Hirien (h)istori(o)ak…

Bi hilabetez Mexikon ibili ondoren, hementxe nabil berriz bueltan, Donostiako erritmoa berriro ere hartzen… eta halaxen datozkit bertan bizitakoen oroitzapenak,  arrapaladan tarteka, ttanttaka gehienetan, egunean zehar…

Oaxakan hamaika kontu eder eta gazi-gozo bizitakoak izan gara, eta horietako bat erakusketa honen ezusteko ederra:

Historias de Ciudades, Katharina Von Arx artista suizarrak (1928-2013) egindako lanen erakusketa Oaxakako Ehunen Museoan (MTO). Museo honetan gauza eder askoak daude, baina erakusketa hau oso inspiragarria iruditu zitzaigun.

Bere tapizak askotariko materialez daude eginak: oihalak, botoiak, hariak… eta hainbat herri eta hiri daude bertan adieraziak. Baina beharbada gehien gustatu zitzaiguna izan da teknika hori beste pertsona batzuei irakatsiz sortutako artelanak izan dira.

Alde batetik, hainbat eskolatan erabili dute lan egiteko modu hori, euren paisaiak eta ideiak oihalez adierazteko.

Bestetik, hainbat herritan erabili dute euren (h)istori(o)ak kontatzeko, euren modura, eurek kontatu nahi dituzten gauzak kontatzeko.

Kasu hauetan, kolektiboki asmatu, sortu eta josi dituzte tapizak, eta artistaren artistikotasuna gainditu eta eureganatu egin dute artea. Azken batean, museo honetara diseinatzaile famatuak iristen dira, oihalgintza herrikoiak (teknikak, koloreak, diseinuak…) kopiatu, autoretza ezarri eta garesti asko saltzeko… eta pozgarria da ikustea nola, kultura herrikoiak, behin eta berriz, gai diren egoerak berregin eta sortze-lan berriak asmatzeko.

Josiz gauza asko aldarrikatu daitezke, eta jostea bera elkarrekin eraikitzeko, partekatzeko, hitz egiteko, elkarrekin bizitzeko beste aitzakia bat da…

[vimeo]https://vimeo.com/151735928[/vimeo]

Hizkuntzaren didaktikaz hausnartzen… Silvio Rodríguezekin!

Beno… egia esan ez zen, ez, klasera etorri… baina Silviok kantatu egin zigun eta berari esker, teoria beste ikuspegi batetik hartu eta… tatxan! gauza piloa ulertu genuen.

Hilabete hauetan ez naiz askorik ibili blog honetatik, ze ilusio handiz lanean aritu gara jotake… baina arian-arian kontatuko ditut gure bizipenak. Donostiako Irakasleen Eskolako hirugarren mailako ikasleekin egin dugun azken saioetariko batean, testu teorikoak eta debateak alde batera utzi eta Silvio Rodríguezi aditu genion, ea zer kontatzen zigun hizkuntzaz eta hizkuntzez…

[youtube width=”325″ height=”263″]https://www.youtube.com/watch?v=ApaA0DJmJkA[/youtube]

POR MUCHOS LUGARES…
Por muchos lugares pasaba la historia.
Tú leías a Whitman, con estilo triste.
Tus alrededores ya estaban poblando
de sed las palabras que usaste esta tarde.
Entonces ya estaban previstos tus gustos:
cada vieja fecha posee estas artes.

Por eso no es raro que muchos no entiendan,
pues muchos supimos de los mismos rumbos.
Por eso no es raro que nadie domine
las riendas de todos sus mundos.

Por muchos lugares pasaba la historia.
El antigua Egipto ya nos condenaba.
Todos conspiraron para reprimirnos
y como las plagas vinieron las guerras.
Y el tiempo ha llorado detrás de estructuras,
pues nada se salva del orden perfecto.

Por eso no es raro que muchos no entiendan,
pues muchos supimos de los mismos rumbos.
Por eso no es raro que nadie domine
las riendas de todos sus mundos.

Por muchos lugares pasaba la historia.
Ya cada palabra era una duda
y elegir la clave de cada conciencia.
Y a ti, tan pequeña y resumen del mundo,
todo te tenía que arder cuando viste
moros en las costas de cada palabra.

Por eso no es raro que muchos no entiendan,
pues muchos supimos de los mismos rumbos.
Por eso no es raro que nadie domine
las riendas de todos sus mundos.

