Paulo Freireri ikasturte honetan egin diogun omenaldi xumearen xehetasunak

ABIAPUNTUA

2021 urtean zehar, hainbat ekitaldi antolatu dira Paulo Freire pedagogo eta filosofoaren jaiotzaren 100. urteurrena ospatzeko, eta pentsatu nuen gure fakultatean ere urteurren honek sona eduki behar zuela, gure xumetasunean.

Inspirazio iturri nagusia Almeriako Unibertsitateko Teresa García Gómezen gonbitea izan zen, 2021eko martxo aldera Freireren kontzeptuak azalduko zituen liburu batean parte hartzea proposatu zigunean Javier Encina eta bioi. Lan horretarako, bi sarrera prestatu genituen: “Extensión cultural” eta “Comunicación“. Liburuak testu labur eta xumeak bildu nahi izan ditu, Freireren praxira erraz hurbiltzeko tresna gisa. Hauxe liburua:

García Gómez, Teresa (argit.) (2021). Palabras y pedagogías desde Paulo Freire. La Muralla.

Liburuan parte hartzea aitzakia bikaina izan zen Freireren lanak berrirakurtzeko, baita bere biografia arakatzeko ere.

IRAKASGAIA

Baina natorren harira. EHUko Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean, Lehen Hezkuntzako graduko 1. mailako ikasleekin Komunikazio Gaitasunaren Garapena -euskara eta gaztelania- Lehen Hezkuntzan I irakasgaia ematen dut, fakultateko hiru taldeetan, eta irakasgaiaren helburu nagusia “alfabetatze akademiko-zientifikoa” deritzona da: testu akademiko-zientifikoen bilaketa, iragazpena, irakurketa, sintesia, debatea eta erreferentzia-erak lantzea, alegia. “Alfabetatze” horren esanahia gehienetan inbasio kulturala izaten da, ikasleek modu akritikoan onartu behar baitituzte Unibertsitatearen era diskurtsiboak (ondorengo aurkezpenean azaltzen da laburki).

[slideshare id=238916329&doc=zientziarenjabegabetzea-201019191402]

Sakontzeko:

Ezeiza, Ainhoa & Encina, Javier (2019). Zientziaren jabegabetzea, etika eta haurrei lotutako ikerketa. In A. Ezeiza eta J. Encina (koord.), Educación sin propiedad (separata, 2. argit) (35-64. orr.). ISM eta UNILCO-espacio nómada. Hemen eskuragarri: https://labur.eus/UxeWB

Horrela, Freireri omenaldia egiteak testu akademiko-zientifikoak jorratzeko aukera eskaintzeaz gain, ikasleengan kritikotasuna sustatzen lagundu digu, bai hezkuntzaren inguruan, baita Zientziaren eta Unibertsitatearen aurrean ere.

Kontua ez da ikasleak Zientziaren “aurka” kokaraztea, inolaz ere. Kontua da ikasleek zientzia eraikitzeko moduak ulertzea, bestelako jakintzetatik desberdintzea eta egiantzekotasunaren amarrutan ez erortzea, hau da, pentsatzea inportanteena “itxura zientifikoa” ematea dela (APA arauak aplikatzea, adibidez, nahiz eta iturria pobrea izan; edo testu batetik esaldi bat testuingurutik kanpo erabiltzea, autoreen proposamenaren kontra ere, baina, hori bai, dena oso ondo erreferentziatua; edo unibertsitateko irakasle batek idatzitako testua bada, automatikoki ontzat ematea; edo edozein ikerketa ona dela pentsatzea, ikerketa-metodoen inguruan hausnartu gabe, edo ikerketaren etika aztertu gabe…).

