birformulatzailea

esplikatiboa

alegia

beste era batera esanda

beste hitz batzuetan

beste hitz batzuetan esanda

beste hitz batzuekin (esanda)

beste hitzetan (esanda)

beste hitzez (esanda)

beste modu batera esanda

bestela esanda

erran nahi baita

erran nahi da

esan nahi baita

esan nahi da

hau da

hots

zehaztailea

hain zuzen

hurrenez hurren

zehatz-mehatz

zehatzago esanda

zehatz esanda

zehatz esateko

zehatzago esan

zehatzago esatearren

zehatzago esateko

zehazkiago esan

zehazkiago esanda

zehazkiago esateko

zehazkiago

laburbiltzailea

azken batean

azken baten

azken batez

azken buruan

azken finean

hitz batean

hitz batez

hitz bitan esateko

hitz gutxitan

labur esanda

labur esateko

laburbilduz

laburbilduta

urruntzailea

dena dela

dena den

edonola ere

edozein kasutan

edozein kasutan ere

edozein modutan

edozein modutan dela

edozein modutan ere

edozein moduz

edozein moduz ere

hala ere

halaz ere

halarik ere

hala izanda ere

hala izanik ere

hala eta guztiz ere

hala eta guzti ere

halaz guztiz ere

nolanahi den

nolanahi den dela

nolanahi den ere

nolanahi ere

nolanahi dela ere

nolanahi izanda ere

nolanahi izanik ere

zuzentzailea

are hobeki

are hobeto

barkatu

barka

bestela esanda

(edo) hobeto

(edo) hobeki

egia esanda

hobeto esanda

zer diot?

Xabier Alberdi, Pello Salaburu
HAU DA
 

1. aurkibidera joan Saila > azpisaila

birformulatzailea > esplikatiboa

2. aurkibidera joan Balio oinarrizkoa

Birformulazio esplikatibo bat bideratzeko erabiltzen da hau da: hots, aurreragoko diskurtso atal batean adierazitakoa azaltzera, argitzera, osatzera edo zehaztera datorren diskurtso atal bati bide egiteko. Esapide horretaz baliatzen da esataria esan berri duena modu argiago batez birformulatzeko: haren bidez esatariak ohartarazten edo iragartzen dio hartzaileari lehenago adierazi duenari buruzko azalpen bat datorrela hau da esapideak txertatzen duen diskurtso atalean.

Argiagotu nahi den aurreragoko diskurtso atalari ‘birformulakizun’ esango diogu, eta azalpen berriari ‘atal birformulatzaile’ edo, oro har, ‘birformulazio’. Beraz, diskurtsoan lehenago —birformulakizunean— adierazitakoa argitzera edo azaltzera dator atal birformulatzailea.

(2.1)

“Katilinarenak” nobelak misteriozko istorioa du kontagai, baina, intrigazko nobela honetan askatu behar den misterioa ez da ohikoa. Hau da, nobela honetan misterioa edo intriga ez dago gertakari batzuk argitzearekin loturik. [EPD-prentsa, Berria]

Birformulakizuna

(...) intrigazko nobela honetan askatu behar den misterioa ez da ohikoa.

Azalpena: atal birformulatzailea

Hau da, nobela honetan misterioa edo intriga ez dago gertakari batzuk argitzearekin loturik.

(2.2)

Enpresa txiki eta autonomoen kasuan, dirua aurrezki kutxen edo bankuen bidez emango da, baina berme sozietateak -Elkargi eta Oinarri- arduratuko dira bideratzeaz, hau da, abalak eskaintzeaz. [EPD-prentsa, Berria]

Birformulakizuna

baina berme sozietateak –Elkargi eta Oinarri– arduratuko dira [dirua] bideratzeaz,

Azalpena: atal birformulatzailea

hau da, abalak eskaintzeaz.

Azpimarratzekoa da diskurtsoaren harian atal birformulatzailea geratzen dela indartuta edo nabarmenduta; beraz, hura hartu behar da aintzat eta ez birformulakizuna.

Bestalde, aurreko adibideetan ikus daitekeenez, hau da birfomulatzailearen bidez lotzen edo kateatzen diren diskurtso atalak (ikus sintaxia) enuntziatu osoak (2.1.) nahiz enuntziatu zatiak (2.2.) izan daitezke, eta askotariko kategoria lexiko eta sintaktikokoak (perpausak, izen-sintagmak, aditz-sintagmak, izenak, aditzak).

3. aurkibidera joan Balioak eta erabilerak

Hona hemen hau da birformulatzaileak birformulazio-prozesuetan betetzen dituen funtzio nagusiak (ikus bereziki Garcés 2008):

a. Identifikazio- eta zehaztapen-funtzioa: birformulakizunari erreferentzia jakin bat esleitzea

Honetan datza birformulazio-prozesua: hau da esapidearen bidez birformulakizunari erreferentzia jakin bat esleitzen zaio atal birformulatzailean; hots, identifikazio edo zehaztapen bati bide egiteko erabiltzen da hau da. Denborazko eta lekuzko esapideak argitzeko erabiltzen da, edota deiktikoen eta sintagma zehaztugabeen erreferentzia identifikatzeko edo zehazteko.

Aurreko enuntziatuaren azalpena honetan datza: biformulakizunari identifikazio bidez esleitzen zaio erreferentzia jakin bat.

(3.1)

Alderdi sozialistak, bere estrategian, bide politikoa garbitu nahiko dio ezker abertzaleari, prozesua abiatzen denean: «Lehenengo okupa dezala bide hori ezker abertzaleak, eta EAJ ekarriko dugu atzera irten behar ez zen toki horretara, hau da, estatutuaren garapenera eta agian erreformara». [EPD-prentsa, Berria]

(3.2)

Azkeneko diskoa oso berezia izan da. Aitaren galera inportantea izan zen, eta banekien hari kantu bat idatzi behar niola, eta zer idatzi nahi nion. Bere baitan uztartzen zena adierazi nahi nuen; hau da, indarra eta samurtasuna. [EPD-prentsa, Berria]

Aurreko enuntziatuaren azalpena honetan datza: biformulakizunari zehaztapen bidez esleitzen zaio erreferentzia jakin bat.

(3.3)

Baina bideratutako dirua Europako batez bestekora hurbiltzen joateko eskatu zuten; hau da, Barne Produktu Gordinaren %3 ingurura hurbiltzeko. [EPD-prentsa, Berria]

(3.4)

«Holmesek ez du naturaz gaindikorik sinesten, hau da, Jainkoa, maitagarrien ipuinak eta Infernuko Zakurrak eta madarikazioak, zeinak ergelkeriak baitira». [EPD-prentsa, Berria]

(3.5)

Arruntenak DVD5 izenekoak dira; hau da, 4,7 GBeko edukiera dutenak. [EPD-prentsa, Berria]

b. Birformulakizunaren esanahia edo zentzua argitzea

Honetan datza birformulazio-prozesua: hau da esapidearen bidez birformulakizunaren esanahia edo zentzua argitzen da atal birformulatzailean; hots, azalpen bati bide egiteko erabiltzen da hau da. Alde batetik, aurreragoko enuntziatu oso baten zentzua edo interpretazioa argiagotzeko erabiltzen da; bestetik, hitzen esanahia argiagotzeko (neologismoak, hitz ezezagunak, hitz teknikoak, atzerriko hizkuntzetakoak, latinetikakoak, eta abar argitzeko).