Por muchos lugares pasaba la historia.
El mundo era un vasto sembrado de huesos
y las hortalizas un día crecieron
nutridas del jugo vital de los cuerpos.
Y supe que escombros regados por tierra
pueden fecundarle mañana la entraña.

Por eso no es raro que muchos no entiendan,
pues muchos supimos de los mismos rumbos.
Por eso no es raro que nadie domine
las riendas de todos sus mundos.

(1968)

Euskaraz, zatitxo bat itzultzen ausartu nintzen…

Leku askotatik pasatzen zen historia
Hitz bakoitza zalantza bat zen
eta kontzientzia bakoitzaren gakoa hautatzea.
Eta zuri, horren txiki eta munduaren laburpen,
denak su hartu behar zizun mairuak ikusi zenituenean
hitz bakoitzaren itsasertzean.

Leku askotatik pasatzen zen historia.
Mundua hezurrez ereindako lur-eremu zabala zen
eta barazkiak noizpait hazi ziren
gorpuen bizi-zukuetatik elikatuta.
Eta jakin nuen lurrek ureztatutako hondakinek
erraiak ernalduko zizkiela bihar.

Horregatik ez da arraroa askok ez ulertzea,
askok jakin baikenuen norantza berberei buruz.
Horregatik ez da arraroa inork ez menderatzea
bere mundu guztien bridak.

Eta, sormenez pentsatuz, ezagutzak metaforekin irudimenez erlazionatuz, taldeka ideiak ematen joan ginen buruan zebilkigun galderari erantzun nahian: Zer da hizkuntza? Ze hizkuntza irakatsi behar da eskolan?

Hona bi taldeetako bakoitzean eratu genuen arbela, ikasleen hitzak bilduz eta erlazionatuz (LH 31GA1 eta 31GA2):

Hizkuntza(k) eta Kultur(ar)en arteko harremana – 31 GA1
Hizkuntza(k) eta Kultur(ar)en arteko harremana – 31 GA2

Zein lerrotan kokatzen gara hizkuntzaren gure ikuspegian? Ez dugu planteatzen KULTURA INSTITUZIONALA ETA MASA KULTURA vs. KULTURA HERRIKOIAK, baina konturatuta gaude kultura instituzionala saiatzen dela kultura herrikoiei garrantzia eta balioa kentzen, eta, aldi berean, masa-kulturarekin aliatzen da “hizkuntza eta kultur produktuak” saltzeko. Jendeari autoestimua lapurtzen zaio deshumanizazio eta mendetasunaren alde (“zu ezereza zara” -> kultura instituzionala, eta “zu berezia zara” -> masa-kultura paraleloan egiten diren bi baieztapen suntsitzaile dira).

Kultura herrikoiak, ordea, ez dira saiatzen kultura instituzionala edo masa-kultura suntsitzen, bizikidetza mestizoa planteatzen baitute: ikuspegi herrikoietik, eskolari estimu handia zaio eta, era berean, masa-kulturarekin disfrutatzen da, ze biak bizitzaren beste osagai bat direla ulertzen da, mestizajerako osagai. Hala, kultura herrikoiek bizikidetza aniztasunean, inperfekzioan eta konplexutasunean planteatzen dute.

Irakasle euskaldunei maiz proposatzen zaien dilema interesatua da euren ikasleekin euskara batuan ala beren euskalkian mintzatu behar ote zaien. Ohiko erantzun bat da euskara batuan egin behar dutela ze, ikasleak beste leku geografiko batekoak badira, ikasleek “ez dute ulertuko”.

Baina, benetan ez dugu “euskalki” batean edo “batuan” hitz egiten; hitz egiten dugu segun eta norekin joan garen nahasten gure bizitzan zehar. Mintzatzen garen bakoitzean,  gure hitzetan gure historia eta gure kultura daramagu arrastaka, “gure” hori ez “Euskal Kultura” gisa interpretatuta baizik eta gure bizitzan zehar jasotzen joan garen bizipenak eta, gu jaio baino lehenago, gure familia, auzokideak, gure arbasoak… Pertsona guztiok gara, ezinbestez, mestizo, eta gure hizketa gure iraganaren tranzendentziaren funtsezko formetako bat da.

