Pandemia egoeran fakultateko eskolak (beranduxeago) hasteaz, bi hitz

Astelehenean, irailaren 7an, Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko hezkuntza graduetan ikasturte berria abiatu zen, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduetan (lehen Magisteritza deitu izan zaion ikastetxean). Uztailean iragarri bezala, irailaren 7 eta 8a 1. eta 2. mailako ikasleekin aurrez aurreko aurkezpena egingo zen, eta eskolak irailaren 9an hasiko ziren. Nik aurten Lehen Hezkuntzako Graduko 1. mailako hiru taldeetan egingo dut lan eta arratsaldero izango dut klase Gabonak arte, horregatik, oso erne segitzen ari naiz komunikazio ofizial guztiak, baita bilerak ere.

Orduan, pentsatu nuen astelehena eta asteartea baliatzea, ikerketaren garapen teorikoa berrikusi eta landa-lana berriz martxan jartzeko. Dinamizazio komunitarioa Altza auzoan ahozko historien bitartez da proiektuaren izenburua. Trenean nindoalarik jakin nuen eskolen hasiera atzeratu zela, irailaren 14ra arte, eta harritu ninduenez, txio hau jarri nuen:

Berehala, mezu bat jaso nuen Berria egunkaritik, albiste-gosea dagoelako gai honen inguruan. Nik erantzun nion ez zegoela albisterik, fakultate bateko gradu zehatz pare baten kontua baino ez zela, eta besterik gabe ez nuela espero eta horregatik jarri nuen Twitterren, beste hamaika gauza jartzen ditudan bezalaxe. Kazetariak gehiago jakin nahi zuen, hala ere, eta horregatik, trena helmugara iritsitakoan telefonoz deitu nion. Elkarrizketaren amaieran, kazetariak baimena eskatu zidan elkarrizketan esandakoa erabiltzeko eta esan nion baietz, berak erabaki moduan erabiltzeko. Txantxetan, esan nion “total, beharbada pandemiak hilko nau!” (umore beltz apur bat, izan ere, elkarrizketaren tonua horrelakoa izan zen, edo ez, behintzat, “barru-hustutze” tonuan edo “mendeku” tonuan).

Ikerketa-lanetan jarri nintzen eta ez nuen buruan izan gehiago kontua, arratsaldean Twitteren aipatu ninduten arte. Hauxe da argitaratutako artikulua:

https://www.berria.eus/albisteak/186532/astebete-atzeratu-dituzte-eskolak-ehuren-zenbait-fakultatetan.htm

Artikulu hau, paperean ere ateratzeaz gain, Argian erreproduzitu zuten atzo, hitzik aldatu gabe, beste kazetari baten izenean (Twitterren bai, @berria bidez zela jarri zuten, baina artikuluan bertan ez):

https://www.argia.eus/albistea/eskolak-astebeteko-atzerapenarekin-hasiko-dira-ehuko-zenbait-fakultatetan

Nahiko hedapen zabala izan du artikuluak eta hainbatentzat mingarria izan da, EHUko karguetan dabiltzan pertsonentzat batez ere. Gainera, Berrian iruzkin bat idatzi nahi nuen (orain gehitzen saiatuko naizena), zehaztapen pare bat gehitzearren, baina gauzak horrelakoak dira eta telefonoa atzo goizean apurtu eta “inkomunikatuta” egon nintzen, telefono berria erosi, konfiguratu eta tarte bat atera arte. Gaueko bueltako trenean idatzi nuen Twitterreko hari hau, telefono berria erabiltzen trebatu bitartean:

Twitter beti laburra eta iheskorra dela eta, blog honetan zenbait ñabardura gehitu nahi nituzke.

Sarrera gisa: unibertsitateko gelak bereziki arriskutsuak dira

Eskoletako irakasleen, maisu-maistren eta hezitzaileen kezkak asko zabaldu dira, sare sozialetan zein komunikabide hedatuetan. Oso zaila da haurrak edo gaztetxoak konbentzitzea, ulertaraztea eta aginaraztea osasun-arauak bete ditzaten. Herri zehatz batzuetan, udalak ondo mugitu dira eta herriko zenbait leku aztertu dituzte, eskolatik kanpo ikasleak modu “burbuilatuagoan” aritzeko, Errenterian, kasu. Zoritxarrez, salbuespen dira, eta aste honetan hezkuntza arautuko eta haur hezkuntzako ikasleak eskolara itzuli dira, gogotsu baina behar baino baliabide gutxiagorekin.

