5. helburua: genero berdintasuna

Aurrekoan GIH 1 landu genuen, ondoren GIH 3, eta gaur bosgarrenaren inguruan eztabaidatuko dugu: genero berdintasuna.

Hasteko, UNESCO Etxearen bideoa ikusiko dugu: https://youtu.be/AP8zqHHWrxA?si=Vi5b7HR6y0aHKeyX

Eusko Jaurlaritzak (2017) honela zehazten du helburu hau:

5. GIH: Genero-berdintasuna lortzea eta emakume nahiz neska guztiak ahalduntzea

  • Balioen aldaketa sustatzea, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko.
  • Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lanaren eremuan bultzatzea, soldata-diskriminazioaren aurka borrokatuz eta bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzearen alde eginez.
  • Gurasotasun positiboa eta erantzunkidetasuna sustatzea.
  • Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzea (…).

Bestalde, hauek dira UNESCO Etxeak (2020) bere txostenean zehaztutako zenbait ikaskuntza helburu:

GIH 5: Genero berdintasuna

Ikaskuntza-helburu kognitiboak

1. Ikasleak ulertzen ditu genero, genero-berdintasun eta generoagatiko diskriminazio kontzeptuak, ezagutzen ditu generoarekin lotuta diskriminazioak, indarkeriak eta desberdintasunak hartzen dituzten askotariko formak, eta ulertzen ditu genero-berdintasunik ezaren egungo arrazoiak eta arrazoi historikoak.
2. Ikasleak ulertzen ditu emakume eta neskatoen oinarrizko eskubideak, esplotaziorik edo indarkeriarik ez jasateko eskubidea eta ugalketa-eskubideak barne.
3. Ikasleak ulertzen ditu bere herrialde eta kulturaren barnean dauden generoen arteko desberdintasun-mailak, mundu-mailako arauekin alderatuta, generoaren eta beste kategoria sozial batzuen intersekzionalitatea barne
(gaitasuna, erlijioa eta arraza, esaterako).
4. Ikasleak badaki zer aukera eta onura dakartzaten legedian eta gobernantzan genero-berdintasunak eta generoen erabateko parte-hartzeak, kontuan hartuta aurrekontu
publikoen izendapena, lan-merkatua eta esparru publiko eta pribatuko erabakimena.
5. Ikasleak ulertzen du hezkuntzak, teknologiek eta legediak betetzen duten zeregina, ahalduntzeko eta genero guztien erabateko parte-hartzea lortzeko

Ikaskuntza-helburu sozioemozionalak

1. Ikaslea gai da genero-rolen pertzepzio tradizionala ezagutu eta zalantzan jartzeko, ikuspegi kritiko batetik eta ainguraketa kulturala errespetatuz.
2. Ikaslea gai da generoagatiko diskriminazio oro identifikatzeko eta salatzeko eta genero guztien erabateko ahalduntzearen onurez hitz egiteko.
3. Ikaslea gai da elkarlanean jarduteko, indarkeria eta generoagatiko diskriminazioa desagerrarazi, botererik gabekoak ahaldundu eta errespetua eta berdintasuna sustatzeko.
4. Ikaslea gai da bere genero-identitateaz eta genero-rolez gogoeta egiteko.
5. Ikaslea gai da genero-rol eta igurikimen pertsonal edo komunitario desberdinak dituztenekiko enpatia eta elkartasuna sentitzeko.

Jokabideen eremuko ikaskuntza-helburuak
1. Ikaslea gai da bere ingurunea ebaluatzeko, bai bere burua eta bai generoagatik baztertzen dituztenak ahalduntzeko.
2. Ikaslea gai da genero-berdintasunari eta parte-hartzeari buruzko erabakiak ebaluatzeko eta horietan parte hartu eta eragiteko.
3. Ikaslea gai da besteei babesa emateko, generoen arteko enpatia gararazi eta generoagatiko diskriminazioa eta indarkeria geldiarazteko.
4. Ikaslea gai da generoagatiko diskriminazioa hauteman eta identifikatzeko.
5. Ikaslea gai da genero-berdintasunerako estrategiak planifikatu, abiarazi, babestu eta ebaluatzeko.

 

Helburu hauei lotuta, hainbat eztabaida plantea daitezke.

Alde batetik, ahalduntzearen kontzeptua eztabaidagarria da.

María Galindo aktibista feminista boliviarra hizlari gonbidatu izan zen Espainiar Gobernuaren Berdintasun Ministerioak antolatutako Nazioarteko Topaketa Feministan, ‘We call it feminism. Feminismo para un mundo mejor’ lelopean (5/03/2023). Esteka honetan duzue bere diskurtso osoa euskaraturik: http://jabegabetzea.blogspot.com/2023/03/maria-galindo-aktibista-feminista.html

Ondoren, bertatik ateratako hainbat ideia dituzue, eztabaida konplexutzeko:

Boto-eskubidea ematen dizuet politikatzat jotzen denaren birdefinizio erradikalerako eskubidearen truke.

Berdintasunezko ezkontzarako eskubidea ematen dizuet ezkontza indargabetzearen truke.

Kode penalean feminizidioa erregistratzeko eskubidea ematen dizuet erailak ez izateko eskubidearen truke.

Eta hauxe iradokitzen dizuet: pertsonen salerosketak kezkatzen bazaituzte, hemen bertan zaudeten emakume espainiar eta europarrei bereziki, borroka zaitezte Atzerritarren Legearen indargabetzearen alde, eta ez sexu-langileen kriminalizazioaren alde. Ez dadila izan borroka hori zuen sistema politiko nazionaletan ezin delako egin, gauza hauek ez baitira hemen erabakitzen.