Gure ikasleak aberastasun horretaz guztiaz “babestu” nahi izatea “ulertuko ez dutelakoan”, ikasleak gure jakinduria horretaz gabetzea da, ezagutza estandarizatu baten mesedetan. Gainera, hizkuntzaren oso ikuspegi hertsia dugula erakusten ari gara horrekin, ze hizkuntza bat ikasteak/garatzeak bere baitan ditu ulermen eta entenimendu estrategiak, esanahien negoziazioa, keinu eta gorputzezko adierazpena eta, jakina, hain garrantzitsua den errepikapen sortzailea, zeinaren bidez barneratzen goazen hasieran arrotz zaizkigun hitz edo esapide horiek, gero eta ezagunagoak egiten zaizkigularik harremanean zehar.

Hizkuntzaren Didaktika irakasgaian egin dugun proposamena da hizkuntzaren eta kulturaren aberastasuna garatu nahi badugu, kultura herrikoien ikuspegitik lan egin behar dugula (anitza, ahozkoa, inperfektua), eta kultura instituzionala (normatiboa, estrukturala, perfektua, idatzizkoa) bigarren mailan kokatu behar dugula. Kontua ez da euskara batua ez irakastea, edo haurrak ez alfabetatzea, ahozkotasuna lehenestea baizik, bizirik dagoena, inperfektua, hizkuntzaren zuzentasun eta egituratzearen aurrean.

Eskerrik asko, Silvio, posible egin duzu ikuspegi teoriko hau kolektiboki eraiki dezagun, eztabaida eta posizionamendua errazteko. Eskerrik asko, Javi, abesti hau iradokitzeagatik hizkuntzaren jabe-gabetzea lantzeko, asko lagundu digu eta inspiratu gaitu!

Idatzizko komunikazio gaitasunaren garapena eta elkarren arteko erregulazioa

Gaur (2015/11/10) Donostian egin dira XXII. Psikodidaktika Masterreko Jardunaldiak: Hezkuntzaren Psikologia eta Berariazko Didaktikak. Bertan azaldu dut nire tesi proiektuko atal txiki bat, idatzizko komunikazio erreferentzialari lotutakoa.

Psikodidaktika jardunaldiak 2015

Hona erabilitako aurkezpena, 10 minututan trinko-trinko kontatu beharreko kontua izan da!

[slideshare id=54963512&doc=aezeizadlosadaaurkezpenapsikodid2015-151110175005-lva1-app6891]

Gaur, urriak 22 #magisfesta eguna!!!

Gaur, 2015eko urriaren 22an, Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan, Lehen MagisFesta egingo dugu, Lehen Hezkuntza Graduko 3. mailako ikasleek antolatua (31 taldea).

Egitaraua

Egitaraua

Ikasleek aurten hainbat proposamen egin dituzte Hizkuntzaren Didaktika irakasgaian gauzatzeko, euren nahietatik abiatuz eta ilusionismo sozialaren printzipioetan oinarriturik. Horietariko bat Magisteritzan festa bat antolatzea izan da, jendearekin eta jendearengandik lan egiteko, magisteritzako beste pertsona batzuekin elkartzeko, bizipenak partekatzeko…

#magisfesta 2

11:00etan hasiko gara eraikinaren barruan jolasak eginez: lokotxak, sokatira, zaku-lasterketa, zapi-jolas kooperatiboa… Horrez gain, hainbat leku egongo da ideiak biltzeko, hausnartzeko eta sortzen ari garen aldizkarien berri emateko.

13:00etan, bazkari bat egingo dugu autogestionatua, norberak ekarritakoa banatuz, elkarrekin disfrutatzeko. Gure nahia da jendearekin hitz egitea eta ondo pasatzea.

Ilusio handiz prestatu dugu jai hau. Inguruan bazabiltza, gerturatu eta ondo pasa gurekin!!!

#magisfesta

Twitterren #magisfesta

Prest_Gara 2015-2016: Hizkuntzen irakaskuntza ingurune kulturanitzetan

Dagoeneko zabalik da irakaskuntza arautuko irakasleei zuzendutako formazioaren bigarren eperako matrikula (irailaren 25a arte) eta aurten, hizkuntzen irakaskuntzari lotutako bi ikastaro proposatu ditugu, bata aurrez aurrekoa eta bestea online.

Hona programako katalogo osoa eta matrikulatzeko esteka:

Eskaintzen ditugun bi ikastaroak izenburu berekoak dira:

Hizkuntzen irakaskuntza ingurune kulturanitzetan

279 ikastaroa aurrez aurrekoa izango da, 2015eko azaroaren 11tik abenduaren 4ra arte, Donostian.