Hemen, irakasgaiko bideo gehiago ikus ditzakezu, irakasgaiaren zenbait ideia hobeto ulertzeko (irudian klikatuz ikusiko duzu):

https://youtu.be/Br9ZESelgLY

 

EGINDAKO LANKETA

Irakasgaian, aurretik beste gai batzuk landu ditugu: kultura eta kulturak, Zientzia eta Hezkuntza Zientziak, albiste faltsuak eta egiantzekotasuna, komunikazio antsietatea… Ikasleek, hainbat testu irakurri eta ahoz eztabaidatu ostean, euren ikuspegiak foro birtualean idatzi dituzte, eta horrela, erreferentzia bibliografikoak erabiltzera hurbiltzen hasi dira.

Horrez gain, hainbat saiotan, ikasleek euren proposamenak gauzatu dituzte, ahozkotasuna lantzeko helburuz. Saio hauek elkar ezagutzeko eta jarduera akademikoen loturetatik askatzeko erabili ditugu, giza-beharrak asebetetzeko modu gisa (Manfred Max-Neef-en adieran).

Irakasgaiaren erdi aldera, urriaren bigarren hamabostaldian, FREIRE GOGOAN proiektua aurkeztu diet. Proiektuaren jomuga poster erakusketa bat egitea izan da. Hauek izan dira proiektuaren elementuak:

  1. Paulo Freireren gaztaroko testuinguru geopolitiko soziala aurkeztu. Hau ahoz egin genuen eta Brasil eta Txileko garaiak komentatu genituen, informalki. Hori bai, express formatuan 😉
    • Brasilgo krisia, mugimendu kristauak, helduen alfabetatzea, Brasilgo diktadura, Txileko gobernu demokristaua, Aurrerapenerako Aliantza eta J.F. Kennedy, Komunismoaren indarra, Kuba, askapenerako teologia, Allenderen garaipena eta hilketa…
  2. Artikulu honen laburpen akademiko-zientifikoa idatzi (laburpen edo “errezentsioen” egitura erabiliz):
    • Cabaluz, F. & Areyuna-Ibarra, B. (2020). La ruta de Paulo Freire en Chile (1964-1969): alfabetización popular e influencias del marxismo heterodoxo. Revista Colombiana de Educación, 1(80), 291-312. https://doi.org/10.17227/rce.num80-11066
  3. Liburu honen erreseina argitaratu, foro birtualean, eta klasean komentatu:
  4. Poster-taldeak libreki sortu, 5-8 kide artekoak (handi samarrak egin behar dira, poster erakusketan txandaka antolatzeko).
  5. Gai-banaketa: talde bakoitzak gai bat hautatu du, gaiak gela guztien artean banaturik. Hauek dira hautatutako kontzeptuak:
    • Hitz eta gai eragileak (Arceluz, 2006)
    • Itxaropenaren pedagogia (Ibáñez Luque, 2021)
    • Galderaren pedagogia (Castaño Villar, 2021)
    • Zapalduaren antzerkia (de Vicente Hernando, 2021)
    • Kontzientzia kritikoa (Díez-Gutiérrez, 2021)
    • Autonomiaren pedagogia (Freire, 1999)
    • Komunikazioa (Ezeiza & Encina, 2021)
    • Kontzientizazioa (Díez-Gutiérrez, 2021)
    • Elkarrizketa (Mayor Paredes, 2021)
    • Hitzaren irakurketa (Teixeira Maldonado, Quintão de Almeida & Moreno Doña, 2021)
    • Utopia (Ibáñez Luque, 2021)
    • Praxia (Escaño, 2021)
    • Hezkuntza askatzailea (Granjero Andújar, 2021)

    Iturri bibliografiko hauetan oinarritu gara, kontzeptuetan murgiltzeko:

    Ikusten den bezala, gehien erabili dugun iturria azken liburua izan da (García Gómez, 2021), testuak ulergarriak eta laburrak izanik, ikasleek oso ondo maneiatu dituztelarik. Kontzeptuen ideia bera liburu honetatik hartua da, eta oso-oso lagungarria egin zaigu lana antolatzeko eta Freireren lana hobeto ezagutzeko. Izan ere, ikasleek hasieran uste zuten Freireren biografiaren poster bat egin beharko zutela, antzeko lana egina zutelako beste irakasgai batean, baina biografian zentratu izan bagina, hagiografiak aterako ziren eta Wikipediaren antzerako edukien kopiaitsatsia. Aldiz, kontzeptuak landuta, talde bakoitzaren lana elkarren artean konpartitzeak zentzu handiagoa hartuko zuen, eta, aldi berean, kontzeptu batean zentratzeak lan sakonagoa egiteko aukera zabaltzen zuen.