Zein da unibertsitatearen berezitasuna? Ba seguruenik, haur eta gaztetxo horietako nahikotxok uda osoa daramate elkarrekin jolasean, hondartzan edo igerilekuan, kale-zurrutean… eta errazagoa da “burbuila” bat irudikatzea. Unibertsitatean, berriz, leku askotako jendea elkartzen da ikasgela bakoitzean. Leku askotakoak esan nahi du garraio publikoz datozela, campusean ordu asko pasako dituztela, otorduak ere bertan egin behar dituztela, askok egoitza beharko dutela campus inguruan, beren etxea atzean utzita… eta hori, zailagoa izateaz gain, garestiagoa ere bada, ikasleen patriketarako, noski.

 

Elkarrizketan aipatu ez baina zehaztu beharreko zenbait puntu

Unibertsitatea ulergaitza da benetan. Barruan gaudenok ere, nekez ulertzen dugu. Horregatik, normala da kazetariari hainbat kontuk irrist egitea. Elkarrizketan beste hainbat kontu izan genituen hizpide, eta uste dut artikulurako hautaketak ez duela ondo islatzen esan nahi nuena (estaldurarekin ere arazotxoak eduki izanak eragingo zuen, seguru, gaizkiulerturik).

  • Euskal Herriko Unibertsitatea, unibertsitate publiko gisa, erakunde autonomoa da, Eusko Jaurlaritzaren aurrean erantzun behar duena baina autonomia handiz lan egin dezakeena. EHUk uztailean proposatu zuen ikastetxe bakoitzak bere egoera zein zen aztertu eta plan bat eratzeko, aurrez aurrekotasuna, aforoak, azpiegiturak eta abar argitzeko. Esan beharra dago martxotik bertatik jarri zirela dekanotzak lanean, anabasaren aurrean gauzak kontrolatu nahian eta gainezka.
  • Bai ikasleek, bai irakasleok, bai garbiketa zerbitzuko langileek eta bai administrazio eta zerbitzuetako langileek lan eskerga egin dugu, askotan desorientaturik, gainera etorri zitzaigun egoerari ahalik eta ondoen erantzuteko, Beti bezala, batzuk gogotsuago beste batzuk baino, baina orokorrean esango nuke komunitate osoak ahalegin berezia egin duela 2019-2020 ikasturtea aurrera ateratzeko.
  • Lan handia egin ostean, zentzuzkoena izango zen abuztuan oporrak izan eta irailean ikasturtea beranduago hastea, irailaren amaiera aldera edo. Horrela, dekanotzako kideek atseden hartuko zuten eta irakasleok urrezko denbora izango genuen, material teknologiko berriak probatzeko, gure “gelan egoteko modu berriak” testeatzeko, materialak egokitzeko, online diseinuak egiteko, irakasgaiak lankideekin elkarlanean berrikusteko… baina ez. Gauzak ez aldatzearren, hau da, “normaltasuna” azpimarratzearren, irailaren 7an hasi behar izan dugu (hau fakultatearen arabera desberdina da baina gutxi gorabehera, antzeratsu), egiturak eta pertsonala estutuz. Neronek behintzat, abuztuan prestatu dut irakasgaiaren bertsio berria, izan ere, uztailaren amaiera arte aurreko ikasturteko gradu amaierako lanak zuzentzen aritu naiz eta abuztuaren 1ean jarri nintzen sasi-oporretan. Martxa motelagoan, baina seguru nago ez naizela irakasle bakarra izan abuztuan ikasturte berri arrotz hau prestatzen egon naizena. Ikasturte hasiera ez atzeratzeak azken orduko urduritasuna areagotzea eragin du, eta ez da harritzekoa izango bajak egotea antsietateak eraginda.
  • Sindikatuez ez dakigu ezertxo ere. Ez dugu mezurik jaso gure osasuna zaintzeari lotutako eskubideen inguruan. Ez digute argibiderik eman teleklaseak eta klaseak batera eman behar izateari buruz. Ez digute esan zer ari diren negoziatzen-edo errektoretzarekin. Kontxo, GURE ETA INGURUKOEN BIZITZA ARRISKUAN JARRIKO DUGU ikasturte berrian eta hitzik ere ez? Eta gero, kriston mobida bulegoko aulkiak ez direlako ergonomikoak?