280 ikastaroa online izango da, 2016ko apirilaren 4tik maiatzaren 13ra bitartean.

Proposamen teorikoak garatu diren eta garatzen ari diren esperientzia praktikoekin batera landuko ditugu, eta ikastaroko partehartzaile bakoitzaren esperientziatik abiatuta ere joango gara proposamenak lantzen eta sortzen diren gatazkak eta ideia onak trukatzen eta eraikitzen.

Uste dugu proposamen interesgarria dela eta momentu ona dela eleaniztasunaren inguruan orain arte egindakoaz hausnartu eta pauso berriak emateko, animatu eta eman izena!!!

prest_gara279 prest_gara280

EGITARAUA

HELBURUAK

  • Eskola inklusiboaren markoan, ikasleen hezkuntza-premiei erantzun bateratua eta eraginkorra ematea;
  • Alofonoek beraiena ez den hizkuntzan gure curriculuma ikasi behar dutenei proposamen egokiak egitea;
  • Hizkuntza eta edukiak batera lantzeko proposamenak ezagutzea: hizkuntza edukien bitartez, SIOP…
  • Ikasleen parte-hartzea eta elkarrekintza bultzatzeko antolamendu eta estrategia inkusibo arrakastatsuak aztertzea;
  • Baliabide didaktikoen analisia eta lanketa bultzatzea

EDUKIAK

  • Kultura eta kulturak: estereotipoak, aurreiritziak, folkloreak… kulturen inguruan dugun ikuspegia zabaltzea.
  • Kultura instituzionala, masa kultura eta kultura herrikoiak.
  • Ahozkotasunean oinarritutako komunikazioaren garrantzia. Ahozkoa ez da “ozenki esatea”. Ahozko komunikazioak eta idatzizko komunikazioak.
  • Ahozko historiak eta istorioak ikasgelako / ikastetxeko hizkuntza eta kultura baliabide gisa.
  • Kultura aniztasuna ikasleekin eta ikasleengandik lan egiten denean: testuinguru eleanitzetan lan egiteko modu irekiak.
  • Hizkuntzaren jabe-gabetzea: hizkuntzaren ikuspegi normatiboa, komunikatiboa, partehartzailea.
  • Ikuspegi instituzionala, masa-kulturaren presioa eta hizkuntzaren erabilera testuinguru informaletan: erronka berriak.

METODOLOGIA

Ikastaroaren partaideek praktikan jarriko dute euren ikasleekin ikastaroan landutakoa, eta euren jakintzak ikastaro kideekin partekatuko dituzte.

Esperientzia pertsonala eta norberaren ikastetxeko egoera zehatza (edo aurretik ezagututakoak) izango dira abiapuntu, ikastaroko partaideen artean eztabaidatu, hausnartu eta aukera berrietara zabaltzeko. Ikastaroa praktikoa da eguneroko bizitzako egoerei lotuta dagoelako, baina aldi berean, egunerokotasuna kritikoki aztertuko da ikuspegi teorikoen laguntzaz.

Ikastaroan zehar, sentitu, pentsatu eta ekitea elkarlotzeko enfokeari helduko zaio, hartara ikastaroa bera simulakro bat izango da gure erakundean nola esku hartu lantzeko, baita gure eguneroko bizitzako espazio eta guneetan ere.

Horregatik uste dugu ikastaroak hainbat dinamika abiatu behar dituela espazio indibidualak, taldekakoak eta kolektiboak izateko eztabaidatzeko eta elkarrekin eraikitzeko, ez soilik dinamizatzaileok proposatzen duguna, partaideek eskaintzen dituzten jakintzak aintzat hartuta ere lan egingo dugu, pentsatze, sentitze eta ekiteak tranferitzeko eta nork bere testuinguruak aberastuak izateko eraikitako jakintza guztiekin.

Ikuspegi honekin, soilik joango gara planteatzen nola hasi eztabaidagai bakoitza, ikastaroak bere dinamika propioa garatzeko.

EBALUAZIOA ETA INPAKTUA

Ebaluazioa bera eztabaidagai garrantzitsu bat izango da: nola ebaluatu aniztasunean lan egiten denean? Aldez aurretik finkatutako ebaluazio-adierazleen ikuspegia gainditu egin nahi dugu eta ebaluazioaren ikuspegi etikoa landuko da ikastaroan, errespetuzkoa, norberak kolektiboari egin dion ekarpena kontuan hartuta eta kolektiboak berak eraikitako jakintzen transferentziaren ikuspegitik.

