Informatika fakultatea eta euskara

EUSKARALDIA: Garapen informatikoen LEHIAKETA

Euskaraldia: Garapen Informatikoen LEHIAKETAren oinarriak

Sarrera

Euskal Herriko hizkuntzaren garapena eta erabilera izan da, betidanik, zentroaren helburuetako bat. Hasierako urrats formalak 1984/85 ikasturtean eman ziren, lehen aldiz eskaini baitziren urte horretan bi ikasgai euskaraz, lehen mailan. Eskaintza etengabe joan zen zabaltzen eta Lizentziaturaren azken urtean, 1992/93 ikasturtean, lehen zikloko hiru urteko ikasgai guztiak euskaraz eskaini ziren jadanik. Hori baino lehen, 1988/89 ikasturtetik aurrera hautazko bi ikasgai ere hasi ziren eskaintzen euskara zientifiko/teknikoa lantzeko: Euskara Tekniko I eta II.

Informatika Ingeniaritza berriaren ondorioz, euskarazko eskaintza areagotu egin zen. Hala, 1998/99 ikasturtean, ingeniarien lehen promozioak bukatu zuen urtean, derrigorrezko 244 kredituak (31 ikasgai eta KAP) eta hautazko 39 kreditu (6 ikasgai) eskaini ziren euskaraz. Ingeniaritza Teknikoan ere derrigorrezko kreditu guztiak eta hautazko hainbat kreditu eskaini ziren euskaraz hasieratik.

Informatika Ingeniaritzako Gradua diseinatzeko, Zentroko hizkuntz profila hartu zen kontuan: derrigorrezko ikasgai guztiak (Gradu Amaierako Lana barne) eta gutxienez Gradua osatzeko behar diren hautazko kredituak euskaraz eskaini behar dira. Eskaintza hori abian da dagoeneko. Era berean, Informatika Ingeniaritzako master profesionala ere euskaraz egin daiteke (derrigorrezko kreditu guztiak eta hautazko batzuk).

Graduaz gaindi, euskarak presentzia handia du ikerketa taldeetan ere. Zehazki, IXA taldeak hizkuntzen prozesamendu informatikoa ikertzen du, non euskara helburu nagusia den. HAP masterra, IXA taldearen eskutik, euskaraz eskaintzen da.

2014. urtez geroztik, Fakultateko irakasleen % 60a baino gehiago euskalduna da, eta ikasle berrien erdiak baino gehiago euskaraz ikasten du dagoeneko. Zuzendaritza eta administrazioa ere bi hizkuntzetan aritzen da.

Horren guztiaren isla da fakultateak 2016an lortutako Bikain kalitate-ziurtagiria. Euskararen erabilera enpresa-munduan aztertzen duen ekimen hori unibertsitatera zabaldu da aurreneko aldiz, eta gure ibilbidea eta egoera aitortu dituzte ziurtagiri horren bitartez.

EGIN MATRIKULA EUSKARA TALDEAN

EUSKARAZ IKASI NAHI DUT

Euskararen eboluzioa Informatika Fakultatean

Euskararen eboluzioa Informatika Fakultatean. Posterra

2017. urtean, fakultatearen 40. urteurrenaren harira, euskarak fakultatean izan duen eboluzioari eta fakultatean euskaraz idatzi diren liburuei buruzko bi liburuxka osatu ziren, baita horiek laburbiltzen dituen posterra ere (dekanotza eta idazkaritza dauden korridorean aurkituko duzuna).

Azken urteetan euskararen inguruan egindako ekimenak