Hizkuntz erroreen inguruan

Konturatu naiz ezer gutxi dudala blogean hizkuntz erroreen inguruan! Ea ba, hona azalpen txiki bat, lagungarria izan daitekeelakoan.

Erroreak oso baliotsuak dira ikaslearen hizkuntz gaitasuna baloratzeko. Hala ere, erroreak analisi fin bat eskatzen du, bere jatorria ondo ulertzeko, eta hori ez da batere erraza izaten, errorea berbera izanik ere, ez delako testuinguru berean gertatzen. Ez da gauza bera aditz bat gaizki jartzea testu sinple batean eta testu konplexu batean, edo azkar idazten dugunean eta patxadaz idazten dugunean.

Errorea gehienbat idatziz landu da. Ahozko erroreak are zailagoak dira baloratzen, “perfektu” idatz daitekeelako (errorerik gabe) baina ahoz zuzentasunaren garrantzia txikiagoa delako, bestelako elementu komunikatiboak ditugulako: elementu linguistiko, paralinguistiko eta estralinguistikoez gain, elkarreragin historia luzea izaten dugulako, erroreek eragiten dituzten hutsuneak betetzeko. Horregatik, idatzizko erroreetan zentratuko gara.

Errore bat “abisu” bat da, seinale bat, baina ez dakigu zeren seinale. Errore asko utzikeriak eragiten ditu, gauzak zuzenago egiteko interes faltak. Interes falta horretan, eragina du komunikazio-ekintzarekiko interesak, eta horren aurrean, jarduerak ikasleen interesetara hurbiltzeak laguntzen du, jarduera errealak egiteak… Hala ere, jende asko dago hizkuntzaren zuzentasunarekiko halako intsensibilizazioa edo desentsibilizazioa garatua duena. Kasu horretan, zuzentasunaren balioa landu beharko dugu, eta, kasurik okerrenean, kalifikazioa erabil daiteke zuzentasun hori bermatzeko.

lapiz de ele infografia gehiago

Hizkuntz zuzentasuna hizkuntzaren estetikaren parte garrantzitsua da. Jende asko da estetikarekiko “itsua” dena, “belarri txarra” duten pertsona asko daudela dakigun bezala. Itsutasun horrek esan nahi dezake pertsona horiekin estrategia didaktiko bereziak erabili beharko ditugula, hizkuntzaren estetikaren garrantzia lantzeko. Horretarako, idazkeraren alderdi estetikoa landu beharko dugu, eskuz edo digitalki. “Lettering” deritzonarekin lan egin dezakegu, hona adibide erraz bat, gaur bertan Twitterren ikusitakoa: https://twitter.com/arcuvica09/status/1257966020423286784

Beste errore-multzo bat lotuta dago hizkuntzaren idatzizko kodea ez dagoelako ondo finkaturik. Oso garrantzitsua da errore hauek zein diren argitzea, hauek direlako bereziki gure irakats-lanaren bitartez landu beharko ditugunak. Kodea ondo ezarrita ez dagoenean, erroreen feedback zuzentzailea ez da horren esanguratsua, izan ere, ikasleak ez du kodea nahikoa ezagutzen eta ondorioz, errorea zuzenduta emanda ere, ez du bere buruan finkatzerik izango. Errore hauek murrizten joan beharko lirateke, hizkuntz kodea gehiago lantzen dugun heinean, bestelako jarduerekin. Elementu gramatikal zehatz bat fokalizatzea lagungarria izan daiteke errorea desberdintasun zehatz bati lotuta dagoenean (nominatiboa/ergatiboa adibidez) baina ez da hain baliotsua globalagoa bada (mugagabe/mugatu bereizketa, adibidez).

Errore-multzo handi baten arrazoia zama kognitiboak eragindakoa da. Hau hala dela jakiteko eta kodearen ezagutza faltagatik ez dela egiaztatzeko, bat-batean idatzitako testuak eta denbora emanda idatzitakoak alderatu behar ditugu, eta, horrekin batera, ikasleak ondo ezagutzen dituen gaiei buruzko testuak eta gai ez hain ezagunen ingurukoak. Alderaketa hauek neurria emango digute. Ikasleak errore bat egiten badu lanak zama kognitibo handia eskatzen dionean esan nahi du ikasleak ez duela kodea hain ondo finkatua, oraindik automatismoak falta dituelako eta agian muga semantikoak dituelako; kasu honetan, eskuhartze didaktikoa askotariko ulermen eta ekoizpen jarduerak egitea da, eta ikaslearen aurrerapena baloratzeko portfolioa oso lagungarria da.

Boligrafo gorriaren kontura, ez dugu ebidentzia zientifiko nahikorik ikusi. Gorriaren ordez berdez edo morez eginez gero, ez dugu arazoa konponduko, eta beltzez edo urdinez eginez gero, gure zuzenketak ez dira ondo ikusiko eta ikaslea bilaka ibili beharko du. Normalean marka hauek desberdintzen ditugu:

  • Ikasleak berak autozuzen ditzakeen erroreak (berak bakarrik edo ikaskideren baten laguntzaz, kozuzenketan). Hauek soilik markatzen ditugu edo, zenbait kasutan, ohartxo bat gehitzen dugu arazoa konpontzeko “pista” gisa.
  • Ikasleak uler ditzakeen erroreak baina oraindik ez dituenak ondo menderatzen. Kasu honetan, geuk zuzentzen ditugu, beti ikasleak berea eta gure zuzenketa ikusteko moduan utzita (ezabatu ordez, seinalatu eta gainean jarri zuzenketa)
  • Ikasleak oraindik uler ez ditzakeen erroreak baina fosilizatzea nahi ez dugunak. Gauzak “gaizki” idatzita ikustera ohitu daiteke ikaslea, ezer seinalatzen ez badiogu. Maiztasun handiko hitz, egitura eta esapideak dira lehentasunezko gure zuzenketa honetan. Hauek dira frustranteenak, ikasleak oraindik ezin dituelako ikasi eta ematen du alferrik egin dugula, baina ondo dago badazpada fosilizazioaren problemaren aurrean.
  • Ikasleak oraindik uler ez ditzakeen erroreak baina bere intereseko gai bati lotuta daudenean. Hauek gehienbat semantikoak izaten dira edo hitz-egiturak, eta berarentzat zailegiak izanik ere, beharbada motibatuta dago “ondo” ikasteko edo mekanizatzeko.

Esteka honetan, beste azalpen bat ematen da erroreen inguruan (beste ulerkera bat) eta uste dugu interesgarria dela gaia osatzeko: http://www.cuadernoscervantes.com/art_38_error.html

Eta hau artikulu akademikoago bat da gaiaren inguruan: https://ruidera.uclm.es/xmlui/bitstream/handle/10578/7938/Ling_stica_y_ense_anza_el_tratamiento_de_los_error.pdf

Comments are closed.