  6. Talde bakoitzak, kontzeptu bakoitzari lotutako testu bat landu du, denbora laburrean (3 ordu, gutxi gorabehera): testua irakurri, ulertu, taldean komentatu, posterra irudikatu eta sortu, Canva erabiliz (tresna ikasleek hautatua izan da, baina talde guztietan tresna bera erabili dute, seguruenik erraza delako maneiatzen eta kalitate oneko posterrak egin daitezkeelako).
  7. Posterrak A4 formatuan inprimatu ditugu, koloretan, eta talde bakoitzak berrikusketa sakona egin die, bai testuak ondo-ondo birpasatzeko (errorerik egon ez zedin), bai estetikoki azken doikuntzak egiteko (kolore konbinazioak, espazioak eta hutsuneak…). Azken bertsioa A1 posterretan inprimatuko zenez, erroreak oso handi ikusiko zirela ohartarazi nien, eta horrek formari arreta berezia jartzea sustatu zuen.
  8. Posterra nola azaldu prestatu dute.

POSTER ERAKUSKETA: PAULO FREIRE GOGOAN

Erakusketa, blog honetan bertan iragarri genuen bezala, abenduaren 7an izan zen, arratsaldez. Egun hori erabili genuen gure fakultatean ez zegoelako hainbeste jende, eta pandemia zela eta, nahiago genuen talde txikietan sakabanaturik egotea, jende pilaketak saihesteko. Horrez gain, poster erakusketa zaratatsua izaten da, azalpenak korridoreetan egiten direlako eta pertsona asko aritzen direlako han-hemenka. Datak zenbait tentsi0 eragin bazizkigun ere (badirudi hainbat ikaslek ez zutela etortzeko asmorik… hori ez da horren harritzekoa, bestalde, baina tira), ikasleek oso ondo erantzun zuten.

Momentu ederrenetako bat hasiera izan zen. Ikasleek beren posterra A1 formatuan ikusteak poza eta harrotasuna eragin zuen, eta beren posterra zeinen polita zen komentatzen hasi ziren. Ondoren, talde bakoitza bitan banatu zen, eta denbora eman nuen posterrez poster ibiltzeko, talde erdiak azalpenak eman bitartean. Bi gune nagusitan aritu ginen, eta argazkietan erakusten den moduan (anonimotasunagatik eraldatutako argazkiak), distantzia pandemikoak errespetatzen aritu ginen.

Gimnasioko posterrak

 

Korridorean

Gimnasioan

Giro ederrean aritu ginen. Oso pozgarria izan zen ikasleek zeinen gustura azaldu zuten euren posterra, behin eta berriz. Lehen itzulien ostean, aldaketa egin genuen eta beste talde-erdia geratu zen posterrean, azalpenak ematen.

Hasieran dinamika arraroa egin bazitzaien ere, askatasunez aritu ziren baina, era berean, posterrek eskaintzen duen gertutasunari esker, galderak eta iruzkinak egin zituzten. Gainera, post-it batzuk utzi nituen, posterretan komentarioak idazteko, eta ugari izan ziren idatzitako iruzkinak, gehienak interesgarriak, atseginak eta lagungarriak.

