A sample text widget

Etiam pulvinar consectetur dolor sed malesuada. Ut convallis euismod dolor nec pretium. Nunc ut tristique massa.

Nam sodales mi vitae dolor ullamcorper et vulputate enim accumsan. Morbi orci magna, tincidunt vitae molestie nec, molestie at mi. Nulla nulla lorem, suscipit in posuere in, interdum non magna.

Ekoizpen-ereduak eta eskola-ereduak: fordismoa, taylorismoa eta toyotismoa

Gai hau hainbatetan ateratzen zaigu, hezkuntzaren inguruko debateetan. Ebaluazioari buruzko ikastaroan informazio gehiago eskatu digutela baliatuz, hona ere ekarriko dut bertan azaldutakoa.

Charlie Chaplin - Tiempos Modernos

Fordismoa, taylorismoa eta toyotismoa, hiru ekoizpen-modu dira

Azken 150 urteetan, eskolaren hedapena enpresen beharrekin loturik egon da. Enpresa-ereduen arabera antolatu da irakaskuntza-lana, enpresara egokitzeko (ez soilik baina bai nagusiki).

Fordismoa

Fordismoa da “eskola tradizionala” deritzona normalean. Ekoizpen-modu honetan, irakats-lana mekanizaturik lantzen da: ikasleak aurrera begira, eredu autoritarioa, erritmoak txirrinek markaturik, isiltasuna nagusi, ariketetan zentraturik, ebaluazioaren eredu punitibista… Ikasleak fabrikara bezala sartzen dira eskolan eta fabrikatik bezala irteten dira, eta tartean, homogeneizazio-prozesu bat, zeinetan denek gauza bera egin behar duten eta helburu berberetara iritsi behar duten, kate-fabrikazioan bezala.

Taylorismoa

Eredu tayloristaren arabera, fordismoak kalte handiak eragiten zituelarik (gaixotasunak, langileen iraultzak…), egokitzapenak egin behar dira fordismoaren ekoizpen-ereduan. Hezkuntzan, irakaslea ikasleengatik kezkatzen da eta saiatzen da denek helmuga berberera iris daitezen, ariketen ordez zereginak planteatzen dira, modu mekanizistak murriztuz, normalizazioa bultzatzen da, lana eta aisia oso argi desberdintzen dira (jolasordua)… “Kapitalismo leundua” deritzona.

Eredu fordista eta tayloristaren printzipio komunak eskolan

Eredu fordistak eta tayloristak hiru printzipio partekatzen dituzte, eskolaren planteamenduan:

  • Intentsifikazio-printzipioa: haurraren garapenaren prozesua modu ordenatuan intentsifikatzea. Etapa bakoitzari ahalik eta etekin handiena ateratzeko, ikasleak etapaka banatzen dira eta curriculum zehatza dago etapa bakoitzerako.
  • Ekonomizitate-printzipioa: ikasleak ahalik eta emaitza gehien lortu behar ditu, ahalik eta ahalegin txikiena erabiliz. Horretarako, ingenieritzaren printzipioak aplikatzen dira pedagogian.
  • Ekoizpen-printzipioa: errendimenduan zentratutako irakats-lana, ikasleari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

Eredu hauek ez dira iraganeko kontua. Une honetan bizirik diraute eskola askotan, bereziki “ekoizpenerako prestatu behar diren ikasleen” auzo eta herrietan, hau da, ekonomikoki ahulenak hartzen dituzten eskoletan, baina baita bestelakoetan ere, jarraitzen dutelako ekoizpenaren bi eredu hauek.

