Gero, harian Iban Onaindiak ondo azaldu du ikerketa hau partziala dela, halakoekin beti erne ibili behar da, izenburuak askotan deigarriak direlako. Horregatik, artikulua deskargatu eta begiratu bat eman diot.
Artikulu honetako autoreek (Zivan, Bar, Jing, Hutton, Farah & Horowitz-Kraus, 2019) alderaketa bat egin dute haur hezkuntzako haurren burmuin-erantzunetan pantailaren aurrean egon ostean eta ipuin kontalari bat entzun ostean. Emaitzak partzialak izanik ere, erakutsi dute pantailetan ibili ostean haurrek arreta nahasketaren erantzuna izateko joera dutela, haurrak “aztoratuak” daudenean bezala (gurasoen behaketaren arabera). Horrez gain, ipuin kontalaritzaren ostean ikus-trebetasuna areagotzen dute, baina aldiz, pantailekin ibilita ez da halako trebetasunik areagotzen.
Haurren arreta gaitasuna, artikuluaren arabera, murriztu egiten da pantailak erabiltzen dituztenean. Elektroentzefalograma (EEG) aztertuz, theta uhin motela handitzen da eta beta eta gamma uhin azkarrak, berriz, murrizten dira, eta horrekin batera, theta / beta harremana handitzen da Arreta Faltaren eta Hiperaktibitatearen Nahastea duten haurren artean. Ikerketa sei astekoa izan da eta burmuineko uhinak aztertzeaz gainera, ikus-arreta kontrolatu da eta gurasoek arreta-trebetasunen inguruan informatu dute. Emaitza hauek adierazten dute negatiboa litzatekeela pantailak erabiltzearen eta EEGak erakusten duen arreta-ereduen arteko lotura, haur hezkuntzako adinean dauden haurren artean.
Ikerketan 4-6 urteko 30 haurrek hartu dute parte, arreta arazorik ez dutenak, eta bi taldetan banatu dituzte: pantaila erabili dutenak eta ipuin kontalaritzan aritu direnak. Lagina txikia denez, mugatuak dira emaitzak. 30 minutuko 18 saio egin dituzte, saio guztietan ipuin kontalaritza erabili da, talde batean pantaila bidez eta beste taldean ipuin kontalari bat aurrean izan dutelarik.
Artikuluaren erreferentzia bibliografikoa:
Zivan, M., Bar, S., Jing, X., Hutton, J., Farah, R., & Horowitz-Kraus, T. (2019). Screen-exposure and altered brain activation related to attention in preschool children: An EEG study. Trends in Neuroscience and Education, 17, 100117. https://doi.org/10.1016/j.tine.2019.100117
Datorren irailaren 3an, irakurketaren inguruko ikastaro bat ematen hasiko gara Prest Gara 2019/2020 programaren barruan: 756 – ULERMENEZKO IRAKURKETA LEHEN HEZKUNTZAN. Hori dela eta, Dulantziko Mitxoleta Libertarioen hainbat irratsaio argitaratzen joango gara gai honen inguruan, eta hemen, blog honetan, irratsaioaren gutxi gorabeherako transkripzioa gehituko dut. Horrela, nahi duenak irakurri eta nahi duenak entzun egin ahal izango du 😉 Irratsaio hau Alegría Libertaria irrati librearen parte da.
Hasteko, maiz esaten diren hiru baieztapen deseraikitzen saiatuko naiz, honako hauek:
Eskolarik gabe, haurrek ez lukete ikasiko irakurtzen.
Irakurketa, zenbat eta goiztiarrago, hainbat hobeto.
Ulermenezko irakurketaren ondorioz, haurrek testuko ideia nagusiak erauzteko eta testua berregiteko gai izan behar dute.
