Hautazko kredituak lortzeko aukera UPV/EHUko ikastegietako ingurumena hobetzeko taldeetan parte hartzeagatik ekintzak planifikatu, gauzatu eta ebaluatzeko lanetan

Gure ikastegietan (eskoletan eta fakultateetan) baditugu ingurumena hobetzeko taldeak deritzenak. Talde horietan ingurumena hobetzeko ekintzak planifikatu, gauzatu eta ebaluatzen dira, ikastegiek ingurumenean daukaten eragina murrizteari begira. Ekintza horietako batzuk, adibidez, kontsumoa (materiarena edo energiarena) murriztu/optimizatzeko izaten dira, eta ikastegi bakoitzak urte bakoitzerako egiten duen Ingurumena Hobetzeko Planean jasotzen dira.

UPV/EHUko Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzak ikasleak bultzatu gura ditu parte hartzera eta ekarpenak egitera unibertsitateko ikastegien kudeaketa jasangarrirako ekimenetan. Hori dela eta, hautazko kredituak aitortuko dizkie graduko ikasleei UPV/EHUko ikastegietako ingurumena hobetzeko taldeetan parte hartzeagatik ingurumenaren aldeko ekintzak planifikatu, gauzatu eta ebaluatzeko lanetan.

Zehazki, Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzak kreditu 1 aitortuko du 25 orduko jardunagatik, UPV/EHUko Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordearen 2018ko ekainaren 7ko Erabakian adierazten denez.

 

Zein tramite egin behar dut ingurumena hobetzeko talde batean parte hartzeko?

1 urratsa

Iraunkortasunaren arloko Zuzendaritzari jakinarazi

Zure ikastegiko Ingurumena Hobetzeko Taldearekin harremanetan jarri bazara, taldearen arduradunari eskatu beharko diozu Iraunkortasuneko Zuzendaritzari jakinarazteko onartu egin zaituztela taldean. Horretarako, 1. eranskina bete beharko du eta helbide honetara bidali: iraunkortasuna@ehu.eus

Oraindik harremanetan jarri ez bazara ingurumena hobetzeko taldearekin edo aholkua edo informazio gehigarria behar baduzu lehen pauso hori egiteko, guri idatzi edo deitu lasai (e-maila: iraunkortasuna@ehu.eus ; telefonoa: 946013083.

2 urratsa

Ikastegiko Ingurumena Hobetzeko Taldean parte hartzeko prestakuntza

Ingurumena Hobetzeko Taldean sartu aurretik, ikastaro labur bat eskaintzen dizugu ingurumenaren kudeaketari buruzkoa, aurrez-aurrekoa edo online izango dena, prestatzeko Ingurumena Hobetzeko Taldean.

Idatzi guri, eta harremana edo/eta esteka eta pasahitzak bidaliko dizkizugu sarbidea izan dezazun.

Behin ikastaroa amaituta, Ingurumena Hobetzeko Taldean sartu ahal izango zara eta modu aktiboan parte hartu taldearen bileretan eta antolatuko dituzten jardueratan

.

3 urratsa

Ganoraz eta konpromisoz jardun Ingurumena Hobetzeko Taldean

Jarduna amaitzean, ikastegiko Ingurumena Hobetzeko Taldearen arduradunak 2. eranskina bete beharko du eta taldeko zereginetan eman duzun orduen kopurua zehaztu. Eranskina iraunkortasuna@ehu.eus helbidera bidali beharko du.

Informazio horrekin, errektoreordetzak hautazko kredituak aitortzeko ziurtagiria egingo dizu. 

4 urratsa

Kredituen aitorpena eskatu

Azkenik, zure ikastegiko idazkaritzan ziurtagiria aurkeztu, eta eskatu kreditu horiek aitortzea. 

Informazio gehiago jasotzeko

UPV/EHUren Iraunkortasunaren arloko Zuzendaritza