Hona posterrei amaieran egindako argazkia:

Eta hona ikaskideen arteko feedbackarekin bildutako post-it-etako batzuk:

Hau da saio amaieran, posterrak jasotakoan, grabatu nuen bideoa, posterren eta iruzkinen ideia bat jasotzeko (egin klik irudian edo estekan, bideoa ikusteko):

https://www.youtube.com/watch?v=r2ZmynRDUpA

Ikasleengan eragina izan zuen saio honek, izan ere, irakasgaiaren amaiera aldera egin genuen hausnarketan gehienek aipatu zuten saio hau. Lanketa hau guztia sakontasunez egin genuen? Ba, zintzoki, uste dut ez genuela asko-asko sakondu, egin genituen jarduerak denbora labur samarrean egin genuelako. Hala ere, Freireren lanera hurbiltzeko baliagarria izateaz gain, hurbilpen horretan beren interpretazioak egin ahal izan dituzte, eta zenbait kasutan atxikipena sentitu dute Freireren lanarekiko.

Horrekin batera, komunikazio gaitasun akademikoa lantzeko proiektu ona izan dela esango nuke, idatzizkoaren ulermena, ahozkoaren ulermena, idazmena (laburpen eta erreseina akademikoen kontzeptuetara hurbilduz) eta ahozkoaren adierazpen akademikoa landu dugu, gertutasunez, enpatiaz eta modu esanguratsuan.

 

KULTUR INBASIOA ETA MUTISMO KULTURALA

Egindako lanketan, nabarmena izan da ikasle gutxi-gutxik dutela Latinoamerikako mugimendu sozial eta politikoen berri, Kubatik aparte; aldiz, denek dute JFKren inguruko erreferentziarik, nahiz eta erreferentzia horretan ez duten erlazionatu komunismoaren aurkako borrokarekin edo Aurrerapenerako Aliantzaren planarekin. Bestalde, Espainiar estatuan demokrata-kristauak PPn edo, gure kasuan, EAJn integraturik daudenez, oso gutxik kokatu dute orientazio politiko hau. Zer esanik ez, askapenerako teologiaren inguruko ezagutza falta. Freireren ibilbidea ulertzeko, uste dut ezinbestekoa dela testuinguru soziopolitikora hurbiltzea, bestela ezin da ondo ulertu zergatik proposatu zuen zapalduaren pedagogia.

Bestalde, bi kontzeptu izan dira ikasleen arreta gehien bereganatu dutenak, hedapena vs. komunikazioaren inguruko Freireren liburuaren irakurketaren ostean: kultur inbasioa eta mutismo kulturala.

Mutismo kulturalarekin berehalako atxikipena sentitu dute, horrela sentitzen baitira askotan. Freirek planteatu zuen bezala, jende guztiak du zeresana, nahiz eta bere hitzetan esan “ez dutela ezer esateko” eta, ondorioz, teknikariek, hedatzaileek edo irakasleek hori erabili ezjakintzat jotzeko. Bi arrazoi nagusi daude mutismoaren eraketan: gutxiespena eta errepresioa. Hitza hartzen duzunero esaten duzuna txorakeria dela entzunez gero, edo zure hitzak zure kontra jotzeko erabiliz gero (dela eskolan kalifikazio eskasa lortzeko, dela gizartean, zigor gogorrak jasateko), ixiltzea ohitura bihurtzen da, eta ohitura hori ondorengoei helarazten zaie. Azkenean, ez da erraza gogoratzea zergatik ixiltzen garen. Nabarmena da errepresioak ixilarazi duela Gerra Zibila nozitutako jende asko eta asko.

Geurera ekarriz, egoera ez hain gogorrean, jakina, ikasleek txikitatik ikasten dute ezin dela hitz egin edozein unetan, ezin direla zenbait kontu kritikatu edo zalantzan jarri, eta botererik gabekoen hitzek ez duela baliorik. Hori ondo ikasita eta barneratuta dagoenean, orduan irakasleak hitz egiteko eskatzen die ikasleei, hitza hartzeko… eta hitza hartzen ez dutenez, esaten zaie “ez dutela parte hartu nahi” edo “ez dutela interesik gaian”; ondorioz, hitz egiteko sistema koertzitiboa antolatzen da: parte hartzeagatik sariak, parte ez hartzeagatik negatiboak…