 

Telefonozko elkarrizketan aipatutako zenbait kontu, zehazturik

Azkenik, Twitter haria utziko dizuet hemen, kabitzen ez zitzaidan hainbat hitz gehiturik:

  • Ezin dut esan nola sentitzen garen “irakasleok”, askotariko ikuspegiak egoteaz gain, ez dudalako inor ordezkatzen. Langileon ordezkariak non ote dabiltza?
  • Ez nago “haserre“, oso kezkatuta baizik. Artikuluan haserre hitza nabarmenduta agertzen da, baina ez dut sentipen hori. Ez dut oztoporik jarri klaseak emateko, ezta aitzakia bitxirik ere.
  • Baina agintariek ez dute kezka nahikorik erakutsi unibertsitateko langile eta ikasleen osasuna zaintzeko, izan ere…
  • Ez dituzte autobus zerbitzuak gehitu, gehienez ere iaz zeudenak daude, oraingoz. Herri arteko zenbait garraio zerbitzutan arazoak egoten hasi dira, orain aforoa txikiagoa delako (ezin da eseri eserleku guztietan). Garraio publikoak ikasleak pilatuta badatoz, zertarako ibili gero iladaka gelan sartzen eta aulkien arteko metro eta erdi eskaseko distantzia bermatzen?
  • Ez dituzte berriz jarri itxialdian kendutako tren garrantzitsu batzuk: Donostia-Gasteiz goizean goizeko trena, funtsezkoa Gasteizko campuseko ikasleentzat (irakasleontzat ere bai), ezta Gasteiztik Iruñera doan 19:00etako trena ere. Ondorioz, autobusetara bultzatu dituzte ikasleak, eta autobus gehiago jarri ez dutenez…
  • Ez da ezer egin pisu, gela eta ikasle egoitzen kontratuak salbuespen gisa erregulatzeko. Klaseak egon zein ez, ikasturte osoa ordaindu behar dute ikasleek. Ez Eusko Jaurlaritza, ez EHU eta ez Espainiar Gobernu “ezkertiarra” ere, ez dira arduratu (Unibertsitate ministro “superezkertiarrak” ere honetaz hitzik ez, hor bai zuen zereginik, Estatuak erregula dezakeelako). Hemen atzoko txio bat, honi buruz:

https://twitter.com/arantzaretolaza/status/1303570839468740608

  • Fakultatean etxetik ekarritako janaria berotzea, jatea eta garbitzea oso zaila da. Ikasleek kalean bazkaldu beharko dute. Hemen atzoko txio-hari bat, gai honi buruz:

