak
  • Hezkuntza berrikuntzako proiektuak
  • EHUNDU konpromiso dokumentuak ikastegiekin
  • Irakaskuntzaren arloko jardunaldiak eta kongresuak

Programa horiek irakasleen arteko lankidetzaren kultura bultzatu dute, hain zuzen ere, UPV/EHUko ikasleek jasotzen duten prestakuntzaren etengabeko hobekuntzarako beharrezkoa den kultura, irakaslanean elkarrekin lan egiten duten irakasle taldeen jardueran oinarritutakoa.

Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzak, deialdi honen bitartez, erakunde babesa eman nahi die irakasle talde horiei, taldeok baitira irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak aldatzeko ardura erakutsi eta lortutako emaitzek egoera bakoitzean duten eragina aztertu eta interpretatzen dutenak. Lortu nahi den helburua da talde horiei merezi duten ikusgaitasuna ematea eta aitorpena egitea, «IKD Irakasle Talde Egituratuak» zigiluaren bidez.

IKD irakasle talde egituratuak (ikdIT/EDikd) dira IKD ereduarekin bat irakasten duten irakasleez osatutako taldeak, koordinazio maila handiarekin eta ikasleen ikaskuntzarekiko konpromiso maila altuarekin lan egitea bereizgarri dutenak. Besteak beste, honako hauek dira IKD irakasle talde egituratu baten erreferentziako elementuak:

  1. Irakaslana aldizka ebaluatzea.
  2. Ebaluazio hezitzailearen erabilpena ikasleen ikaskuntzarako oinarrizko elementu moduan.
  3. Era aktiboan parte hartzea koordinazio horizontalean (mailakoan, irakasgaietakoan edo modulukoan) eta/edo bertikalean (gaietakoan), parte hartzen diren titulazioetako eduki espezifikoetan zein orokorretan.
  4. Ikasleen iritzia eta emaitza akademikoak irakaskuntza hobetzeko informazio iturri moduan erabiltzea.
  5. Hezkuntza berrikuntzan eta/edo prestakuntzan parte hartzea.
  6. Lidergo akademikoarekiko konpromisoa edukitzea.

2. Deialdian parte hartzeko baldintzak

Deialdi hau zuzentzen zaie IKD irakaskuntza-ikaskuntza ereduaren barruan egiten duten talde irakaslana ikusarazi eta bultzatu nahi duten UPV/EHUko irakasle taldeei.

Deialdian parte hartzeko irakasle taldeak honako baldintza hauek bete behar ditu:

  1. UPV/EHUko titulazioetan irakasten duten irakaslez osatuta egotea eta, gutxienez, bost kide izatea.
  2. Memoria bat aurkeztea non adierazten den, besteak beste, irakasgaien, mailen, moduluen, ibilbide edo titulazioen, eta titulazio bikoitzen koordinazio aktibo bat, graduko mailan zein graduondokoan, koordinazio horren ardatza izanik irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak hobetzea; bestalde, abian diren jarduera ildoak eta etorkizunerako aurreikusten direnak.[1]
  3. Taldeko kide guztien irakaslana DOCENTIAZ programak egiaztatuta egon behar da, eta taldeko irakasle bakoitzak, gutxienez, 70 puntu izan behar ditu azken ebaluazioan.  Irakasle berriek (bost urtetik beherako esperientzia dutenek) ez  dute puntuazio hori lortu beharrik izango.
  4. Taldeko kide guztiek puntuazio ertaina edo altua eduki behar dute ikasleek irakasleen irakaslanari buruz duten iritziaren ebaluazioan. Ebaluazio horretarako erabiliko den adierazlea bat dator DOCENTIAZ programako 2.2 ataleko adierazlearekin (“Ikasleek duten iritziari buruzko inkesta”). Gutxienez hamar puntutik sei lortu beharko dira eskaera egiteko unean, horretarako azken bost ikasturteetako datuak erabilita.