Baina ikasleen benetako partaidetza sustatuko bada, arazoaren iturrira jo behar da eta ikasleen autoestimua landu, ikasleen jakintzak balioetsiz eta eztabaidatuz, konfiantzazko ingurune batean. Hau ez da egun batetik bestera egiten, prozesu bat da eta prozesu hori pertsona batzuentzat oso azkarra bada ere, beste pertsona batzuek denbora gehiago behar izaten dute. Normala, ez dira fidatzen edo ez dakite nola hartu hitza. Horregatik, Freirek planteatzen duen bezala, komunikazioa da giltza, eta komunikazioa soilik da komunikazio egiturak horizontalduz gero. Freirek planteatu zuen komunikazioa (hau da, benetako komunikazioa) maitasun-ekintza dela, ez “ikasleak maitatzen dituzulako” (new age joera neoliberalek proposatzen duten moduan), baizik eta komunikaziora maitasunez irekitzen garelako, errespetuz eta goxotasunez, kritikoki jokatuz baina ez ikasleen hitzak suntsituz eta beti irakaslearenak gaineratuz.

Mutismo kulturalaren kontzeptuaz hitz egitea asko estimatu zuten ikasle gehientsuenek, beren egoera hobeto ulertzeko eta irakasle direnean ere, komunikazioaren garrantziaz jabetzeko.

Inbasio kulturalaren kontzeptua, aldiz, konplexuagoa izan da eztabaidatzeko eta hausnartzeko. Eskolak etengabe egiten duen zerbait izanik, hobeto landu dugu jakintza herrikoien balioaz eztabaidatuz. Freirek oso ondo seinalatu zuen pedagogia inbaditzaileak direla nagusi eta, ondorioz, kolonizazioa edo neokolonialismoa ari ginela (ari garela) sustatzen. Gaur egun, hau are nabarmenagoa da, globalizazioak homogeneizazio prozesu kolonialista nabarmena ezarri duelako. Horregatik, globalizazioaren kolonizazioari aurre egiteko nazionalismoetara jotzea ez da izango erantzuna, masa-kulturaren eta kultura instituzionalaren (instituzionalizatuaren eta, askotan, folklorizatuaren) oposizioa eragiten duelako, gazteak masa-kulturaren eta lokalismoen ezpaten artean erabakitzeko eskatuz. Zentzu horretan, Freirek proposatzen du elkarrizketa eraikitzaileak aktibatzea, jakintzak elkarlotzea eta lantzea, beti “ikasle irakaslearen” ideietatik abiatuz (hitz eta gai eragileen laguntzaz, adibidez), “ikasle irakaslearen” emanzipaziorako baldintzak landuz eta “irakasle ikaslearen” sentsibilitatez (guk jabegabetze edo “desempoderamiento” hitza gehituko genuke hau azaltzeko).

Arreta pedagogikoa, hortaz, harreman-moduetan jarri behar da, edukiak bigarren mailara pasaz. Bestela, inportanteena “transmititu beharreko edukiak” badira eta tresna pedagogikoak “pilulari azukrea gehitzea” bada, hau da, ardatza transmisioa bada, kolonizatzen segiko dugu eta jendearen jakintzak suntsitzen jarraituko dugu, jendea ixilaraziz.

 

ESKERTZAK

Eskerrak eman nahi dizkiet lankideei, poster erakusketa egiteko eman dizkidaten erraztasunengatik. Dekanotzari eta bereziki Igor Caminori, posterrak jartzeko panelak eskuratzeko egindako ahaleginagatik (oso lanpetuta bazegoen ere). Administrazioko langileei, Arantza eta Junkali batez ere, panelekin emandako laguntzagatik. Fakultateko garbitzaileei, beren lana oztopatu badugu ere, atseginez lagundu digutelako.

Eta, jakina, Lehen Hezkuntzako graduko 1. mailako ikasleei, oso energia onean lan egiteagatik eta lan-giro bikaina sustatzeagatik.

 

 

Comments are closed.