Has gaitezen lehenarekin:
1. ESKOLARIK GABE, HAURREK EZ LUKETE IKASIKO IRAKURTZEN
Ideia hau askotan erabiltzen da eskolaren ezinbestekotasuna azpimarratzeko. Ezin dugu irudikatu eskolarik gabeko mundua; alfabetatzeko ahalegin itzela egin ostean, astakeria omen da esatea eskola ez dela ezinbestekoa. Historiak, ordea, ez du baieztapen hau baliozkotzen.
Children in primary grades looking at books. Rusell Lee (Wikimedia). Public Domine.
XVIII. mendean, artean derrigorrezko eskola oso urrun zegoelarik, «irakurtzeko grina» oso zabaldua zegoen Europa osoan. Alde batetik, diziplinatzeko irakurketa zegoen, morala, fedea, legeak, bizi-aztura egokiak eta abar hedatzekoa; eta beste aldetik, irakurketa herrikoia, gozatzekoa, lana arintzekoa, herri-istorioak eta gertakariak transmititzekoa, boteretsuei iseka egitekoa… Irakurketa batez ere ozena zen, norbaitek ozenki irakurtzen zuen eta jendartean komentatzen zen, horrela transmititzen ziren liburu eta liburukietako edukiak. Testuinguru horretan, bi egituraketa nagusi zeuden: generoka antolatzen ziren testu koherente eta kohesionatuak; eta komunitatearen ikuskeraren arabera eratzen zirenak, pertzepzio-eskemetan oinarritutakoak (Guglielmo Cavallo eta Roger Chartier, 2004).
Bi era hauek tentsio bat eragin zuten. Agintarien interesa zen jendearen irakurtzeko modua kontrolatzea, konturatu zirelako irakurtzen jakitea arriskua zela euren botereari eusteko. Hala, ulermena modelatzeko eta testuak interpretatzeko modu kontrolatuak eragin nahi izan zituzten. Bestalde, jendeak irakurketa ez zuen edukietan zentratzen, harreman-modu bat zelako. Jendeak irakurketaren laguntzaz aitzakia zuen zenbait gairen inguruan eztabaidatzeko, edo kantuan hasteko, edo bestelako ekintzei ekiteko, eta horretarako, testuak irekiak eta dimentsioanitzak nahiago zituzten, irekiak zirenean errazago sortzen zelako haustura eta irudimena.
Martyn Lyons-ek (2004) egindako ikerketak erakusten du alfabetatzeari esker errazago hedatu zela eskola, eta ez alderantziz. Ingalaterran eta Frantzian, esate baterako, lehen hezkuntza ez zen doakoa, orokorra eta derrigorrezkoa izan 1880. hamarkadara arte, eta ordurako herrialde hauetan alfabetatzea ia erabat zegoen hedatua. Horrez gain, ikusi du nesken eskolaratzea irakurketaren feminizazioaren ondorio izan zela. XIX. mendearen hasieran abiatu zen haur literaturaren hedapena, aldiz, kode moral zorrotz bat ezartzeko eta helburu didaktikoak finkatzeko izan zen (Ilustrazioaren ideia guztiz zabaltzeko), irakurketa modu herrikoiak alboratuta.
2. IRAKURKETA, ZENBAT ETA GOIZTIARRAGO, HAINBAT HOBETO
Mikel Haranburu, Itziar Alonso-Arbiol, Nekane Balluerka eta Arantxa Gorostiagak (2008), egindako berrikusketa bibliografikotik eta haurren analisi psikologikoetatik abiatuta, adierazi dute 6 urterekin (eta ez lehenago) hasi beharko litzatekeela idazketa-prozesuak sistematikoki lantzen. Irakurketarekin lehenago ere has gaitezke, ez duelako psikomotrizitate finaren muga, baina irakurtzen irakasteko jarduerak gogaikarriak, errepikakorrak eta hainbat haurren bilakaerari lotuta goiztiarregiak badira, irakurketaren mekanizazioa sustatuko dugu irakurketa esanguratsuaren kaltetan. Ondorioz, Haur Hezkuntzan ustez aurreratzen den lana Lehen Hezkuntzan «ordaintzen» da, irakurketaren aurrean jarrera negatiboa izateagatik, irakur-estrategia desegokiak garatzeagatik eta abar.