Horrek eskatzen du dinamizatzaileon aldetik sentsibilitate handiz jokatzea eta sortzen diren aukerak probestea, ikasitakoak azaleratzeko eta balioesteko. Lan egiteko modu honek unean uneko eta lekuan lekuko ebaluazioa lantzen du eta amaierako dokumentazioaren bitartez hausnartuko dira prozesuan zehar gertatutako ikaskuntzak.
Ikastaroak sorraraz dezakeen praktikaren inguruko gogoeta eta hobekuntza balioesteko, ebaluazio adierazleak proposatuko dira eta horien arabera, bai materialak, bai jarduerak bai prozesu osoa balio

Partaidetza-prozesuak egiteko moduak

“Jendea gehiago kontuan hartzen duen” partaidetza prozesu bat abiatu nahi badugu, pentsatu behar dugu ez garela lehenak halako zerbait egiteko ideia izan dugunak. Partaidetza prozesuak egiteko erak hiru hauetan laburbil daitezke:

  • Lehena, ordaintzen digunarengatik/digunarentzat lan egitea litzateke (bidaltzen gaituenarentzat). Ez diogu ezer galdetu behar geure buruari, ezta inorekin lan egin beharrik ere; eskatu digutena egin behar dugu, ezarri dizkiguten edo geuk aldez aurretik ezarri ditugun helburuak bete besterik ez dugu.
  • Bigarrena, jendearengatik eta jendearentzat lan egitea izango litzateke. Ez diogu geure buruari ezer galdetu behar, aldez aurretik finkatu ditugu helburuak edo erantzunak aurkitu; geure proiektu barruan ez daudenekin ez dugu zertan lanik egin. Jendeak behar duena ezagutzea eta ematea da gure zeregin bakarra.

 

  • Hirugarrena, jendearekin eta jendearengandik lan egitea litzateke. Jendearekin lan egin behar dugu, bere eguneroko bizitzaren protagonista izatea nahi badugu, jendeak bere bizitza autogestionatuko badu (beren kabuz gidatu). Horrela, prozesua abiatzen denetik aurrera, jendea izango da bere herria, auzoa, komunitatea… nolakoa izango den eraikitzen joango dena, proposamenak eginez, kolektiboki eztabaidatuz eta, taldeka, erabakitako proposamenak gauzatuz, modu dialektikoan.

Irakurtzen segitzeko:

https://docs.google.com/document/d/11GDA8Sn8IQfrk6eFnQtuQbKKbhmMYwZBp2zdvEaObS0/edit?usp=sharing

Eta bideo bat:

[vimeo]https://vimeo.com/71911701[/vimeo]

Jabe-Gabetzearen Nazioarteko I Jardunaldiak Lesakan, abuztuaren 4tik 9ra

2015eko udaran zehar, Jabe-Gabetzearen Nazioarteko I Jardunaldiak egingo dira munduan barrena. Hemen duzue eguneratzen gabiltzan informazioa: http://ilusionistasozialak.blogspot.com.es/p/jabe-gabetzearen-nazioarteko-i.html

Eta pentsatu genuen… zergatik ez antolatu geuk jardunaldi horietarako ekitaldiren bat? Azken batean, ikasturte osoa daramagu hezkuntzaren jabe-gabetzeaz hausnartzen eta ilusionismo sozialetik abiatuta lan egiten… Hortxe genbiltzala, Kontxi gure mintegikideak aukera zabaldu zigun Lesakan egiteko, bertako Matxinbeltzenea Aterpetxe-barnetegian. Lekua zoragarria da, inondik ere!

Hauxe da gure proposamena:

JABE-GABETZEAREN NAZIOARTEKO I JARDUNALDIAK EUSKAL HERRIAN

Lesaka (Nafarroa), 2015eko abuztuaren 4tik 9ra, Matxinbeltzenea Aterpetxe-barnetegian.

Hau da egunez egun egitea proposatu duguna:

Abuztuak 4, 18:00etan: Lesakako jardunaldien aurkezpena. Zer da jabe-gabetzea? sarrera labur bat. Nazioarteko jardunaldietan zehar Kolonbian, Andaluzian eta Mexikon egindakoaren kontaketa.

Abuztuak 5, 10:00etatik 14:00etara: Partaidetza-motak eta itxaropena (jabe-gabetzearen zutabea).

Abuztuak 6, 10:00etatik 14:00etara: Hezkuntzaren jabe-gabetzea eta eraikitze kolektiboa.