(…)

Nire ustez, feminismoak eskubideen aldeko borroka gisa ulertzea tranpa hutsa da, agortutako amarrua, eta ez dugu bertan erori behar.

Kontua ez da Giza Eskubideei emakumeen eskubideak falta zaizkiela osatzeko.

Kontua ez da, intersekzionalitate ikuspegitik, emakumeen eskubideei unibertso zuri heterosexualetik kanporatutako emakumeen eskubideak falta zaizkiela.

Arazoa ez da sexu langileen, etxe langileen, edo gaizki deituriko migranteen eskubideak falta direla. Migranteak ekonomia neoliberaletatik erbesteratutako emakumeak baino ez dira, lanik ez egotearen ondorioz. Migranteak euren lurraldeetatik kanporatutako emakumeak baino ez dira, arpilatze ekozidaren ondorioz ihes egin beste aukerarik ez dutelarik.

(…)

Giza Eskubideen erakundeen diskurtsoa maltzurra da, heriotza estaltzeko maskara bat, ezinbesteko hipokresia inor ausar ez dadin benetan egiten ari direnaren kontzientzia hartzera.

(…)

Amaitzeko, eskari bat: Giza Eskubideen Nazioarteko Itunari izena aldatzea nahi nuke.

Eskatuko nuke honela izendatzea: Europarrek Gizakitzat jotzen dituztenen Eskubideen Itun Erretorikoa.

Proiektua ez da boterea hartzea. Boterearen aurrean ez duzu ahaldundu behar. Boterearen aurrean matxinatu egin behar duzu. Proiektua iraultza egitea da.

Bestalde, genero-berdintasunean ikuspegi bitar edo binaristari heldu dio Jaurlaritzak, genero-disidentziek egunero jasaten dituzten errepresio eta gutxiespenak kontuan hartu gabe. Interesgarria da oso Amaia Alvarez Uria eta June Fernandez Casete eragileek LGTBIQ+ mugimenduen inguruan proposatzen diguten hausnarketa:

“1980ko hamarkadan sortutako lesbiana feministen kolektiboentzat, lesbiana bazen termino politiko eta iraultzaile bat. Aitzitik, 30 urte geroago, edozein telesailetan erreferente lesbiko homonormatiboak agertzen zaizkigun honetan, gazte politizatuentzat inportantea da bollera aldarrikatzea, orientazioa ez ezik, erreferentzia egiteko hautuari, proiektu politikoari, komunitateari, eredu kapitalista-integratzailearen kontrako jarrerari ere. Lesbiana gero eta testuinguru gehiagotan hitz onargarria den garaiotan, bollera (marika eta trabesti bezala), iraina geureganatzeko eta harrotasunezko identitate politiko bihurtzeko apostu kurrean datza. Nolanahi ere, Itxaro Bordak gogorarazi digu bollera ez dela Euskal Herri osoan erabiltzen den terminoa, Hego Euskal Herrian baizik; frantsesez gouine darabilte Ipar Euskal Herrian” (Alvarez Uria eta Fernandez Casete, 2023, 14. orr.).

Luditas Sexxxuales kolektiboak 2014an azpimarratu bezala, inoiz ez pentsatu bakarrik zaudela. Alaitasuna prozesuan dago, ez dago egia sexual bat gizartearen errepresioaren geruza handiaren azpian ezkutatuta.

Azkenik, aztertu behar dugu zein izan den eta oraindik den eskolaren erantzukizuna emakumearen ikuspegi sozialean, eta horretarako, klase sozialei erreparatu behar zaie. Julia Varelak (2006) oso ondo azaltzen duen bezala, azken 300 urteetan familia despolitizatu da eta Psikologiaren Erresuma inposatu da, pribatutasuna eta subjektibizazioa indartzeko. Emakume burgesaren ikuskera ezarri da, etxea zuzen eta apal eramaten duena eta ama hezitzaile perfektua. Klase herrikoietan, familia ez da horrela interpretatzen, bizitza ez baita familia nuklear burgesaren ideiaren inguruan eraikitzen (ondasun pribatua, ordena, progresoa). Horregatik, eskolak behin eta berriz seinalatzen du “ama txarra” zer den: eskolaren nahiak betetzen ez dituena, etxerako lanen gainean ez dagoena, ikastetxeak zehaztutako bileretara ez doana… klase (eta askotan etnia) ikuspegia akritikoki ezartzen delako. Hori ere, emakumeen aurkako bortizkeria da.

 

ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

Alvarez Uria, A., eta Fernandez Casete, J. (2023). Mariokerrak. Nola esan/izan bollera euskaraz. Txalaparta.

Eusko Jaurlaritza (2017). Agenda Euskadi Basque Country 2030 [Helburuen txostena]. https://www.irekia.euskadi.eus/uploads/attachments/11500/AGENDA_EBC2030.pdf

Luditas Sexxxuales (2014). Ética amatoria del deseo libertario y las afectaciones libres y alegres. Milena Caserola.

UNESCO Etxea (2020). Garapen Iraunkorrerako Helburuetarako Hezkuntza. Ikaskuntza-helburuak. https://unetxea.org/eu/portfolio-item/garapen-iraunkorrerako-helburuetarako-hezkuntza-ikaskuntza-helburuak/

Varela, J. (2006). Anatomía política de la familia civilizada. Revista Cuchará’ y paso atrá’, 13, 63-71.

Comments are closed.