Laudorioak, ebaluatzeko era manipulatzaile bat?

Jarraitzen dugu Prest Gara programako “Zer ebaluatu hizkuntzetan? Nola ebaluatu?” gaia lantzen, eta ikastaroko kide batek oso gai iradokitzailea ekarri du: ez ote dute laudorioek kalte egiten?

Alfie Kohn-ek 1993an argitaratutako Punished by Rewards: The Trouble with Gold Stars, Incentive Plans, A’s, Praise, and Other Bribes liburuan, zalantzan jartzen du iruzkin positiboen balioa. Guk animatzeko esaten ditugu, baina haurren portaeran eragiteko erabiltzen ditugu, beren jarreran eskuhartzeko eta, finean, manipulatzeko. Gainera, haurrak gure laudorioen menpeko egiten ditugu, gure onespen eta gaitzespenen menpeko.

Artikulu honetan, bost arrazoi ematen ditu “Ondo!!!” eta halakoak ez esateko: Five Reasons to Stop Saying “Good Job!” (hemen ingelesez eta hemen gaztelaniaz irakur dezakezu).

Oso gai interesgarria da laudorioena, eta oso estuki dago ebaluazioarekin lotuta. Egiten ditugun ebaluazio gehienak oharkabean egiten ditugu! Eta ez soilik haur hezkuntzan, gure bizitza osoan zehar egiten dugu, baita gure adiskide, lankide eta familiakideekin ere.

Iturria: Randomeo.com

Laudorioen gaia feminismoetatik hasi da kritikatua izaten, laudorioek gaizki sentiaraz gaitzaketelako, mehatxatuak, batez ere laudorioen atzean botere-harremana dagoenean, irakasle-ikasle kasuan bezala. Estereotipoetan oinarritzen dira askotan, eta gure geure desirak proiektatzen dituzte, gure geure ikuspegi soziokulturalean. Horregatik, egia da, suntsitzaileak izan daitezke, mugatzaileak, presio soziala eragiten dutelako.

Azken batean, irakasle-lanpostuak epailearen lekuan jartzen gaitu eta eskubidea ematen digu besteak eta besteen portaera epaitzeko. Hori da ebaluazioaren bitartez egiten duguna, ikasleen portaera modelatu!

Beharbada, hausnarketa lantzeko, esango genuke laudorioak sari-zigor logikan sartzen badira, ikaskuntzaren eredu konduktista ari garela lantzen, hau da, besteen portaerak gure nahietara modelatu edo moldeatzeko teknika sinpleak erabiltzen ari garela. Horregatik, gure ustez, konplexutasunaren paradigman lan egin beharko genuke, eta irakaslearen lana ikasleekin batera lan egin eta ikasleen nahi eta gogoen bizikidetzazko dinamizazioan, proposamenei sakontasuna ematea izango litzateke.

Horrek esan nahiko luke ez dagoela metodo aprioristikorik, eta gauden lekuan gaudelarik joan behar dugula harremanak dinamizatzen eta konplexutzen, ikasleek dakartzaten jakintzak, egiteak eta sentipenak beste ikasleekin eta gurekin batera landuz eta ehunduz. Guri horrela gustatzen zaigu lan egitea, nahiz eta eskola-testuinguruan beti duen irakasleak boterea ikasleen gainean. Saiatzen gara botere hori horizontalizatzen eta gure nahiak eta gogoak ikasleen nahi eta gogoekin batera nahasten.

Horri hezkuntzaren jabe-gabetzea deitu diogu (desempoderamiento educativo). Esteka honetan duzue kontzeptu hau gehiago azalduta: https://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=925

Zer debatitua ematen du gai honek!

Ezin da iruzkinik egin.