Abuztuak 7, 10:00etatik 14:00etara: Eskola komuna.

Abuztuak 8, 10:00etatik 14:00etara: Hizkuntzaren jabe-gabetzea.

Abuztuaren 5etik 8ra bitarteko arratsaldeetarako, gaiak proposatu ahal izango dira (aldez aurretik edo bertan), edo ibilaldiak egin, bazkalosteko kafean endredatu, deskantsatu, edo besterik gabe, jendearekin egon.

Proposamenik baduzu, bidaliguzu eposta honetara:

ilusionistasozialak@gmail.com

HIZKUNTZAK:

Beste leku batzuetako lagunak etorriko direnez (Andaluziatik gehienbat), goizeko saioak gaztelaniaz izango dira. Arratsaldean… joango gara ikusten.

Nolanahi ere, topaketa hau baliatu nahi dugu Lesakara hurbiltzen den edonorekin hausnartzeko, eztabaidatzeko, esperientziak trukatzeko… elkarrekin eraikitzeko. Seguru elkar ulertzeko moduak bururatuko zaizkigula!

DINAMIKA:

Topaketa hauek edonorentzat daude zabalik. Partaidetza-erak interesatzen bazaizkizu, jakintzak eraikitzeko beste modu batzuk, harreman horizontalak eratzeko moduak, jabe-gabetzea (“desempoderamiento“) hezkuntza komuna, hizkuntza eta ahozkotasuna… animatu eta parte hartu!!!

Ez da beharrezkoa saio guztietara etortzea.

Aldez aurretik gaian sakondu nahi baduzu… hona “Jabe-gabetzea. Sarrera bat.” artikuluaren euskarazko bertsioa:
https://docs.google.com/document/d/1zDu3xiC3guCtjM2XdGdWXa2hd8D-VL6iMJG81d8RShQ/edit?usp=sharing

*parte hartzeko asmoa baduzu, irakurri beherago duzun “ixilpeko klausula”

LEKUA ETA IZENEMATEA:

Ekitaldi hau autogestionatua da eta ditugun baliabideak partekatuko ditugu jardunaldiaz gozatzeko elkarrekin.

Debate-solasaldietan parte hartzeko, ez da beharrezkoa ez izena ematea eta ez izenematea ordaintzea, etorri eta kitto. Hala ere, eskertuko genuke mezutxoren bat bidaltzea, korreoz, feisbukez, watxapetik… jakinaren gainean egon gaitezen.

Matxinbeltzeneako arduradunei esker, gelak erabiltzeaz gain, bertan prestatu ahal izango ditugu otorduak eta baita lo egin ere!

  • Gauez geratu nahi baduzu, 16 euro izango dira gau bakoitzeko. eta aldez aurretik jakinarazi behar diguzu zein egunetan geratuko zaren, gelak antolatzeko. Gelak 4, 6 edo 8 lagunekoak izango dira. Ordainketa norberak egingo du bertan.
  • Otorduetan, norberak dakarrena bertako sukaldean prestatzen denarekin batuko dugu. Adibidez, saioen aurretik gosaltzera bazatoz, zeozer ekar dezakezu edota dirua jarri esnea edo kafea erosteko. Bazkaltzen geratzeko, aldez aurretik abisatzea ezinbestekoa da erosketak eta lana antolatzeko.
  • Kontuan hartu nahi dugu partehartzaile bakoitzak errazena egiten zaiona ekartzea eta jateko-edatekoen antolaketan konfiantzan eta elkarlaguntzan oinarrituko gara. Dagoenarekin joango gara konpontzen.

Inportantea da bazkaltzen edota gauez lotara geratu nahi baduzu, aldez aurretik jakinaraztea eposta guri bidaliz: ilusionistasozialak@gmail.com (ahal baduzu, ekainean zehar abisatu)

Errazena da posta elektroniko bat bidaltzea zure asmoekin (zenbat egunetara etorriko zaren, lotara geratuko zaren, jatekorik ekartzeko moduan zauden…). 

Harremanetan jartzeko watxapa erabili nahiago baduzu, bidali guri eposta bat zure telefono zenbakiarekin eta jarriko gara harremanetan. Watxapeko kudeaketaren arduraduna Ainhoa Ezeiza da eta banaka zein taldeka joango gara antolatzen (partaide guztioi eskatzen dizuegu watxapa neurriz erabiltzea eta telefono zenbakien pribatutasuna gordetzea).

DIRULAGUNTZAK:

ERNE! Dirulaguntzak kudeatzen ari gara EHUko ikasleentzat egonaldia ordaintzeko, interesatzen bazaizkizu, jarri gurekin harremanetan lehenbailehen:

ilusionistasozialak@gmail.com
edo
ainhoa.ezeiza@ehu.eus
Matxinbeltzenea Aterpetxea

ANIMATU “Hizkuntza eta Teknologia: Baliabideak” irakasgaiko azterketara!!!

Kaixo denoi! Bihar izango dugu Hizkuntza eta Teknologia irakasgaiko azterketa ofiziala, 15:00etatik 17:00etara 3.5 gelan. Esan daiteke AZKEN AUKERA dela kalifikazioari begira zeozer egiteko eta funtsean, azken aukera da zerbait (gehiago) egin nahi duzuenontzat.

Orain arte zuetako gehientsuenok oso lan politak egin dituzue, interesgarriak, irudimentsuak… kalifikazioak jartzeko asteburua beharko dut baina astelehenerako jarrita izango dituzue ia-ia ziur.

Zuetako beste batzuk EZ ZARETE IRAKASGAI HONETAKO IKASLEAK, edo agian ez zarete “ikasle” ere… baina guri horrek ez digu axola, guretzat azterketa bat elkarrekin eraikitzen segitzeko aukera bat baino ez da!!!

ANIMATU ETA BIHAR ETORRI! Ez duzue ezer aldez aurretik prestatu behar. Elkartzen garenon artean lan batzuk egingo ditugu bi ordu horietan eta egiten duguna kalifikazioa osatzeko erabiliko dugu (irakasgaiko ikasle zaretenok) eta beste espezialitate batekoa bazara, beste gradu batekoa… zuri esker aniztasun handiagoko saioa izango da!

Besarkada bat denoi!

Irudiaren iturria: Festa Major de Sants, Viquipèdia

Irudiaren iturria: Festa Major de Sants, Viquipèdia

Zer da JAKINTZA LIBREA? Zertarako IKTak?

Teknologia Irakaslearen Eskura jardunaldiak Bilbon

http://www.jakintzalibre.eus/

Datorren asteko ostegunean, 2015eko maiatzaren 7an, Bilbon egingo dira Jakintza Librearen V. Jardunaldiak: Teknologia Irakaslearen eskura eta saioetako bat dinamizatzera (edo akuilatzera…) gonbidatu naute (eskerrik asko!!!). Hementxe duzue egitarau osoa: http://www.jakintzalibre.eus/teknologia-irakaslearen-eskura-egitaraua/

Egitaraua

Egitaraua

Saioa 11:45etik 13:45era izango da, neure kasuan unibertsitateaz, gradu eta graduondokoez eta hezkuntza ez formalaz ariko gara hausnartzen.

 

ZER DA JAKINTZA LIBREA?

Jakintza librea materialak sarean argitaratzea da? Creative Commons lizentziak erabiltzea da? Hori, nire ustez, ondo dago baina oso pausu txikia da. Nik ez dut jakintza librea horrela ikusten. Niretzat, jakintza librea da elkarrekin eraikitzen dena eta ondorioz jaberik ez duena. Jakintza librea harreman horizontalekin dago lotuta, ez IKTen erabilerarekin… nahiz eta IKTak oso baliagarriak diren jakintza partekatzeko, trukatzeko, jende berria topatzeko eta eraikitzeko jarraitzeko.

Niretzat esaterako, MOOC bat (Massive Open Online Course) ez da jakintza librea, jakintza gatibua da, nahiz eta sarrera librekoa izan.

Niretzat, materialen bilgune bat ez da jakintza librea.

Niretzat, unibertsitatean transmititzen den jakintza ez da jakintza librea.

Orduan… zein leku izan dezakete IKTek jakintzak libreki eraikitzeko, Estatuaren egituren menpe egon gabe, Merkatuaren menpe egon gabe? Nola egin dezakegu lan ikasleekin eta ikasleengandik, horizontalki eraikitzeko jakintzak (jakintza zientifikoak, jakintza herrikoiak…)?

Saio honetan, esperientzia batzuk komentatuko ditugu, egiturak nola malgutu, nola egin lan ikaskuntza kooperatiboa alde batera utzi eta ikaskuntza kolektiboetara joz, nola joan lurralde eta ordutegiak espazio eta denbora bihurtzen…

Ea nora garamatzan saioak!

