FAQ
Zer da Adimen Artifiziala (AA)?
Adimen Artifiziala datuetatik ikasteko gai diren teknologien multzoa da, eta gizakien gaitasunekin lotutako zereginak gauzatzeko aukera ematen du; hala nola, informazioa interpretatzea, erabakiak hartzen laguntzea edo edukiak sortzea.
Zein da AA “aurresankorraren” eta AA “sortzailearen” arteko aldea?
- AA aurresankorra: datuak aztertzen ditu, patroiak antzematen ditu eta sailkatu edo aurreikusi egiten du (adibidez, gomendioak edo spam-aren detekzioa).
- AA sortzailea: ikasitakotik abiatuta eduki berriak sortzen ditu (testua, irudiak, audioa, bideoa edo kodea).
AAk pertsona batek bezala “pentsatzen” al du?
Ez. Probabilitateen arabera sortzen ditu emaitzak, ikasitako patroietan oinarrituta. Horregatik, okertu egin daiteke edo itxuraz zuzenak diren baina faltsuak diren informazioak sortu, hau da, aluzinazioak.
Zertarako izan daiteke erabilgarria AA irakaskuntzan?
- Irakasgaiak eta sekuentzia didaktikoak diseinatu eta egituratzeko.
- Aurkezpenak, azalpen-testuak, adibideak eta laburpenak sortzeko.
- Materialak profil edo behar anitzetara egokitzeko.
- Testuen estiloa, argitasuna eta koherentzia berrikusteko.
- Material multimediak sortzeko (bideoak, podcastak, irudiak…).
- Ikaskuntza autonomorako gidak, tutorialak eta jarduerak diseinatzeko.
- Bibliografia bilatu, sailkatu eta sintetizatzeko (betiere egiaztatuta).
- Testu ez-konfidentzialen laguntza-itzulpenak egiteko.
- Ebaluazio-ideiak edo galderak sortzeko, beti irakasleen egiaztapenarekin.
Zer praktika saihestu behar dira irakaskuntzan?
- Ikasleen datu pertsonalak edo informazio konfidentziala sartzea.
- Emaitzak berrikusi edo egiaztatu gabe erabiltzea.
- Ebaluazioa edo kalifikazioak AAri esleitzea.
- AA bidez sortutako materialak norberarenak balira bezala aurkeztea, hori adierazi gabe.
- Pentsamendu kritikoa edo ikaskuntza aktiboa ordezkatzea zeregin automatizatuekin.
Zertarako izan daiteke erabilgarria AA ikerketan?
- Literatura bilatu eta sintetizatzeko (antolatu, iragazi, laburtu).
- Hipotesiak eta ikerketa-galderak sortzen laguntzeko.
- Diseinu metodologikoa prestatzen laguntzeko (egitura eta proposamenak).
- Datuen tratamenduan laguntzeko (erauzketa, antolaketa, simulazioak edo aurre-analisiak).
- Idazketa zientifikoan laguntzeko (zirriborroak eta egitura).
- Ikerketa-hutsuneak (research gaps) identifikatzeko.
- Dibulgaziorako materialak sortzeko (laburpenak, infografiak).
- Testu ez-konfidentzialen laguntza-itzulpenak egiteko.
Zer praktika saihestu behar dira ikerketan?
- Datu pertsonalak, sentikorrak edo ikasleen informazioa sartzea.
- Dokumentu konfidentzialak igotzea (tesiak, ebaluazio-prozesuan dauden artikuluak, proposamenak…).
- Edukia egiaztatu gabe txertatzea (aipuak eta datuak barne).
- AAren ekarpena ez adieraztea (egiletzaren nahasmendua).
- Analisi estatistikoa edo interpretazioa gainbegiratu gabe delegatzea.
- Ikerketa-prozesuaren osotasun akademikoa arriskuan jartzen duten erabilerak.
Zertan lagun dezake AAk ikaskuntzan?
- Informazioa eta material osagarria bilatzen.
- Lanetarako hasierako ideiak sortzen (abiapuntu gisa).
- Informazioa antolatzen (laburpenak, kontzeptu-mapak, eskemak).
- Testuak berrikusi eta editatzen.
- Autoebaluazioa egiten (azterketa-ereduko ariketak).
- Hizkuntzak eta gaitasun linguistikoak ikasten.
Zer praktika saihestu behar ditu ikasleek?
- AAk sortutako edukia norberarena balitz bezala aurkeztea.
- AAk sortutako edukiak erabiltzea erabilera adierazi gabe.
- Azterketetan edo etengabeko ebaluazioan erabiltzea, espresuki debekatuta dagoenean.
Zertarako izan daiteke erabilgarria AA kudeaketan eta administrazioan?
- Dokumentuen zirriborroak eta egiturak prestatzeko.
- Dokumentazioa sintetizatu eta azaltzeko (datu sentikorrik gabe).
- Testu ez-konfidentzialak itzultzeko.
- Txantiloiak, taulak eta zeregin errepikakorrak antolatzeko.
- Erabiltzaileen arretarako erantzun koherenteak sortzeko (laguntzaile birtualak).
- Informatika-zeregin txikietarako laguntza-kodea sortzeko.
- Datuak antolatzeko, erabakiak hartzen laguntzeko.
Zer praktika saihestu behar dira PTGASen?
- Datu pertsonalak, akademikoak edo konfidentzialak sartzea.
- Prozesuak erabat automatizatzea, giza gainbegiraketarik gabe.