[1] Besteak beste, metodologia teknikak hobetuz, ikasleen gaitasunen garapena koordinatuz edo hezkuntza proiektuak elkarrekin gauzatuz, eta abar.

3. Eskaerak

Akreditazioa lortzeko eskaera UPV/EHUko irakasle talde batek egin behar ditu. Irakasleetako bat taldeko koordinatzailea izango da, baita arduraduna ere, eta bitarteko lanak egingo ditu taldearen eta errektoreordetzaren artean.

Irakasle talde batek lortutako «ikdIT/EDikd» aitorpenak bost urterako balioko du, aitorpen hori lortzen denetik kontatzen hasita.

Hurrengo deialdietan, ikdIT/EDikd direnek beste irakasle batzuk sartu ahal izango dituzte taldean, bereziki irakasle gazteak, Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzari horretarako eskaera eginda. Kide berri horiek deialdi honetako bigarren atalean ezarritako B 3 eta B 4 baldintzak bete beharko dituzte.

«IKD Irakasle Talde Egituratuak» zigiluaren aitorpenetik kanpo geratuko dira masterretako batzorde akademikoak eta ikastegietako batzarrek izendatutako batzordeak, hala nola, kalitate batzordeak edo graduko ikasketen batzordeak.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetez egongo da zabalik, deialdia Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzaren webgunean eta campusetako errektoreordetzetako iragarki tauletan (ehutaula) argitaratzen denetik hasita.

Eskaerak A eranskineko ereduaren arabera bete eta honako erregistro hauetan aurkeztu behar dira: UPV/EHUko Erregistro Orokorrean (Bizkaiko Campusa), Gipuzkoako Campuseko eta Arabako Campuseko erregistroetan, edo UPV/EHUko ikastegietako erregistroetan. Era berean, eskaerak aurkeztu ahal izango dira urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 16.4 artikuluan zehaztutako beste edozein bidetatik.  Horrez gain, erregistratutako eskaeraren kopia bat helarazi beharko zaio  Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzari posta elektroniko bidez, helbide honetara idatzita: berrikuntza-konpromisoa.ikdit@ehu.eus (edikd.innovacion-compromiso@ehu.eus). Honako informazio hau eman beharko da:

  1. Eskaera egiten duen irakasle taldearen datuak.
  2. Honako hauek laburbiltzen dituen memoria (gehienez ere, 1000 hitzekoa):
    • Taldeak koordinaturik eta elkarlanean egindako ibilbidea, eta ikasleen ikaskuntza hobetzeko taldeak egindako jarduerak.
    • Abian diren jarduera ildoak eta etorkizunerako aurreikusten direnak.

Eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren, aurkeztutako eskaerak aztertuko dira. Izapide hau hilabete bateko epean egingo da. Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo zuzen daitekeen akatsen bat badu, IKD talde egituratuaren koordinatzaileari (eskaeran hala izendatutakoari) 10 egun balioduneko epearen barruan eskaera osatzeko edo zuzentzeko eskatuko zaio. Eskaera ez bada zuzentzen edo osatzen, bertan behera utzi dela ulertuko da. Era beran, eskaera egiten duen taldeak ez bada deialdian eskatzen den gutxieneko kide kopurura iristen, bere eskaera deialditik kanpo utziko da, akatsak zuzentzeko epean ez baita onartuko taldekide berriak gehitzea.

Taldekideren bat edo batzuk onartuak izango ez balira, ezarritako irizpideren bat ez dutelako betetzen, taldeak eskaerarekin aurrera jo ahal izango luke pertsona hori edo horiek kanpo utzita, betiere koordinatzaileak horrela adieraziko balu zuzenketa orduan, eta taldea deialdian eskatzen den gutxieneko kide kopurura iristen delarik.

