Baloreak hezkuntzan, kolonizatzeko beste era bat?

Dulantziko Mitxoleta Libertarioen 25. saio honetan, Ainhoa Ezeiza esatariak baloreen gaia ekarri du, kontzeptu honen atzean ezkutatzen diren esanahiak azaleratzeko eta hezkuntzarekin duten loturaz hausnartzeko.

Audioa deskargatu

Hezkuntzaren eremuan, eta indar bereziki handiz, Lehen Hezkuntzan, baloreak landu behar direla azpimarratzen da behin eta berriz. Kasualitatez, balore horiek askotan sozialdemokraziaren ideologian oinarrituta daude eta burgesiaren baloreak izaten dira, sistemaren onarpena sustatzen dutenak.

Iturria: Ricardo Baroja Eskola

Baloreetan heztea hainbat printzipio etikorekin konprometitzea esan nahi du, gure eta besteen ekintzak eta jarrerak ebaluatzeko balio duten printzipio etikoetan heztea. Hau da: baloreak ez dira iritzien munduan geratzen, portaerak gidatzeko tresnak baitira.

Baloreei buruz hitz egiten denean, abiapuntua adostasun moral minimoa da, gizartearen ongizatea lortzeko. Kontsentsu soziala da baloreen nolakotasuna markatzen duena. Baina kontsentsu hori eraikitzean, partaidetza ez da horizontala, botere handiagoa dutenek askoz pisu handiagoa dutelako kontsentsu hori eratzean, “herri xeheak, bere ezjakintasunean, ez dakielako”. Horren ondorioz, baloreen hautaketa eta garapena goikoek zapalduengan ezarri behar dituzten printzipio moralak direla esan daiteke.

Eskolan, askotan dagoen kexa handi bat da familiak ez dituela konpartitzen eskolak lantzen dituen baloreak. Areago esan beharko litzateke: ez datoz bat hezkuntza sistemak, familiak, ekoizpen sistemak, komunikabideek eta komunitateek dituzten baloreak. Desadostasun hauen aurrean, eskolak bere garrantzia aldarrikatzen du, baina hau egiten duenean, gutxitan azaltzen du zein den bere posizio ideologikoa baloreak finkatzen dituenean. Baloreak “unibertsalak” direlakoan, eztabaidaezinak direla planteatzen du.

Baloreen lanketan, besteak beste, zoriona eta arrakasta lortzeko gaitasunen lanketa proposatzen da maiz, sozialdemokraziaren aitzakiaz neoliberaltasuna txertatuz.

Izan ere, zer esan nahi du zoriontsua izateak, sistema latz honetan? Ez ote dira baloreak kolonizaziorako beste tresna bat, sistemaren onarpena sustatzeko tresna bat?

Berri Txarrak taldearen “Hezkuntza ustelak” kantaren zenbait atal ere txertatu dira saioan. Hona abestiaren letra osoa:

Gaua sartzen ari da
eta gaur ere,
zalantza haziak ereiten ari naiz
zalantzaondoak biltzeko

Guztia dakigula uste dugu ta
kaleko loreak, bere latinezko izena
ikasi ezinik dabiltza

“Zalantza” herrian, “Uste dut” jauna,
historian idatzi den zientzia libururik
zehatzena
irakurri, eta harritu (egin) da,
guztiz harritu da:
1997 orrialde txuri ditu eta,
beste guztiak
ezagutzen ez dugun hizkuntza
arrotz batetan idatzita daude

Esan dudanaren arrazoia:
hezkuntza sistemaren erdoila,
bizitza zientzia bakarrik dela
irakasten duen eskola ustela.
Ez dakizue ezer!

Sentimendurik gabeko hezkuntza,
gure kulturaren zapalkuntza.
Hori dela eta egunero
zuen hitzak aditu eta gero
sistema gorroto dut

KREDITUAK

Sintonia: Mitxoleta – Eneritz Furyak

Hezkuntza ustelak – Berri Txarrak (Joseba Sarrionandia-ren “Sasoi makalak” poeman oinarritua)

O meu menino é d’oiro – Dulce Pontes (musika eta letra: José Afonso)

Irudiaren iturria: Ricardo Baroja eskola

CC-by-sa-nc lizentziapeko programa, musika izan ezik. Hezkuntza helburua duen erabilera.

Comments are closed.