Horrez gain, irakurketa eta, batez ere, idazketa osasuntsua garatzeko, garrantzi handia du gorputzaren garapen orekatuak. Askotan, irakurketa-ariketak gehiago dira gorputzak diziplinatzeko ariketak irakurketaz gozatzekoak baino (eserita egotea, liburua mahai-gainean kokatua…); hala izanez gero, kaltegarriak izan daitezke haurren garapenean.
Beste argumentu garrantzitsu bat da jakin badakigula ahozkotasuna garatzea beharrezkoa dela idatzizkotasunaren munduan murgildu aurretik, baita irakurtzeko trebetasuna garatzen ari denean ere. Eric Havelock-ek (1995) ondorioztatu bezala, hezkuntza modernoak erabateko lehentasuna ematen dio irakurketa eta idazketa menderatzeari, bigarren hezkuntzako ikasketak eta helduaroa prestatzeko, eta horrek kalte egiten dio ahozkotasunaren garapenari, komunikatzeko baldintza zorrotz batzuk ezartzen dituelako; horregatik, funtsezkoa da aurretik ahozkotasuna garatzea, ahozko gaitasun hori idatzizkotasunaren egituraketa zurrunaren azpian gera ez dadin.
Horrek ez du esan nahi ahozkotasuna guztiz gauzatu arte idatzizkotasunaren munduan hasi behar ez dugunik, baina oso presente eduki behar dugu idatzizkotasuna eskolako jardueren artean beste bat baino ez duela izan behar eta ez lehentasunezkoa. Hau are garrantzitsuagoa da euskararen biziberritzearen testuinguruan, uneotan ahozkotasunaren galera nabarmena dugularik, idatzizko adierazpideen aurrean (ahozkotasunaren inguruan sakontzeko, Dulantziko Mitxoleta Libertarioen 8. saioa entzun dezakezu).
3. ULERMENEZKO IRAKURKETAREN ONDORIOZ, HAURREK TESTUKO IDEIA NAGUSIAK ERAUZTEKO ETA TESTUA BERREGITEKO GAI IZAN BEHAR DUTE
Ideia hau hurrengo saioetan gehiago garatuko dudanez, hemen soilik aipamen bat egingo dut.
Aurreko bi puntuak kontuan hartzen baditugu, maisu-maistra garelarik, gure hautuek eragin handia izan dezakete haurren ulermen-gaitasunari begira, baita mundu-ikuskera eratzeko ere. Irakasle askok uste dute ondo irakurtzea testuko autoreak erabakitako ideiak erauzten jakitea dela; ondorioz, irakurtzeko modu zehatz bat lehenesten dute, modu morala edo ordenatua esango genukeena, hau da, Estatuari interesatzen zaion modua.
Irakurtzeko modu herrikoiek, ostera, erakusten digute irakurketa gainerako giza-jardueretarako beste tresna bat izan daitekeela, eta ondorioz, testuak irakurtzeko hamaika modu daudela. Haurrak beti antzerako jarduerak egitera behartzen baditugu, alegia: testua irakurri eta galderei erantzun, testuko ideiak ordenatu, testuko ideiak erreproduzitu, testuko elementu gramatikalak aztertu… orduan oso irakurketa pobrea ariko gara sustatzen. Aldiz, irakurketa jolasteko beste tresna bat baldin bada, edo isilpeko irakurketa eta ozenki egiten dena konbinatzen baditugu, irakurketa gorputz-aniztasunarekin lotzen badugu, irakurtzeko komunitate kulturaletan dagoen aniztasunarekin jolasten bagara… orduan irakurtzea munduan eta munduarekin elkarreragiteko giza-jarduera konplexua izango da.