(3.6)

«Dekretuak eragileen eta EAEko Eskola Kontseiluaren iradokizun eta gomendio ia guztiak jasotzen ditu», azaldu du Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak. Datozen asteotan onartuko ditu Jaurlaritzak Haur Hezkuntzako eta Batxilergoko dekretuak, baina euskararen eta Euskal Herria terminoaren erabilerari dagokionez, ildo berari jarraitzea espero da. Aurreko legegintzaldian Tontxu Camposek gidatutako Hezkuntza Sailak (EA) onetsitakoa deuseztu du dekretu berriak, eta hala, euskara ez da irakas hizkuntza nagusia izango. Izan ere, euskarak eta gaztelaniak «arau hierarkia berdina» izango dute, hau da, parekatuta egongo dira. [EPD-prentsa, Berria]

(3.7)

Horrek esan nahi du M=a × Wb × W-1, eta, beraz: M=a × W (b - 1) . Kontuan hartzen badugu b=0'75 dela, honela geratuko litzateke ekuazioa: M=a × W-0'25. Erlazio negatiboa dela adierazten du berretura negatiboak; hau da, lehenago esan bezala, tamaina handitzean tasa metabolikoa jaitsi egiten da. [ZIO, Animalien aferak, J.I. Pérez Iglesias / M.B. Urrutia (EHU, 2011) Orr.: 30]

(3.8)

Hor ditugu masturbazioa, ahozko laztanak eta homosexualitatea, adibidez. Horrenbestez, maiztasuna bikoteek eurek erabakitzen dute, auzokoek zer egiten duten begiratu gabe. Hala ere, esan behar da desio sexuala ziklikoa dela, gosea eta pixagura bezala. Hau da, hormonek eta desioak ekintza sexualera bultzatzen gaituzte, eta horrek ondo uzten gaitu. Jan ondoren goserik izaten ez dugun bezala. Baina ondo egote horrek denbora jakin bat irauten du; gero berriz agertuko da gosea, logura, pixagura edo desioa sexuala. Dena dela, zikloak eta erritmoak aldatu egiten dira pertsona batetik bestera. [EPD, Sexua noiznahi, Luis Elberdin (Gaiak, 2005) Orr.: 173]

adibide gehiago:

(3.9)

Ez litzateke harritzekoa izan behar duela zenbait hamarkada autogintzaren ingeniariek asmatu zuten zer bera milioika urte lehenagotik naturak asmatu izana. Izozteari aurre egiten Aurreko atalean ingelesez "freeze avoidance" deritzon jokaeraz aritu gara. Naturan badira, ordea, "freeze tolerant" diren animaliak ere, hau da, izoztea jasan eta gainditu dezaketen animaliak. [ZIO, Animalien aferak, J.I. Pérez Iglesias / M.B. Urrutia (EHU, 2011) Orr.: 66]

(3.10)

Eta Arco, batez ere, azoka dela kontuan hartuta, hau da, salerosketa gunea, ondorio ekonomikoak izango direla ez du inork dudan jartzen.

(3.11)

Emakume edo bikote guztiek dute kanpotik erabakitako amatasunetik defendatzeko eskubidea: izan daiteke halabeharra, ezjakintasuna edo kontrazepzio metodo baten hutsegitea. Gizakiak koitoa eta haurdunaldia lotuta daudela dakienetik, beti izan du ugalketa kontrolatzeko nahia. Hau da, beti nahi izan dugu umeak ekarri edo ez erabakitzeko askatasuna, baita zenbat, noiz eta norekin ekarri erabakitzeko ere. [EPD, Sexua noiznahi, Luis Elberdin (Gaiak, 2005) Orr.: 109]

c. Birformulakizunaren esanahia zabaltzea: definizioa

Honetan datza birformulazio-prozesua: hau da esapidearen bidez birformulakizuna definitzen da atal birformulatzailean; hots, definizio bati bide egiteko erabiltzen da hau da. Batez ere, terminoak definitzeko erabiltzen da.

(3.12)

Inflazioaren kontrakoa da deflazioa, hau da, prezioek behera egitea. [EPD-prentsa, Berria]

(3.13)

Espresionismo basatia artifiziorik gabekoa mihise horietan, figurazioaren eta abstrakzioaren arteko mugan askotan, eta beste bide batzuetatik garatzeko bokazioa duena. Esaterako, net-artearen bidez, hau da, teknologia berriak baliatzeko asmoarekin sortutako artearen bidez. [EPD-prentsa, Berria]

(3.14)

Uda partean estanflazioa zen modako hitza, hau da, ekonomia pattal egon arren prezioak asko igotzea. [EPD-prentsa, Berria]

(3.15)

Ikerlana egin zuen taldeak interes berezia zuen hemoglobinaren funtzioaren eta tenperaturaren arteko harremanean. Izan ere, arnas pigmentuen oxigenoarekiko kidetasuna jaitsi egiten da tenperatura goratzen denean. Hori dela eta, tenperatura apaletan oxigenoarekin konbinatuta gelditzeko joera dute arnas pigmentuek eta hori, mamutaren hemoglobinaren lanarentzat, eragozpen handia izan zitekeen. Mamutak animalia homeotermoak ziren, hau da, barnetenperatura konstante mantentzen zuten. [ZIO, Animalien aferak, J.I. Pérez Iglesias / M.B. Urrutia (EHU, 2011) Orr.: 103]

d. Birformulakizunaren esanahia laburbiltzea: izendapena

Honetan datza birformulazio-prozesua: hau da erabiliz birformulakizuneko formulazio luzea termino bakar batera ekartzen da atal birformulatzailean; hots, birformulakizuna laburbiltzen duen deitura edo termino bati bide egiteko erabiltzen da hau da.

(3.16)

Hondakinek zabor izateari utz diezaiokete gai organikoak naturaren ziklora itzultzen badira, hau da, konpostatzearen bidez. [EPD-prentsa, Berria]

(3.17)

Nodo bakoitzak, aldi berean, prozesadore kopuru txiki bat izan dezake; horiek lotzeko, bus txiki bat edo konexio-sare globala bezain eskalagarria ez den beste konexio-teknologia bat erabil daitezke. Bi motatako sare erabiltzen dira: norabideak markatuta dituzten sareak (hau da, kommutagailuak) eta norabideak markatuta ez dituzten sareak (normalean, dimentsio askoko mailak). [EHU, Konputagailuen arkitektura, Hennessy, John L. et al. (EHU, 2009) 4. kapitulua]

e. Beste balio batzuk: ondorioa, dedukzioa…

Bestalde, zenbaitetan —testuingurua lagun— aipatutakoez bestelako balioak bereganatu ditzake hau da markatzaileak. Izan ere, birformulatzaile esplikatiboak, birformulazioaren nolabaiteko hiperonimoak direnez, gai dira erabilera markatuetan bestelako balioak (ondorioa, dedukzioa) eta birformulazio motak adierazteko (zuzenketa, laburbilketa, berrazterketa).

Ondorioa, dedukzioa, konklusioa.

Zenbaitetan eragiketa testual argumentatiboak betetzeko erabiltzen dira birformulatzaile esplikatiboak: batez ere, ondorioa eta konklusioa adierazteko. Izatez, hori ez da birformulatzaile esplikatiboen funtzio prototipikoa, baina, testuingurua lagun, ondorioa eta bestelako funtzio argumentatiboak bereganatzen dituzte inferentzia-prozesuetan.

Inferentziazko prozesua gertatzen denean ondorio edo dedukzio bati bide egiteko erabiltzen da hau da: ondorio subjektiboa, emaitza, dedukzioa Halakoetan, atal birformulatzailearen hasieran paratu ohi da markatzailea eta identifikaziotik edo baliokidetzatik harantzago doa bi atalen arteko lotura: birformulazioa ez da oinarritzen parafrasian, inferentzian baizik. Informazioaren egituraren aldetik, iruzkin berriak ez du errepikatzen lehengo mintzagaia, baizik eta aurreko enuntziatutik ondoriozta daitekeen zerbait gaineratzen du: ondorengo testuan, esaterako, birformulakizunean adierazten denetik harantzago doa birformulazioa. Gehienetan, aurreko enuntziatutik ondoriozta daitekeen zerbait gaineratzen da birformulazioan (zenbaitetan, ondorio subjektiboa).

(3.18)

Gure ahizpetan zaharrenak, beraz, nola oso oso asko esistitu, azaldu eta inportantzi haundiko pertsona bihurtu nahi zuen, hau da (bestela esanik), bere burua zeharo birsortu nahi zuen, ez zuen gajoak beste erremediorik izan printze gay batekin ezkondu, erreginagai izatera iritsi eta aitaginarrebaren hazitik ume erregetiarrak mundura ekartzea baizik. [EPD, Nere gorringotik, Iñaki Segurola (Alberdania, 2008) Orr.: 75]

(3.19)

Gainera, urte amaieratik gora egiten ari da petrolioaren kotizazioa. Abenduaren 24an 36 dolarrean salerosten zen Brent upela, eta 54 dolarretik gora atzo. Hau da, ia %50 gorago. [EPD-prentsa, Berria]

(3.20)

Baieztapen hau egiatzat hartuz gero, interpelazioa ez al doakio hobeto kazetaritzari, literaturari baino? Uste dut kazetaritzak ezin duela hori egin, kazetaritza ikusgarriaren eremuan aritzen baita. Literatura, aldiz, ikusezinaren eremuan. Hau da, niretzat literatura ona da, dakizun edo ezagutzen duzun eremu batetik abiatu eta ezagutzen ez duzun nonbaitera heltzen zarenean. Hain zuzen ere, idazkuntzaren prozesuan zehar zerbait berri deskubritzen duzunean. Liburu batean dakizun hutsa jartzen baldin baduzu, liburu horrek ez du baliorik. Liburuak benetan balioko du, zuk, idaztearekin, aurretik ez zenekien zerbaitekin topo egiteko balio duenean. [EPD, Zortzi unibertso, zortzi idazle, Ana Urkiza (Alberdania, 2006) Orr.: 188]

(3.21)

Oihartzabal, EILASeko Pedro Matxo, LABeko Roberto Tornero, CCOOko Javier Nogales eta EHIGEko Ana Izagirrek eredu hau proposatu dute: ikastetxeak berak bere hizkuntz plana egitea, ikasle guztiek 16 urte dituztenean euskara eta gaztelania menperatzeko; eta baita ingelesa ere. Hau da, ikastetxe bakoitzak erabakiko du ikasgai bakoitza zein hizkuntzatan eman, bere ingurunearen arabera. Jakina, betiere Hezkuntza Sailak jarritako gutxienekoak beteta. «Oraingo ikasleak biharko helduak dira, eta biharko gizakiak gu baino gehiago mugituko dira. Gu asko irteten gara kanpora, baina gerokoak gehiago; hau da, hiru hizkuntza behintzat ondo menperatu beharko dituzte beren bizitza duintasunez aurrera atera nahi badute. [EPD-prentsa, Berria]

4. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: enuntziazioa

Enuntziazioaren elementu garrantzitsua, birformulatzaile paradigmatikoa: esatariak, aurreragoko formulazio “desegoki” baten ordez bigarren bat jartzen du, egokiagoatzat jotzen duena: esatariak, bere aurreko adierazpenaren balizko iluntasunaz jabeturik, agerian utzi nahi du birformulazioaren bidez bere diskurtsoaren zentzua. Enuntziazio-ikuspegiaren aldaketa bat bideratzen da, lehen formulazioa bigarrenari menderatuz. Enuntziazio-ikuspegiaren aldaketak ez du esan nahi, hala ere, argudiaketaren norabidea ere aldatzen denik (Larringan, 1996: 245).

Gainerako diskurtso-markatzaileekin alderatuz, izaera polifonikoa da birformulatzaileek parte hartzen duten egituren bereizgarrietako bat (Garcés 2008: 82-83). Izan ere, zerbait birformulatzean atzera egiten dugu diskurtsoan lehenago adierazitakoa berrinterpretatzeko, eta atzera itzultze horretan ikuspuntu berri bat sartzen dugu, birformulakizunekoarekin bat etor daitekeena edo ez.

argibide gehiago:

Hiru tipo nagusi bereizi ohi dira polifoniari dagokionez (Murillo 2007; Fuentes 2004). Lehenengo tipoan —gehienetan agertzen dena— erlazio polifonikoa ez dago markatuta, ez baita aldatzen hiztuna edo esataria*:

*Oharra: Polifoniari buruzko teorian (Ducrot 1984) hiru kontzeptu hauek bereizten dira: a) hiztuna (gazt. hablante), enuntziatua ematen duena; b) esataria (gazt. locutor), esaten denaren erantzulea; enuntziatzailea (gazt. enunciador), enuntziatuetan agertzen diren ahots edo ikuspuntuen erantzulea. 

(4.1)

«Badakigu ez dugula ezer aldatuko, ezer irauliko, baina literaturaz hitz egiteko gogoa genuen eta horren inguruan elkartu gara aldizkaria egiteko», azaldu du Ibon Egañak, sustatzaileetako batek. Aldizkariak ez du maiztasun jakinik izango, eta blog baten ereduari jarraitzen dio. Hots, argitaratu ahala mezuak ikusgai dituen sareko gune bat da. [EPD-prentsa, Berria]

Bigarren tipoan, esatari bat eta bi enuntziatzaile bereizten ditugu:

(4.2)

Berandu etorriko dela esan du. Alegia, ez da etorriko.

Enuntziatu hori polifonikoa da, ikuspuntu-aldaketa bat gauzatzen baita enuntziatzaileari dagokionez birformulakizunetik atal birformulatzailera: lehen enuntziatuan (birformulakizunean) enuntziatzaile batek (e1) adierazten du —zehar-estiloa erabiliz— norbaitek esan duela berandu etorriko dela; bigarren enuntziatuan (atal birformulatzailean), beste enuntziatzaile batek (e2) —zeina bat baitator esatariarekin— dio etortzekoa den pertsona hori ez dela etorriko (hots, bere ikuspuntutik egiten du aurreko enuntziatuaren berrinterpretazioa).

Hirugarren tipoan, lotzen diren enuntziatuetan bi esatari —eta bi enuntziatzaile— bereizten ditugu. Horixe gertatzen da, adibidez, heterobirformulazioan edota enuntziatuetako batean “hitz aipatuak” (norberarenak edo beste norbaitenak) agertzen direnean.

(4.3)

[Heterobirformulazioa] Laukizuzena, gero; bi informazio behar dira hura zehazteko. Gero, erronboa, paralelogramoa, trapezioa. Eta, hara, ia-ia ahaztu zaizkit, haiek izanik ugarienak inondik ere: nolanahikoak! Ezer nabarmenik ez dutenak. -Alegia —sartu zen tartean Jonathan—, matematikan lanerako sekula erabiltzen ez direnak. [ZIO, Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) Orr.: 156]

(4.4)

Insistió en que los aumentos de los pilotos deben ir ligados a los beneficios empresariales, es decir, "si la compañia obtiene esos beneficios, ellos obtienen esas subidas", algo que Iberia no puede garantizar de antemano. (Faro de Vigo, 21/06/2001, CREA)

5. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: informazioa

Azalpenak emateko ez ezik, informazioa gaineratzeko ere erabiltzen da hau da birformulatzailea: bereziki, izen generiko bat identifikatzen denean edo sintagma zehaztugabe bat zehazten denean.

(5.1)

Horien artean, honako hauek bereizten ditu Kodeak: a) gauza bere izaeraz edo iragandako denboraz hobetu bada, hau da, zordunak gasturik egin gabe, hobekuntzak hartzekodunaren alde izango dira, inolako konpentsaziorik gabe (1.122.5. art.); b) hobekuntzak zordunaren kontura egin badira, hark gozamendunari emandako eskubidea besterik ez du izango (487 eta 488. art.), hau da: a') hobekuntza kentzeko eskubidea, ondasunari kalterik egin gabe ken badaiteke; b') hobekuntzen zenbatekoa, bere kontura diren kalte edo narriadurekin konpentsatzeko eskubidea (1.122.6. art.; AGE 1998-II-4koa). [Zuzenbidea-TA, Zuzenbide zibila: obligazio-zuzenbidea eta erantzukizun zibila, Leire Imaz (UPV/EHU, 2011)]

Bestalde, nabarmenduta edo indartuta geratzen da hau da birformulatzailearen bidez txertatzen edo gaineratzen den iruzkina eta informazioa (birformulazioa): birformulakizuna atzenduta, birformulazioa hartu behar da aintzat diskurtsoaren harian.

6. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: argumentazioa

Argumentazioaren ikuspegitik, gehienetan lehenago emandako argudioa indartzera dator birformulazioa. Inferentziazko prozesuetan, berriz, ondorioa adierazteko erabiltzen da hau da: birformulakizunean esandakotik ondoriozta daitekeen zerbait —batzuetan, ondorio subjektiboa— gaineratzeko balio du.

7. aurkibidera joan Forma eta jatorria

Hau da esaldi atributiboaren gramatikalizazioz sortua da diskurtso-markatzailea. Birformulatzaile-zeregina betetzen duenean, eten artean ageri da esapidea (idazkeran, koma artean).

8. aurkibidera joan Aldaerak

Ez du aldaerarik.

9. aurkibidera joan Baliokideak

ALEGIA, HOTS

argibide gehiago:

Oharra: Baliokidetasuna ez da erabatekoa. Birformulatzaile esplikatiboak dira hirurak –hau da, hots, alegia— eta baliokideak dira balio semantiko-pragmatiko nagusiari bagagozkio, baina desberdinak dira joskeraren eta posizioaren aldetik: alegia birformulatzailea birformulazioaren hasieran zein amaieran kokatzen da gaurko euskara estandarrean; hots birformulatzailea, berriz, atal birformulatzailearen hasieran kokatzen da gehienetan; eta hau da, ezinbestean eta beti birformulazioaren hasieran (ikus hots, alegia).

10. aurkibidera joan Euskal gramatikak

Birformulatzaile hau (hau da) ez dago aztertua euskal gramatiketan.

11. aurkibidera joan Euskal hiztegiak

[Orotariko Euskal Hiztegia —OEH—: ikus hau da]

HAU DA (Ht VocGr 337). Esto es, es decir, a saber. v. ERRAN NAHI DA, alegia (3), hots. Tr. Documentado en textos meridionales desde el s. XVII, al Norte sólo lo hallamos en INav y algún autor moderno como Mirande. 

--Birtute karidadekoa zer da? --Amadu eitea Iangoikoa gauza gustien ganean, aude geiego amadu eitea [...] beste gauze gustiek bano. VJ 12. Handik ioanentzare bertze bidearen erdian uest noroestean, hau da, Lorrenetik Arroke Tobasat eta Arroke Tobastik Sen Maloarat. INav 57. Guziáu ezlizáke anitz inpórt, ezpáliz dáñu espiritualerik, au dá, bekaturik. LE Prog 112. Guzur andija da, diabrubak kristinau askori siniserazoten deutseena, au da, gerora aldatuko jakeela bijotza onerako. Mg CO 112. Egingo dodaz al daidazan limosnak, baña bere moduan; au da, eztot eurekaz emongo biderik iñori alperrak urteteko. Añ LoraS 162. Diotela beren artean, iñoren lumaz janzi nai duela bela-txikiak; au da, besten bearrak artu nai ditudala neretzat. VMg IX. Munduko gauzak eztitzatzula maitatu: au da, orietan zure biotza eztezazula ipiñi. Gco II 2. Soberbia, au da, andinaia eta arrotasuna. Ib. 20. Eta zazpigarren egunean atseden zuan, au da, utzi zion lan egiteari. AA II 43. Nola utsegin dezun, au da, edo pensamentuz, edo itzez, edo obraz. AA III 526. Ofrezietan Jaunari sakrifizijuak, au da, fruta, abere edo animalija, egazti edo beste gauzaren batzuk. Astar II 207. Ill guztijen artian ederrena, au da, Majatza. Ur MarIl 1. Ez uste izan pakea dakardala, au da, munduak paketzat daukana. Lard 394. Eta leku ari deitu zion Fanuel, au da, Jainkoaren ikuskera. Ib. 43. Ta bear bada ez gitxirentzat / garratza zelan ozpiña, / au da, batzuen gozoa eta / bestientzako samiña. AB AmaE III. Milla ta zortzireun ta irurogei ta seiyan; au da, orain dala ogei urte. Sor Bar 72. Dotriña galgarriak zabaltzen zituen lekuetan, au da, Konstantinoplan eta bere inguruetan. Arr May 164. Egin zan Anglikanismoaren, au da, hereje arimagaldukuen buru eta agintari. Izt Azald 104.

Nik nai nuke ezkondu lege zarrean, au da, lapikotzar-legean. Urruz Zer 69. Esan nai du euskeraz jauntza, au da, jaun baten mendeko erridia. Inza Azalp 135. Egiya da euzkeldun geienak arotz, argin, igeltseru, errementari, au da, berarizko lanbiden bat ebenak, opiziodunak, izaten zirala. Kk Ab II 182. Aurrera yo bear degu, ta poliki yo; au da, ez beti leengo tokian egon. Ldi IL 93. Ola daudela, prantses-izkuntzan / esan oi dute iru aldiz: / "Pax avant", au da, "Pakea aurrera". Or Eus 209. Gizarteko zuzenez, au da, gizarteak bazkide guztiei eta bakotxari egin bear dautsen zuzenez. Eguzk GizAuz 180. Ektareako larogei zentimetro, au da, metro eskaxa urteko. Munita 66. Maltzurki esaten du bestalde eguzkia sartzean dela alargun gertatu, hau da, amoranteekin gauaz ibiltzeko libre. Mde Pr 173. Poliandria, au da, emakume bakar batek gizon bat baiño geiago eukitzea. Vill Jaink 158. Aur-egarria, au da, ondorengoak uzteko gogoa. MAtx Gazt 26. Kalkidiko eraz, au da, Kalkiko Euphorion olerkariak egin oi zunez. Ibiñ Virgil 64n. Bizkaian bertan bilatu behar da egia, hau da, hots horiek ederki bereizten zituzten bizkaitar idazle zaharretan. MIH 100.

BasEsc 225. Izt C 16. Legaz 32. Bv AsL 42. Ag AL 101. Txill Let 120.

Ez dik esan "konde" baizik "donde", au dek, "nun". Urr Zer 33.

[Euskal Hiztegia]

[Hau sarreran]

Ik. hots B 2; alegia 2. Eta leku hari deitu zion "Fanuel", hau da, Jainkoaren ikuskera. Otsailaren hogeian, hau da, duela hamabi egun. Estatuaren eskuetan, hau da, Madrilgoen eskuetan gelditu zitzaigun gehienbat.

[Elhuyar]

esto es, es decir; o sea

Irakaskuntza estatuaren eskuetan, hau da, Madrilgo politikarien eskuetan dago: la enseñanza está en manos del estado, es decir, en manos de los políticos de Madrid.

[Euskaltzaindiaren Hiztegia]

hau da Aurrean esan dena argiagotu nahi dela adierazteko erabiltzen den esapidea. Eta leku hari deitu zion “Fanuel”, hau da, Jainkoaren ikuskera. Otsailaren hogeian, hau da, duela hamabi egun. Irakaskuntza estatuaren eskuetan, hau da, Madrilgoen eskuetan gelditu zitzaigun gehienbat.

Oharra: Azkueren hiztegian (Diccionario vasco-español-francés) ez dago jasoa hau da esapidea.

12. aurkibidera joan Posizioa

Gaurko euskara estandarrean, betetzen duen funtzioa betetzen duela, atal birformulatzailearen hasieran agertzen da beti hau da birformulatzailea.

(12.1)

Esku artean dugun gaiari dagokionez, hau da, ekonometriari dagokionez, hainbat definizio ekar ditzakegu hona. [EHU, Ekonometria, Alonso Antón, Aurora et al. (EHU, 2010) 1. kapitulua]

(12.2)

Batetik, irakaskuntzan eta industrian gai bakoitzari buruz adituak diren pertsonak kontratatu ditugu ariketak idazteko. Hau da, arlo bakoitzean, mundu osoko onenak laguntzen ari zaizkigu kapitulu bakoitzeko oinarrizko kontzeptuak aztertzen modu berriak bilatzeko, eta irakurleak material horri buruz jaso duen informazioa zenbat ulertu duen jakiteko. [EHU, Konputagailuen arkitektura, Hennessy, John L. et al. (EHU, 2009) Sarrera]

13. aurkibidera joan Puntuazioa

Etenaldi artean agertu ohi da, eta hori idazkeran komen bidez islatzen da. Koma artean idazten da; eta, etenaldi handi baten ondoren (hots, puntuaren, puntu eta komaren, eta gidoi edo parentesi baten ondoren), eskuinean koma duela agertzen da.

(13.1)

Edukiera urteko % 40 hazten da, hau da, ia bikoiztu egiten da bi urtetik behin. [EHU, Konputagailuen arkitektura, Hennessy, John L. et al. (EHU, 2009) 1. kapitulua]

(13.2)

Batzuen ustez, derrigorrezkotasuna ohituratik eratorriko da, KZren 1089. artikuluaren lege esapidean barneratzen dena (Alguer, Pérez González). Beste batzuek, berriz, onartzen dute berez ez duela betebeharrak sortzeko gaitasunik; baina, aldi berean defendatzen dute, promesak hirugarrenei itxaropenak sortzen badizkie, promesa egin duenak ezingo duela edonola ezeztatu. Hau da, haien ustez, itxaropen bat sortu duena derrigortuta dago. [Zuz., Zuzenbide zibila III (Betebeharren zuzenbidea, erantzukizun zibila eta kontratuen teoria orokorra), Ibon Viteri (UPV/EHU, 2011]

(13.3)

Kapitulu honetan ikusiko dugu zer gertatzen den okerrak badira X matrizeko aldagai esplikatzaileen multzoari buruzko hipotesi batzuk; hau da, H-1 eta H-3b hipotesiak okerrak direnean. [EHU, Ekonometria, Alonso Antón, Aurora et al. (EHU, 2010) 2. kapitulua]

(13.4)

(...) Hori dela eta, Emilio konbentzitu ahal izateko, beharrezkoa izango da erabakitzea koefiziente zenbatetsiak balio fidagarria ematen duen (hau da, ezagutu nahi zen balio teorikotik hurbil dagoen). [EHU, Ekonometria, Alonso Antón, Aurora et al. (EHU, 2010) 2. kapitulua]

14. aurkibidera joan Sintaxia

Hau da birformulatzaileak perpausaren esparruan nahiz perpausetik gorako mailan betetzen du bere eginkizun diskurtsiboa. Alde batetik, tarteki gisa (gazt. 'inciso') erabiltzen da, perpaus baten barruan, elementu baten eta elementu hori azaltzera edo zabaltzera datorren iruzkin baten arteko lotura ezartzeko (hau da 'aposatua'). Beste alde batetik, testu bateko perpaus biren (edo gehiagoren) arteko lotura semantiko-pragmatikoa (birformulazioa) ezartzeko erabiltzen da (hau da 'aposatu gabea').

1) Hau da, tarteki gisa (hau da 'aposatua'): aurreragoko sintagma bat —eskuarki, aurreko sintagma— da birformulakizuna.

(14.1)

Nola erabaki zenuten hautagaitzan parte hartzea? Euskadiko Kontseilu Politikoak, hau da, alderdiaren batzarrak biltzen dituen organoak, egin zidan proposamena. [EPD-prentsa, Berria]

adibide gehiago:

(14.2)

Ainhoa Garmendiak (Donostia, 1974) Micaelaren papera egingo du, hau da, Don Josez maiteminduta dagoen emakumearena: «Aingeru baten moduko pertsonaia da Micaelarena. [EPD-prentsa, Berria]

(14.3)

«Burmuineko zelula zaindariak dira mikrogliak, hau da, bakterioei ateak itxi, hiltzen diren neuronak jan eta burmuina garbi mantentzen dutenak». [EPD-prentsa, Berria]

Horrelakoetan, tartekatuta eman ohi da atal birformulatzailea: a) aposaturik (maizenik koma artean); b) edo besterik gabe tarteki gisa[1] (sarritan koma artean edota gidoi edo parentesien artean). Eta gehienetan halako paralelismo funtzional bat —'baliokidetasun funtzionala' (ikus Suñer 1999)— egon ohi da birformulakizunaren eta birformulazioaren artean (Euskadiko Kontseilu Politikoak / hau da, alderdien batzarrak biltzen dituen organoak): paralelismo funtzional horrek, bestalde, badu zerikusia informazio-egiturarekin, eskuarki birformulakizuneko mintzagai bera iruzkintzera baitator atal birformulatzailea (gure testuan, adibidez, galdera berari erantzuten diote bi enuntziatuek: Nork egin zizun proposamena?). Gainera, gehienetan erlazio parafrastikoa dago bi enuntziatuen artean: hau da, nolabaiteko baliokidetza egon ohi da birformulakizunaren eta atal birformulatzailearen artean.

[1] Zentzu hertsian ulertuta, elementu nominalen arteko albokotasunezko predikazio-erlazioa baino ez da aposizioa: "El nombre mismo del fenómeno, appositio, del latín apponere —equivalente a «colocar junto a»— nos indica ya que suele existir adyacencia entre los términos en aposición.  Esta circunstancia no es casual, no responde únicamente al mero deseo de un hablante de colocar contiguos dos elementos, sino que es manifestación de la relación predicativa que necesariamente debe mediar entre los dos miembros en aposición. Las aposiciones introducirían, pues, una predicación secundaria (cf. Stowell 1983) de caráctcr nominal [-> §§ 38.1 y 73.2.2], usada para especificar o explicar otra palabra de la misma especie (Suñer 1999: 525). (…) “En los ejemplos anteriores [51a: 'Al final apareció con su hermano, con Pedro'; 52c: 'Se le veía feliz, andaba canturreando, gorgoriteando, por lo bajo'] se respetan ciertos requisitos estructurales comunes a los casos de aposición que se han visto hasta ahora: los dos elementos deben ser de la misma categoria o equiparables funcionalmente y deben poseer cierto grado de afinidad semántica. Sin embargo, si el término 'aposición' se aplica restrictivamente sólo a aquellos segmentos que establezcan una relación predicativa con un nombre o complemento nominal adyacente, ejemplos como (51) o (52) no son propiamente aposiciones puesto que no es posible establecer una predicación con un 'sujeto’ que no sea un elemento nominal” (Suñer 1999: 542-543). Dena dela, lan honetan zentzu zabalean darabilgu 'aposatua' terminoa, beraren barnean aposizioa eta tartekia sartuta (ikus Euskaltzaindiaren 109. araua: 109 Komunztadura aposizioetan).

2) Hau da 'aposatu gabea': aurreragoko perpaus bat —eskuarki, aurreko perpausa— da birformulakizuna.

(14.4)

(...) eredu hau proposatu dute: ikastetxeak berak bere hizkuntz plana egitea, ikasle guztiek 16 urte dituztenean euskara eta gaztelania menperatzeko; eta baita ingelesa ere. Hau da, ikastetxe bakoitzak erabakiko du ikasgai bakoitza zein hizkuntzatan eman, bere ingurunearen arabera. Jakina, betiere Hezkuntza Sailak jarritako gutxienekoak beteta. «Oraingo ikasleak biharko helduak dira, eta biharko gizakiak gu baino gehiago mugituko dira. Gu asko irteten gara kanpora, baina gerokoak gehiago; hau da, hiru hizkuntza behintzat ondo menperatu beharko dituzte beren bizitza duintasunez aurrera atera nahi badute. [EPD-prentsa, Berria] 

adibide gehiago:

(14.5)

Liburua copyleft baimenarekin argitaratu dute, hau da, lanaren kopia egin, banatu eta zabaldu daiteke deus ordaindu gabe, egilea zein den azalduz eta helburu komertzialetarako erabiltzen ez bada. [EPD-prentsa, Berria]

(14.6)

Horretarako, larreetarako dudan partzela sei zatitan banatuta daukat, eta horietan, errotazio sistema bat aplikatzen dut behiekin; hau da, zati bateko belarra jaten dutenean hurrengora pasatzen dira, seiak pasatu arte. [EPD-prentsa, Berria]

Bigarren kasu horretan, atal birformulatzailea ez doa aposaturik edo tarteki gisa (gidoien edo parentesien artean), baizik eta perpaus berri bati hasiera emanez. Bestalde, ez da egoten paralelismo funtzionalik birformulakizunaren eta birformulazioaren artean eta ez da iruzkintzen mintzagai bera atal birformulatzailean. Askotan, gainera, ez da parafrastikoa bi enuntziatuen arteko erlazioa: esate baterako, birformulakizunaren eta atal birformulatzailearen artean inferentziazko erlazioa ager daiteke.

HAU DA 'APOSATU GABEA': AURRERAGOKO PERPAUS BAT —ESKUARKI, AURREKO PERPAUSA— DA BIRFORMULAKIZUNA

Testu bateko perpaus batzuen arteko lotura semantiko-pragmatikoa (birformulazioa) ezartzeko erabiltzen da hau da birformulatzailea:

(14.7)

Horrek esan nahi du M=a × Wb × W-1, eta, beraz: M=a × W (b - 1) . Kontuan hartzen badugu b=0'75 dela, honela geratuko litzateke ekuazioa: M=a × W-0'25. Erlazio negatiboa dela adierazten du berretura negatiboak; hau da, lehenago esan bezala, tamaina handitzean tasa metabolikoa jaitsi egiten da. [ZIO, Animalien aferak, J.I. Pérez Iglesias / M.B. Urrutia (EHU, 2011) Orr.: 30]

(14.8)

Ba al dago gizabanakoen eta, oro har, denon arteko mesfidantza adierazteko modu argiagorik? Hain zuzen ere, portaera modu orokorra horrelakoa denez, bai Estatuek bai gizonek elkarri dioten izua eta mesfidantza aitortzen dute. Eztabaidetan, ordea, ukatu egiten dute; hau da, euren buruak gezurtatzen dituzte, besteak gezurtatzeagatik. Batzuek diote, printzipio hau onartuz gero berehala ondorioztatzen dela gizonak direla ez bakarrik gaiztoak (eta hori, gogorra egiten bazaigu ere, argi baino argiago dago Idazteunetan), baizik berez direla gaiztoak (eta gogorra da hori gupidarik gabe esatea). [EPD, Herritarra, Thomas Hobbes / Esteban Antxustegi (EHU, 2004) Orr.: 47]

adibide gehiago:

(14.9)

Aukera horrek lan edo familia egoera zehazki definitu gabe daukatenei eginen die mesede, hau da, gazteen alde eginen du bereziki. [EPD-prentsa, Berria]

(14.10)

Izan ere, euskarak eta gaztelaniak «arau hierarkia berdina» izango dute, hau da, parekatuta egongo dira. [EPD-prentsa, Berria]

(14.11)

Arrazoituz eta arrazoitzen irakatsiz gero, ordea, familian ikusitakoa auzitan jartzera hel daiteke haurra, hau da, pentsa dezake gurasoek zerbait egiten dutela ez zietelako irakatsi gaizki dagoela. [EPD-prentsa, Berria]

(14.12)

Sortze lana euskaraz egitea bultzatuko da, hau da, gaitasuna duen orok bere lana euskaraz egin behar du, itzulpenetara jo gabe. [EPD-prentsa, Berria]

Gorago esan bezala (ikus posizioa), atal birformulatzailearen hasieran jartzen da beti hau da markatzailea: hots, birformulazio esplikatiboa gauzatzen duen sintagmaren edo perpausaren hasieran. 

Inoiz edo behin ageriko arrazoi sintaktikorik gabe azaltzen da –(e)la menderagailua atal birformulatzailean: ondorengo testuaren antzekoetan, esaterako, pentsa liteke isilduta dagoela perpaus osagarria gobernatzen duen pentsamenduzko aditza; nolabaiteko ondorio subjektiboa adierazten du halakoetan.

(14.13)

Begiekin jotzea ahotan hartu dugularik, eta gizonen gauzak astintzen ari garen honetan, gogora datorkit begiekin (eta, beraz, buruarekin) jotze horren kontrako osagarritzat har daitekeen bestelako operazio bat, eta hura da "pitoarekin pentsatzea" esaten dena, zein baita gure sexuari besteak maiz aski egotzi ohi dion bekatu edo akatsetarik bat. Nik berriz, gure gixonkasta ohoratzen eta bere goien graduraino goititzen duen ezaugarritzat jotzen dut pitoarekin pentsatze hori, eta akatsik nonbait egotekotan, motz gelditzean legoke; hau da, ez garela geu ere pentsatzeko era jator horri behar adinbat atxikiak. [EPD, Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, Iñaki Segurola (Alberdania, 2005) Orr.: 91]

(14.14)

Ostegunean egindako bileran baieztatu zion PPk PSE-EEri Lopezen alde bozkatuko duela inbestidura saioan. Hala ziurtatu zuen, behintzat, atzo Aresek, bezperan Iñaki Oiartzabal PPren presidenteak baieztatu ez zuena. Baina Aresen adierazpenak entzun ondoren, oharra igorri dio Oiartzabalek PSEri: «Patxi Lopez babestea oraindik itxi gabe dagoen akordioak baldintzatuko du». Hau da, akordio zehatzak adostu arte, ezin duela ziurtzat eman bere babesa izango duela. [EPD-prentsa, Berria]

HAU DA, TARTEKI GISA (HAU DA 'APOSATUA'): AURRERAGOKO SINTAGMA BAT —ESKUARKI, AURREKO SINTAGMA— DA BIRFORMULAKIZUNA

Tarteki gisa erabiltzen da, perpaus baten barruan, elementu baten eta elementu hori azaltzen edo zabaltzen duen iruzkin baten arteko lotura ezartzeko erabiltzen da (ikus Zabala 1996). Halakoetan, luzera eta maila guztietako kategoria lexikoak eta sintagmak txertatzen ditu hau da aposatuak (ikus Zabala 1996: 118; Martín Zorraquino, Portolés 1999: 4070): izen-sintagmak, adjektibo-sintagmak, aditz-sintagmak, adberbio-sintagmak, perpausak. Hain zuzen ere, hori da diskurtso-markatzaile honen zeregin nagusietako bat: aposizio gisa txertatzen edo gaineratzen duen iruzkin esplikagarriaren balio birformulatzailea agerian uztea.

(14.15)

Zinema oso nabarmen ari da ideologia nagusia zabaltzen, hau da, klase nagusiaren ideologia. [EPD, Sexua noiznahi, Luis Elberdin (Gaiak, 2005) Orr.: 206]

(14.16)

(...) zuk erakutsi zenigun, maisu, teoria (fede) merke, erraz, polit eta oro-esplikatzaileekin fidakaitz izaten, haien altzo erosoan ez lokartzen, eta hori dena, xehetasun hutsalenen amorez eta errespetuz (zintzoegia zinen sineskor izateko, hau da, gaiztoegia). [EPD, Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, Iñaki Segurola (Alberdania, 2005) Orr.: 70]

(14.17)

Izan ere, klitoria erruz inerbaturik dago, nerbio bukaera askez nahiz korpuskulu kapsulatuz josia, hau da, plazeraren mezulariz betea. [EPD, Sexua noiznahi, Luis Elberdin (Gaiak, 2005) Orr.: 232]

(14.18)

Batzuek alderdi onetik gatzatu, eta beste batzuek gaitzetik, edo, hobeki esanik, onetik eta gaitzetik, noiz nola. Bai gauza ederrak ezaupidea, konfiantza, adiskidetasuna; bai, baina gauza eder askotxok bezala, zaputza, errea eta ustela oso bertan eta berekin dituztenak, euskarazko jendeak erraz eta samurki, hau da, gozoki eta lazki, munduari erakusten dion bezala. (Osatu). [EPD, Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, Iñaki Segurola (Alberdania, 2005) Orr.: 104]

(14.19)

Zenbat ote dira, onak izan arren, huts bakar bategatik, hau da, menpeko batek tiranoa akabatzeko eskubidea duela pentsatzeagatik hil diren erregek? Eta errore horrek, hots, zenbait motiborengatik gizon batek printze gorenari bere erresuma ken diezaiokeela pentsatzeak zenbati ez ote die zintzur egin? [EPD, Herritarra, Thomas Hobbes / Esteban Antxustegi (EHU, 2004) Orr.: 42]

(14.20)

Hala ere, urperatuta dauden artean, hipoxia egoeran daude, arnas gasak trukatzerik ez dutelako, eta, beraz, ez zaie komeni gordeta duten oxigenoa gehiegi baliatzea. Hortaz, itsas ugaztunek bi modutara aldarazten dute zirkulazio-sistemaren funtzionamendua. Batetik, bradikardiara jotzen dute; hau da, bihotz-taupadaren maiztasuna nabarmen jaistera. [ZIO, Animalien aferak, J.I. Pérez Iglesias / M.B. Urrutia (EHU, 2011) Orr.: 145]

(14.21)

Horrela jokatuz, norabide bakarra darama aire gehienak. Bestela jokatuko balute, hau da, airea bide beretik sartu eta irtengo balitz, arnas azalak arnasa hartzeko mugimendua egitean galtzen duen beroa berriro hartuko luke arnasa botatzerakoan, eta, horrela, beharko luketena baino bero gutxiago galduko lukete txakurrek. [ZIO, Animalien aferak, J.I. Pérez Iglesias / M.B. Urrutia (EHU, 2011) Orr.: 54]

(14.22)

Geroago, 1980ko azken urteetan eta 1990eko lehenengoetan, tximino eta simio gatibuekin esperimentuak egiten hasi ziren berriro. Cheneyk eta Seyfarthek - ikerketa-alor horretan aitzindari izandakoak - jakin nahi izan zuten ea tximinoek ezjakintasunik egozten ote dieten besteei, hau da, ea badakiten beste banako batek noiz ez dakien. [ZIO, Gogo basatiak, Marc D. Hauser / Irene Aldasoro (EHU, 2008) Orr.: 278]

(14.23)

Kontrako ikuspuntu politikoak izanez gero - hau da, sinesten baduzu merkatu arautu gabeek eta merkataritza libreak ongizatea dakartela, enpresen kudeatzaileak oro har fidagarriak direla, eta arautzearen kontra bazaude - arrisku handiena duzu kontrako ondorioen alde dauden baieztapen oinarri gabeek engainatua izateko - alegia, ingurumen-arrisku bat ez dagoela frogatua, urrunekoa dela, eta seguruenik txikia. [ZIO, Klima-aldaketa globalaren zientzia eta politika, A.E. Dessler / E.A. Parson / Iñaki Iñurrieta (EHU, 2009) Orr.: 273]

Inoiz edo behin, antzeko bi birformulazio agertzen dira bata bestearen ondoan, kateatuta bezala:

(14.24)

«Emazte hau historiak ahantzi du; hots, historia idazten dutenek dute ahantzi, hau da, gizonek. [EPD-prentsa, Berria]

Zenbaitetan, perpaus osagarriekin konbinatzen da hau da birformulatzailea: horixe gertatzen da, adibidez, perpaus osagarri bat birformulatzen denean.

(14.25)

Odolak hemoglobinarekin konbinaturik darama oxigenoa eta oxigeno hori hemoglobinatik askatzea ez da erraza; odoleko oxigenotentsioa asko jaitsi behar da horretarako. Baina oxigeno-tentsioa asko jaisten bada, ez da izango umekiaren beharrak asetzeko nahikoa. Kontuan hartu behar da, gainera, oxigenoa umekiaren odolera heltzeko, plazentaren epitelioan zehar barreiatu behar dela, hau da, oxigenoak nolabaiteko "hesia" zeharkatu behar duela. [ZIO, Animalien aferak, J.I. Pérez Iglesias / M.B. Urrutia (EHU, 2011) Orr.: 172]

adibide gehiago:

(14.26)

Geroago, 1980ko azken urteetan eta 1990eko lehenengoetan, tximino eta simio gatibuekin esperimentuak egiten hasi ziren berriro. Cheneyk eta Seyfarthek - ikerketa-alor horretan aitzindari izandakoak - jakin nahi izan zuten ea tximinoek ezjakintasunik egozten ote dieten besteei, hau da, ea badakiten beste banako batek noiz ez dakien. [ZIO, Gogo basatiak, Marc D. Hauser / Irene Aldasoro (EHU, 2008) Orr.: 278]

(14.27)

Halako probak egin gabe daude oraindik. Intxaur-jalearen esperimentuek beste maila batean dute garrantzia. Giza orientazioa aztertu duten zientzialari kognitibo batzuek argudiatu dute hizkuntzatik datorrela guk espezie gisa dugun sofistikazioa, hau da, goian, behean, eskuinean eta barruan kontzeptuak adierazteko hitzak edukitzeari zor diogula. [ZIO, Animalien aferak, J.I. Pérez Iglesias / M.B. Urrutia (EHU, 2011) Orr.: 128]

(14.28)

Homosexual hitzak desio bat, joera bat, jokaera sexual jakin bat adierazten du. Gay hitzak, berriz, horretaz gain, esan nahi du pertsona horrek lotsak, kulpak, beldurrak edo konplexuak alde batera utzi dituela eta homosexual izateaz pozik eta harro dagoela. Hau da, gay sentitzen dela; alai, alegia. Hala, bada, ez da joera sexual bat bakarrik, baizik eta jarrera batere bada. Horrek dena aldatzen du. Jarrera aldaketa, gainera, gertatzen da bai barrura begira eta bai kanpora begira, hau da, ezkututik irteteko konpromiso soziala da, norbera zer den eta norberaren grina, eta sexualitatea eta maitasuna bizitzeko era agerian uzteko konpromisoa. [EPD, Sexua noiznahi, Luis Elberdin (Gaiak, 2005) Orr.: 66]

(14.29)

Asmotsua izanik ere Photinus-aren ehiza-mekanismoa, oso zentzu mugatuan da asmotsu. Photurisak bere distiraren sinadura aldatuko balu, Photinusa ez litzateke gai izango, ziurrenera, izaera bereko mimetismoa hartzeko, oso denbora gutxian behintzat. Ez da frogatu sistema mimetikoa malgua denik, hau da, topatzen duen edozein aldaeratara egokitzeko gai denik. [ZIO, Gogo basatiak, Marc D. Hauser / Irene Aldasoro (EHU, 2008) Orr.: 42]

Batzuetan, -(e)la menderagailua duen perpaus osagarri baten bidez birformulatzen da zehaztapenen beharra duen birformulakizuneko izen bat (ikuspuntua, mitoa):

(14.30)

Neurri handi batean, ordea, desberdinak dira berdantzak kantuaz jabetzeko duen modua eta ezagutza espaziala bereganatzeko duen modua: burmuin-egitura desberdinek eta garapen-aro desberdinek parte hartzen dute. Kontraste horrek indartu egiten du lehenago adierazi dudan ikuspuntua, hau da, ikasketa-lanabes oso espezializatuak faboratu dituela hautespen naturalak ezagutza arlo askotan. [ZIO, Gogo basatiak, Marc D. Hauser / Irene Aldasoro (EHU, 2008) Orr.: 126]

(14.31)

Gizonek pentsatzen dute emakumeek masturbatzeko objektu falikoak sartzen dituztela baginan (azenarioak, pepiniloak, kandelak...), zakilaren ordezkoak. Baina oso oker gaude. Emakumeek oso ondo dakite non dagoen beren plazer sexualaren gunea. Datuek beste mito bat ere jartzen dute hankaz gora, hau da, emakumeak motelak direla erantzun sexualean. [EPD, Sexua noiznahi, Luis Elberdin (Gaiak, 2005) Orr.: 209]

Aurreko adibideetan ikusi denez, askotan, halako funtzio-paralelismoa ageri da birformulakizunaren eta birformulazioaren artean (paralelismo diskurtsiboa, baina ez nahitaez sintaktikoa): alegia, atal birformulatzaile aposatuak eta birformulakizunak kasu-marka eta numero bera izaten dute maiz. Baina, berez, ez dute zertan komunztadura sintaktikoa gorde; aski da elkarrekin identifika daitezkeen elementuak izatea (Zabala, 1996).

(14.32)

Hondakinek zabor izateari utz diezaiokete gai organikoak naturaren ziklora itzultzen badira, hau da, konpostatzearen bidez. [EPD-prentsa, Berria]

(14.33)

Bestela esanda: emakumeak gizonezkoen tokian bai; gizonezkoak emakumeen tokian ez. Era berean, biak dira diskriminatzaileak kanporako ere, hau da, beste alardearentzat: bi alderdiek nahi lukete berena izatea bakarra ("gurea: publikoa eta bakarra"), batzuk Tradizioaren izenean eta besteak Legearen izenean; batzuk herriaren laguntzarekin, eta besteak poliziarenarekin. [EPD, Nere gorringotik, Iñaki Segurola (Alberdania, 2008) Orr.: 225]

(14.34)

Espainiako Kode Zibilean, Frantziakoan eta Italiakoan ez bezala, ez dira betebehar naturalak jaso. Baina legezko isiltasun horrek ez du eragotzi betebehar naturalaren bertsio berria sartzea gure sistema juridikoan. Aipatzekoak dira AGEE 32-X-17 eta 58-V-5 epaiak, betebehar naturalak betebehar moral gisa (hau da, haien bertsio berria) onartzen dituztenak. [Zuz-TA, Zuzenbide zibila III (Betebeharren zuzenbidea, erantzukizun zibila eta kontratuen teoria orokorra), Ibon Viteri (UPV/EHU, 2011 )]

(14.35)

Legeak debekatu egiten ditu alokatutako amak, hau da, emakumeek beste bikote batzuentzat haurrak edukitzea. [EPD-prentsa, Berria]

Birformulakizunaren ondoan —haren ondo-ondoan— jarri ohi da eskuarki iruzkina sartzen duen atal birformulatzaile aposatua; bereziki, birformulakizuna elementu nominala bada (Zabala 1996).

(14.36)

Lehen urtean, hau da, 2008-2009 ikasturtean, haur hezkuntzaren lehen mailan ezarriko nahi dute eredua. [EPD-prentsa, Berria]

adibide gehiago:

(14.37)

(...) Are gehiago, ILP gehiago ustiatzeko azken hamarkadan sortu den teknikarik garrantzitsuena (hau da, espekulazioa) ez da eraginkorra, izatez. [EHU, Konputagailuen arkitektura, Hennessy, John L. et al. (EHU, 2009) 3. kapitulua]

(14.38)

Mugarik gabeko kasuarekin konparatuz, ordea, ebazpen analitikoa zailagoa da mugetan jarduten duten sorgailuen hainbat konbinazio posible baitaude. Konbinazio hori ezaguna bada, gainerako sorgailuek, hau da, sorgailu "libreek", sorkuntza-mugarik gabeko kasuko baldintza berdinak betetzen dituzte, kontuan hartuta mugan jarduten duten sorgailuen sorkuntza totalaren kantitatea kendu behar zaiola eskariaren balioari. [EHU, Energia elektrikoaren sistemen analisia eta operazioa, Gómez Expósito, Antonio (koord.) (EHU, 2010) 6. kapitulua]

(14.39)

Ondorio hauek izaten dira kasurik ohikoenean, hau da, multikolinealtasun ez-perfektua dagoenean: [EHU, Ekonometria, Alonso Antón, Aurora et al. (EHU, 2010) 6. kapitulua]

(14.40)

Izan ere, behin-behineko kalifikazioak aldatu egin daitezke, baldin eta eztabaidatutako funtsezko egitateak edo pertsona akusatua aldatzea ez badakar. Frogak aztertu ondoren, eta praktikan oso gutxitan gertatzen den arren, litekeena da behin betiko kalifikazioetan akusatzaileek akusazioari uko egitea, hau da, akusatuaren absoluzioa eskatzea. [Zuz-TA, Zigor prozesu adierazlea, Katixa Etxebarria, Ixusko Ordeñana, Josune Perez (UPV/EHU, 2007)]

Zenbaitetan, berriz, aditzaren aurrean geratzen da birformulakizuna eta aditzaren ondoan birformulazioa: horixe gertatzen da normalean, esaterako, birformulakizuna perpausaren galdegaia denean.

(14.41)

13.2. Legez kontrako froga. Legez kontrako edo debekatutako froga doktrinak eta jurisprudentziak ezarritako izena da. Legean ez da horrelako izenik ageri. Legez kontrako frogei buruz hitz egiten dugunean, froga-iturria lortzeko eraz ari gara, hau da, froga lortzeko bidea legearen kontrakoa izateaz. []Zuz-TA, Zigor prozesu adierazlea, Katixa Etxebarria, Ixusko Ordeñana, Josune Perez (UPV/EHU, 2007)]

adibide gehiago:

(14.42)

(Gogora datorkit Jainkorik ez delako frogantza haurren sufrimenduan ikusten zutenen ateraldia. Hasteko: haurrak zituzten gogoan, erruaren ekonomian sinesten zutelako, hau da, haurren errugabetasunean eta beraz, haur ez direnen erruduntasunean. Baina larriena zen izatearen eta ona izatearen arteko berdintze hori, badenaren ontasunean sineste hori. Haurren eta haur ez direnen sufrimenduak ez du Jainkorik ukatzen, baina asko esan diezaguke dena dezakeen Jainko horren izaeraren gainean. [EPD, Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, Iñaki Segurola (Alberdania, 2005) Orr.: 58]

(14.43)

Eredu horretan, esplizituki pentsatzen da Y aldagaiari soilik eragiten diola faktore kualitatiboak; hau da, jatorri-ordenatuari edo termino askeari. [EHU, Ekonometria, Alonso Antón, Aurora et al. (EHU, 2010) 7. kapitulua]

argibide gehiago:

Askotarikoak izan daitezke azalduaren (birformulakizuna) eta azalpenaren (birformulazioa) arteko harremanak: biak izan daitezke mugatuak; biak mugagabeak; edo bata mugagabea eta bestea mugatua.

(14.44)

Dirudienez, babesgarri modura erabiltzen den glukosaren sintesia igelaren azalak kanpoko izotza ukitzean abiatzen da. Izoztutako igelen funtsezko organoetan, hau da, gibela, bihotza eta burmuinean, gramo bakoitzeko 150-300 µg-koa izatera hel daiteke glukosa-kontzentrazioa (izoztu gabeko igeletan ohiko balioak gramoko 1-5 µmol dira). [ZIO, Animalien aferak, J.I. Pérez Iglesias / M.B. Urrutia (EHU, 2011) Orr.: 72]

(14.45)

Arestian aipatutako Schmidt-Nielsenek 1960. urtean honako esperimentu hau egin zuen: 1.420 g pisatzen zuen kaio bati 134 ml itsasoko ur sartu zion urdailean, hau da, txoriaren pisuaren % 10 gutxi gorabehera (gizakiaren kasuan 7 litro sartzearen parekoa), eta ikusi zuen itsasoko uraren sarrerak eragindako gatz-zama guztia hiru ordutan kanporatuta zuela. [ZIO, Animalien aferak, J.I. Pérez Iglesias / M.B. Urrutia (EHU, 2011) Orr.: 120]

(14.46)

Baina bideratutako dirua Europako batez bestekora hurbiltzen joateko eskatu zuten; hau da, Barne Produktu Gordinaren %3 ingurura hurbiltzeko. [EPD-prentsa, Berria]

Beste diskurtso-markatzaile batzuk ez bezala (baina, hala ere, ), normalean ez da agertzen juntagailuekin batera (?eta, hau da; ?hau da, eta).

15. aurkibidera joan Maiztasuna

Gaur egungo euskara estandarrean, bereziki azalpenezko diskurtsoan erabiltzen da (ZTC, Zuzenbidea-akademikoak, PK, EHU). Beste muturrean, hutsaren hurrengoa da hau da birformulatzailearen maiztasuna Hegoaldeko euskararen erregistro lagunartekoa hein batean islatu nahi duten testuetan (Goenkale: 0,54). Bestalde, askozaz ere maiztasun handiagoa ageri du itzulitako testuetan ( 51,31), jatorrizkoetan baino ( 15,24). [Oharra: 1/100.000 erlazioa adierazteko erabili dugu ‰ sinboloa]

Hau da [etena bietan]

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

B2. ZT Corpusa

6608

100,12

A3b. Zuzenbidea / akademikoak

2304

92,16

A4. Pentsamenduaren Klasikoak

8880

82,99

A2. EHUko eskuliburu itzuliak

3933

71,50

A1. ZIO corpusa

224

22,40

B1b. EPD prentsa

1597

15,20

B1a. EPD liburuak

1496

14,66

C1. ETBko dokumentalak

71

14,20

A3a. Zuzenbidea / lege-testuak

422

10,29

C2. Goenkale corpusa

60

0,54

Denera

25595 

40,88

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

Jatorrizkoak

5441

15.24

Itzulpenak

13805

51.31

16. aurkibidera joan a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa

a. Azalpenezko testuetan erabiltzen da gehien hau da birformulatzailea. Hona hemen hipotesi hori egiaztatzera datorren datu adierazgarri bat: Zuzenbidearen arloan bederatzi bider altuagoa da birformulatzailearen maiztasuna testu akademikoetan ( 92,16), lege-testuetan baino ( 10,29).

b. Hegoaldeko euskara estandarrean askozaz ere maizago erabiltzen da hizkera zainduan, lagunartekoan baino. Dena dela, badirudi funtsezko bereizketa ez dela erregistroari dagokiona (zaindua/lagunartekoa), baizik eta testu- edo diskurtso-motari dagokiona: azalpenezko testuetan du maiztasunik altuena; hortaz, lagunarteko hizkeran ere erabiltzen da, baldin eta azalpenezko diskurtsoa bada. Adierazgarria da, alde horretatik, Goenkale-ko ( 0,54) eta ETBko dokumentaletako ( 14,20) agerpen kopuruen arteko aldea.

c. OEHren arabera, Hegoaldeko tradiziokoa da hau da birformulatzailea. Eta gaur egun ere euskalki-banaketa horrek zutik irauten duela dirudi, Herria astekariko datuen azterketatik ondoriozta daitekeenez: izan ere, iparraldeko astekarian ez dugu ikusi hau da birformulatzailearen arrastorik. Dena dela, euskalkia alde batera utzirik, badirudi funtsezko bereizketa ez dela hizkuntza idatziaren eta ahozkoaren artekoa, baizik eta testu- edo diskurtso-motari dagokiona: azalpenezko testuetan du maiztasunik altuena; hortaz, ahozko hizkuntzan ere erabiltzen da, baldin eta azalpenezko diskurtsoa bada.

17. aurkibidera joan Erdal baliokideak

espainiera

[OEH] (hau > hau da)

Esto es, es decir, a saber.

[Elhuyar]

Esto es, es decir; o sea

frantsesa

[Elhuyar]

Lok. c´est-à-dire

ingelesa

[Elhuyar, Morris]

Lok. that is to say; in other words

18. aurkibidera joan Ez da diskurtso-markatzaile...

Ez da diskurtso-markatzaile perpaus atributiboetan (Hau da nire proposamena: (...)).