- Segurtasuna, pribatutasuna edo datu-babesa arriskuan jartzen duten erabilerak.
- Egiaztatu gabeko emaitzak erabiltzea dokumentu ofizialetan edo komunikazio instituzionaletan.
Sar al daitezke datu pertsonalak edo informazio konfidentziala AAn?
Ez. Arau orokor gisa, ez dira sartu behar datu pertsonalak, sentikorrak, akademikoak edo informazio instituzional konfidentziala.
AA erabiltzea plagioa al da?
Ez derrigorrez. Arazoa sortzen da erabilera ezkutatzen denean, edukiak norberarenak balira bezala aurkezten direnean edo egiletza intelektuala AArengan delegatzen denean. Gakoa gardentasuna da.
Zer da AAren erabilera “adieraztea” eta zertan bereizten da “aipatzeaz”?
- Adieraztea: AA erabili dela eta zertarako erabili den azaltzea (nahitaezkoa, ekarpena egin badu).
- Aipatzea: AAren testua edo emaitza lanean agertzen denean (literalki, itzulita edo moldatuta) erreferentzia akademikoa egitea, arauen arabera.
Erabili al daiteke AA “iturri zientifiko” gisa?
Ez. Bilatzen, laburtzen edo antolatzen lagun dezake, baina ez ditu ordezkatzen benetako artikuluak, datuak edo iturri akademikoak. Beti kontrastatu behar da informazioa.
Zer dira AAren “aluzinazioak”?
AAk faltsuak edo egiaztagarriak ez diren informazioak sortzen dituenean, itxura sinesgarria dutela (adibidez, asmatutako erreferentziak, iturririk gabeko datuak edo egiletza okerrak).
Nola murriztu daitezke akatsak eta aluzinazioak?
- Prompt argiak eta mugak dituztenak emanez (“ez asmatu daturik”).
- Zalantzak edo ziurgabetasunak adierazteko eskatuz.
- Informazio garrantzitsua eskuz egiaztatuz (datuak, aipuak, araudia).
- AA egitura-laguntza gisa erabiliz, ez iturri nagusi gisa.
AAk izan ditzake alborapenak?
Bai. Estereotipoak erreproduzi ditzake edo kultura, genero, hizkuntza edo testuinguruak modu desorekatuan irudikatu. Horregatik, komeni da aniztasuna espresuki eskatzea, erantzunak alderatzea eta ikuspegi kritikoz berrikustea.
Zer da prompt bat?
AAri ematen diozun instrukzioa da: zer nahi duzun, norentzat, zein formatutan eta zein mugekin.
Zerk egiten du prompt bat “ona”?
Argia izatea, testuingurua, helburua, formatua, tonua, xehetasun-maila eta murrizketak jasotzea (adibidez: “eman 2 adibide”, “saihestu teknizismoak”, “ez bazaude ziur, adierazi”).
Igo al daitezke copyrighta duten materialak (artikuluak, liburuak, material didaktikoak)?
Oro har, ez, baimenik, lizentziarik edo oinarri legalik ez baduzu. Lehenetsi material propioak edo lizentzia irekikoak (adibidez, Creative Commons) eta mantendu egiletzaren aitortza.
Zein da erabilera arduratsua laburbiltzen duen ideia nagusia?
Giza gainbegiratzea + pribatutasuna + egiaztapena + gardentasuna.
AA lagungarria izan daiteke, baina azken erantzukizuna (akademikoa, etikoa eta legala) beti pertsona erabiltzailearena da.
Zein da AAren erabilerari buruzko printzipio orokorra testuinguru akademikoetan?
AAk prozesu akademikoak lagundu ditzake, baina erabaki ebaluatiboak eta irakaskuntza-ardurak ezin dira sistema automatikoen esku utzi. Erabilera oro giza gainbegiraketapean egin behar da, osotasun akademikoaren, gardentasunaren eta erantzukizunaren printzipioekin bat etorriz.
Erabili al daiteke AA ikasleen lanak zuzentzeko edo notak jartzeko?
AA lagungarria izan daiteke zuzenketa-, berrikuspen- edo hobekuntza-lanetan, baina ez du modu autonomoan kalifikaziorik erabaki edo esleitu behar. Ebaluazio akademikoa irakasleen ardura da, eta beti pertsona batek gainbegiratuta egon behar du, batez ere ondorio akademiko edo administratiboak daudenean.
Erabili al daiteke AAn oinarritutako proctoring-a azterketetan?
AAz oinarritutako proctoring-sistemak bereziki sentikorrak dira. Pribatutasunean, zintzotasun-presuntzioan eta oinarrizko eskubideetan eragina izan dezakete; horregatik, ez dira modu automatikoan edo orokorrean erabili behar. Nolanahi ere, aplikazioa egin aurretik balorazio legal, etiko eta antolatzaile espezifikoa behar da, ebaluazio-testuingurua kontuan hartuta.
AAren erabilera TFG, TFM edo doktore-tesietan arrisku handiko praktika al da?
AA sortzailea laguntza-tresna gisa erabiltzea —ideiak antolatzeko, estiloa hobetzeko edo laguntza-itzulpenak egiteko, esaterako— ez da berez praktika bereziki sentikorra. Hala ere, erabilera ezkutatzea edo egiletza akademikoa AArengan delegatzea osotasun akademikoaren printzipioen aurkakoa da. Horregatik, erabilera oro unibertsitateak ezarritako jarraibideen arabera adierazi behar da.