CARBIOTICS
Adsorbatzaile karbonosoen ekoizpena UPV/EHUn sortutako biohondakinekin hondakin uretatik antibiotikoak garbitzeko
UPV/EHUk ingurumen kudeaketa jasangarri baten alde duen konpromisoa Garapen Jasangarriaren aldeko EHUagenda 2030en bidez gauzatzen da. Jasangarritasunaren ikuspegitik, biomasa hondakinen baliarazpena funtsezko jarduketa ardatzetako bat da naturaren mugak errespetatzen dituen ekonomia zirkularraren eredurantz egiteko. Ildo horretan, inausketen eta lorezaintzaren ondorioz unibertsitatean sortzen diren hondakinak, printzipioz, konpostatzearen bidezko baliarazpenera bideratu badaitezke ere, hondakin horiek guztiak ez dira konpostatzeko egokiak. Gainera, Zero Hondakin Estrategiaren helburua lortzeko beharrezkoa da hondakinak tratatzeko modu berriak bilatzea eta dibertsifikatzea, azpiegitura egokiak izateko eta hondakinak zabortegira eraman beharrik ez izateko, hori baliabideak galtzea baita. Hortaz, proiektu honetan zero hondakin sortzera bideratutako alternatiba bat proposatzen da. Zehazki, biomasa hondakinak baliarazi nahi dira adsorbatzaile karbonoso jasangarriak lortzeko. Horien ezaugarri fisiko-kimikoek kutsatzaile gainerakorrak (antibiotikoak) deuseztatzeko aukera emango dute eta horrek, aldi berean, eragin positiboa izango du gure inguruneko uren kalitatean. Hortaz, ekonomia zirkularreko ekintza bat da argi eta garbi eta, gainera, unibertsitatean bertan du ardatza.
- Koordinatzailea: Miren Itsaso Martinez Santos
- Harremanetarako helbidea: miren.martinez@ehu.eus
- Parte hartzen duten zentroak: Bilboko Ingenieritza Eskola
- CBL Programako edizioa: IV (2020/21), V (2021/22)