IKD i3 estrategia

UPV/EHUk bere IKD eredua onartu zuen 2010ean; hain zuzen, indarrean sartu zenean Europar Batasunaren Goi Mailako Hezkuntza politika. Orduz geroztik, hainbat erakunde programa sortu ditu, metodologia aktiboak eta berritzaileak sustatzeko, hezkuntza berrikuntzako taldeei laguntzeko (oinarrizko taldeak eta talde aurreratuak), bere irakasleen irakats garapena indartzeko, irakaskuntza lana ebaluatzeko eta titulazioak nahiz ikastegiak akreditatzeko. Sortu dira kudeaketa tresnak eta laguntza eta orientazio materialak, eta batera eraikitzeko ahalegin handi bat egin da. 

Nahitaezko jarraipen prozesuetatik harago, bi aldiz neurtu dira emaitzak espezifikoki: 2016an, Irakaslana Ebaluatzeko Zerbitzuak eginiko EHUn bizi, inkesta bidez (une horretan gradua amaitzen ari ziren ikasleei pasa zitzaiena: 3.437 ikasle; % 54,82), eta 2019an, Praktiken eta Enplegagarritasunaren Zuzendaritzak eginiko UPV/EHUren Zehar Gaitasunen Txostenaren bidez (irakasle eta koordinazio taldeek parte hartu dute). Emaitzek erakutsi dutenez, ikasleek hobekuntza bat nabaritu dute zehar gaitasun esanguratsuen garapenean, baina agerian utzi dute ere zehar gaitasun aurreratuak eta konplexuak garatzeko formula berrien beharra (pentsamendu kritikoa, lidergoa, sormena, iraunkortasuna, eleaniztasuna eta multikulturalismoa). 

Lehen urrats bat norabide horretan izan da UPV/ EHUren Gaitasun Orokorren Katalogoaren (2019) argitalpena, zortzi gaitasun ezartzen dituena UPV/ EHUren titulu guztientzat.

Horrekin batera, UPV/EHUren hezkuntza ereduaren berrirakurketa bat egin da, egungo orientazio pedagogikoetara egokitzeko, baita jada aipatu diren Europako politiken lehentasunetara ere. Emaitza IKD i3 (“i ber hiru”: Ikaskuntza x Ikerkuntza x Iraunkortasuna); hau da, prozesu eta produktu ineditoak ahalbidetuko dituen termino bakoitzaren hazkunde esponentziala.

UPV/EHU Euskal Herrian ikerketa gaitasun handiena duen unibertsitatea da: 290etik gora ikertalde aktibo ditu, jakintza arlo guztietan, transferentzia gaitasun handia du ingurunean, eta master eta doktorego programa lehiakorrak. Ikerketa eta transferentzia kapital horrek lotura malguago bat behar du titulazioekin, gradu eta master tituluekin bereziki, uste baitugu, gaitasun konplexuetan sakontzeko, ezinbestekoa dela ikasle guztiek eskuratu beharreko oinarrizko gaitasunen barnean ikertzeko eta berritzeko gaitasuna sartzea. UPV/EHUk aukera ezin hobea du horretarako, eta dagoeneko egin dira esperientzia berezi batzuk.

Iraunkortasuna da formula esponentzial horren hirugarren osagaia, uste baitugu ez dela nahikoa ikertzeko gaitasunaz biderkatutako ikasteko gaitasuna, baldin eta ez badira jomugan ipintzen planetaren desafio handiak, eta, une honetan, desafio horiek GIHetan barne bilduta daude. Beraz, ideia hauek, tentsio puntu hauek, unibertsitateko kide guztien buruan eta ekintzetan egon behar dute, eta egituratu egin behar dituzte ikastaroak, irakasgaiak, programak, praktikak, laborategiak, mugikortasunak eta gizarte, ekonomia, ingurumen eta kultura inguruneekiko eztabaidak.

Dokumentuak: