AA: zer da eta nola funtzionatzen du
Adimen Artifiziala datuetan oinarrituta ikasteko eta, oro har, gizakiei lotutako gaitasunak eskatzen dituzten zereginak egiteko gai diren teknologien multzo bat da: informazioa interpretatzea, erabakiak hartzea edo eduki berria sortzea.
AAk ez du gizaki batek bezala “pentsatzen”, baina bai adibideetatik ikasi eta ereduak antzeman ditzake. Horri esker, galderak erantzun, informazioa eraldatu edo hainbat testuingurutan lagungarriak diren edukiak sor ditzake.
Gaur egun, Adimen Artifiziala eguneroko bizitzako eta unibertsitateko arlo askotan dago presente:
- Galderak erantzuten dituzten laguntzaileak
- Testuak automatikoki itzultzen dituzten sistemak
- Idazten edo laburbiltzen laguntzen duten tresnak
- Deskribapen batetik irudiak edo bideoak sortzen dituzten aplikazioak
- Eduki pertsonalizatuak gomendatzen dituzten plataformak
AA hobeto ulertzeko, erabilera nagusi bi bereiztea lagungarria da, gaur egungo tresna gehienetan batera ageri direnak.
1. Informazioa aztertzea
AAk datuak interpretatu eta antola ditzake erantzun erabilgarriak eskaintzeko. Bere ohiko funtzioen artean daude:
- informazioa sailkatzea,
- irudietan elementuak identifikatzea,
- gomendio pertsonalizatuak egitea,
- joerak edo ereduak atzematea,
- testu-bolumen handiak laburtzea.
Funtzio horiei esker, tresna digitalek honelako galderei erantzun diezaiekete:
- “Zein aukera dirudi egokiena?”
- “Zer kategoriari dagokio informazio honek?”
2. Eduki berria sortzea
Aurreratuenak diren ereduak testuak, irudiak, bideoak, soinuak edo ideiak sor ditzakete ikasitakoan oinarrituta. Hori dela eta, gaur egun posible da:
- Testu osoak idaztea
- Ilustrazioak, bideoak edo diseinuak sortzea
- Testuingurura egokitutako azalpenak ematea
- Jarduerak, proposamenak edo ideiak sortzea
- Ahots sintetikoak edo musika ekoiztea
Funtzio hauek aukera ematen diete tresna digitalei edukiak sortzeko, honelako galderei erantzunez:
- “Nola adieraz liteke ideia hau?”
- “Zer testu, irudi edo proposamen lor dezaket deskribapen honetatik?”
Gaitasun horiek asko zabaldu dituzte sormenaren, ikaskuntzaren eta komunikazioaren aukerak. Hauen bidez, edonork sistema teknologiko batekin elkarreragin dezake hizkuntza arrunta erabiliz, eta egun ezinbesteko tresnak dira hezkuntzan, ikerketan eta sormen-prozesuetan.