Toyotismoa

Bi eredu hauei aurre egiteko eta ekonomia berritzaileagoak sortzeko, eredu toyotista sortu zen (ez da kasualitatea ekoizpen-ereduak eta eskola-ereduak auto-industrietatik etortzea). Eredu fordistak eta tayloristak adimen eta irudimen galera handia eragiten dute, hau da, “giza-kapitala” ez da behar bezala ustiatzen, eta ondorioz, lehiakortasun-aukera handia galtzen da. Horregatik, Toyotak planteatu zuen beste era batera lan egin behar zela: talde autogestionatuetan. Talde hauetan, langileek euren talentua ateratzeko aukera dute, beti enpresaren etekinen mesedetan, noski. Horregatik, taldeek elkarren artean lehiatu behar dute ea zein taldek sortzen duen produktu edo ideiarik onena. Horretarako, enpresaren giroa aldatzen da, gune irekiago eta ludikoagoak eginez, langileari eskatzen zaio atxikipen afektiboa sentitzeko enpreGoogle enpresasarekiko, enpresa maitatu behar du eta bere enpresarekin sakonki inplikatu. Eredu honen emaitzak ezagunak dira: langileen “malgutasuna”, ezegonkortasuna, presio izugarria eta indibidualismoa (eredu fordisten erantzun iraultzaileen ordez); horregatik, zenbait enpresatan, suizidioek igoerarekin lotzen da eredua (France Telecom-Orange kasuan, adibidez), emaitza onak ematen ez badituzu zeure ezgaitasunagatik delako eta ez enpresaren antolaketagatik.

Zer da toyotismoa eskolan?

  • Ekipoka antolatutako lana, kolektibotasunaren ahulezia eragiten duelarik. Ekipoek euren artean lehiatu behar dute emaitza onenak, irudimentsuenak, azkarrenak… lortzeko. Ekipoa da lanaren emaitzen arrakasta edo porrotaren erantzule.
  • Ekipoak askatasuna du ekintzailetzan, eta irakaslearen proposamena malgutasunez maneia dezake (hori bai, irakaslearen proposamena hobetu ezean, ekipoaren errua izango da proposamen “flojoagoa” edo “alfertsuagoa” proposatzeagatik).
  • Eskola-lanaren malgutzea.
  • Jarduera guztiak dira hezitzaileak, jolasordua ere bai, eta ondorioz, kontrolatu behar da. Ludikotasuna ekoizpenaren parte da.
  • Kudeaketa partehartzailea: ikasleen iritzia kontuan hartzen da, baita ebaluazioan eta kalifikazioan ere. Horrela, eskolaren punitibismoa berdinen arteko eremura eramaten da eta horrek lehiakortasuna areagotzen du.
  • Talde barruko kontrol-sistemak, autoezarriak, hau da, taldeak berak erabakitakoak, edo elkarren arteko ebaluazioaren bitartez. Horrela, kide bakoitzak gainerako kideak kontrolatzen ditu, zereginak kudeatzeko sistemen bidez, lidergoaren bidez, emozioen kudeaketaren bidez…
  • Hezkuntza kalitatearen gaineko kontrola. Zero akats.

Zergatik ari da hain azkar zabaltzen toyotismoa Euskal Herrian, beste lurralde batzuetan baino azkarrago? Seguruenik, lotuta egongo da Euskal Herriko enpresen antolaketarekin. Alde batetik, enpresa txiki eta ertainek nazioarteko merkatuan lehiatzeko, langile azkarrak, azkar erantzuten dutenak, malguak eta lan-taldeetan antolatzen direnak behar dituzte, kalitate handiko emaitzak lortzeko. Bestalde, Euskal Herriko enpresa handiak deslokalizatuta daudenez, langile-ekipo autonomoak ere behar dituzte, mundu osoan zehar barreiatuta dagoen ekoizpena modu deszentralizatuan maneiatzeko.

Horregatik, gure proposamena da taldeak ez eratzea ekipo kohesionatu gisa, eta horretarako, jarduerak irekitzea, toyotismoak eragiten dituen kalteak blokeatzeko. Elkarren arteko ebaluazioa eginez gero, kalifikaziotik urrundu behar da eta elkarren laguntza giroan kokatu, eta ez “produktuaren hobekuntza” gisa…

Espero dut testutxo honek zure jakin-mina asetzea eta eskola-ereduek ezartzen dituzten kalteen inguruan hausnarketa bizirik mantentzea!

Erlazionatutako bi blog-sarrera:

Comments are closed.