Ludopedagogia Tailerra, jolasa partekatzeko modu gisa

2015eko apirilaren 16 eta 17an, Ilusionista Sozialen Mintegia Eratzeko Topaketen jarduera gisa, LUDOPEDAGOGIA tailerra egin genuen Fabián Tellechea “Watu” uruguaitarrak eta María Rivasés zaragozarrak gidatua Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan. Benetan pozgarria, alaia, dibertigarria, bizia, jostagarria, zirraragarria izan zen saioa eta primeran pasa genuen. Ludopedagogiaren metodologia ezagutu nahi genuen eta ezagutzeko modurik onena EGINEZ/SENTITUZ/PENTSATUZ da, dudarik gabe!

 

Jolasaren hegaldia hartzeko prestatzen…

ZER DA LUDOPEDAGOGIA?

Ludopedagogia eraikitze kolektiboko metodologia bat da, oraindik zabalik eta amaitu gabea, 1989an Uruguayko La Mancha zentruak sortutakoa, eta bere proposamena da ikuspegi metodologiko batetik jolasteko gaitasuna berreskuratzen saiatzea, balioestea eta bersortzea/jostatzea, ulertzen duelako jolasa ibilbide baliozkoa dela errealitatea ber-deskubritzeko (errealitate intimoa, publikoa, kolektiboa eta pertsonala), baita jakintzarekin uztartzeko forma bat ere. Beste mundu posible batzuen jaiotzan lagundu nahi du, eta horregatik, bere helburua da bizi dugun errealitatea eraldatzea.
Proposamen politikoa da funtsean, asmoa errealitatea eraldatzeko jarrera eta ekintza indibidualak eta kolektiboak sustatzea baita; giza-esistentziaren baldintza objektiboak eta subjektiboak aldatuz, pertsonen garapen osatuagoa bilatu nahi da metodologia honen bitartez.

 

Gehiago jakiteko: http://www.mancha.org.uy/uc_2030_1.html 

METODOLOGIAK ETA TRESNAK… SAIOAREN HAUSNARKETA

Zoragarria izan zen parte hartu genuen guztiok gure sentipenak partekatzea, ezin esan zenbat barre egin genuen!!! Jolasak hausnaketekin tartekatzen joan ziren bi egunetan zehar, gure kasuan bereziki partaidetzaren inguruan ideiak trukatzeko erabili genuen hausnarketaren atala, baita ludopedagogiaz beraz hausnartzeko ere. Jolasek eragin zizkiguten sentipen biziek gure artean desberdin erlazionatzen lagundu ziguten. “Watu”-ren hitzetan, horrela jolastea planu kontzientearen eta ametsen planuaren artean kokatzen gaitu eta horrela, errealitatea beste era batera ulertzera, beste errealitate batzuk ikusten lagun diezaguke.

Ludopedagogia metodologia gisa planteatzen denez, Ilusionismo Sozialetik lan egiten dugunean metodologiak baztertu egiten ditugula eta, eztabaida sortu zen amaieran metodologia eta baliabideen artean. Beharrezkoak dira metodologiak? Metodologiak erabiliz, bi egun horietan gela horretan landu genuenak haratago parte hartzera, eraikitze kolektibora, errealitatearen eraldatzera eramango gaitu? Bertan bizi izan genituenak gelatik kanpo transferituko ditugu?…METODOLOGIAK dinamizatzaileen ahotsaren menpe kokatzen gaitu (jarraipideak, arauak, hurrenkerak…). Gure ustez, ludopedagogia BALIABIDE gisa tresna indartsua da blokeoak gainditzeko bizipozaren laguntzaz, harremanak horizontalizatzen laguntzeko (esaterako ikasle-irakasle mugak gainditzen laguntzeko), elkarren arteko ezagutzaren atea zabaltzeko, dezentratzeko… Eraldaketarako bide berriak zabaltzeko, azken batean! Gainera, jolasaren aldarrikapena ere oso baliotsua iruditzen zaigu bitartekaritza desiragarriak sortzeko eta dinamizatzeko teknikak garatzeko tresna dela uste baitugu.

Poz handia eman zigun elkarrekin jolasteak ludopedagogiaren ikuspegitik eta benetan eskertuta gaude Watu eta Maríari mintegia eratzeko topaketetan gurekin batera egoteagatik! Seguru berriz izango garela elkarrekin!!!