Eskatutako informazioa eta/edo dokumentazioa bidaltzeko, eskaera aurkezteko adierazitako bide berberak erabili beharko dira. Kasu honetan ere, erregistratutako agirien kopia bat bidali beharko da posta elektroniko bidez honako helbide honetara: berrikuntza-konpromisoa.ikdit@ehu.eus (edikd.innovacion-compromiso@ehu.eus).

4. Publizitatea

Deialdi honi behar besteko zabalkundea emango zaiola bermatuko da, eta, horretarako, gutxien dela, honako leku hauetan argitaraturik:

  • Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzako webgunean
  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako campusetako errektoreordetzetako iragarki oholetan (ehutaula)

5. Ebaluazioa eta erabakia

Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordeak emango du «ikdIT/EDikd» zigilua.

Irakaslana Ebaluatzeko Zerbitzuak (SED-IEZ) hartuko du proposamena egiten duen taldeko kideek bigarren ataleko B 3 eta B 4 baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko ardura.

Epaimahai bat eratuko da eta honako hauek izango dira epaimahai horretako kideak: a) Berrikuntzaren, Gizarte konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordea, b) SAE-HELAZeko zuzendaria, c) Irakaslana Ebaluatzeko Zerbitzuko zuzendaria, d) Metodologia Berrikuntzarako zuzendaria, eta e) eCampuseko zuzendaria.

Epaimahai honek irakasle taldeek bidalitako memoriak ebaluatuko ditu eta eskaera egin duen taldeko kideekin eta haien ikasleekin elkarrizketa bat izatea eskatu ahalko du. Epaimahaiak behin-behineko erabakia emango du eta erabakia Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzako webgunean argitaratuko da.

Eskaeran IKD talde egituratuaren koordinatzaile izendatutako pertsonak 10 egun balioduneko epea izango du egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkezteko.

Aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, epaimahaiak behin betiko proposamena aurkeztuko dio Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordeari.

Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta bost hilabeteko gehienezko epean emango da «ikdIT/EDikd» zigilua emateko edo ukatzeko behin betiko erabakia. Erabaki hori Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzako webgunean argitaratuko da.

Erabakiaren aurka berraztertze errekurtsoa jarri ahal izango da hilabeteko epean, erabakia argitaratzen denetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 legearen 123. eta 124. artikuluetan zehaztutakoari jarraituz. Era berean, erabakiaren aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da bi hilabeteko epean, erabakia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

6. IKD irakasle talde egituratuen ikusgaitasuna

Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzak bere webgunean argitaratuko du «ikdIT/EDikd» zigilua eskuratu duten irakasle taldeen katalogoa. Katalogo horrek honako gutxieneko informazio hau bilduko du irakasle talde bakoitzari dagokionez: kodifikazioa, izen laburtua eta/edo izen osoa, taldea osatzen duten kideen zerrenda, eta taldea zein helburutarako koordinatu den deskribatzen duen laburpen txiki bat.

IKD irakasle talde egituratu bateko kide diren UPV/EHUko irakasleei talde horretan parte hartzen dutela egiaztatzeko dokumentu bana emango zaie. Talde egituratu horietako irakasleek trataera berezia izango dute UPV/EHUk irakaskuntzaren arloan antolatutako deialdietan.

Horrez gain, errektoreordetza eskudunak irakasteko jardunbide egokiak trukatzeko jardunaldiak bultzatzen jarraituko du. Jardunaldiok UPV/EHUko irakasle guztiei irekita egongo dira eta horietan leku berezia izango dute IKD irakasle talde egituratuek.

7. Zigilua berritzea

Irakasle talde baten «ikdIT/EDikd» zigiluak bost urterako balioko du. Aldi hori igarotakoan, IKD irakasle talde egituratuak zigilua berritzeko eskaera aurkeztu beharko dio irakaslanaren ebaluazioaren arloan eskumena duen errektoreordetzari. Zigilua berritzea baldintzatuko dute taldeak zigilua indarrean egon den artean lortutako emaitzek, garaia heldutakoan indarrean dauden akreditazio deialdietan ezarritakoa gorabehera.