Actividad

Maskarak biltzea Gipuzkoako Campusean birziklatzeko

Irudia

Maskara gure eguneroko jantzien osagai bihurtu da, eta denboraldi batez hala izaten jarraituko du, COVID-19aren aurrean babesteko neurri nagusi gisa.

Horien erabilerak ingurumenean nabarmen eragiten du. Hilero, Europan bakarrik, ehunka milioi maskara botatzen dira, eta horri gehitu egin behar zaizkio ekoizpen, garraio eta banaketa faseek eragindako inpaktu negatiboak.

NANTEK eta ORKA euskal enpresek metodo bat garatu dute erabilitako maskarei (kirurgikoak eta FFP2) bigarren bizitza bat eman eta erregai eta industriarako bestelako produktu kimiko bihurtzeko.

UPV/EHUko unibertsitateko kideek erabiltzen dituzten maskarak kudeatu eta birziklatzeko ekimen aitzindari honekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu dugu Iraunkortasunaren eta Gizarte Konpromisoaren Zuzendaritzak eta Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzak. Maskarak biltzeko edukiontziak jartzen hasiko gara Gipuzkoako Campusean, eta, ondoren, Arabako eta Bizkaiko campusetara zabalduko dugu ekimena.

Unibertsitateko kideok proiektuan lagundu dezakezue, erabilitako maskarak (kirurgikoak eta FFP2) honako eraikin hauetako sarbidean jarritako kartoizko edukiontzietan utzita:

  1. Ekonomia eta Enpresa Fakultatea
  2. Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea Irakasleen eskolako eraikina
  3. Psikologia Fakultatea
  4. Carlos Santamaria Zentroa
  5. Ignacio Mª Barriola Zentroa
  6. Ignacio Mª Barriola Zentroko kafetegia
  7. Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola

 

 

GARRANTZITSUA:

  • Ez dituzu maskarak manipulatu behar birziklatzeko edukiontzian sartu aurretik. Ez dituzu maskara lotzeko gomak moztu behar, ezta sudurraren doikuntza metalikoa desmuntatu behar ere.  
  • Sartu erabilitako maskarak banan-banan, paketatu edo poltsaratu gabe.

Maskarak bildutakoan, ORKA eta NANTEK arduratuko dira horiek desinfektatzeaz eta birziklatzeaz, hau da, industriagintzan erabiltzeko produktu eratorriak bilakatzeaz.

Eskerrik asko zure osasuna, unibertsitateko kideena eta gure planetarena zaintzeagatik