Sakontzeko
Ezeiza, A., Encina, J. eta Rivera Martínez, S. (2019). Algunos apuntes sobre la adquisición de la lectoescritura. In A. Ezeiza eta J. Encina (koord.), Trabajando la lengua desde una perspectiva dialéctica. Algunos apuntes sobre lengua y complejidad (233-271. or.). Gasteiz (Araba): Ilusionista Sozialen Mintegia (ISM-UPV/EHU), UNILCO-espacio nómada. https://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=953
Ezeiza, A. eta Encina, J. (2019). Oralidad, escritura y complejidad. In A. Ezeiza eta J. Encina (koord.), Trabajando la lengua desde una perspectiva dialéctica. Algunos apuntes sobre lengua y complejidad (25-41. or.). Gasteiz (Araba): Ilusionista Sozialen Mintegia (ISM-UPV/EHU), UNILCO-espacio nómada. https://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=849
2019ko martxoaren 6 eta 7an Fontes Linguae Vasconum 50. urteurreneko Oroipen Kongresua egin zen Iruñean, bertan hartu nuen parte Hizkuntzen Didaktika lan-taldean, ahozkotasunaren inguruko komunikazio batekin, hauxe lagungarri gisa erabili nuen aurkezpena:
Eztabaida sutsua eragin zuen, batez ere tentsioa sortu zelako hizkuntzen irakaskuntzaren ingenieritza/arkitekturaren eta ikuspegi dialektikoaren artean. Gure ikerketa eta esperientziek erakutsi digute ingenieritza didaktikoa, oso garatua izanik ere, mugatua dela, azken batean a priori diseinatzen da, eta horrek esan nahi du ez dela baliatzen ikasgelako eta inguruko aberastasuna eta dibertsitatea. Dena irakaslearen (edo ikertzailearen) gaitasunetan oinarritzen da, eta oso irakasle ona izanik ere, buru bakarra da. Konplexutasunaren teoriak, berriz, bide berriak zabaltzen lagundu digu, paradigma aldaketarantz.
Bide horretatik gabiltza lanean, konplexutasunaren teoriaren markoaren laguntzaz ikertzen eta irakasten.
Dulantziko Mitxoleta Libertarioen 8. saio honetan, ahozkotasuna zer den eta ahozkotasunaren lanketan kontuan hartu beharreko zenbait kontu didaktiko azaltzen ditu Ainhoa Ezeiza esatariak.
GAIAN SAKONTZEKO:
Javier Encina eta Ainhoa Ezeiza (2017). Ahozkotasuna eta idatzizkotasuna. A. Ezeiza eta J. Encina (koord.), Posible denaren segurtasunetik ezinezkoaren itxaropenera (91-108). Donostia: ISM-UPV/EHU. https://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=892
KREDITUAK:
Sintonia: Mitxoleta – Eneritz Furyak
Musika: “Minaren mintzoa”, “Kateak” eta “Hitz lauz” – Jon Gurrutxaga
CC-by-sa-nc lizentziapeko programa, musika izan ezik. Hezkuntza helburua duen erabilera.
Dagoeneko zabalik da datorren ikasturteko Prest Gara irakasleen formakuntzarako eskaintza. Izena emateko baldintzak mugatuak badira ere, Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza formal ez unibertsitarioetako irakasle bazara, seguruenik izena eman ahalko duzu.
Deialdiko eskaintza osoa hemen dago argitaraturik:
Gure taldea ikerketa eta formakziokoa da, hau da, ikerketaz gain, interes handia dugu formazio aplikatuan, eta horrek eraman gaitu Prest Gara programan urtero bi edo hiru ikastaro ematera, besteak beste.
Datorren ikasturteko deialdia (2019/2020) desberdina izan da prozeduren aldetik eta ondorioz, Euskoiker Fundazioaren izenean emango ditugu (honek zenbait tira-bira eragin badizkigu ere, aukeran nahiago genuelako EHUren izenean eman, baina tira).
Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Sailean, lan-talde bat eratu dugu, deialdiko bi multzotako ikastaroak eskaini ahal izateko: 11 eta 12. multzoak. Guztira 11 ikastaro izango dira, eta guztiak online:
756-Ulermenezko irakurketa Lehen Hezkuntzan
905-Blogak hizkuntza geletan
275-Liburutegia, ikasteko eta irakurzaletasuna sustatzeko gunea: antolaketa eta jarduerak
1.txanda: 2019ko ekainaren 3tik 14ra arte, biak barne
756-Ulermenezko irakurketa Lehen Hezkuntzan. Koord.: Ainhoa Ezeiza. Irakasleak: Ainhoa Ezeiza, Javier Encina eta Nahia Delgado. 2019ko irailaren 3tik 30era.
905-Blogak hizkuntza geletan. Koord.: Ainhoa Ezeiza. Irakasleak: Ainhoa Ezeiza, Nahia Delgado eta Javier Encina. 2019ko irailaren 9tik urriaren 21era.
2.txanda: 2019ko irailaren 9tik 27ra arte, biak barne
166-Irakurketa lantzeko estrategiak eta baliabideak Bigarren Hezkuntzan. Koord.: Ainhoa Ezeiza. Irakasleak: Ainhoa Ezeiza, Javier Encina eta Nahia Delgado. 2019ko azaroaren 4tik abenduaren 9ra.
295-Zer ebaluatu hizkuntzetan? Nola ebaluatu? Koord.: Ainhoa Ezeiza. Irakasleak: Ainhoa Ezeiza, Javier Encina eta Nahia Delgado. 2020ko apirilaren 9tik maiatzaren 22ra
Ikastaro hauetan, azken urteotan lantzen ari garen ikuspegi teoriko-praktikoa zabaldu nahi genuke zuen arten. Konplexutasunaren teoriaren markoan, ikuspegi dialektikoan oinarrituz, ahozkotasuna abiapuntu duten lan egiteko moduak lantzen ditugu. Ahozkotasunetik jotzen dugu idatzizkotasunerantz, eta norbanakoaren lana talde-lanarekin eta lan kolektiboarekin elkarlotzen dugu, ilusionismo soziala deritzoguna praktika etiko gisa. Bizikidetza lehen planoan jartzen dugu horrela.
Gure argitalpen berrian jaso ditugu bai hausnarketak eta bai esperientzia interesgarri batzuk:
Hementxe gabiltza, berriz ere, Eusko Jaurlaritzako Prest Gara programan “Hizkuntzen irakaskuntza ingurune kulturanitzetan” ikastaroan lanean, eta partaide batek dilema bat planteatu du: euskaraz ez dakiten ikasleak ikasgelatik atera behar dira, euskara lantzeko?
Estrasburgeko eskola bat – El País egunkaria
Dilema honen atzean, segregazioa ezkutatzen da. Euskal Herrian hau ohikoa dela esan izan dudanean, zeharo harrituta geratu da jendea, ea hori salbuespen den, oso kasu berezietarako, eta nik ezetz, politika normala dela hori. Orduan, hizkuntza bat ikasteko, hizkuntza hori normalean hitz egiten duten pertsonengandik aldendu behar dira ikasleak? Bitxi samarra. Aparteko gela horrek gehiago du ghetto itxura, laguntza gelaren itxura baino: homogeneotasunetik aldentzen diren guztiak bildu egiten dira eta trataera bera ematen zaie, “bertako vs. atzerritar” taldekatzea eginez.
Askotariko ikerketak egin dira ea hobe den hizkuntza ez dakien jendea aparte jartzea ala ez, artikulu honetan adibidez laburpen bat egin du Paula Labianok:
Ikasgelatik kanpo/ikasgelaren barruan dilema gisa planteatzen da (abantailak/desabantailak), baina ahaztu egiten da hor beste kontu bat dagoela: ea ikasgelan dauden irakasleen irakats-praktika zein den. Horrek asko eragiten du erabakian, ze ikasgelan dagoen irakasleak ikasle horiek baztertzen baditu eta hala sentiarazten badie, beharbada hobe da lasai eta aparte egotea. Aldiz, ikasgelan dagoen irakasleak lan egiteko modu irekia baldin badu, hau da, “eskola inklusiboa” deritzon moduan egiten badu lan, adibidez, orduan suposatzen da ikasle horiek ikasgelaren parte izango direla eta euren aberastasun horretatik abiatuz euren ekarpenak egin ahal izango dituztela.
“Eskola inklusiboa” komatxo tartean jarri dugu gu ez gaudelako ados normalean zaku horretan jartzen diren praktikekin, baina agian klaustroan edo koordinazio-bileretan hitz egiteko baliagarria izan daiteke kontzeptu horretatik tiratzea. Irakasleak ez du zertan egin lan liburu batekin edo ahozko azalpen luzeak ematen, modu horretan zure ikasle horiek ezer gutxi ulertuko dute baina besteek ere ez! soilik errepikatu egiten dute baina normalean ez dute askorik ulertzen.
Irakasteko modu asko dago eta horietatik asko gaurko gaztetxoek esaten duten moduan “win/win” dira, hau da, denek irabazten dute aniztasunarekin. Eta normalean ikasgelan DBHn erabiltzen diren irakasteko moduak “lose/lose” erakoak dira, hau da, zailtasunak dituztenek galtzen dute baina besteek ere bai. Zenbait modelotan “win/lose” edo “lose/win” egiten da, hau da, edo zailtasunak dituztenek irabazten dute baina gainerakoek galtzen dute, edo alderantziz; baina hori irakasleen erabakia da.
Irakasleon lan egiteko era ahozkotasunean oinarritzen ez bada (ahozkotasunaren adiera honetan), irakaslearen programazioan oinarritzen bada (ikasgelako errealitatea dena delakoa izanda ere), lan egiteko dinamikak bizikidetzazkoak ez badira (bizikidetzaren adiera honetan), orduan gainerakoa alferrikakoa da, egunero izango baitira ikasleak segregatuak. Segregatuak diren ikasleek sentituko dute lekuz kanpo daudela eta ondorioz autoestimu baxua izango dute, portaera erasokoiak izango dituzte, “pasotak” izango dira edota zailtasunak izango dituzte ikasketetan segitzeko; eta segregazioan garaile diren ikasleek ikasiko dute ondo dagoela jendea baztertzea, pertsona horien egoera ez dela euren ardura eta normala dela pertsona batzuk beste batzuen gainean egotea.
2018ko martxoaren 8an, eraso sexista bat gertatu zen Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako Campusean: Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle gizonezko batek bi ikasle emakumezko iraindu eta makilez jo zituen, Leioako Ikasle Feministek salatu bezala. Euskal Herriko Unibertsitateko Errektoretzak eraso hau gertatu izana onartu du eta irakaslea hilabete batez zigortu du, lanera joan ezinik.
Dulantziko Mitxoleta Libertarioen irratsaio honetan, albiste hau azaltzeaz gain, hartutako erabakia zalantzan jarri dut, botere-harreman argian gertatutako erasoa izanik bestelako neurriak hartu beharko liratekeelako. Irakasleak hiru botere-mota ditu metatuak: gizonezkoa, irakaslea eta medikuntza eremuko kargu eta harreman-sareak edukitzea. Horrek esan nahi du ikasle erasotuek eta prozesu honetan laguntzen ari diren bestelako ikasleek askotariko errepresaliak jasan ditzaketela.