https://twitter.com/bertsotanblai/status/1303294666532679680

  • Ez dago justifikatuta unibertsitatean %75eko presentzialitatea ezartzea, adinez nagusi direlarik, eta ikasketetan ohituak (bestela ez ziren “iritsiko” unibertsitatera), ALARMA EGOERAN gaudelarik. Berriz diot: ALARMA. Arazoaren larritasuna gutxiestea da.
  • Unibertsitatea online bihurtzearen kontra nago, eta hala adierazi dut foro askotan. Baina aurrez aurrekotasuna denok iladan aurrera begira egotea bada, irakaslearen “jakinduriaren” zain, hobe online diseinu on bat.
  • Ez da, bestalde, aurreikusi irakasleoi irakasgaien garapen digitalean laguntzeko zerbitzu, bulego edo telefonorik. Irakasgaien digitalizazioa? hor konpon! Teleklaseak eman eta kitto! Horretarako bai, instalazioak, kamerak, Blackboard Collaborate lizentzia garestiak (software librean dauden aukerei muzin eginez…). Irakasle asko dira oso onak direnak aurrez aurre eta ez dutenak argi nola konpondu aurrez aurre + online batera maneiatu beharreko egoera batean. IKD eta metodologia aktiboen kontuak bermoldatu behar dira eta ez da erraza, online irakaskuntzan esperientzia handia dugunok ere zalantza handiak ditugu.
  • Ikasturtea irail hasieran hastea ez da zalantzan jarri. Dekanotzak lan eta lan ibili behar izan dira oporretan, gauzak prestatu nahian. Hain larria zen ikasturtea urrian hastea aurten? ALARMA EGOERAN GAUDE, hain zaila da hau ulertzea? Gaitzarekin bizitzen ikasi behar dugu, baina ez da ezinbestekoa ere irailaren 7an, edo irailaren 14an hastea bizi berri hori egiten. Ez zen mundua geldituko aurtengo ikasturtea irailaren 28an hasi eta ekainean amaituta. Ala aurreikusita dago eskolen hasierarekin aste pare bat barru denok berriz itxita egotea eta hortik presak?
  • Martxoan bat-batean sortu zen egoera, baina orain badakigu zertaz den kontu hau. Hilabete mordoxka izan da. Uste dut arautegia moldatzeari eta azpiegiturak garatzeari eman zaiola lehentasuna, ez langileria prestatzeari.
  • Umilagarri sentitu dut tutoretzen kontua. Gure eta ingurukoen BIZITZA ARRISKUAN jarriko dugu klase emateagatik, baina ikuskatzaileek diote tutoretza-orduetan bulegoan egon behar dugula, ZIURTATZEKO tutoretzak betetzen ditugula! Esan gabe doa irakasleen bulegoen aforo kontuak direla eta, oso zaila dela ikasleak bulegora etortzerik izatea. Kaletik konektatuko dira gure BBCetara, eta gu, bitartean, leihoak zabalik dituzten bulego deserosoetan egongo gara, etxearen goxoan egon ordez. Gure fakultatean tenperatura arazoak daude eta ni nagoen bulegoari, adibidez, 6 irakaslek partekatzen dugunari, “nevera” deitzen zaio, irudikatu zergatik. Hotza pasatzeagatik hartuko dugun lehen katarroagatik ezingo gara lanera joan PCR ditxosozkoak negatibo eman arte, eta bitartean, gure etxekoak eta ingurukoak ere itxialdian egongo dira. Eta COVID19agatik gaixotzen ez diren batzuek neumoniak edo bestelako gaitzak hartuko dituzte, berotasun faltagatik. Baina EHUko ikuskaritza kezkatuta dago ea ez ote dugun huts egingo tutoretza orduetan… penagarria da.

Eta, begira, halere, ilusioz nago ikasturte hasierarekin, kazetariari esan nion bezala. Ilusioz? Ba bai! Beti da polita ikasleekin harremanetan hastea. Irakaskuntza nire pasioa da eta, mantal txuriz joango banaiz ere (etxera iritsi bezain laster garbigailuan sartu eta 60 gradutan garbitzeko) eta maskara jantzita, hala ere, gustura eta pozik joango naiz, irribarrea ikusiko ez bazait ere. Beste irakasleei, sailari, fakultateari, ikasleei… laguntzen saiatuz ari naiz lanean, gauza askotan ados ez banago ere eta beste ikuspegi ideologiko batzuk badituzte ere, edo nik gustuko ez dudan unibertsitate bat eraikitzen badute ere. Ulertzen dut egoeraren ezohikotasuna eta nire lankidetza eskaini dudanean BENETAN eskaini dut, ez naiz pertsona zuria. Horregatik ekarri ditut lerro hauek hona, gaizkiulertuak saihesteko.

Baina erabakiak orokorrean berandu eta eskas ari dira hartzen, nondik lehertuko den gauza ez dakigularik! Pandemiagatik beragatik lehertuko da, baja ugariz eta ikasle gaixo pilaketagatik? Lehertuko da ikasleek ez dutelako dirurik edo baldintzarik aurrera egiteko eta grebari ekingo diotelako? Lehertuko dira irakasleok ez garelako prest egongo poliziarena egiteko eta ikasleei maskara ondo jar dezaten eta distantziari eutsi diezaioten eta abar egun osoan pasa nahi ez dugulako? Ala gure ingurukoak gaixotzen hasiko direlako eta beren zaintzak eta egoeraren larritasunak gaixotuko gaituelako? Sentsazio horrekin nabil, leherketa baten zain…

https://twitter.com/arimagorria/status/1303340028475707392

Comments are closed.