Hondakin sanitarioen sailkapena

I. multzoa: Hondakin sanitario ez espezifikoak

Behin bakarrik erabiltzeko materialak dira, hala nola osasun langileek erabilitako arropa, eskularru eta maskarak, odolez, jariakinez edo iraizkinez zikindutako sendaketa materiala, gernua duten edo izan duten ontziak, drainatze ontzi hustuak, odola edo bestelako likido biologikoak biltzeko erabilitako poltsa hutsak, dialisi iragazkiak, igeltsuak, eta, oro har, likido biologikoak xurgatu dituen edo horrelakoekin zikinduta dagoen beste edozein hondakin, baldin eta II. edo III. multzoko hondakin motaren bat ez bada.

Aurrekoez gain, II. multzoko hondakinak ere multzo honetakotzat hartuko dira 21/2015 dekretuaren 14. artikuluan jasotakoari jarraiki autoklabe bidez tratatuak izan ondoren edo dekretu honetako 16. artikuluan jasotakoa betez beste tratamendu baimenduren bat jaso eta gero.

II. multzoa: Hondakin sanitario espezifikoak

Infekzioak eragiteko arriskua dakartelako edota arrisku susmoa edo arrisku psikoemozionala eragiten dutelako, kudeaketaren etapa guztietan bereiz kudeatu beharreko hondakinak dira multzo honetakoak.

Multzo honen barruan hondakin mota hauek sartzen dira:

  • Hondakin infekziosoak; hots, 21/2015 Dekretuko I. eranskinean zerrendatutako gaixotasun infekziosoren bat duten pazienteengandik datozela eta, gaixotasun horiek kutsatzeko gai izan daitezkeenak. Salbuespen gisa, eta zentro ekoizleak hala baderitzo, infekziosoak izan daitezkeelako zalantza sortzen duten bestelako hondakin batzuk ere sartu ahalko dira multzo honetan (desagerrarazitzat jotako gaixotasunak, kanpotik ekarriak, gaixotasun berriak edo oso birulentoak).
  • Agente biologikoen kultiboak eta erreserbak, baldin eta gizakiei nahiz animaliei gaixotasunik eragiteko modukoak badira, eta haiekin kontaktuan egondako material botagarria, fluxu laminarreko kanpaietako eraginkortasun handiko iragazkiak barne.
  • Agente bizi motelduak dituzten txertoak eta haien bialak.
  • Anatomia hondakinak, baldin eta beren tamainagatik ez badira sartzen indarrean dagoen hilotzen alderdi sanitarioei buruzko erregelamenduaren aplikazio eremuan (202/2004 Dekretuak, urriaren 19koak, onartua).
  • Hondakin ebakitzaile edo zorrotzak, hala nola bisturiak, orratz hipodermikoak, suturarako orratzak, kapilarrak, portak, estalkiak eta agente patogenoei sartzeko bidea ireki diezaiekeen beste edozein hondakin.
  • Odola eta hemoderibatuak, pleura likidoa, peritoneo likidoa eta beste edozein fluido biologiko (gernua izan ezik), baldin eta ontzitan jasota 100 ml-tik gorako kantitatea badira, edo hondakin horien laginak, guztira, 100 ml-tik gorako kantitatea badira, eta betiere 2 a) eta 2 g) motako hondakin infekziosoak ez badira edo saneamendu sistema orokorraren bidez deuseztatzekoak ez badira.
  • Animalia infekziosoetatik datozen hondakinak edo Dekretu honetako I. eranskinean zerrendatutako patologiak eragiten dituzten agente infekziosoak inokulatu zaizkien animalietatik datozenak, gorpuak, anatomia hondakinak eta haien estabulaziotik sortutako hondakinak, baldin eta patologia horiek kutsatzeko gai izan daitezkeela uste bada eta ez badira sartzen giza kontsumorako ez diren animalia jatorriko azpiproduktuei buruzko araudiaren aplikazio eremuan.

III. multzoa: Hondakin sanitario ez biologikoak, eta horrelakoak dituzten nahasteak

Multzo honen barruan hondakin mota hauek sartzen dira:

  • Medikamentu zitotoxikoen eta zitostatikoen hondakinak, eta botika horiek prestatzeko erabilitako edo horiekin kontaktuan egondako material guztia, fluxu laminarreko kanpaietako eraginkortasun handiko iragazkiak barne.
  • Epigrafe honetako beste atal batzuetan zehaztutakoez bestelako botika baztertuak.
  • Hondakin sanitarioak, kontserbatzearren formoletan edo beste gai kimikoren batean sartutako anatomia hondakinen nahastea badira.
  • Beste edozein hondakin, baldin eta, osasun arloko jardun profesionalerako beharrezkoa izanik, artikulu honetan zehaztutako II. eta III. multzoetako hondakinak erabiliz egindako nahastearen emaitza bada.

UPV/EHUko hondakin sanitarioen kudeaketa kanpoko kudeaketa enpresa baten bidez egiten da.

Enpresa horrekin egindako kontratuaren xedea da II. eta III. multzoetako hondakin sanitarioak kudeatzea.
UPV/EHUk sortutako hondakin sanitario nagusiak hauek dira:

  • II. multzoa –EHZ: 180103:
    • Hauek nabarmentzen dira: hondakin ebakitzaileak eta zorrotzak, batik bat orratzak, lantzetak, pipetak, bisturi orriak, portak, hodi kapilarrak eta beira hodiak... Halaber, analisi edo esperimentazio mikrobiologikoko jardueretan beste hondakin sanitario espezifiko batzuk sortzen dira, hala nola Petriren kaxa, hemokultiboak, estraktu likidoak, likidoak, kutsatutako tresneria, fluxu laminarreko kanpaietako iragazkiak...
  • III. multzoa:
    • Botika zitotoxikoen eta zitostatikoen hondakinak - EHZ: 180108: erabilera terapeutikorako egokiak ez diren minbiziaren aurkako botiken hondakin guztiak hartzen ditu baitan, baita botikarekin harremanetan egon den behin erabiltzeko material sanitario oro ere, izan prestatzeko orduan (bialak, iragazkiak, poltsak...), izan manipulatzailea babesteko orduan (maskarak, eskularruak, mantalak...) edo izan pazienteei emateko orduan (orratzak, xiringak, gazak...). Halaber, multzo honetan sartzen dira botika zitotoxikoak edo zitostatikoak ez diren botika baztertuak edota zaharkituak - EHZ: 180109.