Onartezina da irakasle batek ikasleak makilez jo ostean, fakultatean inolako damurik adierazi gabe ibiltzea, erasorik gertatu izan ez balitz bezala. Baina kezkagarriagoa da zer egingo duen, zigorra jaso eta gero, fakultatera itzultzen denean.
Neurri zorrotzagoak hartu beharko liratekeela uste dut.
Dulantziko Mitxoleta Libertarioak irratsaioaren seigarren honetan, aste honetan klaseetan jorratu dugun gai bat ekarri dugu harira: zertarako Zientzia? Nola lantzen dira gizarte-zientziak? Zein dira Unibertsitatearen muga garrantzitsu batzuk Zientziaren garapenarekiko?
Deskargatu
Lagungarri gisa, artikulu hau erabili dugu: Ainhoa Ezeiza eta Javier Encina (2018). Zientziaren jabe-gabetzea, etika eta haurrei lotutako ikerketak. https://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=940KREDITUAK
Sintonia: Mitxoleta – Eneritz Furyak
Filosofi aldaketak – Beti Mugan
Zientziaren indarra – Noizbait
Grabitatearen aurka – Zea Mays
CC-by-sa-nc lizentziapeko programa, musika izan ezik. Hezkuntza helburua duen erabilera. Programako irudiaren jatorria: ElDiario.es
Egun hauetan lan eta lan gabiltza, Radio Alegría Libertaria eta Dulantziko Mitxoleta Libertarioak online irrati librea garatzen, eta aitzakia erabili dugu 2015ean Euskadi Irratian egindako elkarrizketa bat berriz ere belarrira ekartzeko. 2015ean izan ziren Jabe-gabetzearen Nazioarteko I Jardunaldiak, eta Kolonbian, Mexikon, Andaluzian, Kanariar Uharteetan.. egiteaz gain, Lesakan egin genuen jardunaldien atal bat, jabe-gabetzearen eztabaida gure artean ere izateko.
Ikaslean lanean
Irratsaio honetan, jabe-gabetzea zer den azaltzen da, baita bere zortzi zutabeen inguruko hitz pare bat ere: zaintzak, askatasuna, eraikitze kolektiboa, konfiantza, elkarren beharra eta autonomia, alaitasuna, desazkundea eta itxaropena.
Tartean, musika hau entzuteko aukera izango duzu:
Sintonia: Mitxoleta – Eneritz Furyak
Quién manda aquí – Esne Beltza ft. Mala Rodríguez & Fermin Muguruza (Hemen eta hor)
Otsailaren 6an jaso genuen webgune honen berri. Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolako laugarren mailako ikasle talde batek egindako webgunea da HitzKeta (http://hitzketa.webnode.es), euskal ipuin, abesti eta olerkien txokoa.
Ikasleekin lantzeko, seme alabei kontatu eta kantatzeko, edota tarte atsegin bat pasatzeko moduko material bilduma da, eta materiala euskaraz badago ere, azalpenak lehenik euskaraz eta ondoren gaztelaniaz gehitu dituzte, euskaraz ez dakien jendeak ere ulertzeko moduan (euskaraz ez dakiten gurasoei batez ere).
Hitzketa webguneko abesti bilduma
Sartu, kuxkuxeatu, hautatu eta erabili, baietz zuri ere hitzek egin kili-kili!
HitzKeta taldea kide hauek osatzen dute: Naroa Mendizabal Sandonís, Haritz Mujika Lasa, Maddi Murgiondo Moiua eta Miren Puertas Abaunz ikasleek. Aurtengo ikasturtean aukera izan dut eurak ezagutzeko, tarte laburrez izan bada ere, eta oso gustura ibili naiz eskoletan sortutako eztabaidetan eta egin zituzten ekarpenekin.
Hitzketa taldea
Eskerrik asko Naroa, Haritz, Maddi eta Miren hezitzaileok, euskarazko materialak sortzea eta ikusgarritasuna ematea gako da eta izango da internet nonahiko egin den gizarte honetan.